“Maite ditugulako” dokumentala aurkeztu du Behatokiak

Gaur Hizkuntz Eskubideen Behatokiak “Duintasun bideak” bildumako dokumental berri bat aurkeztu du Iruñean, Golem zinemetan. Dokumental berri honek “Maite ditugulako” izena du eta Nafarroa hegoaldeko hainbat herritarrek beren seme-alabek D ereduan ikas dezaten nahi dutelako pairatzen duten diskriminazioa, eskubide urraketa, azaltzen du.

Dokumentala ikusi ondoren, urraketa pairatzen duten eta dokumentalean parte hartzen duten gurasoek beraiek hartu dute hitza. Artaxoako Argi Rus-ek adierazi duenez, urte asko daramatzate beren seme-alabak beren herrian bertan D ereduan ezin matrikulatu eta horregatik, uda aurretik, Hizkuntz Eskubideen Behatokira jo zuten pairatzen ari ziren eskubide urraketa salatzera.

Azaldu dutenez, beren seme-alabak egunero ehunka kilometro egitera kondenatuta daude D ereduan ikasi nahi dutelako. Aurtengo ikasturtean adibidez, 1.400 ikasle horiek guztira 5 milioi kilometro egin beharko dituzte orain dela 25 urte (1986an) onartutako lege batek, Vascuencearen legeak, beren herria eremu “ez-euskaldunean” dagoela esaten duelako.

“Gure seme-alabek urtero milaka kilometro egin behar dituzte gure auzokideek beren seme-alabak, oinez, lasai-lasai etxe ondoko eskolara eraman ditzaketen bitartean. Zergatik? Ba gure seme-alabek hizkuntza bat ez, bi ikastea nahi dugulako, gaztelania ez ezik, Nafarroako berezko hizkuntza den euskara ere ikastea nahi dugulako” adierazi du Rus-ek.

Guraso guztiek bezala, beren seme-alabentzako onena nahi dutela adierazi dute, etorkizunean bizitzarako, lanerako, aukera gehiago izan ditzaten, hizkuntzak ikas ditzaten nahi dute eta horregatik egiten dute D ereduaren aldeko hautua, gaur egun euskara eta gaztelania ikastea bermatzen duen eredu bakarra delako.

“Bitartean ikusi dugu, inork eskatu gabe, Gobernuak gure eskualdean TIL eredua jarri duela martxan… Eta guk gure seme-alabentzat D eredua nahi badugu mugitu egin behar dugu, errepidean bueltaka ibili… zergatik?” galdetu dute gurasoek.

Dokumentalean parte hartu duen Mendigorriako Lurdes Mendibilek ere hartu du hitza eta beren herrian bertan haurrak gaztelaniaz matrikulatzen dituztenekiko pairatzen duten diskriminazioa agerian utzi du: “argi dago, guri ez zaizkigu gainontzeko gurasoei aitortzen zaizkien  eskubide guztiak aitortzen”.

Hala ere, argi utzi nahi izan dute ere, beren herrikide eta auzokideen aldetik elkartasun handia jasotzen dutela eta oso babestuak sentitzen direla herritarren aldetik: “bidaiak ordaintzeko-eta hainbat ekimen eta jaialdi antolatu dugu eta guzti guztietan herrikideen, auzokideen laguntza handia izan dugu eta parte hartzea ere uste baino askoz zabalagoa izan da”. Aldiz, azaldu dutenez, agintarien aldetik ez dute babes bera jaso.

Azaldu dutenez, beren seme-alabak egunero errepidean jartzeak sekulako kezka eragiten die, kezka eguraldiarengatik, kezka istripu arriskuagatik eta kezka baita ere, bidaia horiek beraientzat suposatzen duten gehiegizko gastuagatik…

Aurten gainera, jasotzen zuten diru-laguntza eskasa ere kendu egin die Nafarroako Gobernuak eta hilabetean ikasle bakoitzagatik ordaintzen dituzten 600 euroak beren poltsikotik ordaindu beharko dituzte aurrerantzean.

“Irtenbide bat nahi eta behar dugu. Irtenbide bat behar dugu. Negua iritsi baino lehen, gure seme-alabek errepideetan eguraldiaren eta bestelako arriskuak pairatu baino lehen, irtenbide bat exijitzen dugu” aldarrikatu dute gurasoek bukatzeko.

Gurasoek beren egoera azaldu ondoren Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak, Garbiñe Petriatik, hartu du hitza familia hauek pairatzen duten eskubide urraketa eta diskriminazioa salatzeko.

“Egoera hau onartezina da, nafar guztiek eskubide berak dituzte eta Nafarroan legea bera da eskubide berdintasun hori urratzen duena” adierazi du Petratik.

Behatokiko zuzendariak irakaskuntzaren eremuan edota haur eta gaztetxoen eremuan nazioartean indarrean dauden hainbat arau eta akordio aipatu ditu, besteak beste: Giza Eskubideen Deklarazio unibertsaleko 26.2 artikulua, zeinak hezkuntzaren helburua giza eskubideen errespetua indartzea dela dioen; edota Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituneko 27. artikulua, zeinak gutxiengo linguistikoek beren hizkuntza erabiltzeko eskubide aitortzen duen; edota Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Ituneko 2. artikulua, zeinak hizkuntzagatik bereizkeriarik ez dela onartuko ezartzen duen; edota Haurren Eskubideen Deklarazioko 30. artikulua, zeinak gutxiengoen haurrei beren hizkuntza erabiltzeko eskubidea aitortzen dien…

Garbiñe Petriatik salatu duenez “pertsona hauek, nafar hauek, urtero milaka kilometro egin behar dituzte, orain dela 25 urte onartu zen lege zentzugabe baten ondorioz, orain dela 25 urte onartutako lege horrek nafarrei Nafarroako hegoaldean Nafarroako berezko hizkuntzan ikasteko eskubidea ukatzen dielako”.

Behatokiko zuzendariak salatu duenez, Nafarroako hainbat familia egoera onartezina pairatzen ari dira, eskubide urraketa sistematiko onartezina eta Behatokiak, egoera hori salatzearekin batera, irtenbideak exijitzen dizkio urraketa honen arduradun nagusiari, alegia, Nafarroako Gobernuari.

Era berean, bideoa egin zutenean Nafarroako Gobernuak bidaia gastuen zati bat bere gain hartzen zuela zehaztu ondoren, aurtengo ikasturtean Gobernuak diru-kopuru murritz hori bertan behera utzi duela salatu du Petriatik.

“Pertsona hauen egoerari berehalako irtenbidea eman diezaion exijitzen diogu Nafarroako Gobernuari, bidaia gastuak bere osotasunean ordain ditzala eta era berean, nola ez, berandu baino lehen horrelako egoerak eragiten dituen araudia alda dezala” gaineratuz bukatu du Behatokiko zuzendariak.

Agerraldia bukatzeko, Behatokiko arduradunek dokumental berri hau “Duintasun bideak” bilduman kokatzen den bideo berri bat dela argitu dute eta aurrerantzean ahal duten guztietan eskubide urraketak bideo edo dokumental bidez salatzen jarraituko dutela iragarri dute. Aurrez egindako bideoak, “Maite ditugulako” dokumentala eta etorriko diren besteak www.vimeopro.com/duintasun/bideak atarian ikus daitezke.

“Maite ditugulako”, euskaraz ikasteko zailtasunen inguruko dokumentalaren aurkezpena

Nafarroako eremu ez euskaldunetan haur eta gaztetxoek euskaraz ikas dezaten egunero bidaia luzeak egin behar izaten dituzte. Behatokiak ostiralean, urriaren 12an, 11:30ean aurkeztuko du “Maite ditugulako” dokumentala, Iruñean Golem Yamaguchi zinemetan. Ostiraletik aurrera sarean ere ikusgai izango da.

Behatokia: “Hizkuntza-eskubideak errespetatzeko betebeharra errealitatera ekarri beharra dago”

behatokia-arartekoa

Argazkian, Garbiñe Petriati Behatokiko zuzendaria eta Arantza Haranburu Behatokiko kidea  hamar urteko txostenaren aurkezpenekin jarraituz, EAEko Ararteko Iñigo Lamarca-rekin batzartu ziren ostiralean Donostian / © Kontseilua

“Euskal Autonomia Erkidego osoan da euskara berezko hizkuntza eta status ofiziala hiru lurraldeetan esleitu eta legeak hizkuntza-eskubideak aitortu arren, horien bermerako mekanismo juridiko-administratibo eraginkorrik ez da abian jarri”, esan zuen ostiralean Garbiñe Petriatik Arartekoaren bulegoan egindako agerraldian.

Iñigo Lamarca EAEko Arartekoari, erakundeak ofizialtasunak eragiten dituen ondorio juridikoak betetzetik urrun daudena esan zion Behatokiak eta are gehiago, “eskubideen babeserako legeria betearazteko derrigortasunik ez egoteak, hizkuntza-eskubideen urraketak betikotu egiten dituela”.

Hamar urte hauetan, arlo batzuetan urtez urte hizkuntza-eskubideen urraketak errepikatu egin dira eta alor horiek beltzune izan dira hizkuntza-eskubideen bermeari dagokionean. Osasun arloari dagokionez, “argi geratu da Osakidetzan egindako dekretuak eta planak herritarren eskubideak babesteko eta bermatzeko ez direla tresna eraginkorrak izan. Alor honi ez zaio behar bezainbeste garrantzia eman eta ondorioz, ez da behar beste aurreratu”, esan zuen Behatokiko zuzendariak.

Justiziaren arloa izan da beste beltzuneetako bat eta bertan, eskubideen urraketa sistematikoa dela esan zuen Petriatik hizkuntza nagusia ia bakarra gaztelania baita.

Herrizaingo sailari dagokionez, “harremana euskaraz ez bermatzeaz gain, agenteen tratu zakarra eta nagusikeria izan dira gehien salatu diren jokabideak”.

Eremu sozioekonomikoari dagokionez, 123/2008 dekretua aipatu zuen Behatokiak eta ildo horretan, “borondatearen baitan uzten diren neurriek hizkuntza-eskubideen urraketa betikotu eta sistematizatzeko arriskua dute” esan zuen Petriatik.

Ildo horretan, hizkuntza-eskubideak urratzen dituzten entitateei “urte hauetan guztietan gabezia eta beltzuneak non diren helarazi zaien arren, urraketen aurrean ez-ikusiarena edo egiten jarraitu du administrazioak” esan zuen Petriatik eta zera gaineratu zuen: “neurri eraginkorrak hartu ezean, nekez bermatu ahal izango dituzte EAEko agintariek herritarrak aitortuak dituzten hizkuntza-eskubideak”.

Hamar urteotako datuak eskuan, Behatokiko zuzendariak esan zuen euskararen normalizazioari ez zaiola behar bezainbeste garrantzi eman eta ondorioz ez dela behar beste aurreratu. “Milaka erabilera-saiakera eragotzi da 10 urte hauetan. Euskaldunok euskaraz bizitzeko dugun eskubidea ez dago bermatuta eta nabarmenak dira horretarako bidean sortzen diren ezintasunak”.

Hizkuntza-eskubideen zein legeen urraketen aurrean administrazioek izan duten jarrerari ere erreferentzia egin zion Petriatik, “hizkuntza-eskubideen eta legeen urraketak gertatu izanak ez du izan eraginik horien konponbiderako neurri edo mekanismoak abian jartzeko unean. EAEn naturalizatu egin da ordenamendu juridikoa ez betetzea”.

Euskarari aitortu zaion ofizialtasunari berme handiagoa eskaini eta orain arte baino baliabide eta bitarteko gehiago eskaini behar zaizkiola aldarrikatu zuen Behatokiak eta hizkuntza-eskubideak errespetatzeko betebeharra errealitatera ekarri beharra dagoela esan zuen Garbiñe Petriatik.

Salduta

Salduta from Euskararen Kontseilua on Vimeo

Kontseilua: “Kontsumitzaile euskaldunen hizkuntza-eskubideen urraketa betikotzea erabaki du Eusko Legebiltzarrak, demagogia erabiliz”

kontseilua-agerraldia-20120209

Argazkian, Juanjo Agirrezabalaga EAko legebiltzarkidea, Paul Bilbao eta Garbiñe Petriati atzo goizean Eusko Legebiltzarrean / © Kontseilua.

Gasteizko Legebiltzarrak kontsumitzaile eta erabiltzaile euskaldunen hizkuntza-eskubideak ezerezean uzteko erabakia hartu du, 2008an onartutako dekretua baliogabetu ondoren. Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok eta Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriatik agerraldia egin zuten atzo Legebiltzarreko osoko bilkuraren ondoren. Bilbaok lotsagarri jo zuen bertan hartutako erabakia, bai eta hainbat legebiltzarkidek egindako adierazpenak ere.

“Onartezina da Legebiltzar batek herritarren oinarrizko eskubideen urraketa sistematizatu eta betikotuko duen erabakiak hartu ahal izatea. Atzerapauso handia da gaur hartutako erabakia, non eta herritarren eskubideak bermatzea helburu izan beharko lukeen leku batean, Legebiltzar batean, alegia”, esan zuen Bilbaok.

Eusko Legebiltzarrak hartu duen erabakiaren ondorioz, lege hori berma dadin onartutako neurriak dira bertan behera utzi direnak, ondorioz, “hori ez da lege bat. Eskubideen babeserako lege batek nahitaez beharrak sortu behar ditu, hotaz, behar horiek beteko direla bermatzen ez bada, zertarako behar dugu lege bat?”, galdetu zuen Bilbaok.

“Iraingarria da herritarron hizkuntza-eskubideak ez betetzea lanpostuak galtzearekin parekatzea. Hori, herritarroi iruzurra egiteaz gainera gezurra da. Eremu sozioekonomikoan ere kalitatezko zerbitzu duina ematen dela bermatu behar da eta hori ezin da lanpostuak galtzearekin lotu, egun hauetan entzun ahal izan dugun bezala”.

“Ekainaren 16an, hemen bertan, PSE-ri, PP-ri eta UPyD-ri deia eta eskaera egin zien Kontseiluak argitu zezaten zer asmo zuten, zer neurri hartuko zituzten, herritarron hizkuntza-eskubideak bermatzeko”, esan zuen Bilbaok, “eta gaur agerian geratu da hori ez dutela aintzat hartu”.

“Malgutasuna, progresibitatea eta arian-arian aritzea aldarrikatzen dute hartutako erabaki hau justifikatzeko. Progresibitate hori hutsala dela demostratu da 25 urte hauetan. Zenbat urte gehiagoz jarraitu behar dugu horrela? Edozein gobernuren betebeharra bere herritarren ongizatea eta eskubidea bermatzea izan arren, Eusko Jaurlaritzak betebehar horri muzin egin eta herritarren aurka egiten du, herritar euskaldunen hizkuntza-eskubideak zapuztuz eta herritarrek euskaraz bizitzeko duten nahia guxtietsiz. Gogoratu nahi dugu Hizkuntz Eskubideen Behatokian jasotako kexen %35,21 enpresek eta zerbitzu-emaileek eragindakoak direla”, esan zuen Gerbiñe Petriatik.

“Eremu pribatuaz hitz egiten dute etengabe, baina ez gara eremu pribatuaz ari, zerbitzu publikoa ematen duen alor sozioekonomikoaz baizik”, esan zuen Paul Bilbaok.

Errealitatean honek ekarriko duenaren konstantzia badugu dagoeneko. Zerbitzu hornitzaile enpresa batek Behatokiari bere erantzunean esan dionez, neurriak ez hartzeagatik kontenplatzen ziren neurriak bertan behera gelditu direla eta ondorioz ez duela legerik urratzen.

Erabaki honen alde egin duen PSEk elkarbizitza aldarrikatzen du. Zein elkarbizitza motaz hitz egiten ari dira, herritar talde handi baten oinarrizko eskubideen kontrako neurriak hartzen dituzten bitartean?

Kontseiluak eta Behatokiak bizikidetzaren aldeko apustua egiten dute; bai hizkuntzaren aldeko bizikidetzaren alde eta baita hiztunen aldeko bizikidetzaren aldeko. Horretarako, beharrezkoa da herritarrak bere hizkuntzan aritzeko duen eskubidea bermatua izatea.

Horrelako erabakiekin euskaraz bizi nahi dugun eta euskaraz bizitzeko eskubidea dugun herritarrekiko errespetua desagertu egiten dela gaineratu zuen Kontseiluko idazkari nagusiak eta “euskaraz bizi nahi dugun herritarrak, alegia, herri honetako berezko hizkuntzan bizi nahi dugunok, eremu sozioekonomikotik baztertu nahi gaituzte”.

Kontseilua