Epaitegietan euskara normalizatzen zuten trebatzaileak kaleratu dituzte

justizia-trebatzaileak

Argazkian, Bilboko elkarretaratzean, 60 bat lagun batu dira, tartean Asier Sanz Bilduko batzarkidea / cc-by Ukberri.net

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako instrukzio eta bake epaitegietan euskara normalizatzea xede zuten 14 trebatzaileak kaleratu berri ditu Eusko Jaurlaritzak. Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramalearen arabera, teknikariek hartuko dute haien lana. Ostegunean, berriz, hiru hiriburu horietako epaitegien aurrean, kaleratzeak salatu zituzten epaitegietako langileek, kalean utzitako trebatzaileek eta ELA, CCOO, LAB eta CSI-CSIF sindikatuek. Sindikatuek zabaldu dutenez, trebatzaileak orain dela lau urte hasi ziren lanean euskara normalizatzeko planaren barruan, eta eurak ziren, eta ez teknikariak, langileekin eskuz esku lanean aritu direnak, Eusko Jaurlaritzak eta sindikatuek hitzartu bezala. Horregatik, “ezinezkotzat” jo dute jada bere lana duten teknikariek trebatzaileen zama hartu eta epaitegietan euskararen erabilpena bermatu ahal izatea. Era berean, euskara normalizatzeko plana bete beharrekoa dela gogoratu eta murrizketak bertan egitea salatu dute.

LAB sindikatuak gogoratu duenez, trebatzaileek epaitegiko dokumentu “ereduak euskaratu dituzte, hizkuntza juridikoa euskaratu eta landu, jendea euskaraz hartzeko lagundu, eta, batik bat, lanean hasi berri direnekin euskara landu; izan ere, hona funtzionario asko etortzen dira euskararekin harreman gutxi izan dutenak”. Gauzak horrela, azken lau urteotan epaitegietan euskararen erabilera “nabarmen” igo dela uste dute sindikatuek.