Salduta

Salduta from Euskararen Kontseilua on Vimeo

Kontseilua: “Kontsumitzaile euskaldunen hizkuntza-eskubideen urraketa betikotzea erabaki du Eusko Legebiltzarrak, demagogia erabiliz”

kontseilua-agerraldia-20120209

Argazkian, Juanjo Agirrezabalaga EAko legebiltzarkidea, Paul Bilbao eta Garbiñe Petriati atzo goizean Eusko Legebiltzarrean / © Kontseilua.

Gasteizko Legebiltzarrak kontsumitzaile eta erabiltzaile euskaldunen hizkuntza-eskubideak ezerezean uzteko erabakia hartu du, 2008an onartutako dekretua baliogabetu ondoren. Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok eta Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriatik agerraldia egin zuten atzo Legebiltzarreko osoko bilkuraren ondoren. Bilbaok lotsagarri jo zuen bertan hartutako erabakia, bai eta hainbat legebiltzarkidek egindako adierazpenak ere.

“Onartezina da Legebiltzar batek herritarren oinarrizko eskubideen urraketa sistematizatu eta betikotuko duen erabakiak hartu ahal izatea. Atzerapauso handia da gaur hartutako erabakia, non eta herritarren eskubideak bermatzea helburu izan beharko lukeen leku batean, Legebiltzar batean, alegia”, esan zuen Bilbaok.

Eusko Legebiltzarrak hartu duen erabakiaren ondorioz, lege hori berma dadin onartutako neurriak dira bertan behera utzi direnak, ondorioz, “hori ez da lege bat. Eskubideen babeserako lege batek nahitaez beharrak sortu behar ditu, hotaz, behar horiek beteko direla bermatzen ez bada, zertarako behar dugu lege bat?”, galdetu zuen Bilbaok.

“Iraingarria da herritarron hizkuntza-eskubideak ez betetzea lanpostuak galtzearekin parekatzea. Hori, herritarroi iruzurra egiteaz gainera gezurra da. Eremu sozioekonomikoan ere kalitatezko zerbitzu duina ematen dela bermatu behar da eta hori ezin da lanpostuak galtzearekin lotu, egun hauetan entzun ahal izan dugun bezala”.

“Ekainaren 16an, hemen bertan, PSE-ri, PP-ri eta UPyD-ri deia eta eskaera egin zien Kontseiluak argitu zezaten zer asmo zuten, zer neurri hartuko zituzten, herritarron hizkuntza-eskubideak bermatzeko”, esan zuen Bilbaok, “eta gaur agerian geratu da hori ez dutela aintzat hartu”.

“Malgutasuna, progresibitatea eta arian-arian aritzea aldarrikatzen dute hartutako erabaki hau justifikatzeko. Progresibitate hori hutsala dela demostratu da 25 urte hauetan. Zenbat urte gehiagoz jarraitu behar dugu horrela? Edozein gobernuren betebeharra bere herritarren ongizatea eta eskubidea bermatzea izan arren, Eusko Jaurlaritzak betebehar horri muzin egin eta herritarren aurka egiten du, herritar euskaldunen hizkuntza-eskubideak zapuztuz eta herritarrek euskaraz bizitzeko duten nahia guxtietsiz. Gogoratu nahi dugu Hizkuntz Eskubideen Behatokian jasotako kexen %35,21 enpresek eta zerbitzu-emaileek eragindakoak direla”, esan zuen Gerbiñe Petriatik.

“Eremu pribatuaz hitz egiten dute etengabe, baina ez gara eremu pribatuaz ari, zerbitzu publikoa ematen duen alor sozioekonomikoaz baizik”, esan zuen Paul Bilbaok.

Errealitatean honek ekarriko duenaren konstantzia badugu dagoeneko. Zerbitzu hornitzaile enpresa batek Behatokiari bere erantzunean esan dionez, neurriak ez hartzeagatik kontenplatzen ziren neurriak bertan behera gelditu direla eta ondorioz ez duela legerik urratzen.

Erabaki honen alde egin duen PSEk elkarbizitza aldarrikatzen du. Zein elkarbizitza motaz hitz egiten ari dira, herritar talde handi baten oinarrizko eskubideen kontrako neurriak hartzen dituzten bitartean?

Kontseiluak eta Behatokiak bizikidetzaren aldeko apustua egiten dute; bai hizkuntzaren aldeko bizikidetzaren alde eta baita hiztunen aldeko bizikidetzaren aldeko. Horretarako, beharrezkoa da herritarrak bere hizkuntzan aritzeko duen eskubidea bermatua izatea.

Horrelako erabakiekin euskaraz bizi nahi dugun eta euskaraz bizitzeko eskubidea dugun herritarrekiko errespetua desagertu egiten dela gaineratu zuen Kontseiluko idazkari nagusiak eta “euskaraz bizi nahi dugun herritarrak, alegia, herri honetako berezko hizkuntzan bizi nahi dugunok, eremu sozioekonomikotik baztertu nahi gaituzte”.

Kontseilua

Euskal Herrian Euskaraz: “Normalizazioan atzera pausoak ematen jarraitzen du Jaurlaritzak”

ehe-ots12-manifestazioa

Argazkian, EHEren prentsaurreko bat / © EHE.

Bi neurri hartu ditu PSEk aste honetan, biak hizkuntza normalizazioaren aurkakoak. Alde batetik, Isabel Zelaak esan du euskara jakintza ziurtagiria emanen dietela ikasgaien %50a euskaraz egiten dituzten ikasleei. D ereduko ikasleek ere ziurtagiria lortuko dute, eta unibertsitateko ikasketak euskaraz egiteagatik EGAren maila aitortuko zaio ikasleari. Bestalde, Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Legea aldatzeko bideari ekin dio PSEk, PP eta UPDren laguntzarekin. Euskaraz errotulatzen edota artatzen ez duten komertzioak zigortzen dituen legea deuseztatu nahi dute.

Euskara ziurtagiriak banatzeko asmoaren berri eman zuen astelehenean Eusko Jaurlaritzak. Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuak azaldu duenez, ikasgaien erdia euskaraz ikasten dutenei hizkuntzaren ezagutza aitortuko zaie, bestelako ziurtagiriren beharrik gabe. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) gainditzen dutenek B1 maila izanen dute, eta Batxilergoa amaitzean B2 maila erdietsiko dute. Bi kasu horietan euskara eta literatura ikasgaia gainditurik beharko dute izan ikasleek. Unibertsitateko ikasketekin batera C1 maila aitortuko zaie ikasleei, hau da, EGAren maila. C2 maila lortzeko doktore tesia euskaraz egin beharko da. Neurri hau ezbaian jartzea Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza sistemaren kalitatea zaltzan jartzea dela esan du Zelaak.

Patxi Lopez buru duen gobernuak ez du euskararen normalizazioan aurrera egiten; are gehiago, aurkako urratsak ematen ari da. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza ereduak ez ditu euskalduntzen ikasle guztiak. Arazoa aztertu eta konponbidea bilatu beharrean, Zelaaren departamentuak nahiago du beste alde batera begiratu, eta arazoa bere horretan mantendu. Izan ere, euskara mailarik ez duten ikasleei ere aitortuko zaie euskaldundu direla. Hizkuntzaren normalizazio bidean, ezinbestekoa dirudi egungo eredua irauli eta euskaldunduko duen eredu bakarra ezartzea. Bien bitartean, euskara ezagutza frogatzen duten ziurtagiriek ezinbesteko izaten jarraituko dute. Baina Zelaak beste plan batzuk ditu. Eredu eleanitzaren aldeko apustua egin nahi du Lopezen gobernuak, Nafarroan egiten ari diren moduan, euskarari orduak kentzeko.

Normalizazioaren aurkako urratsen beste adibidea gaur eman du PSEk. Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Legea aldatu nahi dute, euskarazko errotulazioa eta zerbitzua ematen ez duten enpresek isunik jaso ez dezaten. PP eta UPD alde agertu dira; aurka Aralar, EA, EAJ eta Ezker Batua. 2008an onartu zuten legea bertan behera uzteko lehenbiziko urratsak eman dituzte dagoeneko, euskararen kaltetan hartutako beste neurri bati bide emateko.

Euskal Herrian Euskaraz (EHE)

euskalherrianeuskaraz.org