Euskara elkarri emateko deia luzatuko du Korrikak bere 18. edizioan

Argazkian, gaur Unesco Etxean, Bilbon, Korrika 18 aurkeztu dute Korrika arduradun Edurne Brouardek, AEKren Koordinatzaile nagusi Mertxe Mugikak eta AEKren Artezkaritza kideek / cc-by-nd Euskalakari AEK.

Andoainetik, Martin Ugalde parketik, abiatuko da martxoaren 14an euskararen aldeko lasterketa erraldoia martxoaren; eta martxoaren 24an Baionan bukatuko da. Edizio honen lelo eta mezu nagusia “Eman euskara elkarri” da, euskarak euskal herritarrok elkarrekin bizitzeko hizkuntza izan behar duelako. Elkarri hitz egiteko hizkuntza. Elkar entzuteko eta ulertzeko. Horren harira, Korrika 18k eta AEK-k egun euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren ikasle guztiak omendu nahi dituzte; bere ahaleginarekin euskaraz bizi ahal izatea ahalbidetzen eta, beraz, elkarbizitzarako aukerak sortzen ari direlako. Informazio gehiago Korrikaren web-gunean eta Korrika-AEKren sare sozialetan.

Korrika 18ren mezua: “Eman euskara elkarri”

‘Nire argazkia’, euskararen memoria bizian barrena

Iturria: Naiz.info

Argazkian, Jeanne Castillon Donapaleuko emakumea da filmeko protagonistetako bat.

“Euskalkiei eta memoriari” buruzko film dokumentala da ‘Nire argazkia’ eta Bilboko Kafe Antzokian aurkeztuko dute asteazken honetan (19.30ean). Euskalkien baitako bidaia proposatu dute Jokin Etcheverriak eta Benjamin Duinatek, “jendea eta gure mintzaira hertsiki ezagutzeko”.

Hiru familietako ahaideek dituzten argazkien inguruan izandako solasaldiak hartu dituzte abiapuntu Jokin Etcheverria eta Benjamin Duinat lapurtarrek “euskalkiei eta memoriari buruz” mintzo den film dokumental honetan; hortik J.O.K films ekoizpen etxeak bultzatu duen ‘Nire argazkia’ filmaren izenburua.

Benjamin Duinat bera doa filmean Lekeitio, Azpeitia eta Donapaleuko familia banarengana. Etxean duten argazki bat hartu eta honek sortzen dizkien oroitzapenen inguruan mintzo dira familiako kideak. “Mintzaira eta gizarte memoriaren parte bat artxibatzea” dute xede egileek. Ekarpena “arras txikia eta xumea” izango dela diote, baina Duinatek berak dio, “jendeak egunerokotasunean euskararekin duen harremanaz gogoetatzea” lortzen badute pozik izango dela.

Hastapenean, adineko jendearengana joatekotan ziren baina filman parte hartzen duen Iñaki Gaminde EHUko irakaslearekin izan ostean, “euskara norantz doan aztertu behar dela” ikusi omen zuten. Hartara, familiako kide guztien arteko elkarrizketa jasotzen saiatu dira.

Lehen alea

Asteazkenean (19.30ean) Bilboko Kafe Antzokian, eta gero Euskal Herri osoan, aurkeztuko duten ‘Nire argazkia’ serie dokumental baten lehen alea baizik ez da izango. Epe luzean kokaturiko ikusentzunezko seriea baita proiektua.

Bizkaiko Foru Aldundiaren diru laguntza baten bultzadarekin ekin zioten egitasmoari eta ETB1en ere ikusi ahalko da herriz herriko aurkezpenen ostean.