‘Nire argazkia’, euskararen memoria bizian barrena

Iturria: Naiz.info

Argazkian, Jeanne Castillon Donapaleuko emakumea da filmeko protagonistetako bat.

“Euskalkiei eta memoriari” buruzko film dokumentala da ‘Nire argazkia’ eta Bilboko Kafe Antzokian aurkeztuko dute asteazken honetan (19.30ean). Euskalkien baitako bidaia proposatu dute Jokin Etcheverriak eta Benjamin Duinatek, “jendea eta gure mintzaira hertsiki ezagutzeko”.

Hiru familietako ahaideek dituzten argazkien inguruan izandako solasaldiak hartu dituzte abiapuntu Jokin Etcheverria eta Benjamin Duinat lapurtarrek “euskalkiei eta memoriari buruz” mintzo den film dokumental honetan; hortik J.O.K films ekoizpen etxeak bultzatu duen ‘Nire argazkia’ filmaren izenburua.

Benjamin Duinat bera doa filmean Lekeitio, Azpeitia eta Donapaleuko familia banarengana. Etxean duten argazki bat hartu eta honek sortzen dizkien oroitzapenen inguruan mintzo dira familiako kideak. “Mintzaira eta gizarte memoriaren parte bat artxibatzea” dute xede egileek. Ekarpena “arras txikia eta xumea” izango dela diote, baina Duinatek berak dio, “jendeak egunerokotasunean euskararekin duen harremanaz gogoetatzea” lortzen badute pozik izango dela.

Hastapenean, adineko jendearengana joatekotan ziren baina filman parte hartzen duen Iñaki Gaminde EHUko irakaslearekin izan ostean, “euskara norantz doan aztertu behar dela” ikusi omen zuten. Hartara, familiako kide guztien arteko elkarrizketa jasotzen saiatu dira.

Lehen alea

Asteazkenean (19.30ean) Bilboko Kafe Antzokian, eta gero Euskal Herri osoan, aurkeztuko duten ‘Nire argazkia’ serie dokumental baten lehen alea baizik ez da izango. Epe luzean kokaturiko ikusentzunezko seriea baita proiektua.

Bizkaiko Foru Aldundiaren diru laguntza baten bultzadarekin ekin zioten egitasmoari eta ETB1en ere ikusi ahalko da herriz herriko aurkezpenen ostean.

“Maite ditugulako”, euskaraz ikasteko zailtasunen inguruko dokumentalaren aurkezpena

Nafarroako eremu ez euskaldunetan haur eta gaztetxoek euskaraz ikas dezaten egunero bidaia luzeak egin behar izaten dituzte. Behatokiak ostiralean, urriaren 12an, 11:30ean aurkeztuko du “Maite ditugulako” dokumentala, Iruñean Golem Yamaguchi zinemetan. Ostiraletik aurrera sarean ere ikusgai izango da.

“18 urtez hizkuntza eskubiderik gabe Osakidetzan”

Hizkuntza Eskubideen Behatokiak “18 urtez hizkuntza eskubiderik gabe Osakidetzan” dokumentala egin du, eta bertan Euskal Autonomia Erkidegoko osasun zerbitzuari dagokion hizkuntza eskubideen egoeraren berri jaso du. Pediatria arloan 18 urtez bizitako hizkuntza eskubideen “urraketa sistematikoaren” adibide den kasu baten berri ematen du; Luis Mari de Juan Irastorza ordiziarrak bizitakoa, hain zuzen ere.

“Azken urteotako diagnosian osasun saila beltzunea izan da herritarren hizkuntza eskubideen bermean”, Garbiñe Petriatik Behatokiko zuzendariak dioenez. “Kezka handiz ikusi ahal izan ditugu euskaldunok osasungintzaren eremuan pairatutako urraketak: mediku erdaldunak artatua izatea, harrera zerbitzua euskaraz ez egitea, bozgorailuetako mezuak erdaran ematea, mediku txostenak erdaraz jasotzea…. Osakidetzako edozein erabiltzailek ikus dezake, Euskal Autonomia Erkidegoko osasun zerbitzu publikoak euskaldunak izatetik oso urrun daudela”.

Dokumentalarekin Behatokiaren helburua euskaldunok osasun zerbitzuetan bizi duten hizkuntza eskubideen urraketa sistematikoa agerian uztea da, “egunero eta osasun asistentziaren alor guztietan gertatzen dena”. Aldi berean, dokumentuarekin Behatokiak erakunde publikoei ekarpena egin nahi die.

Osakidetzari erabiltzaile euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzeko beharrezko neurriak har ditzala exijitu dio Behatokiak.