Korrika Batzordea Uribarrin

Ostegunean, otsailak 7, egingo dute Korrika Batzordearen hurrengo bilera. Hitzordua 18:30ean jarri dute Artxandape ikastolan.

Korrika 18 aurkeztuko dute hilaren 20an Uribarrin

Bideoa: Esne Beltza taldeak egin du Korrika 18ren kanta.

Korrikaren 18. edizioa dugu aurtengoa. Martxoaren 14tik 24ra bitartean, milaka euskaltzalek “Eman euskara elkarri” lelopean, Euskal Herria korrika zeharkatuko dute Andoainen hasi eta Baionara heldu arte. Korrika 18k eman euskara elkarri dio, euskarak euskal herritarrok elkarrekin bizitzeko hizkuntza izan behar duelako. Elkarri hitz egiteko hizkuntza. Elkar entzuteko eta ulertzeko. Tanttaka euskara taldean ere, horrela ulertzen dute euskara; Euskal Herrian eta Uribarrin pertsonen artean elkarrekin hitz egiteko hizkuntza gisa, gure hizkuntza hain zuzen ere. Aurreko edizioetan bezala, Korrikak Uribarri zeharkatuko du eta data horien inguruan ekimen ezberdinak antolatzeko helburuz, Korrika Batzordean parte hartzeko gonbitea luzatu dute. Jakin nahi duzu zertan datzan?

Beraien asmoa, beste urte batzuetako eskema jarraituz, martxoaren 15etik 21era auzoan kultur astea antolatzea da, eragile ezberdinek egin ditzaketen ekarpenekin (antzerkiak, kalejirak, bertso saioak, umeentzako ekintzak…), eta kultur aste honen barruan martxoaren 16an Euskararen Eguna ospatuko lukete. Beste alde batetik, auzokideen parte-hartzeari esker, orain dela bi urteko Lip Dub-aren arrakasta ikusita, martxoan zehar beste ekintza masibo bat antolatzea pentsatu dute: euskararen aldeko flashmob-a. Horrez gain, aurreko edizioetan bezala, martxoaren 21erako auzoko elkartegintzaren artean kilometro bat erosiko dute elkarte ezberdinek lekukoa eramango dutelarik.

“Labur laburrean, idatzitako guzti honetarako, denon indarra batzen badugu Korrika koloretsu, eta aberatsago bat aterako dugu aurrera. Zuen ideiak, ekarpenak edo dena delakoa garrantzitsua izango da elkarrekin hasi nahi dugun ibilbidetxo honetan”, adierazi dute Tanttakakoek. Oraindik martxora arte denbora dezente falta den arren, motorrak berotzen hasteko datorren abenduaren 20anegingo duten aurkezpenera etortzeko gonbitea luzatu dute euskara taldekoek. Hitzordua 18:30ean jarri dute Artxandape ikastolako liburutegian. Bertan, Korrikaren aurkezpen bat egingo da, auzoko euskalgintzak egin dituen lan motak azalduko dira eta edizio honetan dituzten aukerak aztertu; Korrika Batzordearen bileren maiztasuna ere bertan zehaztuko dute. “Besterik gabe, etorriko zareten konfirmatzea eskertuko genizueke”, amaitu dutenez. Informazio gehiagorako edo beraiekin harremanetan jarri nahi izanez gero: tanttaka@hotmail.es

Uribarrin ere, eman euskara elkarri!