Behatokia: “Hizkuntza-eskubideak errespetatzeko betebeharra errealitatera ekarri beharra dago”

behatokia-arartekoa

Argazkian, Garbiñe Petriati Behatokiko zuzendaria eta Arantza Haranburu Behatokiko kidea  hamar urteko txostenaren aurkezpenekin jarraituz, EAEko Ararteko Iñigo Lamarca-rekin batzartu ziren ostiralean Donostian / © Kontseilua

“Euskal Autonomia Erkidego osoan da euskara berezko hizkuntza eta status ofiziala hiru lurraldeetan esleitu eta legeak hizkuntza-eskubideak aitortu arren, horien bermerako mekanismo juridiko-administratibo eraginkorrik ez da abian jarri”, esan zuen ostiralean Garbiñe Petriatik Arartekoaren bulegoan egindako agerraldian.

Iñigo Lamarca EAEko Arartekoari, erakundeak ofizialtasunak eragiten dituen ondorio juridikoak betetzetik urrun daudena esan zion Behatokiak eta are gehiago, “eskubideen babeserako legeria betearazteko derrigortasunik ez egoteak, hizkuntza-eskubideen urraketak betikotu egiten dituela”.

Hamar urte hauetan, arlo batzuetan urtez urte hizkuntza-eskubideen urraketak errepikatu egin dira eta alor horiek beltzune izan dira hizkuntza-eskubideen bermeari dagokionean. Osasun arloari dagokionez, “argi geratu da Osakidetzan egindako dekretuak eta planak herritarren eskubideak babesteko eta bermatzeko ez direla tresna eraginkorrak izan. Alor honi ez zaio behar bezainbeste garrantzia eman eta ondorioz, ez da behar beste aurreratu”, esan zuen Behatokiko zuzendariak.

Justiziaren arloa izan da beste beltzuneetako bat eta bertan, eskubideen urraketa sistematikoa dela esan zuen Petriatik hizkuntza nagusia ia bakarra gaztelania baita.

Herrizaingo sailari dagokionez, “harremana euskaraz ez bermatzeaz gain, agenteen tratu zakarra eta nagusikeria izan dira gehien salatu diren jokabideak”.

Eremu sozioekonomikoari dagokionez, 123/2008 dekretua aipatu zuen Behatokiak eta ildo horretan, “borondatearen baitan uzten diren neurriek hizkuntza-eskubideen urraketa betikotu eta sistematizatzeko arriskua dute” esan zuen Petriatik.

Ildo horretan, hizkuntza-eskubideak urratzen dituzten entitateei “urte hauetan guztietan gabezia eta beltzuneak non diren helarazi zaien arren, urraketen aurrean ez-ikusiarena edo egiten jarraitu du administrazioak” esan zuen Petriatik eta zera gaineratu zuen: “neurri eraginkorrak hartu ezean, nekez bermatu ahal izango dituzte EAEko agintariek herritarrak aitortuak dituzten hizkuntza-eskubideak”.

Hamar urteotako datuak eskuan, Behatokiko zuzendariak esan zuen euskararen normalizazioari ez zaiola behar bezainbeste garrantzi eman eta ondorioz ez dela behar beste aurreratu. “Milaka erabilera-saiakera eragotzi da 10 urte hauetan. Euskaldunok euskaraz bizitzeko dugun eskubidea ez dago bermatuta eta nabarmenak dira horretarako bidean sortzen diren ezintasunak”.

Hizkuntza-eskubideen zein legeen urraketen aurrean administrazioek izan duten jarrerari ere erreferentzia egin zion Petriatik, “hizkuntza-eskubideen eta legeen urraketak gertatu izanak ez du izan eraginik horien konponbiderako neurri edo mekanismoak abian jartzeko unean. EAEn naturalizatu egin da ordenamendu juridikoa ez betetzea”.

Euskarari aitortu zaion ofizialtasunari berme handiagoa eskaini eta orain arte baino baliabide eta bitarteko gehiago eskaini behar zaizkiola aldarrikatu zuen Behatokiak eta hizkuntza-eskubideak errespetatzeko betebeharra errealitatera ekarri beharra dagoela esan zuen Garbiñe Petriatik.