Laguntza eskatu dute Nafarroa Oinezeko antolatzaileek

Iturria: Argia.com

Laguntza eskatu dute Zizur Txikiko San Fermin ikastolako kideek, beraien helburuak ez baitira bete eguraldi txarraren ondorioz. Hainbat kontu korronte ireki dituzte. Nafarroa Oinezen webgunean dago informazio gehiago.

Aurtengoa euriak bustitako edizioa izan da. Horregatik espero zena baino jende gutxiago hurbildu da Zizur Txikira. Pilar Vicente zuzendariak esan duenez, “lan handia egin dugu azken urtean, baina eguraldiak gure asmoak zapuztu ditu”. Hala ere, aurrera egingo dutela nabarmendu du.

DBHko ikasleen eraikina handitzeko helburua ez da gauzatuko oraingoz. Erosi duten material asko ez da saldu eta gauza batzuk ezingo dituzte itzuli, beraz oraindik ez dakite gastuak egingo dituzten edota lehen bezala geratuko diren.

Antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkie bertaratu zirenei eta lanean aritu ziren guztiei.

Nafarroa Oinez igande honetan Zizur Txikiko San Fermin ikastolan

Igande honetan, joan den urte luze honetan eginiko lanari amaiera ezin hobea eman nahi diote eguraldiaren eta euskaltzaleen laguntzarekin egingo den festan. Euskara bultzatzeaz gain, derrigorrezko bigarren hezkuntzako ikasleentzat tokia handitu nahi dute, izan ere, txiki geratu zaie tokia. 1.500 ikasle baino gehiago dira, beste ehun irakasle eta 38 langilerekin batera.

Zizur txikia eta Zizur handia elkartuko dituen zirkuituak zortzi kilometro eta erdi izango ditu. 10etan irekiko diren bost guneetan, adin guztietako jendeari bideratutako hainbat ekitaldi eta kontzertu izango dira.

Informazio gehiago:

Nafarroa oinez antolatuko duen San Fermin ikastolaren Cybermanager proiektuaren inguruan artikulua argitaratu zen ARGIAren 2.340.zenbakian.