Hauteskundeen atarian Berriak mahai ingurua egin du euskalgintzarekin

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia, Mikel Irizar Topaguneko presidentea eta Mertxe Mujika AEK-ko koordinatzaile nagusia bildu ziren herenegun Berria Telebistak antolatutako mahai inguruan. Hizkuntza politikari buruz mintzatu dira, eta etorkizunerako helburuak zein izan beharko liratekeen zehaztu.

Video streaming by Ustream

EAEko hauteskundeei begira alderdi edota hautagaiek euskararen normalizazioari lotuta hartutako konpromisoak bildu ditu Kontseiluak www.aginduazor.eu atarian

“Agindua zor” dio euskal esaera zaharrak, emandako hitza bete beharrekoa dela adierazteko eta horixe bera baliatu du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak alderdi edo hautagaiek euskararen normalizazioaren karira hartzen dituzten engaiamenduak bildu eta hedatzeko sortu duen ataria izendatzeko.

Atari honen bidez alderdi edo hautagaiek publikoki hartutako konpromisoak jaso eta hedatu nahi dira, gerora, hauteskunde garaian emandako hitz hori bete dezaten eragiteko.

Oraingo honetan, EAEko hauteskundeen karira hautagai nagusiek egindako adiaerazpenak jaso dira eta jada entzun edo irakur daitezke hautagaiek euskararen egoera hobetzeko egingo omen dutena, aurretik Estatu frantseseko bi hauteskundeetan egin du Kontseiluak lan bera. .

Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak, gogoratu du Kontseiluak alderdi guztiei bidali ziela bere proposamena hizkuntza-politika egokia gauza dezaten. “Azken hilabeteotan argitaratutako datuek erakutsi digute nahitaezkoa dela hizkuntza-politika aldatzea eta neurri eraginkorrak hartzea. Normalizazio-prozesuaren erritmoa azkartu behar dugu gure hizkuntza berreskuratuko badugu eta gure herrian euskaraz bizi ahal izatea errealitate bihurtzeko. Horrexegatik, eskatu nahi dugu Kontseiluak luzatutako proposamenari erreparatzeko eta haien programetan hizkuntza-politika eragingarria hartuko duten konpromisoa agertzeko”. Herritarrei, bestalde, Kontseiluak dei egin nahi die hautagaiek hartutako konpromiso horien arabera bozka dezaten.

Unai Brea, kazetaria: “Antonio Basagoiti eta sen ona”

“Sen onak aginduta, Basagoitik nazi deitu die Aldundiko ordezkariei. Eta gaztelaniaz mintzatzen direnak judutarrekin konparatu ditu, agian konturatu gabe hego Euskal Herriko herritar guztiok garela, horren arabera, judutar”

Africa Baeta aurkezleak esan bezala, ETBk datozen EAEko hauteskundeak irabazteko aukera duten hautagaiak eramango ditu Euskadi Pregunta saiora. Bide batez, PP eta PSE-EEko lehendakarigaiak ere eramango ditu. Hala, ezinbestean Euskadi Pregunta behar du saioak, eta ez Euskadi Galdezka edo tankerako zerbait, bertara joango diren hautagai guztiak ez baitira euskaldunak. Ez daukat zalantzarik edonola ere gaztelaniaz egingo luketela saioa, baina hori beste kontu bat da.

Lerrook idazteko momentuan emititu den azken saioan azaldu zituen Antonio Basagoitik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko presidenteak, euskarari buruz dituen ideietako batzuk. Berehala jarri zioten aukera parez pare. Galderaren doinuak argi eman zuen aditzera galdetzailea ez zegoela, ideologikoki, Basagoiti jaunarengandik lar urrun: “Ikasgeletan euskara hain modu lazgarrian sustatzen jarraitzeko asmoa daukazu, enplegua lortzeko aukera gehiago ematen duen ingelesaren kalterako?”. Hain planteamendu bortitzak aukera eman zion Basagoitiri, zer esanik ez, moderatu gisa agertzeko. Berak euskara sustatu, sustatu egingo zuela erantzun zuen lehenbizi, zer esan behar zuen bestela. Baina…

Euskararen sustapenak baditu bere mugak, azpimarratu zuen Basagoitik. Ez aparteko ezer, sen onak agintzen duena baino ez. Arazoa da eskuinak, oro har, eta PPk, bereziki, dutela sen onaren monopolioa, agidanez. Sen ona da adibidez ezin dela lehenetsi mediku euskalduna mediku onaren ordez, jakina baita mediku euskaldunak txarrak direla berez. Hobe da milaka gurasok beren seme-alaben hitzak itzuli behar izatea pediatrari, ume gaixoen osasuna pediatra baldarren esku uztea baino. Eta hobe da… Tira, hemen esplikatu behar dugu orain sen ona zer den?

Euskara bai, baina inposiziorik ez. Ez da hain zaila, ba. Horrela ulertzen da Basagoitiren eta beste askoren haserrea, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenean kontratatzen dituen enpresek, herritarrekin harremana izango badute, euskararen ezagutza frogatu beharko dutela (neurri horrengatik Bildu kritikatu duten hedabide askori “ahaztu” zaie aipatzea eskaria jende aurreko jardunari dagokiola soilik). Alegia, legea betearazi nahi du Bilduk, eta gipuzkoar guztien hizkuntz eskubideak babestu (enpresa horiek gaztelaniaz jarduteko gaitasunik ezin dezaketela eduki ez da inon esan, nik dakidala). Sen onak aginduta, Basagoitik nazi deitu die Aldundiko ordezkariei. Eta gaztelaniaz mintzatzen direnak judutarrekin konparatu ditu, agian konturatu gabe hego Euskal Herriko herritar guztiok garela, horren arabera, judutar. Txarrena da seguruenik Basagoitik esandako horrekin bat datorrela abertzale usteko bat baino gehiago.

Juan Luis Arsuaga paleontologo ospetsuari entzun nion behin aurrerapena (aurrerapen zientifikoa, berak emandako adibidean) sen onaren aurkako borroka etengabea zela.  Sen onak diosku, esaterako, Lurra geldi dagoela eta haren inguruan biraka eguzkia eta enparauak. Kontrakoa defenditzea larrutik ordaindu behar izan zuten batzuek. Euskal Herrian ere, oraindik izerdi askotxo dugu botatzeke, urriaren 21ean milaka boto eskuratuko dituen sen on madarikatu hori gainditu bitartean.

Unai Brea kazetariak Euskal Herrian Euskarazen webgunean argitaratutako iritzi artikulua.

EAEko hauteskundeetan euskarak behar duen lekua izan dezan eskatu die Kontseiluak alderdiei

Data zehatza egon ez arren, Kontseiluak jakin izan du alderdi politikoak EAEko hauteskunde-kanpainari begira programak prestatzen ari direla, eta arrazoi horrengatik Kontseiluak hurrengo urteotan EAEn aplikatu beharreko hizkuntza politika iraultzeko proposamena luzatu die. “Egunotan ohartzen ari gara hauteskunde-kanpainan beste esparru batzuek hartuko dutela lehentasuna, eta horrexegatik euskarak dagokion lekua izan dezan galdegin diegu Kontseilutik” adierazi du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.

Ohituraz, Kontseiluak hauteskunde-egitarauak aztertu izan ditu, eta ondoren, alderdiek aurkeztutako programen balorazioa egin izan du. “Oraingoan aurrea hartu eta egitarauak prestatzen ari diren unean luzatu nahi izan diegu proposamena alderdiei, eta, beraz, badute aukera herritarrei hauteskunde-kanpainan aurkeztuko dieten programak egokiagoak izateko” gaineratu du Bilbaok.

Aurrerapausoak eman diren arren, euskararen normalizaziotik urrun gaudela adierazi du Paul Bilbaok, eta ondorioz normalizazio-prozesua bizkortu beharra agertu du. “Horretarako gutxienekoak zein diren definituak ditu Kontseiluak: kanpo esku-hartzerik gabeko hizkuntza-politikarako eskubidea eta gure hizkuntzak beharko lukeen status egokia (berezkoa, ofiziala, lehentasunezkoa eta ezagutu beharrekoa” gaineratu du.

Lehenik eta behin, Kontseiluak alderdiei helarazitako proposamenak orain arte aplikatutako hizkuntza-politikaren hutsunerik handienak aztertzen ditu. “Finean etorkizunean eraginkorki jardun behar badugu, nahitaezkoa dugu orain arte egindakoa aztertzea eta hutsuneak zein diren zehaztea” azaldu du Kontseiluko ordezkariak.

Ondoren, hizkuntza-politikak izan beharreko helburu nagusiak zein izan beharko liratekeen azaltzen du dokumentuak; hain zuzen ere,. ezagutzaren unibertsalizazioa, euskararentzako espazio sozialak, euskararen aldeko motibazioa, zabalkunde soziala eta hizkuntza-eskubideak.

Horrekin batera hurrengo urteotan arlorik arlo egoerari buruzko irakurketa laburra eta egin beharrekoak zehazten ditu Kontseiluak helarazitako proposamenak. “Esparru gehienetan hartu beharreko neurrien proposamen-zerrenda osatu nahi izan dugu, besteak beste, helduen euskalduntze-alfabetatzean, administrazioaren euskalduntzean, arnasguneetan, hezkuntzan. Kontseiluak oso argi du hizkuntza-politika zehaztasunez definitu behar dela” adierazi du Bilbaok.

Amaitzeko Paul Bilbaok deia egin die EAEko hauteskundeetara aurkeztuko diren alderdiei: “Azken egunotan argitaratutako datuek erakutsi digute nahitaezkoa dela hizkuntza-politika aldatzea eta neurri eraginkorrak hartzea. Normalizazio-prozesuaren erritmoa azkartu behar dugu gure hizkuntza berreskuratuko badugu eta gure herrian euskaraz bizi ahal izatea errealitate bihurtzeko. Horrexegatik, eskatu nahi dugu Kontseiluak luzatutako proposamenari erreparatzeko eta haien programetan hizkuntza-politika eragingarria hartuko duten konpromisoa agertzeko”.