GURE KONPARTSA

Aste Nagusia 2011

Argazkia: 2011ko abuztuaren 22an dozenaka konpartsakide bildu ginen Aste Nagusiko Euskalguneko bazkarian. Egilea: Joseba Barrenetxea Altuna.

1987an Bilboko Aste Nagusiak hamar urte bete zituen. Lehenengo bi urteetako eztanda liluragarriaren ondoren, jaiak erritmo patxadatsuagoan sartu ziren; euskarari dagokionez, hainbat bilbotarren ustez erritmo patxadatsuegian. Kartel elebiduna eta ekintza sinboliko batzuetatik haratago, ez zegoen ia ezer. Hori dela eta, urte haren hasieran euskararen aldeko giroetan zebilen jende multzo batek konpartsa euskaldun bat sortzea erabaki zuen. Honela kontatu dizkigu Igor Quincoces Pittu-k hastapenetako pauso haiek:

     “Konpartsa sortzeko behar ziren 50 lagunak elkartzeko asmoz afari bat antolatu zuten, baina kopuru haren erdia ere ez zen joan. Edonola ere, erabakia hartuta zegoen eta inauterietarako han zegoen konpartsa berria. Lehenengo agerraldi hura biribil atera ez bazen ere, pausorik zailena emanda zegoen. Gainera etekin ekonomikoa ere lortu zutenez, EHEk diru hura baliatu ahal izan zuen egoitza bat erosteko. Ondoren egin ziren bileretan izena finkatu zen, Hau Pittu Hau alegia. Zuberoako maskaradetako Pittu-ren irudia egokia zen, jaia adierazten baitzuen. Hasierako urte haiek gogorrak izan ziren: erronka (bezeroekiko eta hornitzaileekiko harremanak ahal zen neurrian euskara hutsez bideratzea) ez zen txantxetakoa eta taldea txikia zen. Konpartsen koordinakundean bertan ere erresitentzia handiak azaldu ziren euskara hutsean arituko ginela edo aktak euskaraz ere jaso behar zirela proposatu genuenean.

1991n kartelak jarri genituen jende berria erakartzeko. Gazte batzuk hurbildu ziren arren, oraindik ez ginen berrogeita hamarreko mugara heltzen. Etorri berrietako bati egokitu zitzaion txupinera izatea eta bera izan zen ekitaldi guztietan euskara hutsez jardun zuen lehena. Halere, konpartsak burua jaso ezinik jarraitzen zuen. Testuinguru horretan euskaldunez osatutako bigarren konpartsa jaio zen, Hor dago! alegia. Asko ziren eta ideiak argi zituztela zetozen. Bazirudien denok sartuko ginela bertan; egin kontu, 1994ko inauterietako jaitsiera eurekin batera egin genuela, oso gutxi baikinen geure kabuz ateratzeko. Uda hartan berriro egin genuen jendea erakatzeko saiakera eta bat-batean miraria gauzatu zen: hogeita hamar lagun sartu ziren, gehienak santutxuarrak. Aldi berean, bigarren urteaz geroztik konpartsaren ardura zeramatenek utzi egin zuten. Beraz, harrobia bai baina aritutakoen esperientziarik ez.”

Jende berriarekin freskotasuna eta bat-batekotasuna nagusitu ziren:

     “1995ean bost egun eman genituen Dimako Indiabeti baserrian. Indiabeti basoan galduta dago eta ez dauka argindarrik; beraz, leku ezin hobea sormenari eta irudimenari bide emateko. Egun gogoangarri haietan sortu ziren gerora konpartsaren ezaugarri bihurtu diren hainbeste kontu; adibidez, kamiseta morea eta geure ikurra, hau da, Indiabeti barraskiloa. Gogotsu jaitsi ginen menditik, argi baikenuen zelan edo halan bizirik irautea ez zela nahiko eta bageneukala indar nahikorik dinamikak sortzeko eta jaiari euskararen kolorea emateko. Ehun kide inguru izango ginen une hartan eta sekulako giroan pasatu genituen jaiak. Urte hartan ere hasi ginen erabiltzen Hor Dago!-k utzi zigun elefantea, gerora famatua egingo zen berbera.

Indiabetiko bultzadak ihauteriak arte iraun zuen: behingoz, epaitegietako egoera gaitzat hartuz, jaitsiera duin bat egitea lortu genuen. Udan, berriz, txosna berritzeko garaia iritsi zitzaigun. Urtetik urtera nabarmenagoa zen egitura handiagoak jartzeko joera (neurri batean Udalak berak ere bultzatuta) eta geuk ere mekanotuboaren alde egin genuen. Hurrengo urteetan gorabeherak egon ziren arren, konpartsa guztiz finkatuta dagoela esan dezakegu.”

Ondo pasatzeaz gain, Hau Pittu Hau-ren helburua beti izan da beste konpartsengan zein jai egitarauan eragitea […]

Testua: “Bertan Bilbo” liburua

Zuberogoitia anaiek idatzia