Eusko Jaurlaritzari eskola euskaldunaren alde egiteko eskatu dio EHEk

Argazkian, EHEk deituta, milaka lagunek parte hartu zuten 2012ko martxoaren 17an Donostian ospatutako Euskaraz Bizi Egunean / © Euskal Herrian Euskaraz.

Euskal Herrian Euskaraz (EHE) herri mugimenduko eragile euskaltzaleak ekimena egin du gaur Gasteizen Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak bertan duen ordezkaritzan. EHEko hiru kide sartu dira eraikinera, eskolara joango balira bezala. Espainiako Hezkuntza Ministro Wertek nahi bezala atera dira handik, Espainiako banderekin ahoa estalita zutelarik, “espainolizatuta”. Une horretan, ahoko estalkiak kendu eta eskolak ez dituela euskaldundu salatu dute. Egoera horren aurrean, Wertek proposatzen duen Hezkuntza Erreformaren aurrean “planto egiteko” deia zabaldu dute. Alta, egun Euskal Herrian indarrean diren hizkuntza ereduek ere ez dutela ikasleek eskolaren bitartez euskara ezagutzeko duten eskubidea bermatzen adierazi eta Jaurlaritzak mantendu nahi dituen erdal ereduak arbuiatu dituzte ekintzaileek. Egoera honi buelta emateko ikasle euskaldun eleanitzak sortzeko Kontseiluaren proposamena aplikatzea galdegin eta eskola euskaldunaren aldeko aldarria zabaldu dute. Ekimenari bukaera emateko eskola euskaldunaren aldeko itsaskinak jarri dituzte eraikinaren hormetan. Bitartean, hizkuntza-politiketan erroko aldaketarik ez dela eman salatu du Kontseiluak. Eta euskaldunen eskubideen bermean Ertzaintza eta Osakidetza “beltzgunetzat” jo ditu Lamarcak, Berria.info agerkariak zabaldu duenez.

Ekimen hori ez da isolatua. Izan ere, herri euskaldunaren aurka hezkuntzaren alorrean ematen ari diren erasoak salatzeko “Guk, eskola euskalduna!” lelopean ekimena abiatu zuen EHEk iragan urtarrilaren 23an. EHEko bost kide Nafarroako Hezkuntza Departamenduak Iruñean duen egoitza nagusira sartu ziren eta eskola ematen ari zirenaren itxura egin zuten “Guk, eskola euskalduna” lelodun arbelaren parean. Ordutik hona beste hainbat ekimen egiten ari dira EHEko kideak hainbat herri eta auzotan. Informazio eta esku-orri banaketak, erdal ereduak dituzten ikastetxeetan markajeak, elkarretaratzeak… Gaur bertan, 19:00etan, Durangoko EHEk elkarretaratzera deitu du bertako batzokiaren parean EAJk gidatzen duen Jaurlaritzari “erdal ereduak alboratu eta eskola euskaldunaren alde egin dezan” galdegiteko. Arrasateko EHEk, aldiz, eskola euskaldunaren aldeko kalejira aldarrikatzailea egingo du gaur arratsaldean.

“Guk, eskola euskalduna!” ekimenak segida izango du aurrerantzean. Soilik Donostian gutxienez 10.100 ikaslek erdal ereduetan ikasten dutela (Jaurlaritzako Hezkuntza sailaren datuak) salatzeko elkarretaratzea egingo du Donostiako EHEk bertako Hezkuntza ordezkaritzaren parean, otsailaren 16an, goizeko 11:00etan. Ondoren, giza-katea egingo da erdal ereduak eskaintzen dituzten ikastetxeetatik pasatuz, San Patricio ikastetxeraino.

EHEren gaurko ekimenaren bideoa

Euskal Herrian Euskaraz: “Normalizazioan atzera pausoak ematen jarraitzen du Jaurlaritzak”

ehe-ots12-manifestazioa

Argazkian, EHEren prentsaurreko bat / © EHE.

Bi neurri hartu ditu PSEk aste honetan, biak hizkuntza normalizazioaren aurkakoak. Alde batetik, Isabel Zelaak esan du euskara jakintza ziurtagiria emanen dietela ikasgaien %50a euskaraz egiten dituzten ikasleei. D ereduko ikasleek ere ziurtagiria lortuko dute, eta unibertsitateko ikasketak euskaraz egiteagatik EGAren maila aitortuko zaio ikasleari. Bestalde, Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Legea aldatzeko bideari ekin dio PSEk, PP eta UPDren laguntzarekin. Euskaraz errotulatzen edota artatzen ez duten komertzioak zigortzen dituen legea deuseztatu nahi dute.

Euskara ziurtagiriak banatzeko asmoaren berri eman zuen astelehenean Eusko Jaurlaritzak. Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuak azaldu duenez, ikasgaien erdia euskaraz ikasten dutenei hizkuntzaren ezagutza aitortuko zaie, bestelako ziurtagiriren beharrik gabe. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) gainditzen dutenek B1 maila izanen dute, eta Batxilergoa amaitzean B2 maila erdietsiko dute. Bi kasu horietan euskara eta literatura ikasgaia gainditurik beharko dute izan ikasleek. Unibertsitateko ikasketekin batera C1 maila aitortuko zaie ikasleei, hau da, EGAren maila. C2 maila lortzeko doktore tesia euskaraz egin beharko da. Neurri hau ezbaian jartzea Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza sistemaren kalitatea zaltzan jartzea dela esan du Zelaak.

Patxi Lopez buru duen gobernuak ez du euskararen normalizazioan aurrera egiten; are gehiago, aurkako urratsak ematen ari da. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza ereduak ez ditu euskalduntzen ikasle guztiak. Arazoa aztertu eta konponbidea bilatu beharrean, Zelaaren departamentuak nahiago du beste alde batera begiratu, eta arazoa bere horretan mantendu. Izan ere, euskara mailarik ez duten ikasleei ere aitortuko zaie euskaldundu direla. Hizkuntzaren normalizazio bidean, ezinbestekoa dirudi egungo eredua irauli eta euskaldunduko duen eredu bakarra ezartzea. Bien bitartean, euskara ezagutza frogatzen duten ziurtagiriek ezinbesteko izaten jarraituko dute. Baina Zelaak beste plan batzuk ditu. Eredu eleanitzaren aldeko apustua egin nahi du Lopezen gobernuak, Nafarroan egiten ari diren moduan, euskarari orduak kentzeko.

Normalizazioaren aurkako urratsen beste adibidea gaur eman du PSEk. Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Legea aldatu nahi dute, euskarazko errotulazioa eta zerbitzua ematen ez duten enpresek isunik jaso ez dezaten. PP eta UPD alde agertu dira; aurka Aralar, EA, EAJ eta Ezker Batua. 2008an onartu zuten legea bertan behera uzteko lehenbiziko urratsak eman dituzte dagoeneko, euskararen kaltetan hartutako beste neurri bati bide emateko.

Euskal Herrian Euskaraz (EHE)

euskalherrianeuskaraz.org