2017ko inauteriak

2017ko inauteriak

Inauterien egun handia itxura ezin hobea zuen larunbateko goiz hartan, giro eguzkitsua eta hainbat eta hainbat ekitaldi aurretik. Azken urteetan bezala, Bilboko Kale Nagusia izango zen festaren erdigunea. Baina, ezer baino lehen, mozorroen azken detailetxoak egiteke genituen, horregatik, goiz-goizetik lotu ginen Luis Iruarrizagako egoitzan gure burua armiarma bihurtzeko.

Zortzi hanketako motxila eta zenbait begi itsatsita zituen zinta jantzi ostean, prest geunden jaiari hasiera emateko, hortaz, gure bi karritoak hartu ostean (bata musikarentzat eta bestea edari magikoarentzat) Plaza Zirkularrerantz jo genuen. Bertan, txanpaina irekitzearekin batera, festari hasiera eman genion.

Gure lehenengo jo puntua bertso saioa izan zen, zeinetan, besteak beste, Arkaitz Estiballes eta Oihana Bartra aritu ziren. Bertsolarien kantuekin batera gure tenperatura gora zihoan eta hauek bukatu bezain pronto, Ledesma kalera jo genuen gure sareak zabaltzera. Bertan, inguru horretan gutxitan entzuten den euskal musika eraman genuen gure karrito-bafle berpiztuan, nahiz eta egunak aurrera egin ahala honek ere gainbehera nabarmena izan.

Konturatu baino lehen, bazkalordua ailegatu eta Albiako taberna batera joan ginen gure sabelak isilaraztera, non bokatak etengabe atera eta segituan desagertzen ziren. Kafeak postrearena egin eta, segituan, desfilean egin beharreko dantza entseatzeari ekin genion. Deskoordinazioa eta erritmo falta izan ziren protagonista entseguan, baina, ekinaren ekinez, dantza hobetuz joan zen. Hori dela eta, Astarloako eszenatokira hurbildu ginen Kaotiko talde beteranoak ematen ari zen kontzertuaren azken txanpa ikustera. “Otra Noche” abesti mitikoa bukatu bezain laster desfilearen garaia zela ohartu ginen, hortaz, berriro ere, Plaza Biribilera zuzendu ginen aurretik prestatutako dantza bilbotarrei erakustera.

Arratsaldeko 17:30etan esatariak “Hau Pittu Hau!” oihukatu, eta Esne Beltzaren “Euskaraz bizi nahi dut” kantarekin batera, gure dantza egiten hasi ginen. Konturatu baino lehen gure emanaldia bukatu eta Garilak 26 taldearen kontzertura joan ginen.

Eguzkiaren azken argi izpiak zeruak utzi ostean, Alde Zaharrera jaitsi ginen, non gauak aurrera egin ahala, konpartsakideok Zazpi Kaleetan zehar sakabanatuz joan ginen.

Benetan egun polita eta bizia aurtengoa. Jada irrikitan gaude datorren urtekoa heltzeko, baina, aurretik, hainbat data garrantzitsu ditugu oraindik: Korrika, HPH-ren 30.urteurrenaren ospakizuna, Aste Nagusia… Alegia, urtea hasi besterik ez da egin!

Gora jai euskaldun eta herrikoiak!

Leave a Reply

*