UEUrentzat izango da aurtengo Euskara Saria

Astelehenean, abuztuak 19, banatuko dugu Euskara Saria, 16:30ean, Euskalgunean.

2013ko Euskara Saria UEUrentzat izatea ez da arraroa. Luze daramate Euskararen aldeko lanetan: euskaraz funtzionatzen, euskaldunen topaleku estrategikoa izaten, euskaraz egindako ondarea sortzen eta biltzen eta euskarari itxitako ateak zabaltzen. Euskara bera da euren arrazoi nagusietako bat.

UEUk Euskal Herri osoa izan du hasieratik gaurdaino bere komunitate eta lurralde naturala: muga administratiboak gaindituz eta benetako Euskal Unibertsitatea eraikiz.

Euskal Herria euskalduntzearen lan horretan Unibertsitate euskalduna eraikitzen jardun du 1973tik. Momentuan gizartean dagoen irrika eta beharrak aztertuz, egokituz eta, azkenik, lekua eskainiz. Herritik sortutako beharretatik abiatuz herria bera izan zen horiei forma ematen hasi zena. Gaur egun, bazkideak oinarri dira eta ezagupen ezberdinetako 27 Sailetan banatuta daude eta horrek mota ezberdinetako proiektuak etengabe sortzea dakar.

Lana edo eraikuntza diogunean uzta oparo eta aberatsa helarazi digutelako diogu: denon eskura dagoen azpiegitura bibliografikoak eta arlo teknikoan euskarazko terminologian egindako lanak; hau da, Unibertsitate mailan euskaraz ikasteko eta ikertzeko lekua egokitu dute.

Horrez gain, gai berritzaileak izan dira landu eta lantzen dituztenak, horiei forma emanez eta gizarteratuz: ikastaroetan , mintegietan, liburu eta aldizkarietan… Horietako asko interneten aurki ditzakegu, herritik herriarentzat sortuak, UEUk izaera sozial eta onura publikoarena baitu. Sortu edota bildutako guztia jendartearen eskura modu erraz eta erosoan eskaintzen dute.

Hau Pittu Hautik lan guzti hau euskaraz egiteak duen balioa azpimarratu gura dugu, ausardia eta kemen paregabea erakutsi baitute oztopoak gainditzeko orduan. Euskal Unibertsitatea posible dela ikusarazi digute adibide ezberdinak eskainiz. Hori gutxi balitz, hurbilak izan eta, aldi berean, berritzailea izan daitekeela ere agertu dute kalitate handiko emaitzak emanez. Beraz, gure ustez, Euskalgintzaren barruan, oso harro egoteko moduko proiektua da.

Horregatik guztiagatik, saritu nahiko genuke aurten UEU, egindako ahalegin, lan eta ekarpen guztiagatik.

Euskalguneko egitaraua aurkeztu dugu

euskalgunea-prentsaurrekoa-2013

Argazkian, astelehenean egin genuen Euskalguneko egitaraua aurkezteko prentsaurrekoa.

Euskalgunean elkartu garen konpartsok (Abante, Eguzkizaleak, Hau Pittu Hau eta Txori Barrote) urte osoan zehar euskara eta euskal kulturaren alde lanean dihardugu. Bilbo euskaldun gehien bizi den Euskal Herriko udalerria izan arren, euskaldunok euskaraz bizitzeko zailtasunak ditugu. Eta gainera, euskarazko kultur eta aisialdi eskaintza eskasa da. Horregatik eta aldats gora bada ere, guk euskaraz bizi nahi dugu. Hori dela eta, aurtengo Aste Nagusian honako baloreetan oinarritutako egitaraua prestatu dugu:

• Euskalduntasuna.

• Parte hartzea eta hartu-emana.

• Euskal kultura plazaratzea.

Jarduerak eta giroa lagun, bederatzi egun magiko hauek gurekin ondo pasatzera gonbidatzen zaituztegu herritar guztiok. Ildo horretan, dei berezia egiten dizuegu euskara ikasten ahalegin handia egiten duzuen lagunoi, nagiak eta lotsak alde batera utz ditzazuen eta festan murgil zaitezten.

Zatozte Euskalgunera eta izan jai herrikoien lagun!

EUSKALGUNEKO EGITARAUA 2013

DOMEKA 18: ROCK & ROLL eguna

14:00 EMAROCK argazki erakusketa egun osoan zehar

15:00 Txori Barrote/Kaskagorri bazkaria

16:00 Txori Barrote/Kaskagorri bazkalosteko jolasak

19:00 Txori Barrote konpartsa. Elkartasun Keinuen Orduaren Aurkezpena

21:30 EMAROCK dokumentalaren emanaldia

23:00 EMAROCK gaua: ENDEMAÑO + SIROKA

01:30 DJ MAI ANTISOZIAL

ASTELEHENA 19: EUSKALGUNE eguna

12:30 Eguzkizaleak konpartsa. Txosnaren dekorazio interaktiboa: Nola eratu ortu bertikal bat?

13:00 AINTZINAKO JOLASAK

14:00Euskalguneko BAZKARIA

16:30 Hau Pittu Hau konpartsa. Euskara saria

17:00 Euskalguneko konpartsen arteko GINKANA MISTOA

23:00 Txori Barrote konpartsa. Elkartasun Keinuen Ordua

00:00 Konpartsen arteko KARAOKE GAUA

ASTEARTEA 20: DANTZA eguna

13:00 DANTZA PLAZA eta Agurra ikasteko tailerra

18:00 DANTZA ZINGAROEN TAILERRA

19:30 Txori Barrote konpartsa. Triki Pegada Kalejira FOLK & FIRE taldearekin

20:00 DANTZA LATINOEN TAILERRA

20:30 Eguzkizaleak konpartsa. RALLY POTEOA Eguzkizaleak txosnatik hasita

23:00 Txori Barrote konpartsa. Elkartasun Keinuen Ordua

00:00 RUNBA GAUA: 4 HARE ALE + DANTZARIAK

01:30 DJ K-BILLY (BOPPER DJ’s)

ASTEAZKENA 21: LURRA eguna

11:00 Eguzkizaleak konpartsa.LURRA EGUNAri hasiera emateko ongi etorria

11:00-14:00 Eguzkizaleak konpartsa. NEKAZARITZA ETA ARTISAUTZA AZOKA, euskal baserritar (EHNEk kudeatuta) eta artisauen eskutik

12:00 Eguzkizaleak konpartsa. EHNEk antolatutako MARMELADA TAILERRA

12:30 Eguzkizaleak konpartsa. LOREZAINTZA TAILERRA

* Goiz osoan zehar TRIKI-MUSIKARIAK

14:30 Eguzkizaleak konpartsa. LURRA BAZKARIA

18:00 HARRI-ZULATZAILEAK

20:30 KALEJIRA MASKARRADAREKIN

23:00 Txori Barrote konpartsa. Elkartasun Keinuen Ordua

00:00 KONTZERTUAK: MANDOILEK + GARILAK 26

OSTEGUNA 22: ERAIKI eguna

12:30 Eguzkizaleak konpartsa. LOREZAINTZA TAILERRA

13:00 Familientzat JAIEN DEKORAZIO ESKULAN TAILERRA

13:30 BERTSO HASTAPEN JOLASAK

15:00 Hau Pittu Hau konpartsa. ¡Eraiki Euskaldunon konpartsa! bazkaria

17:00 Hau Pittu Hau konpartsa. Garagardo dastaketa lehiaketa

20:00 Txori Barrote konpartsa. Elkartasun Keinuen Poteoa ELEKTROTXARANGArekin

22:00 Hau Pittu Hau konpartsa. “Izoztu” ekintza masiboa

23:00 Txori Barrote konpartsa. Elkartasun Keinuen Ordua

00:00 RAP-REGGAE GAUA: ASKAPEN SOUND SISTEMA

02:00 DODOSOUND & ROCKO TENOR SAX

OSTIRALA 23: ELKARTASUN eguna

14:30 BAZKARIA

20:00 Txori Barrote konpartsa. Elkartasun Keinuen Ordua.

23:00 GAU ELEKTRONIKOA: MATXURA

01:00 DJ OKERREKO

LARUNBATA 24: KONPARTSEN eguna

12:30 Eguzkizaleak konpartsa. Hurbildu Eguzkizaleak txosnara eta Aste Nagusiko oroigarria bizia eraman ezazu

20:30 KALEJIRA FABE DE FUKA taldearekin Arriaga enparantzatik

23:00 Txori Barrote konpartsa. Elkartasun Keinuen Ordua

00:00 DR BALTZ

IGANDEA 25: XIRRRIEN eguna

13:00 ARGAZKI EROTIKOEN ERAKUSKETA

13:30 MASAJE TAILERRA

17:00 SORMEN TAILERRA: EROTISMOA INDAR SORTZAILEA

19:00 SEXUALITATE TAILERRA: PLAZERREZ NEGOZIATU, NEGOZIATU PLAZERRA

HAINBAT MUSIKARIREN FITXAK

EMAROCK

“EMAROCK” proiektu bat da, euskal herrian batez ere, musikan aritzen diren emakumei protagonismoa eta espazio bat ematea du helburutzat. Hala nola emakumeak bultzatzea esparru hau jorratzera, musikarena hain zuzen eta eszenatoki baten gainean bada askoz hobe. Emakumeen presentzia geroz eta handiagoa bada ere, oraindik hutsune asko daude, hori aldatzea espero da.

Euskal herrian emakumez soilik osatutako zenbat musika talde ezagutzen dituzu? Eta zenbat emakume bakarlari edo musika taldeetan? eta euskeraz aritzen direnak? Emakume baterijolerik ezagutzen ahal duzu? Zergaitik musika eskolak daude neskez beteta eta gero eszenatokietan ez da kopuru hori mantentzen?

Aurreko erantzunetan flojo bazabiltzate, ordun, duda izpirik gabe EMAROCK “Iragana, oraina eta geroa” erakusketa ikustera gerturatu behar zarete eta gure proiektua ezagutu. eta holan ez bada gerturatu eta disfrutatu!

EMAROCK “Iragana, oraina eta geroa” erakusketa martxan da 2012ko maiatzetik, bertan euskal herriko hainbat emakume musikarien argazkiak ikusgai daude, argazki guztiak zuzeneko kontzertukoak dira, 70 emakume musikari baino gehiago bildu ditugu bertan. Argazkiei laguntzeko, diskoetako portadak, egunkarietako artikuluak eta emakumeak egondako taldeen zerrenda ikusgai dago baita.

Erakusketan baita izen bereko dokumental baten bidez emakume musikari hauen esperientzi eta iritziak jasotzen dira. Zergaitik daude horren emakume gutxi musika munduan? Dokumentalean parte hartu dutenak: Zaloa Urain (Kokein), Eneritz eta Edurtzeta (Ene bada), Ines Osinaga (Gose), Kristina Aranzabe eta Leire Berasaluze (Lain), Aiora Renteria (Zea mays), Zuriñe Hidalgo (Hesian), Silvia Guilèn (Kerasy), Maite Arroitajauregi (Mursego), Nerea Sanchez (Giza proiektua), Miren Narbaiza (Napoka Iria), Idoia Arraiza eta Jule Goñi (Gaur Ez), Natalia Garmendia (Humus), Amaia Zubiria, Maixa ta Ixiar, Naroa Gaintza (Amaiur), Onintze Garcia (Seiren).

ENDEMAÑO

Taldekideak: Ane (Bateria), Mayi (Kitarra), Aitane (Baxua).

Eztekogu berbarik geure musikea etiketetako. Entzuteko nahikoa bazara, ulertuko duzu zarata barrenera doala, Endemañok Meñakan dekon lekuaren bide. 2012ko Martxoan batu ziren bere hiru ardatzak(Ane, Mayi eta Aitane). Eurentzako ezezagunak ziran instrumentuek hartute (Baterie, Kitarra eta Bajue) Beharrak eta biharrak deitute.

SIROKA

Siroka musika taldea 2009ko udan sortu zen. Ezagunak ziren lagun batzuk abesti bi sortzeko intentzioarekin batu ziren eta egindakoak sortarazitako haize boladek Siroka musika taldearen jaiotza ekarri zuen. Taldekideak garai horretan Maria (ahotsa), Gaizka (baxua), Gorka (bateria) eta Ekaitz (gitarra) ziren eta denak bestelako musika taldeetatik eratorriak dira, besteak beste, Apurka, Izate Faltsua, Feos Pero Majos edota Kloratita hurrenez hurren. Aurkezpen moduan “Haize berriak” diskoa kaleratzen dute urte horretan. Handik gutxira Gaizkak taldea uzten du eta Pepok (All Nighters Club, Keats) hartzen du bere lekua, bira luze bati aurre eginez.

2011eko maiatzean “Karosi” diska liburu ikusgarria kaleratzen dute. 9 lehentasun, 9 kantu eta 9 ipuin laburrez osatua. Urte ta erdiz plazaz plaza bira luzea burutzen dute 2012ko abuzturarte.

Garai horretan Ekaitzek taldea uzten du eta bere partez Iñigo Pagaza (Izargi) sartzen da taldera eta hirugarren diskoa izango dena prestatzen hasten dira.

Sirokan rock-a da oinarria. Hitz gutxitan, ahots melodikoa, erritmo dantzagarriak eta sinpletasuna. Euskal Herriko errealitatean kokatuak, bidegabekerien salaketak eta inposatutako sistemaren aldaketarako grinak gidatzen dute taldekideen ideologia. Gaur egun, zuzeneko aurkezpen bira prestatzen dihardute buru-belarri.

4 HARE ALE

Bilboko laukote honek, 10 urtez elkarregaz daroate musika estilo ezberdinetatik edaten, hasierako rock gogor batetik, flamenco-jazz, swing, rumbara…

MANDOILEK

Talde berria eta gaztea baldin bada ere, musika munduan eskarmentu handikoak dira Mandoilek! taldea osatzen duten bost lagunak, eta kaleratu berri duten lehenengo lanak “Mandoilek!”, betiko erritmo dantzagarrietan oinarritutako nahaste erakargarria dakarkigu. Hainbat estilo jorratzen ditu Mandoilek! taldeak; hala nola, cumbia, runba eta reggaea, beti ere eskusoinu diatonikoa oinarritzat hartuz.

2011ko neguan, Ibon Olaguenagak (eskusoinua eta ahotsa) eta Asier Linaresek (bateria) jotzeari ekin zioten hotzak zekartzan mamuak uxatzeko. Horrela, ia ia konturatu gabe, beren melodia propioak sortu zituzten, errepertorio oso baterako ematen zutenak. Banda osatzeko musikariak bildu baino ez zuten egin behar. Lagun baten tabernak hartu zuen lehenengo emanaldia. Unai Mendibil (testuak eta ahotsak), Andoni Vera (gitarrak) eta David Ferreño (baxuak) dira Mandoilek! taldeko gainerako musikariak.

GARILAK 26

Garilak 26 talde Bizkaitarra 2011ko abenduan hasi zen martxan. Eneko (alboka) eta Ander (trikitixa) kalean batera jotzen ezagutu eta proiektu berri honeri ekin zioten. Iker (E-Gene taldeko gitarra) Anderren lankide, batu zen ondoren eta beraren bitartez ezagutu genuen Ieltxu (bateria). Baxujole pare bat probatu ondoren, Unairekin (Skaramuzako baxujolea) topatu ginen eta taldean sartu zen. 2012ko abenduan lehen aldiz igo ziren eszenatokira, Astrabuduako Euskararen Egunean, oraindik abeslari barik. Ondoren Maria (ahotsa) batu zitzaiela taldera.

Euskal taldeen kantuak jotzen dituzte. Betiko taldekoenak, Exkixu, Jose Ripiau, Negu Gorriak, Lin Ton Taun, Kortatu eta baita dantzagarriak diren Tapia eta leturia, Alaitz eta Maider, Gozategi, Etzakit… Gaurko taldeenak ere jotzen dituzte, hala nola, Esne Beltza, Zea Mays, Gatibu, Vendetta, Ze esatek… Kantu guztiak euren erara moldatuz eta albokaren doinuaz apainduz. Garilak 26 talde gaztea da, eta zuzenenan alaitasuna eta ilusioa erakusten dute, beti ere euskaraz eta jai giro jatorra sortzea dutela helburu nagusitzat.

ASKAPEN SOUND SISTEMA

Askapen Sound Sistema, Gorka Suaia abeslari eta produktorearen proiektu berria da.

Euskal Herriko hip-hop eta reggae mailan ezaguna, 2004tik Gasteizko Kodigo Norteko taldekidea izan da, zenbait disko kaleratu dituenekin, eta azken urteetan sound system eta talde desberdinekin batera ere parte hartu du, 121 krew, Nebula selektah edo Revolutionary Brothers, besteak beste. 2012an aspalditik zeukan proiektu honi berriz ekin zion, reggae doinuetan murgilduz.

Proiektuaren oinarria sound system kontrainformatibo euskalduna osatzea da, babylonen aurkako mezuz betea, reggaeren soinu kontziente eta askatzaileaz baliatuz. Honetarako estilo desberdinak jorratzen ditu: hip-hop raggamuffina, dancehalla, rub-a-duba, reggae steperra, duba, junglea…gogoa askatzera eta dantzan jartzera gonbidatzen gaituzten soinuak.

Berezko soinua lortzeko, autoekoiztutako riddimek nagusitzen dute, diskoan zein zuzenekoan, “Mundua salgai” disko berrian adierazten duen bezala. Aldi berean, honek aukera ematen dio inprobizaziorako eta zuzeneko duba egiteko, bizitasun handia ematen diona zuzenean.

2013ko udaberriaren bukaeran bere lehen diskoa kaleratu du Taupaka elkartearekin, “Mundua salgai” izenekoa; herria, maitasuna,inperialismoa… edota bizi garen sistema honetaz diharduten hamaika kantarekin osatuta.

Askapenaren eguna heldu da…

DODOSOUND ETA ROCKO TENOR SAX

Hiphop-a, soul, funky, jungle eta bestelako erritmo beltzak jorratuko ditu #Dodosound-ek eta Rocko Tenor Sax-ek bere saxoarekin lagunduko dio.

MATXURA

Matxura, hainbat musikari ezagunek osaturiko taldea da. Mikel Kazalis (Estigia, Negu Gorriak, 2 Kate, Anestesia, Kuraia), Aitor Abio (Pi L.T.), Fernando Sapo (El Corazon Del Sapo, Kuraia, Estricalla) eta Txarly Diaz (Anestesia, Gutural) dira taldekideak. Azken bi urteak taldea osatzen eta abestiak egiten eta grabatzen pasatu ondoren, 2011kako ekainean argitaratu zuen taldeak lehen diskoa: Matxura (Bonberenea, 2011). Rock industriala edota punk-metal elektronikoa bezalako etiketak erabili dira taldea katalogatzeko. Azken batean, rock indartsua da, elektronikarekin nahastuta: ahots distortsionatuak, sintetizatore basatiak… Ministry, Atari Teenage Riot, Nine Inch Nails, Nailbomb Godflehs edota Front Line Assambly bezalako taldeen eragina nabarmendu izan dute aldizkari espezializatuek.

DJ OKERREKO

Posible al da musikaren bitartez mundua aldatzea? Ziur aski ez. Posibleago izanen da munduaren bitartez musika aldatzea. Hori bai gertatzen dela egunero. Okerreko duela urte dexente hasi zen musika jartzen. Ez bere burua DJ-tzat zuelako, baizik eta sosak diskatan xahutzen zituelako, eta beraz, musika lepo gordetzen zuelako etxean eta buru barnean. Gaztetxeak, tabernak, txosnak, jaiak… Horiek guztiak izan dira bere eremu noizbait.

Baina negozio gogorra da musika jartzailearena. Mugak jartzea zaila egiten da. Nun daude mugak gustoko dugunaren eta jendeak nahi duenaren artean? Nun daude mugak jendeak ezagutzen duen musika eta aukera bat merezi duten talde eta musikarien artean? Galdera guzti hauek erantzuten saiatuz, OkerrekO konturatzen doa DJ izatea oso kontu politikoa dela. Hartu beharreko erabakiak ugari dira. Izan ere, jendeak ezagutzen eta dantzatzen duen musika orokorrean irratiko musika komertziala izan ohi da. Saioetan hori soilik jarriz gero, nola ezagutuko du jendeak inoiz deus berririk? Hau bezalako mila galdera egin ondoren zera egin ohi dut normalean:

-Era guztietako musika jarri (niri hala gustatzen baitzait)

-Gustoko ez dudan ezer ez jarri (nor izango nintzateke bestela)

-Euskal Herrian nagoelarik behintzat, nagusiki euskarazko musika jarri.

-Ahal dela enpresa handiek ekoiztutako musika ekidin (nahiz eta batzutan The Clash edo Lady Gaga kolatzen diren)

-Jendeak eskatzen dituen kantak jarri soilik maitasunez eskatzen badituzte, eta baldin badauzkat.

-Letra sexista, homofobo edo txungitoak dituzten kantak alboratu eta mezu interesgarri edo politak dituztenak probestu.

-Arau guzti hauek hankaz gora jarri unean bertan hala erabakitzen badut.

Ikusten nola DJ izatea gauza konplikatua den? Baina ez teknikoki, ez, bestela! Azkenaldian eta bere espektakulilloa apur bat indartu asmoz irudi proiektore bat edo birekin lagunduta irudiekin laguntzen ditu musika saioak. Entzulearen esperientzia ikuslearena ere izan dadin eta mezu batzuk musikaz soilik baino are garbiago eman ahal izateko, edo agian soilik modan dagoelako, auskalo.

FABE DE FUKA

Artean gazteak ginela, Zorrotzako gizarte migimendu baten barruan zegoen egitasmo bati eman nahi izan genion segida: Txiri-Txori-Ume berbena. Horrela hasi ginen eta auzoko jaiak etortzear zirela, Udalak adierazi zuen urte hartako jaiek ez zutela diru gehiegirik jasoko. Gure burnuinak burrunbaka hasi eta erabaki genuen musika talde bezala irtenbidea eman behar geniola egoera horri.

Hara, umeekin egiten genituen kantak eta jokuak umeak ez ziren lagunekin konpartitu nahi izan genituen. Eta horrela sortu zen Txiri-Txorra. Hainbat urtetan agertokietan ibili ondoren, 2011ko asanblada batean erabaki genuen agertokiak burges samarrak zirela guretzat eta erabaki genuen kale gorrian egitea espektakulua. Aldaketa horri ponpa handia emateko, izena aldatzeko unea heldu zela erabaki genuen. Luze hausnartu ondoren, FABE DE FUKA izango zela gure izena suertatu zen. Erabaki genuen izenik itxusiena jartzea eta horixe izan zen topatu genuen onena.

FABE DE FUKA kontzertu ibiltaria da. Normalean eragile sozialek deitzen digute eta bakoitzari azaltzen diogu zein den gure filosofia. Musikarien duintasuna eta kolektiboak indartzea. Batzuetan, kolektibo horiek diru eskasa dutenez eta bestetan eragileek helburu soziala duen ekitaldia antolatu ohi dutenez, gure jarrera nahiko garbia da alde horretatik. Kolektiboak jartzen du guri eman beharreko katxea (edo katxetea…). Autogestioan sinisten dugu eta horrexegatik deitzen digutenek emandako diruak eta gurekin Mojitoa saltzen duen gurditxo magikoak sustatzen dute proiektu hau.

Bertsioak egiten ditugu, oso estilo diferentekoak. Ska, punk, patxanga, Pop, Rock, flamenko, (Raphael ze estilo da?)… Baina bertsio bat gure eskuetatik pasa ondoren, esan dezakegu gure ikutua ematen diogula, beraz, hara etiketen munduan sartzeko darabilgun estiloa:

Performance Karate Punk!!!

Baina musikaz gain, publikoari beste gauza bat eskatzen diogu. Guk jartzen ditugu juergarako oinarriak, bai, publikoak parte-hartzea jarri behar du. Hala, musika entzute pasibotik ikuskizun parte-hartzailea aldarrikatzen dugu.

Hau Pittu Hau Eguneko egitaraua prest daukagu!

Argazkian, besteak beste, ”Denboraren korapiloak” antzezlana izango da, Mikel Martinez-en eskutik.

Maiatzaren 4an ospatuko dugun Hau Pittu Hau egunaren barruan egun osorako egitaraua prestatu dugu! Goizetik musika eta jolasak izango ditugu, eguerdian bazkaria eta kantuak, eta arratsalderako ”Denboraren korapiloak” antzezlana, Mikel Martinez-en eskutik. Gauean, berriz, poteo musikatua Someratik eta DJa 7Katun. Urtero bezala, Bilboko euskaltzale guztiok gonbidatuta zaudete geurekin batera konpartsaren eguna ospatzera! Euskaraz biziz Bilbo eta jai euskaldunak eraikitzera goaz eta!

Egitaraua:

12:00 Tortilla txapelketa
Patata-tortilla egiten trebea zara? Ba ekarri zure tortilla 7Katu aurrera eta erakutsi guztioi zure abilezia!

13:00 Garagardo dastaketa
Ziur zaude garagardo ezberdinetan aditua zarela? Ba etorri Somera Kalera (Lekerika Tabernaren parera) eta erakutsi hala dela!

Bazkal aurreko poteoa
Bazkal aurretik kalejira alaia ibiliko da Zazpi Kaleetan zehar! Ekarri zuon pandero eta trikitixak eta animatu parte hartzera!

14:00 HPH Photocall-a + jolasak
HPH Konpartsa izarrez betea dagoenez, izugarrizko photocall-a egongo da bazkaldu aurretik 7Katu gaztetxean! Ez zara animatuko? Ta ostean guztiok hobeto elkar ezagutzeko jolastxoak…

15:00 Bazkaria
Eta nola ez, euskaldunok jan eta edanik gabe ezer ospatzen ez dakigunez… Zazpi Kaleetako 7Katu Gaztetxean, 15:00etan, bazkari mundiala euskaldunon konpartsaren eguna ospatzeko! Sarrerak salgai dituzue Kalderapekon eta Errondabiden (10 euro).

17:00 Inauterietako bideo emanaldia
Inauterietan ondo pasatu zenuen? Edo nola ibili ginen jakin gura duzu? Ba gogoratu dezagun egun hura berriz ere. Inauterietako bideo emanaldia bazkal ostean!

18:00 Bakarrizketa, Mikel Martinezekin: “Denborarekin Korapiloak”
Arratsaldea animatzen jarraitzeko, iragana eta etorkizuna orainarekin korapilatzen dituen bakarrizketa mundiala Mikel Martinezen eskutik!

20:00 Poteo musikatua
Eguna borobiltzen joateko, poteo musikatuarekin jarraituko dugu Zazpi Kaleetan zehar. Ez duzu parte hartu gura? Animatu zaitez!

22:00 DJa
Eta egitarauari amaiera emateko 7Katu gaztetxera bueltatu eta izugarrizko DJa musika euskalduna jartzen! Ez al da tentagarria?

Maiatzaren 4an ospatuko dugu Hau Pittu Hau Eguna!

hph-eguna-2013-kartela

Badaukagu Hau Pittu Hau Eguna ospatzeko data: maiatzaren 4an izango da! Aurten ere 7 Katu gaztetxean egingo dugu gure konpartsaren eguna, eta Bilboko euskaldun guztiok zaudete gonbidatuta. Bazkaria izango dugu, baita aurreratxoago azalduko dizkizuegun hainbat sorpresa ere, eta eguna ondo pasatzeko aukera izango dugu. Beraz, euskaltzaleok, markatu gorriz eguna zeuen agendan! Euskaraz biziz Bilbo euskalduna eraikitzera goaz eta!

Euskalgintzak babesa agertu dio Euskaraz Bizi Egunari

Apirilaren 13an Agoitzen egingo den Euskaraz Bizi Egunak euskalgintzaren babesa jaso du gaur. Alta, Iruñean egindako agerraldiak utzi du bestelako albisterik. Izan ere, oraindik ezagutzera eman gabe zegoen jaia eta aldarrikapena uztartuko dituen egitasmoaren egitaraua. Auzolanetik sortutako Euskaraz Bizi Egunaren nondik norakoak agertu ostean, euskaltzaleak Agoitzera eramateko EHEk prestatu duen spot “berezi eta ezberdina” aurkeztu dute euskaltzaleek. Bestalde, Ateak Ireki agerkari digitalak zabaldu duenez, EHEko kide bat atxilotu du Iruñeako Udaltzaingoak Alde Zaharrean, kartelak jartzeaz akusaturik, Euskaraz Bizi Eguna iragartzeko emandako prentsaurrekoa eta gero. Kartelak jartzea eta identifikatzeari uko egitea leporatzen diote. EHEko beste kide batzuek esan dutenez, ez diote ezta identifikatzeko aukera eman eta taberna batetik atera ondoren polizi kotxe batean sartu dute eta komisaldegira eraman dute.

Euskal Herriak Euskarazek zabaldutako oharra:

Agerraldi honen bitartez, Euskal Herri euskaldunaren aldeko lanean bidelagun ditugun euskalgintzako kide eta eragileekin batera, euskaraz bizitzearen aldeko hautua indartzeko mugarri berri bat izan nahi duen egunean parte hartzeko deia luzatu nahi diegu berriz ere euskaraz bizi nahi duten guztiei.

Izan ere, Euskaraz Bizi Egunarekin, jaia eta aldarrikapena uztartuz zapalkuntzari aurre egin eta Euskal Herri euskalduna eraikitzeko bidera hurbildu nahi ditugu herritarrak, euskara eta euskaldunak menpeko bihurtzen gaituzten asimilazio estrategien aurrean euskaraz biziko den herrirantz bidea egiten joateko, inoren eta ezeren zain gelditu barik.

Bide luzea dugu egiteko. Izan ere, geuri dagokigu euskaraz bizitzeko bidea egin eta jendartean eragitea; auzolanetik, bakoitzak bere horretan eta guztiok batera, bidea egin eta aldaketak eragin baititzakegu euskara ezagutu beharrekoa eta lehentasunezkoa izan dadin Euskal Herri osoan. 7 euskaldun + erdaldun 1 = 8 erdaldun ekuazioarekin apurtu eta determinazioz eguneroko hizkuntza praktikan burujabe jokatzea, espaloitik ez jaistea, ezinbestekoa da horretarako. Hauxe da apirilaren 13ko egitasmoaren leloa “Ez zaitez espaloitik jaitsi. Euskaraz bizi!” izatearen arrazoia.

Auzolanetik sortua

Sei urtez bide egin ostean Hizkuntza Eskubideen Eguna atzean utzi eta Euskaraz Bizi Eguna antolatzeari ekin genion EHEtik. Aurten laugarrenez antolatu dugun ekimenak Etxarri-Aranatzen hasi zuen ibilbidea, umiltasun handiz. Deialdiarekiko atxikimendu zabalak eta honen inguruan sortzen joan den mugimenduak bultzatuta Euskaraz Bizi Eguna dimentsio zabalagoa hartzen hasi zen, Gernika-Lumon ospatutakoak frogatu bezala. Iaz,  Donostia bezalako hiriburu batera egin zuen salto EBEak. Etxarri-Aranatz, Gernika-Lumo eta Donostia izan dira, beraz, euskaraz bizi nahi duen herriaren erakusleiho azken urteotan.

Aurtengoa bezala, aurreko Euskaraz Bizi Egun guztiak sortu ditugu auzolanetik, tokian tokiko euskalgintzarekin eta eragile sozial zein kulturalekin batera. Aurtengoa bide beretik joango da. Eguneko egitarauari dagokionez ere, lan handia egin dugu Agoizko eta Nafarroa Garaiko ekialdeko eragileekin hauen parte-hartzea bilatzeko. Gure eskerrik beroenak helarazi nahi dizkiegu hemendik, Agoizko udala barne, egitaraua osatzen eta eguna aurrera ateratzen laguntzen ari zaizkigunei.

Horrekin batera, Euskal Herriko herri eta auzoetako euskalgintzarekin eta bestelako eragileekin harremanak abiatu ditugu egitasmo honen berri eman eta “espaloitik ez jaistearen” aldeko ekimenari atxikimenduak gehitzeko asmoarekin. Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiegu gaurkoan gurekin diren Sortzen-Ikasbatuazeko Garikoitz Torregrosa, Topaguneko Oskar Zapata, AEK-ko Helios del Santo, Nafarroako Ikastolen Elkarteko Pello Marinelarena eta Kontseiluko Maite Indari deialdi honi babesa agertzeagatik.

Egitarau oparoa

Euskaraz Bizi Eguneko egitarau zabala da auzolanaren erakusgarri. Goizean goiz dianak egingo dira herritik zehar. 10:30ean, baina, izango da egunari hasiera emateko txupinazoa. Goiz osoan zehar buruhandiak, gaiteroak, trikitilariak, Abesbatza, Burrunba, Dantzariak, txistulariak eta txaranga ibiliko dira herritik zehar giroa alaitzen. Erraldoien Topaketa ere izango da goizean zehar. Artisauen eta euskalgintzaren azoka, erakusketa (kultur etxean) talogileak eta Herri Kirol erakustaldia (12:00etan) ere izango dira presente Agoizko kaleetan.

Haurren txokoa ezin aipatzeke utzi. 11:00etatik 14:00etara bitartean puzgarriak eta eskulan tailer ezberdinak egongo dira txikientzat, eta, 16:30etan Txan Magoaren ikuskizunaz gozatzen ahal izango dute Kultur etxean.

Eguerdian ehunka lagunentzako bazkari herrikoia eta ondoko kantaldi herrikoia izango dira protagonista nagusiak.

Ondoren, 17:00etan dantzaldia hasiko da Tximeleta taldearen eskutik. Ordubetez ariko dira Tximeletakoak, 18:00etan, “Ez zaitez espaloitik jaitsi. Euskaraz bizi!” lelopean eta musika eta kolore artean egingo baitu bidea euskaltzale andana bilduko dituen kalejira aldarrikatzaileak. Bukaeran, ekitaldia izango da eta ondoren Tximeletakoek dantzaldiarekin jarraituko dute 21:00ak bitartean.

21:30ean hasiko dira kontzertuak. Kezkak eta Leihotikan taldeek jarriko dituzte dantzan euskaltzaleak, eta, hauen ostean, DJ Jotatxoren saioarekin jarraituko dute dantzan goizalderaino.

Spot “berezi eta ezberdina”

Euskaraz Bizi Egunera dei egiteko sortu dugun spot berezia aurkezteko baliatu nahi dugu gaurko agerraldia. Spot berezia da, ezohikoa, deigarria. Egun dezente ezezagun izaten jarraitzen duen hondarrarekin egindako artean oinarritzen da.Txema Esteban marrazkilariaren eskutik, euskaldun izatearen  harrotasunez, espaloitik jaitsi gabe euskaraz biziz Euskal Herri euskaldunerako bidea egin dezakegula irudikatu nahi izan dugu. Horrat emaitza.

Euskal Herrian Euskaraz (EHE)
Iruñean, 2013ko martxoaren 27an

Korrika 18: “Ama hizkuntza”

Argazkian, Amets Arzallusek eraman zuen lekukoa 18. Korrikako azken kilometroan, AEK-ko eta Korrikako arduradunekin batera, berak egina baitzen lekuko barruan Euskal Herri osoa eskuz esku zeharkatu duen mezua.

Ama hizkuntza esaten dugu hizkuntzak erditzen gaituelako.

Erditzen esaten dugu amak gu egiten gaituenean guk ere bera egiten dugulako ama, elkar egitea da erditzea. Antzeko zerbait gertatzen da hizkuntzarekin ere. Hizkuntzak egiten gaitu gu eta guk egiten dugu hizkuntza. Elkarren lekuko gara. Elkarri emanez bizi gara. Hizkuntzak guri eta guk hizkuntzari, arnasa eta izatea.

Ikasten ari denak ematen dio irakasten ari denari zentzua. Irakasten ari denak ematen dio hiztun zaharrari norabide berri bat. Hiztun zaharrak eman behar dio ikasten ari denari eskua. Denok eman behar diogu elkarri euskara.

Euskara da ene ama hizkuntza. Baina ama hizkuntza zer da? Ama hizkuntza ez da lehenik ikasten den hura, ez da amaren magalean jaso genuen hura, ama hizkuntza da, enetzat, pentsatzeko baliatzen dugun hizkuntza. Gure arrazoiak eta irudiak nola fabrikatzen ditugun han dago gure ama hizkuntza. Eta posible da, bizitzan zehar, euskara ama hizkuntza bilakatzea, euskaraz pentsatzen ikastea. Bide horretan zatoztenoi miresmen eta goraintzi, eta norbaitek esaten baldin badizue zuek euskaldun berriak zaretela, edo euskara ez dela zuen ama hizkuntza, esaiozue zaharra izatea ez zaiola inori gustatzen, eta bide batez, esaiozue, ama hizkuntza ez dela lehenik ikasten den hura, pentsamendua sortzen duen bakoitzaren hizkuntza baizik.

Herri hau ere euskaraz pentsatuko dugu, edo ez da izanen. Hautatzen diogun ama hizkuntzaren arabera dago gure herriaren geroa. Erdaraz mintzaraziko gaituztela? Badakigu hori. Herri honek pentsatu beharko du zerbait erdarari buruz, baina herri hau ezin da pentsatu erdaraz, herri hau euskaraz pentsatuko dugu, edo ez da izanen.

Herri bat erditu nahi badugu, inork erditzekotan, ama hizkuntzak erdituko gaitu.

Maider Heguy Iparraldeko AEKren presidentearen eta Jakes Bortairu AEKren Artezkaritza kontseiluko kidearen hitzaldia hemen.

Bilbon ere euskararen alde!

Hau Pittu Hau konpartsako kideok, aurten ere, Korrikan parte hartu genuen 2013ko martxoaren 21ean. Bilboko Plaza Zirkularrean hartu genuen, Bilboko Euskalgintzaren kilometroa eginez, geure barraskiloak lagunduta; baita Someratik pasatu den Bilboko Konpartsen kilometroan ere. Beste behin ere, aldarrikatu nahi izan dugu euskaraz bizi nahi dugula, bai Bilboko jaietan, baita urte osoan ere. Aldi berean, Euskalgintza osoarekin batera, euskara ikasleak omendu nahi ditugu, euren ekarpena ezinbestekoa baita Bilbo euskalduntzeko eta, zentzu horretan, instituzioei euskara bultzatzeko neurriak exijitu nahi dizkiegu, Bilbo eta Euskal Herri euskalduna lortzeko bidean.

Argazki guztiak ikusteko sakatu hemen.

Badator Korrika!

hph-korrika-kartela

Dakizuen moduan, ostegun honetan, martxoak 21, Korrika Bilbora helduko da. Hau Pittu Hau euskaldunon konpartsak bi kilometrotan parte hartuko du: Bilboko Euskagintzaren kilometroa eta Bilboko Konpartsena. Euskalgintzaren kilometroa Plaza Zirkularretik Plaza Eliptikora izango da, 19:40 aldera. Beraz, lehenengo kedada Plaza Zirkularrean izango da, 19:30ean. Bilboko Konpartsena, berriz, Someratik izango da, Erriberatik sartuta, 20:30ak aldera. Hortaz, bigarren kedada Erriberan 20:15ean izango da.


Etorri gurekin Korrika egitera!

Korrika Bilbon

Ostegunean helduko da euskararen aldeko martxa erraldoia hirira. Arratsaldeko 17:31an, Enekuriko etorbidetik sartu eta auzo ezberdinetatik igaro ondoren, 21:59an, Galdakaoko errepidea hartuko du Baionarako bidea jarraitzeko.

Lau ordu eta erdiz egongo da Korrika Bilbon. Ostegunean Enekuritik sartuko da; Deustuko auzoa zeharkatuko du eta Euskalduna zubia igaro eta gero, San Mamesera helduko da 18:18an. Briñas kaletik Zorrotzarako bidea hartuko du eta bertatik, Errekaldeko plazara joko du Gordonizetik 19:17etan. Zabalburun 19:40an egongo da, ondoren Zirkularretik Indautxuko plazara joateko eta handik, Udaletxeko Erkoreka plaza inguratu eta Uribarri eta Kastañosetik euskararen alde korrika egin eta gero, martxa Campo Volantinetik Unamunora helduko da 20:33an. Bertatik, auzoa gurutzatu eta Mesedetako zubitik Zamakolarantz abiatuko da; jarraian Santutxura igo eta Basarratera helduko da 21:17. Bukatzeko, lasterketari agur esango diogu 21:59an, Galdakaoko errepidea hartuko duenean.

Korrika Txikiak Bilbon

Dagoeneko hainbat auzotan Korrika Txikiak egin dituzte baina beste askotan ez. Besteak beste, San Inazion, Miribillan eta Alde Zaharrean bihar, hilak 20, izango da 15:00etan; Santutxun martxoaren 21an egingo dute 10:00etan, eta Txurdinagan zein Etxebarria parkean egun berean izango da baina 11:00etan. Bukatzeko, Deustun hilaren 22an, ostirala, egingo dute eguerdiko 15:00etan.

Euskara elkarri emateko asmoz abiatu da Korrika

Argazkian, EHEren barraskiloak hartu du lekukoa lehenengo kilometroan.

Bilbora martxoaren 21ean helduko da, 17:30 aldera. Erandiotik igaro ostean San Inaziora helduko da eta 21:30 pasatxo Abusutik irtengo da, Etxebarrira. Tartean lau ordu emango ditu auzoetatik gora eta behera.

Ordu laurdeneko atzerapenarekin abiatu da 18. Korrikako hasiera ekitaldia. Jendez bete da Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkea. Eguraldi txarra egin arren, horrek ez ditu euskalzaleak kokildu, eta prest ziren denak lehen metroak egiteko, Berria.info agerkariak zabaldu duenez. Hizkuntza normalizazioa aldarrikatu dute hasiera ekitaldian. “Horregatik diogu ozenki eman euskara elkarri”, esan dute. “Ez daukanak ere aukera eman behar dio erabili nahi duenari”, azaldu dutenez. Euskara jakiteak ikasten duenari mesede egiteaz gain, ingurukoei ere mesede egiten die, euskaraz aritzeko aukera eskaintzen duelako. Administrazioari euskara ikasteko erraztasunak eskatu dizkiete. Martin Ugalde Kultur Parkeko langileek abiatu dute Korrika. Baionara arte 2.587 kilometro izango dira. Gipuzkoan lehen kilometroak egin ondoren, bihar Nafarroan sartuko da Korrika eta arratsaldean Iruñera iritsiko da; asteburuan Maulera eta Donibane Garazira.