Euskaraz bizitzeko nahia kalean aldarrikatzera dei egin du Kontseiluak

2012_Orozko_Euskeraz bizi gura dot lasterketa_042

Argazkia: cc-by-sa aiaraldea.com.

Orain dela bi urte abiatu zuen Kontseiluak “Euskaraz bizi nahi dut” dinamika. Denbora tarte honetan hainbat ekimen egin da; besteak beste, film laburren lehiaketa, “Hizkuntzaren keinua” liburu ilustratua argitaratu… “Urte hauetan egindako lan eta harremanen ondorioz, ikusi ahal izan dugu asko garela euskaraz bizi nahi dugun herritarrak eta nahi hori, egunero, determinazioz aldarrikatu eta hori egikaritzeko saioa egiten dugunok ere asko garela”, adierazi du Kontseiluak. Hala ere, “administrazioen aldetik, ez dira euskaraz bizi ahal izatea posible egingo luketen beharrezkoak diren bitartekoak jartzen eta neurriak hartzen”, bere ustez. Horretarako, “abagune ezin aproposagoa” zabaltzen ari da Kontseiluaren aburuz eta “herritarrek duten euskaraz bizitzeko nahiari jaramon egin behar diote arduradun politikoek”. Hori aintzat hartuz, aldarria kalera ateratzeko deia egin du Kontseiluak eta, ildo horretan, manifestazioa antolatu du. Heldu den abenduaren 1ean izango da Donostian. Manifestazioa iragartzeko agerraldia izango da hilaren 30ean eta euskaraz bizi nahi duen oro gonbidatu dute Donostiako Miramar jauregian, 18:30ean, egingo duten agerraldira.

“Euskaraz bizi nahi dut“ adierazteko 51 era desberdin “Hizkuntzaren keinua” liburuan

hizkuntzarenkeinua-liburua-aurkezpena

Argazkia: © Kontseilua

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak “Hizkuntzaren keinua” liburu ilustratua aurkeztu zuen ostiralean Gasteizen. Liburua Euskaraz bizi nahi dut dinamikaren baitan kokatzen da eta bertan 25 idazle eta 26 ilustratzailek parte hartu dute. Liburuan parte hartu duten idazleetako batzuk euren lanak irakurri zituzten bertan eta zenbait ilustratzaileetako ere beren lanak azaldu zituzten. Aurkezpena Monte Hermoso jauregiko Hor dago! kafetegian egin zen.

Irakurtaldia Jon Basaguren bakarlariak eskainitako kanta batekin hasi zen eta segidan Kontseiluko idazkari nagusiak hartu zuen hitza liburu egitasmoaren helburuak azaltzeko.

Hizkuntzaren keinua liburua euskaraz bizitzeko nahiaren aldeko dinamikan kokatzen da. Izan ere, dinamika honen baitan euskaraz bizitzeko hautua harrotasunez adierazi nahi duten eragile eta herritar oro biltzea da helburua, baita idazleak ere, noski. Muga bakarra izan dute sortzaileek euren ekarpena egiteko, euskaraz bizitzeko nahiak iradokitzen diena islatzeko, Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak adierazi duenez: 1.000 karaktereko luzera duen testua osatzea, alegia.

Liburua osatzen duten testuek gaia dute komun, baina hamaika estilo desberdin biltzen ditu; ipuinak, narrazioak, olerkiak, istorioak, oroitzapenak, hausnarketak… “Euskaraz bizitzea ahalbidetzen digute haien lanen bidez. Beste edozein hizkuntzatan bezala, euskaraz jarduten duten idazleei esker badugu literaturaz gozatzea, literaturaz hunkitzea”. Liburuan, hitzez bezain besteko lekua izan dute ilustrazioek. Izan ere, idazle bakoitzak sortutako testuaren osagarri, beste hogeita sei pertsonek irudi banatan adierazi dute euskaraz bizitzeko nahia.

Kontseiluko ordezkariak eskerrak eman zizkien liburuan ekarpena egin duten guztiei, hala nola, Castillo Suarezi, bidaia honetan gidari izan denari, idazle, ilustratzaile eta baita Elkar argitaletxeari, ateak zabaltzeaz gain giza baliabide ezin hobeak jarri dituelako eta Kutxabank fundazioari proiektua diruz laguntzeko egindako ahaleginagatik.

Liburuan parte hartu duten idazleetako batzuk euren lanak irakurri zituzten bertan (Patxi Zubizarreta, Karmele Jaio, Castillo Suarez, Iban Zaldua eta Rikardo Arregik) eta ilustratzaileetako batzuk ere beren lanak azaldu zituzten (Eider Eibar, Ainara Azpiazu, Maite Mutuberria, Eli Villar, Aitziber Akerreta, Oihana Leunda, Iosu Mitxelena). Batzuek zein besteek bertaratutakoen artetik eman zituzten beren azalpenak, zeuden mahaitik bertatik, eta horrek oso giro berezia sortu zuen Monte Hermoso jauregiko Hor dago! kafetegian.

Liburua Elkar dendetan eskuragarri egonen da eta Berria egunkariarekin batera ere kioskoetan lortzeko aukera izanen da.