UEMAk jasoko du Hau Pittu Hau konpartsaren 2014ko Euskara Saria

Aste Nagusiko astelehenean, abuztuak 18, arratsaldeko 16:30ean, Hau Pittu Hau euskaldunon konpartsak, urtero legez, Euskara Saria emango du. Aurtengo sariduna, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea izango da.

hau pittu hau

Hau Pittu Hau Konpartsak ematen duen Euskara Sariaren asmoa hainbat eta hainbat taldek eta lagunek euskararen alde egiten duten lana aitortzea eta saritzea da. 2003an hasi ginen sari hau banatzen Aste Nagusiko astelehenean eta, ordudanik, urtero euskararen alde denetariko arlotan lan egiten duten norbanako zein taldeek eta elkarteek irabazi dute.

Aurtengo Euskara Saria Udalerri Euskaldunen Mankomunitateari emango diogu. Izan ere, UEMAren helburua eta konpartsarena berbera baita: Euskal Herri euskalduna lortzea.

UEMAko udalerrietako biztanleriaren %70k baino gehiagok euskaraz badaki eta, testuinguru horretan, bizitza sozial guztia euskaraz izan dadin neurriak hartu eta euskara nagusi izango den lurgunea osatzea dute helburu. Bide horretan, euskararen arnasgune diren udalerri hauek urrats garrantzitsua egin dute. Instituzioek dituzten sasi-elebitasun politikek euskaldunok ez gaituztela asetzen agerian utzi eta euskara hutsean funtzionatu daitekeela erakutsi dute.

Hau Pittu Hauren ustez, euskara Euskal Herri osoan hizkuntza hegemonikoa izatea nahi badugu, ezinbestekoak dira honelako urrats ausartak. Gaur egun indarrean dauden hizkuntza politikek, oraindik ere, ez dute bermatzen euskaldunok geure herrian bertan euskaraz bizi ahal izatea. Horregaitik, beharrezkoa iruditzen zaigu hizkuntza politika hauen mugak eta elebitasunaren diskurtsu faltsua gainditzea.

Udal administrazioak, herritarrongandik hurbilen dagoena izanda, euskararen aldeko lan handia egin dezake. Hainbat zerbitzu eskaintzen dituenez (kiroldegiak, liburutegiak, udaltzainak, autobus zerbitzuak,…), nahitaez hura euskaldundu beharko da euskaldunon hizkuntz eskubideak bermatzeko. Tamalez, ez gara garrantzi horretaz ohartu garen bakarrak. Izan ere, azkenaldi honetan espainiar gobernutik heldu diren helegiteen jopuntua izan dira, hain zuzen, udalerri euskaldunek egin nahi izan dituzten urratsak, eta ez dugu uste kasualitate hutsa izan denik. Bide onetik zoazten seinale.

Horregatik guztiagatik, UEMA zoriondu eta bere lana saritu nahi izan dugu. Euskaraz normaltasun osoz funtzionatzeak duen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Euskal Herri osorako lor dezakegunaren adibide zarete. Gune euskaldunei eutsiz eta zabalduz lortuko dugu, pausuz pausu, Euskal Herri euskalduna irabaztea.

 

 

 

 

 

Leave a Reply

*