Larunbateko manifestazioari begira egindako kanpainaren balorazio positiboa egin du Kontseiluak

Kontseiluko bazkideek agerraldia egin dute Donostian larunbatean egingo den manifestazioaren inguruko azken xehetasunak emateko. Manifestazioari begira egindako kanpainaren balorazio positiboa egin du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak eta euskaraz bizi nahi duten herritarrei dei egin die abenduaren 1eko manifestazioan parte hartzera.

Herritarrek izan dute zentralitateaz hitz egin du Bilbaok: “Mezua herritarren bizipenetan oinarritutakoa izan da eta hau herritarrei zuzendu diegu. Jendea identifikatu egin dela uste dugu eta herritarren aldetik harrera paregabea izan dugu. Ikusi ahal izan dugu herri askotan herritarrek beraiek egin dituztela ekintzak manifestazioa sustatzeko. Herritarrek autoantolatzen jakin dute irudimenez eta gogoz”, esan du.

Kanpainan argitaratutako euskarri guzti guztiak izan direla banatuak eta erabiliak esan du Kontseiluko idazkari nagusiak eta kasu askotan herritarrek beraiek egin dituzte euskarri berriak leku guztietara iristeko.

Manifestaziorako deialdiak atxikimendu ugari jaso du. Herritarren aldetik, euskalgintzaren aldetik, herri mugimenduen aldetik, sindikatuen aldetik, udaletatik…

Eskerrak ere eman nahi ditu Bilbaok; “lehenengo eta behin, herriz herri antolaketan ibili diren herritarrei eta Euskalgintzako lankideei. Euskal Herri osoan hainbat herritan deialdia lantzeko ekimen desberdinak egin ditu euskalgintzak eta euskaraz bizitzeko nahia hedatu dute”. Deialdia zabaltzen lagundu duten guztiei ere eskerrak eman dizkie Kontseiluko idazkari nagusiak: hainbat hedabideei mezua zabaltzen egin duten ahaleginagatik, agerraldietan parte hartu duten euskaltzaleei…

Manifestazioaren ezaugarriei buruz ere hitz egin du Bilbaok. Larunbatean “euskaraz bizi nahi dugula esatera goaz. Gure nahi horretan harro agertuko gara eta gero eta gehiago garela adieraziko dugu”, esan du. Manifestazioa mugimendu sozialean inflexio puntu bezala ulertzen duela Kontseiluak ere adierazi du. “Euskaraz bizi nahi dugun herritarrak indar hartu eta gure jardunean berraktibatzera goaz. Uste baitugu aldaketa garaia dela eta behar ditugun aldaketa horiek eman daitezen une ezin hobea dela oraingoa”.

Kontseiluak euskaraz bizi nahi dugula adieraztera dei egin nahi die herritarrei. Horretarako, manifestazioan parte hartzeaz gain, manifestazioaren bezperan sare sozialak euskaraz bizitzeko nahiaz betetzera dei egin du. Manifestazio egunean ere, herritarrei euskaraz bizitzeko nahia kartel bitartez adierazteko deialdia ere egin du. Horretarako ehunka kartel banatuko dira parte hartzaileen artean.

Ibilbideari dagokionez, manifestazioa arratsaldeko 17:00etan abiatuko da Anoeta estadiotik eta Bulebarrean amaituko da. Anoetatik Madril hiribidea hartu, handik Urbieta kalera eta Okendo kaletik sartuko da Bulebarrean.

Garraio publikoa erabiltzeko gomendioa ere eman du Kontseiluak. Hainbat herritan manifestaziora etortzeko autobusak antolatu dira. Horien inguruko informazioa www.euskarazbizinahidut.org webgunean ikus daiteke. Autobus horiek aukera izango dute jendea Anoetan bertan uzteko eta manifestazioa amaituta Zurriolan izango dute geralekua.

Oskar Elizburu eta Mertxe Mugika (AEK): “Euskaraz bizi nahi dugulako”

Abenduaren 1ean euskal herritarrok hitzordua dugu Donostian, manifestazioa burutuko  dugulako, bertan, “Euskaraz bizi nahi dugu” lelopean.

 

Milaka herritar gara euskaraz bizitzeko hautua egin dugunok; baina, zoritxarrez, milaka arazo aurkitzen dugu geure nahia betetzeko. Oraindik ere lan handia dago egiteke euskararen normalizazioan; hori azpimarratu du, duela gutxi, Europako Batzordeak berak , Hizkuntza Gutxituen Itunaren konpromisoak betetzen ote diren aztertu ostean.

Jorratu beharreko bideak askotarikoak dira, beraz, baina bereziki bi esparru indartu behar dira: euskararen ezagutza eta euskaraz bizi ahal izateko guneak. Biak ala biak bultzatzen ditugu AEKn, jakina, eta horretxegatik egiten dugu bat manifestazio deialdiarekin.

Hizkuntza batean bizi ahal izateko, hizkuntza horren ezagutza ezinbesteko aldagaia da. Euskararen kasuan, ezagutza indizea  igo egin da azken urteotan, baina ez eragite nabarmenetarako beste: euskara ez dakitenen kopurua oso altua eta kezkagarria da oraindik ere. Bestalde, ezagutza indizearen barruan daudenak -ia euskaldunak, esaterako- erabiltzeko benetako gaitasunarekin zenbateraino bat datozen ere sakonago aztertu beharko litzateke.

Gure hizkuntzaren normalizaziorako bidean, bere garaian, indar handia jarri zen haurren hezkuntzan, baina ia batere ez transmisioan; hau da, gurasoei begirako euskalduntzean, Helduen Euskalduntze Alfabetatzean. Egindako zenbait ikerketaren  arabera, azken hamarkadetan euskarak 300.000 hiztun irabazi ditu, eta horien herena euskaltegiei zor zaie, alajaina! Ametsetan hasita, zein egoeratan geundeke euskalduntze alfabetatzea buru-belarri bultzatu izan balitz eta, hezkuntzak euskaldundutako umeekin batera,indar berarekin eta neurri berean helduak euskaldundu izan balira?

Zalantzarik gabe, erabileran aurrera abiada egokian egiteko, hizkuntzaren ezagutza unibertsal bihurtu beharra dago, ezinbestekoa da ezagutza bermatzea. Horretarako, hartu beharreko neurrietariko bat da baliabideak jartzea, euskara ikastea doakoa izan dadin. Gaur egun, gezurra badirudi ere, herri honetan berezkoa dugun hizkuntza ikasteko ordaindu egin behar da. Gainera, bere garaian emandako pausu egoki batzuk  (azterketak gainditzeagatik jarritako bekak, administrazioko langileendako laguntzak eta liberazioak…) oso ondo baloratuak izan arren, eta doakotasunerako bidean ezinbesteko hobekuntzak izan arren, azken urteotan murriztu edota desagertarazi dira krisiaren aitzakipean. Helduen Euskalduntze Alfabetatzea da, euskaltegiok modu egokian bideratuta eta baliabidez jantzita, esparru administratiboan, sozialean eta lan-munduan ezagutza hori bermatzeko tresnarik eraginkorrena, baita erabilera eta normalizazioa bultzatzeko ere.

Bestalde, lehen aipatu dugun bezala, hizkuntza bat normaltasunez baliatzeko erabilera espazioak/guneak behar dira; haatik, tamalez, sarri askotan gertatu izan da, eskolak eta euskaltegiak euskalduntzeko guneak izan diren modu berean, kalea edota gizartea bera gai izatea jendartea erdalduntzeko. Euskarak, hortaz, erabiltzeko espazioak irabazi behar ditu, gune publiko zein pribatuak. Erabilerarako gune horiek toki publikoetan bermatzeko beharra ere hor dugu; euskara erabiltzeko benetako aukera eduki behar dugu, eta ez oztopoz jositako lasterketa edo proba. Esaterako, euskaraz bizi nahi dugunok erdarazko produktuak ditugu nagusi; besteak beste, telebista ikusi, zinema estreinaldiez gozatu edota zibermunduan ibili gura dugunean. Aisialdiarekin lotutako jarduera asko eta askotan, euskara bigarren mailan (edo atzerago) dago, eta egoera hori, noski, euskararen erabilera normalizatua lortzeko traba bihurtzen da.

Aipatutako arlo bi horiek lantzen ditugu AEKn, euskararen normalizazioan giltzarria den hirugarren zutabearekin batera, sustapena hain zuzen ere. Sustapenean, KORRIKA dugu ekimenik garrantzitsuena; bi urtean behin euskararen alde milaka lagunek betetzen dituzte Euskal Herriko errepideak. Datorren udaberrian, hain zuzen ere, 18. Korrikak euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren milaka pertsonak  omenduko ditu, euskalakari izateko ahaleginean euskara ikasten eta praktikatzen ari diren guztiak, beraiek direlako euskararen berreskurapenean zutabe garrantzitsuenetariko bat. Izan ere, helduak euskalduntzen doazen heinean, transmisioan etenik egongo ez dela ziurtatzen ari gara. Ikasi eta baliatu nahi dutenek egiten duten ahaleginari esker, elkarbizitzarako aukerak sortzen eta denok euskaraz bizitzea ahalbidetzen ari dira.

Hau guztia premiazkoa eta lehentasunezkoa dela ikusi beharko luke hurrengo Jaurlaritzak, eta hori da, hain zuzen ere eskatzen eta eskatuko duguna. Beraz, orain arte esan dugun guztiagatik, inongo aitzakia barik, abenduaren 1ean denok Donostiara, “euskaraz bizi nahi dugulako”.

Oskar Elizburu eta Mertxe Mugika, AEKren Artezkaritza Kontseiluko kidea eta AEK koordinatzaile nagusia, hurrenez hurren.

Euskaraz bizitzeko nahia kalean aldarrikatzera dei egin du Kontseiluak

2012_Orozko_Euskeraz bizi gura dot lasterketa_042

Argazkia: cc-by-sa aiaraldea.com.

Orain dela bi urte abiatu zuen Kontseiluak “Euskaraz bizi nahi dut” dinamika. Denbora tarte honetan hainbat ekimen egin da; besteak beste, film laburren lehiaketa, “Hizkuntzaren keinua” liburu ilustratua argitaratu… “Urte hauetan egindako lan eta harremanen ondorioz, ikusi ahal izan dugu asko garela euskaraz bizi nahi dugun herritarrak eta nahi hori, egunero, determinazioz aldarrikatu eta hori egikaritzeko saioa egiten dugunok ere asko garela”, adierazi du Kontseiluak. Hala ere, “administrazioen aldetik, ez dira euskaraz bizi ahal izatea posible egingo luketen beharrezkoak diren bitartekoak jartzen eta neurriak hartzen”, bere ustez. Horretarako, “abagune ezin aproposagoa” zabaltzen ari da Kontseiluaren aburuz eta “herritarrek duten euskaraz bizitzeko nahiari jaramon egin behar diote arduradun politikoek”. Hori aintzat hartuz, aldarria kalera ateratzeko deia egin du Kontseiluak eta, ildo horretan, manifestazioa antolatu du. Heldu den abenduaren 1ean izango da Donostian. Manifestazioa iragartzeko agerraldia izango da hilaren 30ean eta euskaraz bizi nahi duen oro gonbidatu dute Donostiako Miramar jauregian, 18:30ean, egingo duten agerraldira.