Bilbon ere euskararen alde!

Hau Pittu Hau konpartsako kideok, aurten ere, Korrikan parte hartu genuen 2013ko martxoaren 21ean. Bilboko Plaza Zirkularrean hartu genuen, Bilboko Euskalgintzaren kilometroa eginez, geure barraskiloak lagunduta; baita Someratik pasatu den Bilboko Konpartsen kilometroan ere. Beste behin ere, aldarrikatu nahi izan dugu euskaraz bizi nahi dugula, bai Bilboko jaietan, baita urte osoan ere. Aldi berean, Euskalgintza osoarekin batera, euskara ikasleak omendu nahi ditugu, euren ekarpena ezinbestekoa baita Bilbo euskalduntzeko eta, zentzu horretan, instituzioei euskara bultzatzeko neurriak exijitu nahi dizkiegu, Bilbo eta Euskal Herri euskalduna lortzeko bidean.

Argazki guztiak ikusteko sakatu hemen.

Badator Korrika!

hph-korrika-kartela

Dakizuen moduan, ostegun honetan, martxoak 21, Korrika Bilbora helduko da. Hau Pittu Hau euskaldunon konpartsak bi kilometrotan parte hartuko du: Bilboko Euskagintzaren kilometroa eta Bilboko Konpartsena. Euskalgintzaren kilometroa Plaza Zirkularretik Plaza Eliptikora izango da, 19:40 aldera. Beraz, lehenengo kedada Plaza Zirkularrean izango da, 19:30ean. Bilboko Konpartsena, berriz, Someratik izango da, Erriberatik sartuta, 20:30ak aldera. Hortaz, bigarren kedada Erriberan 20:15ean izango da.


Etorri gurekin Korrika egitera!

Auzoz-auzo ibiliko da Korrika ostegunean

Iturria: Bilboko Branka

Dagoeneko ezagutu dugu zein izango den Korrikaren 18. edizioaren Bilboko ibilbidea. Ostegunean helduko da euskararen aldeko martxa erraldoia hirira. Arratsaldeko 17:31an, Enekuriko etorbidetik sartu eta auzo ezberdinetatik igaro ondoren, 21:59an, Galdakaoko errepidea hartuko du Baionarako bidea jarraitzeko.

Lau ordu eta erdiz egongo da Korrika Bilbon. Ostegunean Enekuritik sartuko da; Deustuko auzoa zeharkatuko du eta Euskalduna zubia igaro eta gero, San Mamesera helduko da 18:18an. Briñas kaletik Zorrotzarako bidea hartuko du eta bertatik, Errekaldeko plazara joko du Gordonizetik 19:17etan. Zabalburun 19:40an egongo da, ondoren Zirkularretik Indautxuko plazara joateko eta handik, Udaletxeko Erkoreka plaza inguratu eta Uribarri eta Kastañosetik euskararen alde korrika egin eta gero, martxa Campo Volantinetik Unamunora helduko da 20:33an. Bertatik, auzoa gurutzatu eta Mesedetako zubitik Zamakolarantz abiatuko da; jarraian Santutxura igo eta Basarratera helduko da 21:17. Bukatzeko, lasterketari agur esango diogu 21:59an, Galdakaoko errepidea hartuko duenean.

Korrika Txikiak Bilbon

Dagoeneko hainbat auzotan Korrika Txikiak egin dituzte baina beste askotan ez. Besteak beste, San Inazion, Miribillan eta Alde Zaharrean bihar, hilak 20, izango da 15:00etan; Santutxun martxoaren 21an egingo dute 10:00etan, eta Txurdinagan zein Etxebarria parkean egun berean izango da baina 11:00etan. Bukatzeko, Deustun hilaren 22an, ostirala, egingo dute eguerdiko 15:00etan.

Euskara elkarri emateko asmoz abiatu da Korrika

Argazkian, EHEren barraskiloak hartu du lekukoa lehenengo kilometroan.

Bilbora martxoaren 21ean helduko da, 17:30 aldera. Erandiotik igaro ostean San Inaziora helduko da eta 21:30 pasatxo Abusutik irtengo da, Etxebarrira. Tartean lau ordu emango ditu auzoetatik gora eta behera.

Ordu laurdeneko atzerapenarekin abiatu da 18. Korrikako hasiera ekitaldia. Jendez bete da Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkea. Eguraldi txarra egin arren, horrek ez ditu euskalzaleak kokildu, eta prest ziren denak lehen metroak egiteko, Berria.info agerkariak zabaldu duenez. Hizkuntza normalizazioa aldarrikatu dute hasiera ekitaldian. “Horregatik diogu ozenki eman euskara elkarri”, esan dute. “Ez daukanak ere aukera eman behar dio erabili nahi duenari”, azaldu dutenez. Euskara jakiteak ikasten duenari mesede egiteaz gain, ingurukoei ere mesede egiten die, euskaraz aritzeko aukera eskaintzen duelako. Administrazioari euskara ikasteko erraztasunak eskatu dizkiete. Martin Ugalde Kultur Parkeko langileek abiatu dute Korrika. Baionara arte 2.587 kilometro izango dira. Gipuzkoan lehen kilometroak egin ondoren, bihar Nafarroan sartuko da Korrika eta arratsaldean Iruñera iritsiko da; asteburuan Maulera eta Donibane Garazira.

Korrika 18

“Eman euskara elkarri” lelopean,  martxoaren 14an abiatuko da aurtengo Korrika, hemezortzigarrena, Andoaineko Martin Ugalde kultur parketik, 16:30ean; hamaika egunez Euskal Herria zeharkatu ondoren hilaren 24an Baionan amaitzeko. Bilbora martxoaren 21ean helduko da, 17:30 aldera. Erandiotik igaro ostean San Inaziora helduko da eta 21:30 pasatxo Abusutik irtengo da, Etxebarrira. Tartean lau ordu emango ditu auzoetatik gora eta behera.

EHE: “Korrikan parte hartuz Euskal Herri euskaldunaren aldeko bidean urratsak eman ditzagun”

euskaraz-bizi-eguna-2012

Argazkian, EHEk deituta, milaka lagunek parte hartu zuten 2012ko martxoaren 17an Donostian ospatutako Euskaraz Bizi Egunean / © Euskal Herrian Euskaraz.

Badator beste behin ere euskaldun eta euskaltzaleok irrikaz espero genuen Korrika, aurten, hamazortzigarrenez. “Eman euskara elkarri” lelopean egingo du Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parketik abiatu eta Baiona helmuga izango duen bidea, eta milaka, hamarnaka mila, auskalo zenbat izango diren, aurten ere, euskaraz bizitzearen aldeko aldarria jantzita errepidera jauzi egin eta euskararen normalizazioari erritmoa markatzera aterako diren herritar, euskaldun, euskaltzaleak. Zita garrantzitsua da Korrika euskaldunontzat. Euskaraz bizitzearen aldeko herri gogoa piztu eta artikulatu, indarrak bildu, asmoak indarberritu eta euskaraz bizi nahi duen herriaren erakusle baita hainbeste urtetan hainbeste kilometro egin eta hainbeste jende bildu duen Korrika. Hitzordu hau iristear den aldioro egiten dugun lez, Euskal Herrian Euskaraz (EHE) herri mugimenduko eragile euskaltzaletik deialdia egin nahi dizuegu euskararen alde egotetik harago euskararen alde egitera pasatzeko prest dagoen herri euskalduna osatzen duzuen guztiei, euskaldun izatearen harrotasuna erakutsiz, espaloitik ez jaisteko konpromisoa norbere eginez, Korrikan parte hartuz Euskal Herri euskaldunaren aldeko bidean urratsak eman ditzagun.

EHEtik planteamendu berezia egin dugu Korrika18-ri begira. Batetik, Korrika16-an abiatu genuen barraskiloaren ekimena berreskuratu dugu. EHEren barraskiloak, hortaz, Korrika18ren lehen kilometrotik egingo du bide, hainbat herritatik pasatuz (eta lasterbideren bat edo beste baliatuz), Baionaraino. Bestalde, azken urteotako ildoari jarraituz, 5 eurotan salduko ditugun ‘Euskalduna naiz eta harro nago!’ lelodun kamiseten hedapena egingo dugu korrikalariek euskaldun izatearen harrotasunez jantzita korri egin dezaten. Azkenik, betiko ohiturari jarraiki, euskaraz bizitzearen aldeko aldarriz josiko dugu Korrika18-ren ibilbidea.

Sasi guztien gainetik, espaloitik jaitsi gabe, garenaren harrotasuna erakutsiz egunez egun eta urratsez urrats bidea egin eta aldaketak eragin ditzakegulako, eman euskara elkarri eta goazen Korrika Euskal Herri euskaldunerantz!

Honekin batera, Korrika bukatu eta gutxira, apirilaren 13an Agoitzen ospatuko dugun Euskaraz Bizi Egunean arestian aipatu arrazoi berberengatik parte hartzeko deia ere luzatu nahi dizuegu hemendik.

Andoainen, 2013ko martxoaren 13an.
Euskal Herrian Euskaraz (EHE)

Bihar abiatuko da Korrika Andoainetik

18. Korrika from Ibilbideak on Vimeo.

“Eman euskara elkarri” lelopean,  bihar abiatuko da aurtengo Korrika, hemezortzigarrena, Andoaineko Martin Ugalde kultur parketik, 16:30ean; hamaika egunez Euskal Herria zeharkatu ondoren hilaren 24an Baionan amaitzeko. Bilbora martxoaren 21ean helduko da, 17:30 aldera. Erandiotik igaro ostean San Inaziora helduko da eta 21:30 pasatxo Abusutik irtengo da, Etxebarrira. Tartean lau ordu emango ditu auzoetatik gora eta behera.

Bilboko Euskalgintza Bilboko euskara ikasleekin bat

Argazkian, besteak beste, Uribarrin Korrikaren aldeko FLASH MOBa grabatu zuten martxoaren 1ean.

EMAN EUSKARA ELKARRI da Korrika 18k aukeratu duen leloa. Euskara da, izatez, euskal herritarrok ELKARREKIN bizitzeko aukeratu nahi dugun hizkuntza. ELKARRI hitz egiteko hizkuntza. ELKAR entzuteko eta ulertzeko.

Bilboko euskalgintzak bat egiten du Korrikaren leloak adierazten duen mezuarekin. ELKAR entzutea eta ulertzea izanik helburua, ELKAR bizitzarako erabili beharreko hizkuntza euskara da eta Bilbon ere horrela behar du. Horregatik da garrantzitsua dakienak ikasi nahi duenari irakastea, ulertzen duenak hitz egiten duenari erabiltzeko aukera ematea, agintariek, herritar orori ikasteko bideak erraztea… azken batean, ELKARRI ematea euskara bakoitzak duen egoeratik abiatuta.

Euskara euskal herritarron ELKAR bizitzarako gakoa izanik, ELKARREKIN bizitzeko, ELKARRI hitz egiteko, ELKAR entzuteko, eta ELKAR ulertzeko tresna izanik, euskal herritarrok euskal kultura ezagutzea eta euskara jakitea beharrezkoa da.

Horregatik, KORRIKA 18k euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren milaka eta milaka pertsonak omendu nahi ditu. Bilboko Euskalgintzak ere, bereziki, Bilbon euskaldun izateko ahaleginean euskara ikasten eta praktikatzen ari diren guztiak omendu nahi ditu, edozein izanda ere euren egoera linguistikoa edo euren jatorria.

Aurreko Korriketan bezala, botere publikoei dei egin nahi diegu, eta Bilboko Udalari espresuki, euskara babesteko eta bultzatzeko neurriak ezar ditzaten. Bilboko euskalgintzako taldeok, omendu ez ezik, euskara ikasleen lekukotza ozen plazaratu gura dugu, ez delako zilegi bertako hizkuntza ikasteko ikasleek ordaindu behar dutena ordaindu behar izatea. Doakotasuna aldarrikatzen dugu, euskal herritar guztien eskubidea delako euskaldun izatea

Beraz, Bilboko euskalgintzako kide guztiei, eta beren beregi, Bilboko euskara ikasle guztiei, dei egiten diegu datorren martxoaren 21ean Bilboko Euskalgintzako kilometroan parte har dezaten.

Artez, Asapala Kultur elkartea, Bai & By, Berbaizu Euskara Elkartea, Berton Aldizkaria Bilbo Hiria irratia, Bilbo Zaharra Euskaltegia, Bilboko AEK, Bilboko Berbalagunak, Deustuko Unibertsitateko Irakaslego Eskola, Euskal Herrian Euskaraz, Euskarri Euskara taldea, Gabriel Aresti Euskaltegia, GITE-IPES, Hamaika TB, Hau Pittu Hau, Hordago Abante, Ibaizabal Mendebalde Kultur elkartea, Juan Mateo Zabala Euskaltegia, Labayru euskaltegia, Lizardi Mintza Taldea, Mikelats Euskaltegia, Mondragon Lingua, Palanka Euskara taldea Prest! Aldizkaria, Tanttaka Uribarri Euskaltegia, Zenbat Gara, Zorrotzako Euskal Txokoa

San Inaziotik sartu eta Abusutik irtengo da Korrika martxoaren 21ean

18. Korrika from Ibilbideak on Vimeo.

Iturria: Bilboko Branka

Korrikaren 18. edizioa Andoaindik abiatuko da martxoaren 14an “Eman euskara elkarri” lelopean, eta hamar egun geroago Baionara helduko da. Tartean Euskal Herri osoko ehunka herri eta txoko eta 2.000 kilometro baino gehiago egingo ditu euskararen aldeko ekimenak.

Bilbora martxoaren 21ean helduko da, 17:30 aldera. Erandiotik igaro ostean San Inaziora helduko da eta 21:30 pasatxo Abusutik irtengo da, Etxebarrira. Tartean lau ordu emango ditu auzoetatik gora eta behera.

Korrikako antolakuntzak aplikazio bat prestatu du lasterketak uneoro herri bakoitzera heltzeko falta duen distantzia eta denbora jakin ahal izateko.

Korrika Batzordea Uribarrin

Ostegunean, otsailak 7, egingo dute Korrika Batzordearen hurrengo bilera. Hitzordua 18:30ean jarri dute Artxandape ikastolan.