Gaur ere Saul Curto askatzea eskatu dute Zorrotzan

P1050015

Saul Curtoren espetxeratzea salatzeko asmoz, 110 lagunek parte hartu dute gaur Bilboko Zorrotza auzoan egindako kalejiran. Frantziako Poliziakorain bi astelehen atxilotu zuen zorrotzarra Puy-Saint Gulmier herrian, Puy-de-Dôme departamentuan, Frantziako Estatuko erdialdean. ETArekin lotura duelakoan atzeman zuten, terrorismoaren aurkako iturriek diotenez. Esan bezala, Saul Zorrotzako bizilaguna da eta 32 urte ditu. Halaber, Bilboko Konpartsen idazkari ohia eta Txinbotarrak konpartsako kidea ere bada. Saul Curto ostegunean sartu zuten kartzelan.

Gaurko kalejiraren bukaeran irakurritako manifestua:

Manifestu hau geure egiten dugun auzoko norbanako , talde zein elkarte guztiok hurrengo hau adierazten dugu:

Frantziar Estatuko indar errepresiboek gure auzokidea Saúl Kurto atxilotu zuten aurreko astelehenean, urriak 22, berriro ere, Euskal Herriak behar eta bilatzen duen konponbide demokratikoaren kontra eginez.

Atxiloketek ez gaituzte gatazkaren konponbidera eramango, izan ere, horrelako erasoek euskal herritarron bake nahia zapuztu egiten dute, nahi eta behar dugun baketik urruntzen gaituztelarik.

Elkarrizketa da bakea erdiesteko bide bakarra. Hori dela eta, gatazkan inplikaturiko bi gobernuek (frantziarrak zein espainiarrak), elkarrizketa prozesuari ekin behar diote, luzamenduetan ibili gabe.

Elkarrizketa da eta izan da beti Saúlen ezaugarri nagusietakoa. Saúl auzo honetako herri mugimenduko kidea da, eta bere ekarpena ezinbestekoa izan da auzoarentzat, ideologia, adin eta ikuspegi desberdinak dituzten pertsonen arteko indar-metaketa bultzatu baitu beti. Saulek auzoan egindako lana arlo askotan antzematen da: musika-taldeetan, gazte mugimenduan, Jai Batzordean, Auzo Elkartean, … eta hain handia eta garrantzitsua izan da bere ekarpena, non aspaldiko partez gure artean izan ez den arren, oraindik ere presente baitago gure artean.

Horregatik guztiagatik, manifestu hau geure egiten dugunok gure elkartasun osoa erakutsi nahi diegu Saúli eta bere senideei.

Gatazka konpondu nahi badugu, guztiok izan behar dugu horren parte aktiboa, mobilizazioa prozesu horren motorra izanik.

Aurreko guztia kontuan elkar ikustea espero dugu, Zorrotzan konponbidea nahi dugulako.

Curtoren askatasuna exijitzeko manifestazioekin jarraituko dute Zorrotzan

Iturria: Bilboko Branka

150 lagun baino gehiagok parte hartu zuten herenegun arratsaldean, Saul Curtoren atxiloketa salatzeko Zorrotza auzoan burutu zen manifestazioan. Bertan adierazi zuten, “Espainiar eta Frantziar estatu zapaltzaileen nahia gatazka eta sufimendua luzatzea” dela. Curtoren askatasuna exijitzeko manifestazio berri baten deialdia egin dute datorren asteartean, urriak 30.

Arratsaldeko 19:30ean abiatu zen Zorrotzako parketik Curtoren askatasuna exijitzeko manifestazio jendetsua. Zorrotzako auzokidea astelehenean atxilotu zuen Frantziako Poliziak ETA erakunde armatuarekin lotura izatea leporatuta, Puy-Saint Gulmier herrian, Puy-de-Dôme departamentuan. Ustez, atxiloketaren unean, Curtok matrikula faltsua zeraman lapurtutako auto batean zihoan.

Behin martxa bukatuta, auzokideek azpimarratu zuten, atxiloketak agerian usten duela berriz ere, “Ezker Abertzaleak eta Euskal Herri osoak bakearen aldeko apostu garbia egiten duten bitartean, Espainiar zein Frantziar estatu zapaltzaileen nahia gatazka eta sufrimendua luzatzea dela”.

Era berean, hurrengo astearterako deialdi berri bat zabaldu dute, urriak 30, arratsaldeko 19:30ean, Fray Juan kaleko errotondatik, lagunen eta auzo talde eta elkarteen izenean beste manifestazio bat egingo baitute.

Herenegungo manifestazioaren bideoa argitaratu du Zorrotza.info agerkari digitalak, baita argazki galeria ere.

Azaroaren 10eko herri mobilizazioaren deia: Giza eskubide guztiak. Euskal Presoak Euskal Herrira!

Argazkian, azaroaren 10ean Baionan burutuko den manifestaziora joateko deia egin zuten atzo goizean Bilbon batu diren eragile politiko, sindikal eta sozial ugarik; tartean Hau Pittu Hau konpartsak.

Hamarkadetan luzatu den gatazkari konponbide justu bat eman eta denon artean bakea eraikitzeko aukera berriak zabaldu dira Euskal Herrian. Bide honetan bat egin dute azken hilabeteotan erakunde eta kolektibo ugarik gure herrian, eta helburu honetan aurrera egiteko bidelagun ditugu nazioarteko pertsona eta eragile ugari ere.

Gatazkaren oinarriak eta ondorioak konponduko dituen bidea da denon artean egin nahi duguna. Munduko beste hainbat herrialdetan bezala, gurean ere beharrezkoa izango da preso eta ihesean diren herritarren afera konpontzea.

Espainiar eta frantziar espetxeetan dauden euskal preso politikoen giza eskubideak errespetatzea berehala hartu beharreko neurria dela pentsatzen dugu.

Zentzu horretan, eta Aieteko Nazioarteko konferentzian (2011ko urriaren 17an) bildu adituen (*) aholkuei jarraituz, guk –mozio honen izenpetzaileek- 2012ko azaroaren 10ean Baionako karriketan manifestatzera dei egiten dugu, ondoko lehen aldarrikapenen inguruan;

  • Euskal Presoak Euskal Herrira ekartzea.
  • Eritasun larriak dituzten presoen libratzea.
  • Bizi osorako espetxe zigorrera daramaten legeri berezien deuseztatzea, (Espainian 197/2006 doktrina eta perpetuite kondena Frantzian).
  • Zigorraren bi herenak edo hiru laurdenak bete dituzten presoen libratzea, eta Frantzian baldintzapean askatuak izan daitezken presoen libratzea.
  • Isolamendu egoerekin bukatzea.
  • Euskal iheslari politikoen aurkako jazarpenarekin amaitzea.

Bai, iritsi zaigu garaia, Euskal Herriko hiritar orori, izan jatorri, ideia politiko edo erlijioso desberdinetako, bakearen eraikitzaile izateko ; hau da, Euskal Herrian bakea izan dadin sortzen ari den dinamika herrikoiaren aktore zuzenak izateko.

*Kofi Annan, ONUko idazkari orokor ohia eta bake nobel sariduna; Gerry Adams irlandarra, Sinn Fein-eko presidentea; Bertie Ahern, Irlandako lehen ministro ohia; Pierre Joxe, frantses barne ministro ohia; Gro Harlem Brundtland, norbegiar lehen ministro ohia; eta Jonathan Powell, Tony Blair-en kabinete buru ohia.

2012ko urria.

Saul askatu! Gaur manifestazioa Zorrotzan!

saul-askatu-manifestazioa

Frantziako Poliziak Saul Curto bilbotarra atxilotu zuen atzo Puy-Saint Gulmier herrian, Puy-de-Dôme departamentuan, Frantziako Estatuko erdialdean. ETArekin lotura duelakoan atzeman zuten, terrorismoaren aurkako iturriek diotenez. Saul Zorrotzako bizilaguna da eta 32 urte ditu. Halaber, Bilboko Konpartsen idazkari ohia eta Txinbotarrak konpartsako kidea ere bada. Atxiloketa salatzeko manifestazio bat antolatu dute gaurko (urriak 23). Arratsaldeko 7,30etan Zorrotzako Azoka plazatik abiatuko da, leku berean bukatzeko batzar-informatibo batekin.

‘Nire argazkia’, euskararen memoria bizian barrena

Iturria: Naiz.info

Argazkian, Jeanne Castillon Donapaleuko emakumea da filmeko protagonistetako bat.

“Euskalkiei eta memoriari” buruzko film dokumentala da ‘Nire argazkia’ eta Bilboko Kafe Antzokian aurkeztuko dute asteazken honetan (19.30ean). Euskalkien baitako bidaia proposatu dute Jokin Etcheverriak eta Benjamin Duinatek, “jendea eta gure mintzaira hertsiki ezagutzeko”.

Hiru familietako ahaideek dituzten argazkien inguruan izandako solasaldiak hartu dituzte abiapuntu Jokin Etcheverria eta Benjamin Duinat lapurtarrek “euskalkiei eta memoriari buruz” mintzo den film dokumental honetan; hortik J.O.K films ekoizpen etxeak bultzatu duen ‘Nire argazkia’ filmaren izenburua.

Benjamin Duinat bera doa filmean Lekeitio, Azpeitia eta Donapaleuko familia banarengana. Etxean duten argazki bat hartu eta honek sortzen dizkien oroitzapenen inguruan mintzo dira familiako kideak. “Mintzaira eta gizarte memoriaren parte bat artxibatzea” dute xede egileek. Ekarpena “arras txikia eta xumea” izango dela diote, baina Duinatek berak dio, “jendeak egunerokotasunean euskararekin duen harremanaz gogoetatzea” lortzen badute pozik izango dela.

Hastapenean, adineko jendearengana joatekotan ziren baina filman parte hartzen duen Iñaki Gaminde EHUko irakaslearekin izan ostean, “euskara norantz doan aztertu behar dela” ikusi omen zuten. Hartara, familiako kide guztien arteko elkarrizketa jasotzen saiatu dira.

Lehen alea

Asteazkenean (19.30ean) Bilboko Kafe Antzokian, eta gero Euskal Herri osoan, aurkeztuko duten ‘Nire argazkia’ serie dokumental baten lehen alea baizik ez da izango. Epe luzean kokaturiko ikusentzunezko seriea baita proiektua.

Bizkaiko Foru Aldundiaren diru laguntza baten bultzadarekin ekin zioten egitasmoari eta ETB1en ere ikusi ahalko da herriz herriko aurkezpenen ostean.

Laguntza eskatu dute Nafarroa Oinezeko antolatzaileek

Iturria: Argia.com

Laguntza eskatu dute Zizur Txikiko San Fermin ikastolako kideek, beraien helburuak ez baitira bete eguraldi txarraren ondorioz. Hainbat kontu korronte ireki dituzte. Nafarroa Oinezen webgunean dago informazio gehiago.

Aurtengoa euriak bustitako edizioa izan da. Horregatik espero zena baino jende gutxiago hurbildu da Zizur Txikira. Pilar Vicente zuzendariak esan duenez, “lan handia egin dugu azken urtean, baina eguraldiak gure asmoak zapuztu ditu”. Hala ere, aurrera egingo dutela nabarmendu du.

DBHko ikasleen eraikina handitzeko helburua ez da gauzatuko oraingoz. Erosi duten material asko ez da saldu eta gauza batzuk ezingo dituzte itzuli, beraz oraindik ez dakite gastuak egingo dituzten edota lehen bezala geratuko diren.

Antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkie bertaratu zirenei eta lanean aritu ziren guztiei.

Euskaraz bizitzeko nahia kalean aldarrikatzera dei egin du Kontseiluak

2012_Orozko_Euskeraz bizi gura dot lasterketa_042

Argazkia: cc-by-sa aiaraldea.com.

Orain dela bi urte abiatu zuen Kontseiluak “Euskaraz bizi nahi dut” dinamika. Denbora tarte honetan hainbat ekimen egin da; besteak beste, film laburren lehiaketa, “Hizkuntzaren keinua” liburu ilustratua argitaratu… “Urte hauetan egindako lan eta harremanen ondorioz, ikusi ahal izan dugu asko garela euskaraz bizi nahi dugun herritarrak eta nahi hori, egunero, determinazioz aldarrikatu eta hori egikaritzeko saioa egiten dugunok ere asko garela”, adierazi du Kontseiluak. Hala ere, “administrazioen aldetik, ez dira euskaraz bizi ahal izatea posible egingo luketen beharrezkoak diren bitartekoak jartzen eta neurriak hartzen”, bere ustez. Horretarako, “abagune ezin aproposagoa” zabaltzen ari da Kontseiluaren aburuz eta “herritarrek duten euskaraz bizitzeko nahiari jaramon egin behar diote arduradun politikoek”. Hori aintzat hartuz, aldarria kalera ateratzeko deia egin du Kontseiluak eta, ildo horretan, manifestazioa antolatu du. Heldu den abenduaren 1ean izango da Donostian. Manifestazioa iragartzeko agerraldia izango da hilaren 30ean eta euskaraz bizi nahi duen oro gonbidatu dute Donostiako Miramar jauregian, 18:30ean, egingo duten agerraldira.

Aitziber Martinez de Lagos (Sortzen-Ikasbatuaz): “Murrizketen atzean, estrategia españolizatzailea”

“Murrizketen zurrunbiloan sartuak eta saturatuak gaudelarik, oharkabean pasatzen zaigu espainiar gobernuak esku artean duen hezkuntza dekretu berria, zeinak helburu argiak dituen: estatuaren  hezkuntzaren zentralizazioa eta ikasleriaren homogeneizazioa”

Murrizketen zurrunbiloan sarturik gauden garai hauetan, hezkuntzak eztabaida publikoan lehentasunezko lekua hartu du. Baina askotan murrizketa eta neurri ezberdinen inguruko zurrunbiloan sartzen gara, eta ahaztu egiten zaigu hezkuntzak duen benetako arazoaren sustraiei so egitea, eztabaida guztiz desbideratzen delarik. Boterean daudenek, zein egungo hezkuntza eredua mantentzea helburu dutenek, eguneroko jardunean oztopoak eta trabak jartzen dituzte, zalantzarik gabe asmo horrekin, eztabaida guztiz desbideratzea eta benetako arazoaren muinera gu ez heltzea.  Gainera, tantaka-tantaka, krisiaren aitzakian murrizketen ezarpena “saihestezina” bailitzan barneratzera bultzatua izan da euskal jendartea: eskola orduen igoera, ratioen igoera, derrigorrezko hezkuntzan emandako urte aldaketak, unibertsitate tasen igoera, euskararen irakaskuntzaren murrizketa, jantokien afera…

Baina are okerrago, ugariak diren neurriak ez ditugu hezkuntza erreforma integral baten barruan kokatzen. Zurrunbilo horretan sartuak eta saturatuak gaudelarik, oharkabean pasatzen zaigu espainiar gobernuak esku artean duen hezkuntza dekretu berria, zeinak helburu argiak dituen: estatuaren  hezkuntzaren zentralizazioa eta ikasleriaren homogeneizazioa. Neurri, lege eta dekretu ezberdinen bidez gure herriko berezko izaera suntsitu eta espainolizazio prozesua burura eramateko apustu sendoa egin dute. Adibide garbiena espainiar gobernuak onartu berri duen Hezkuntza Dekretua. “Zelako hezkuntza, halako herria” esaldiak, beraz, oso ongi islatzen du estatuek hezkuntza arloan egiten dituzten mugimenduak.

Langabezi tasa itogarriak zein famili askok bizi duten egoera larriek agerian uzten dute sistema kapitalistak aurkitu dituen topeak eta honek ekarritako krisiaren zama ez dutela honen erantzuleak izan direnek jasateko asmorik. Krisiaren aitzakiaz baliatuz aberatsak aberatsagoak izatea lortu nahi dute, baliabide gutxien dituztenen bizi baldintzak okertzen diren bitartean. Horrela jendeak egunerokoari aurre egin beharrean murgilduta, ez du burua bestelako egitasmoetan izango. Hezkuntza komunitateko ze kide  jarriko da  Euskal  Hezkuntza Sistema Propioa eta honek barnebiltzen dituen eskubideen aldeko proiektuak aplikatzera ezarritako neurrien zurrunbiloan itota badabil?  Zeinek ikusiko du TIL edo eredu hirueledunak atzetik duen helburua eskolan euskara 3. mailako hizkuntza bihurtzea dela? Eta irakasle postuak kenduz doazela ingelesekoak bultzatzen dituzten bitartean? Boterean daudenek oso argi dute sortutako jendarte indibidualista honen joera orokorra norbere-kaxa aurrera egitea dela.  Indibidualismoa indartuz, jarrera kolektibo eraikitzaileak ekidinez.

Tantaka-tantaka ezartzen ari diren neurri hauen aurrean erantzukizunez jokatu behar dugu. Egoera honi elkartasunez eta denon elkarlan eta parte hartzearekin egin beharko diogu aurre; apurrekin ezin garelako konformatu, gure eskubideak bermatuko dituen Euskal  Hezkuntza Sistema Propio bat baita behar duguna. Euskal Herritik Euskal Herriarentzat sortua.

Premia larria dugu. Murrizketa eta sasi-proiektu adoktrinatzaileen aurrean (Bizikidetza Demokratikorako Plana, euskarari kalte egiten dion eredu hiru-eleduna,  curriculum dekretua…), eta egoera berrietara egokitzeko, herri honen Hezkuntza Sistemaren birdefinizio oso bat abian jarri beharra dago. Hezkuntza herritarren beharretara egokitzea xede izango duen herri gisako hausnarketa. Horretarako, oinarrizko ideia batetik abiatu beharko ginateke: hezkuntza eskubide unibertsala da, eta nazioarteko itun ezberdinetan jasotzen den bezala, herri bakoitzak bere hezkuntza eredua izateko eskubidea du.

Eta erronka honi erantzuteko, hezkuntza mugimendua Hezkuntza Sistema Propio baten alde artikulatu behar da. Eragile eta herritarrez osatutako uholdeak proiektu ezberdinak sortu eta aplikaziora eraman behar ditu.

Ondorioz, murrizketei erantzuteko mobilizazioetan edota iraileko greba orokorrean bezalakoetan parte hartu behar dugu. Baina, murrizketen erantzunetik abiatuz, atzean dakartena azalaraziz eta gure herriak behar duen proiektua eraikitzera jauzi eginez. Hori baita erasoentzako erantzunik eraginkorrena. Gaurdanik, herriz herri, Hezkuntza Sistema Propioan oinarrituko den Euskal Eskola Publiko Berria eraikiz.

Aitziber Martinez de Lagos, Sortzen-Ikasbatuaz-eko koordinatzaile orokorra.

Hauteskundeen atarian Berriak mahai ingurua egin du euskalgintzarekin

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia, Mikel Irizar Topaguneko presidentea eta Mertxe Mujika AEK-ko koordinatzaile nagusia bildu ziren herenegun Berria Telebistak antolatutako mahai inguruan. Hizkuntza politikari buruz mintzatu dira, eta etorkizunerako helburuak zein izan beharko liratekeen zehaztu.

Video streaming by Ustream

Nafarroa Oinez igande honetan Zizur Txikiko San Fermin ikastolan

Igande honetan, joan den urte luze honetan eginiko lanari amaiera ezin hobea eman nahi diote eguraldiaren eta euskaltzaleen laguntzarekin egingo den festan. Euskara bultzatzeaz gain, derrigorrezko bigarren hezkuntzako ikasleentzat tokia handitu nahi dute, izan ere, txiki geratu zaie tokia. 1.500 ikasle baino gehiago dira, beste ehun irakasle eta 38 langilerekin batera.

Zizur txikia eta Zizur handia elkartuko dituen zirkuituak zortzi kilometro eta erdi izango ditu. 10etan irekiko diren bost guneetan, adin guztietako jendeari bideratutako hainbat ekitaldi eta kontzertu izango dira.

Informazio gehiago:

Nafarroa oinez antolatuko duen San Fermin ikastolaren Cybermanager proiektuaren inguruan artikulua argitaratu zen ARGIAren 2.340.zenbakian.