Zer eta nor gara

Hau Pittu Hau 1987 urtean sortu zen, eta Bilboko lehenbiziko konpartsa euskalduna izan zen. 1987-tik bere funtzionamendua euskara hutsez burutzen da, eta hori Bilbo bezalako hiri batean ez da gutxi. Zorionez, gaur egun Bilbon beste bi konpartsa euskaldun gehiago daude: Hor Dago Abante! eta Algara.

Konpartsaren sortzaileen helburu nagusia Bilboko Aste Nagusia euskalduntzea izan zen. Zoritxarrez, gauzak ez dira gehiegi aldatu, eta oraindik lan horretan murgildurik gaude. Gainera, Aste Nagusia ez ezik, Hau Pittu Hau Bilbon burutzen diren jai askotan euskararen presentzia indartzen dabil etengabe: Tomas Deuna, Aratuzteak, Konpartsero eguna, eta abar.

Azkeneko urteetan Bilbotik kanpo ere ibili izan gara. Horrela, Hau Pittu Hau-ko konpartseroak gure geografiaren puntu desberdinetan ikusi ahal izan dira: San Ferminetan, Andra Mari Zuriaren jaietan, Euskararen aldeko jaietan (Ibilaldia, Nafarroa Oinez, Herri Urrats, Araba Euskaraz, AEKeguna, Korrika),…

Hala ere, Hau Pittu Hau Bilboko konpartsa da, eta bere indar erakustaldirik handiena Bilboko Aste Nagusian egiten du. Egun horietan Areatzan, eguneko edo gaueko edozein ordutan topatuko gaituzu, bai txosnan lanean, bai parrandan,… eta beti: Euskaraz eta kitto!!!

GORA EUSKARA!! GORA BILBO!! GORA MARI JAIA!!