EHE: “Korrikan parte hartuz Euskal Herri euskaldunaren aldeko bidean urratsak eman ditzagun”

euskaraz-bizi-eguna-2012

Argazkian, EHEk deituta, milaka lagunek parte hartu zuten 2012ko martxoaren 17an Donostian ospatutako Euskaraz Bizi Egunean / © Euskal Herrian Euskaraz.

Badator beste behin ere euskaldun eta euskaltzaleok irrikaz espero genuen Korrika, aurten, hamazortzigarrenez. “Eman euskara elkarri” lelopean egingo du Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parketik abiatu eta Baiona helmuga izango duen bidea, eta milaka, hamarnaka mila, auskalo zenbat izango diren, aurten ere, euskaraz bizitzearen aldeko aldarria jantzita errepidera jauzi egin eta euskararen normalizazioari erritmoa markatzera aterako diren herritar, euskaldun, euskaltzaleak. Zita garrantzitsua da Korrika euskaldunontzat. Euskaraz bizitzearen aldeko herri gogoa piztu eta artikulatu, indarrak bildu, asmoak indarberritu eta euskaraz bizi nahi duen herriaren erakusle baita hainbeste urtetan hainbeste kilometro egin eta hainbeste jende bildu duen Korrika. Hitzordu hau iristear den aldioro egiten dugun lez, Euskal Herrian Euskaraz (EHE) herri mugimenduko eragile euskaltzaletik deialdia egin nahi dizuegu euskararen alde egotetik harago euskararen alde egitera pasatzeko prest dagoen herri euskalduna osatzen duzuen guztiei, euskaldun izatearen harrotasuna erakutsiz, espaloitik ez jaisteko konpromisoa norbere eginez, Korrikan parte hartuz Euskal Herri euskaldunaren aldeko bidean urratsak eman ditzagun.

EHEtik planteamendu berezia egin dugu Korrika18-ri begira. Batetik, Korrika16-an abiatu genuen barraskiloaren ekimena berreskuratu dugu. EHEren barraskiloak, hortaz, Korrika18ren lehen kilometrotik egingo du bide, hainbat herritatik pasatuz (eta lasterbideren bat edo beste baliatuz), Baionaraino. Bestalde, azken urteotako ildoari jarraituz, 5 eurotan salduko ditugun ‘Euskalduna naiz eta harro nago!’ lelodun kamiseten hedapena egingo dugu korrikalariek euskaldun izatearen harrotasunez jantzita korri egin dezaten. Azkenik, betiko ohiturari jarraiki, euskaraz bizitzearen aldeko aldarriz josiko dugu Korrika18-ren ibilbidea.

Sasi guztien gainetik, espaloitik jaitsi gabe, garenaren harrotasuna erakutsiz egunez egun eta urratsez urrats bidea egin eta aldaketak eragin ditzakegulako, eman euskara elkarri eta goazen Korrika Euskal Herri euskaldunerantz!

Honekin batera, Korrika bukatu eta gutxira, apirilaren 13an Agoitzen ospatuko dugun Euskaraz Bizi Egunean arestian aipatu arrazoi berberengatik parte hartzeko deia ere luzatu nahi dizuegu hemendik.

Andoainen, 2013ko martxoaren 13an.
Euskal Herrian Euskaraz (EHE)

Leave a Reply

*