Uribarriko EHE: “Sasi guztien gainetik euskaldun eta burujabe, urtebetez”

ehe-ots12-manifestazioa

Argazkian, Euskal Herrian Euskaraz (EHE) herri mugimenduko eragile euskaltzaleak manifestazio nazionala deitu zuen 2011ko otsailaren 12rako, “Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe!” lelopean, Donostian / © EHE.

Urtebete inguru pasa izan da Euskal Herrian Euskarazetik “Sasi guztien gainetik euskaldun eta burujabe” manifestua argitaratu genuenetik.

Euskal Herrian gauza asko eta oso garrantzitsuak gertatu izan dira urtebete honetan eta gertaera historiko horien ondorioz ekimen politikoak lehengo lerrora igaro dira. Orain, inoiz baino gehiago, herritarron ekarpenak behar ditugu Euskal Herria munduko beste nazio guztien parean ipintzeko.

Duela urtebete, aipatu dugun dokumentuan, euskara eta burujabetasunaren kontzeptuak parekatzen genituen, eta argi esaten zen, ez zela posible izango euskarari eustea gure hizkuntzaren berezko marko juridiko bat ez badugu, eta ez zela posible izango burujabetasuna Euskara ez bada gure herriaren hizkuntza nagusia.

Manifestuan ere aipatzen zen euskaldunok izango garela euskarari eutsiko diogunok, ez dagoela aitzakiarik, debeku eta traba guztien gainetik, euskaraz bizi behar dugula, eta ez dela onargarria euskaltzalea izatea eta erdaraz bizitzea.

Guzti honekin euskararen aldeko borroka, estrategikoa eta lehentasunezkoa dela adierazi nahi dugu. Azkeneko hau ez dago barneratuta euskaldunon artean baina bai estatu frantses eta espainoletan.

Inperio guztiek, okupatutako herrien asimilazio prozesuetan hizkuntza izan da lehengo helburua, hizkuntz aborigenak ezabatu, jatorrizko herriaren nortasuna ezabatzeko, inperioarena ezarriz.

Honetan Espainia eta Frantzia maisuak izan dira, mundu osoan zehar inposatu dituzte euren hizkuntzak, indarraren bidez. Duela gutxi arte euskara debekatuta egon da hego euskal herrian eta gaur egun ere ikusten ditugu nola espainiar politikariak euskararen kontrako neurriak aurrera eraman dituzten, eten gabe, Nafarroakoa izanda argibiderik mingarriena.

Frantzian, berriz, debekurik ez baina ofizialtasunik gabeko hizkuntza dugu euskara, horrez gain, baliorik gabeko hizkuntza bilakatu nahi dute. Iparraldeko euskaldun askoren ustetan euskarak ez du ezertarako balio.

Ez dezala inork zalantzarik, Euskararen etsaientzako, Euskararen kontrako borroka estrategikoa eta lehentasunezkoa izan da mendez mende. Euskaldunok ordea, ez dugu lortu kontzientzia maila hori eta jarraitzen dugu gure etsaien arma den hizkuntza erabiliz, askotan Euskal Herriaren izenean. Oraindik ez gara konturatu hobe dela euskara traketsean egindako ekarpen txiki bat, gaztelaniaz edo frantsesez egindako diskurtso handi bat baizik. Barre ederra egiten dute gure lepotik gu geuk gure hizkuntza baztertzen dugunean.

Euskaraz bizitzeko hautua hartzen dugunean ez da folklore kontu bat, Euskal Herria bizirik irauteko hautua egiten dugu, erabaki politiko koherente bat da.

Euskal Herrian Euskarazek urteak eman ditu euskara borroka estrategikoa dela esaten, eta uste dugu hau une ezin hobeagoa dela berriro kontu honen inguruko eztabaida zabaltzeko. Beraz dei egiten dizuegu gurekin batera, “Sasi guztien gainetik euskaldun eta burujabe” manifestuaren inguruan hausnarketa bat egiteko, gure estrategietan integratzeko asmotan.

Gure hizkuntza, guztien artean, merezi duen lekuan ipiniko dugulakoan, agur bero bat.

Uribarriko EHE

Euskaldun izateaz harro bazaude, eman zure atxikimendua!

EHEk deituta Euskaraz Bizi Eguna izango da heldu den martxoaren 17an Donostian. Auzolanetik sortutako egitarau zabala izango du euskaraz bizitzeko hautuari hauspoa eman eta jaia eta aldarrikapena uztartuko dituen egitasmoak. Egitarau zabal horren baitan, azpimarratzekoa izango da “Euskalduna naiz eta harro nago!” lelopean egingo den Nazio Manifestazioa. Hementxe duzu manifestazioari, eta bide batez, Euskaraz Bizi Egunari zure atxikimendua agertzeko modua.

Euskaraz Bizi Eguna Donostian

Goizean (Trinitate plazan)

11:00

Txupinazoa, kalejira eta bihurrikeriak Bonberenea Txarangarekin eta Porrotx pailazoarekin

Puzgarriak eta haurrentzako tailerrak

Azoka, musika, kale-animazioa eta kantu-jira Alde Zaharreko kaleetan barna

10:30

Hizkuntza jokabideen tailerra San Telmo aretoan

12:00

Bakarrizketa saioak San Telmo aretoan

Eguerdian (Konstituzio plazan)

Ehunka lagunentzako herri bazkaria eta kantu jira

Arratsaldean

18:30

Nazio manifestazioa Bulebarretatik hasita. Euskalduna naiz eta harro nago lelopean kalejira alai eta koloretsua eginen da.

Ondoren:

Patxaranga alde zaharreko kaleetan barna

Herri dantzak Konstituzio plazan

Iluntzean (Trinitate plazan)

Kontzertuak: Skakeitan, 3gabe2 eta Betagarri

Euskaraz Bizi Eguna martxoaren 17an egingo da Donostian

Euskal Herrian Euskaraz (EHE) elkarteak Euskaraz Bizi Eguna antolatu du Donostian martxoaren 17rako. Atzo eman zuten egitarauaren berri; goizetik hasita, txupinazoa, jolasak, pailazoak eta bazkaria antolatu dituzte, besteak beste. Ekitaldi nagusia “Euskalduna naiz eta harro nago” lelopean Bulebarretik irtengo den manifestazio nazionala izango da.

Manifestazioari eta Euskaraz Bizi Egunari babesa adierazteko kanpaina abiatu du EHEk Euskalherrianeuskaraz.org webgune berrituan. Bertan, atxikimendua emateko aukera jarri dute.

Euskal Herrian Euskaraz: Euskaraz Bizi Eguneko egitaraua aurkeztu du EHEk

Martxoaren 31n Baionan!

Martxoaren 31n Baionan! from Euskararen Kontseilua on Vimeo.

Sarean da “Euskaltzale!” aldizkariaren 73. alea

Euskaraz Bizi Eguna, mintzalagunak, AEK, Txillardegi… Euskal Herrian Euskarazen (EHE) aldizkariaren 73. alean.

Behatokia: “Hizkuntza-eskubideak errespetatzeko betebeharra errealitatera ekarri beharra dago”

behatokia-arartekoa

Argazkian, Garbiñe Petriati Behatokiko zuzendaria eta Arantza Haranburu Behatokiko kidea  hamar urteko txostenaren aurkezpenekin jarraituz, EAEko Ararteko Iñigo Lamarca-rekin batzartu ziren ostiralean Donostian / © Kontseilua

“Euskal Autonomia Erkidego osoan da euskara berezko hizkuntza eta status ofiziala hiru lurraldeetan esleitu eta legeak hizkuntza-eskubideak aitortu arren, horien bermerako mekanismo juridiko-administratibo eraginkorrik ez da abian jarri”, esan zuen ostiralean Garbiñe Petriatik Arartekoaren bulegoan egindako agerraldian.

Iñigo Lamarca EAEko Arartekoari, erakundeak ofizialtasunak eragiten dituen ondorio juridikoak betetzetik urrun daudena esan zion Behatokiak eta are gehiago, “eskubideen babeserako legeria betearazteko derrigortasunik ez egoteak, hizkuntza-eskubideen urraketak betikotu egiten dituela”.

Hamar urte hauetan, arlo batzuetan urtez urte hizkuntza-eskubideen urraketak errepikatu egin dira eta alor horiek beltzune izan dira hizkuntza-eskubideen bermeari dagokionean. Osasun arloari dagokionez, “argi geratu da Osakidetzan egindako dekretuak eta planak herritarren eskubideak babesteko eta bermatzeko ez direla tresna eraginkorrak izan. Alor honi ez zaio behar bezainbeste garrantzia eman eta ondorioz, ez da behar beste aurreratu”, esan zuen Behatokiko zuzendariak.

Justiziaren arloa izan da beste beltzuneetako bat eta bertan, eskubideen urraketa sistematikoa dela esan zuen Petriatik hizkuntza nagusia ia bakarra gaztelania baita.

Herrizaingo sailari dagokionez, “harremana euskaraz ez bermatzeaz gain, agenteen tratu zakarra eta nagusikeria izan dira gehien salatu diren jokabideak”.

Eremu sozioekonomikoari dagokionez, 123/2008 dekretua aipatu zuen Behatokiak eta ildo horretan, “borondatearen baitan uzten diren neurriek hizkuntza-eskubideen urraketa betikotu eta sistematizatzeko arriskua dute” esan zuen Petriatik.

Ildo horretan, hizkuntza-eskubideak urratzen dituzten entitateei “urte hauetan guztietan gabezia eta beltzuneak non diren helarazi zaien arren, urraketen aurrean ez-ikusiarena edo egiten jarraitu du administrazioak” esan zuen Petriatik eta zera gaineratu zuen: “neurri eraginkorrak hartu ezean, nekez bermatu ahal izango dituzte EAEko agintariek herritarrak aitortuak dituzten hizkuntza-eskubideak”.

Hamar urteotako datuak eskuan, Behatokiko zuzendariak esan zuen euskararen normalizazioari ez zaiola behar bezainbeste garrantzi eman eta ondorioz ez dela behar beste aurreratu. “Milaka erabilera-saiakera eragotzi da 10 urte hauetan. Euskaldunok euskaraz bizitzeko dugun eskubidea ez dago bermatuta eta nabarmenak dira horretarako bidean sortzen diren ezintasunak”.

Hizkuntza-eskubideen zein legeen urraketen aurrean administrazioek izan duten jarrerari ere erreferentzia egin zion Petriatik, “hizkuntza-eskubideen eta legeen urraketak gertatu izanak ez du izan eraginik horien konponbiderako neurri edo mekanismoak abian jartzeko unean. EAEn naturalizatu egin da ordenamendu juridikoa ez betetzea”.

Euskarari aitortu zaion ofizialtasunari berme handiagoa eskaini eta orain arte baino baliabide eta bitarteko gehiago eskaini behar zaizkiola aldarrikatu zuen Behatokiak eta hizkuntza-eskubideak errespetatzeko betebeharra errealitatera ekarri beharra dagoela esan zuen Garbiñe Petriatik.

Bilboko Konpartsak: “Inauteriak 2012 – Balorazioa”

Argazkian, ostegunean eman zuten prentsaurrekoa Bilboko Konpartsek / © Bilboko Branka

“Azkuna erregina absolutistaren herrialde harrigarri”tik Bilboko Konpartsok aurtengo Inauterieei buruzko irakurketatxoa luzatu nahi dizuegu.

Eta gure lehenengo irakurketa: Azkuna Erreginaren “rodillo”ak ez du lortu jaia moooooztea!! Inauteri parte-hartzaileak izan dira aurtengoak ere, Gran Viatik desfilatzeko debekuaren gainetik.

Domekan lehenengo aldiz, iazko debekua eta gero, Tostada eta Pontxe lehiaketa izan genuen, arrakasta izugarria, 50 parte-hartzaile ingururekin eta giro politarekin Plaza Berrian.

Osteguneko Farolin eta Zarambolaseri egindako epaiketa berriro herrikoia izatea lortu dugu, konpartsok egindako proposamenarekin: Plaza Berrian izateak bultzada polita eman dio ekitaldiari zalantzarik gabe.

Eta hortik ateratako “trapuzaharrak” kalejira animatua eta beroa izan genuen Koblakari eta Goloka taldeetako lagunekin Alde Zaharra osoan zehar.

Errepikatzeko ekintzak, zalantzarik gabe.

Larunbatean, bai prentsaurrekoaren bidez baita Bilbo osoa buzoneatuz azaldu genuen bezala, desfile alternatiborik ez egitea erabaki dugu aurten. Eta egun osoko jai erakustaldia antolatu izan dugu Alde Zaharra eta Bilbo Zaharretik, hainbat fanfarrea eta batukadagaz, 28 konpartsa eta bere konpartsero guztiak mozorroturik, zertaz?

Eskoziarrez, hondakin erradioaktiboaz, pirataz, Nafar Erreinuko borrokalariaz, Kukutzako errugbilari jokalariaz, lorez, 80. hamarkadako heavy-ez, lorezainez, haur-eskolako umez, erret familia lapurraz, olagarro eta arrainez…, mozorro asko salaketa ironikoz beteak, beste batzuk ez horrenbeste, baina guztiek asmo berdinarekin: inauterietan zentsurarik ez!

Gurekin izan genituen ere Azkuna Nodoyuna eta Patandoni Aldekoa haien auto zoroan konpartseroak eta ondo pasatzen zegoen oro harrapatu nahian.

Eta garrantzitsuena: ehunaka lagun mozorroturik kale guztietan zehar.

Igandean Arenaleko karparen pean 18 koadrilak iaz debekaturiko (eta aurten berreskuratu dugun) Indaba Lehiaketan parte hartu zuten.

Eta pena handiz, negarrez eta minez eta doluz inguraturik asteartean Sardinaren Ehorzketa egin izan dugu ehunka herritarrek lagunduta, honekin hurrengo urtera arte inauteriak agurtuz.

Eta hemendik aurrera berriro adierazten dugu konpartsok prest gaudela egoerari buelta emateko eta elkarlanean benetako jai herrikoi eta parte-hartzaileak bultzatzeko. Guztienak, guztientzako eta guztiekin. Baina horretarako ez dugu Azkuna Erregina panpoxaren “kotoiaren proba” gainditu behar, konpartsok Bilboko herriarekin zuzenean lan egiten dugulako, bitartekaririk gabe.

Azkenik, Mikel Bilbao eta K-Toño Frade zoriondu nahi ditugu. Alturako farolin eta zaranbolas izan ditugu aurten, lehenengo momentutik alai eta gogotsu aratusteetako ekintza guztietan parte hartu dutenak. Besarkada bat biei.

Sardinaren erreketak agur esan die Inauteriei

Iturria: © Bilboko Branka

Inauterietako asteartea izan zen atzo eta sardinaren erreketa ospatu zuten hainbat lagunek Inauteriei agur esateko. Plaza Barrian beilatokia jarri zioten sardinari arratsaldean zehar. Ondoren, 19:30ak aldera, Alde Zaharreko kaleetan barrena prozesioan eraman zuten Arriagako plazara heldu arte eta bertan erre egin zuten. Goloka taldearen perkusio, suziri eta dantza ikuskizunak girotu zuen aratusteen bukaerako egitasmoa eta Alde Zaharreko kaleetako ibilbidea.

Aratusteetako azkenengo eguna izanik, prozesiora bertaratu ziren gehienek mozorroak jantzi zituzten. Ofizialki beltzez jantzi beharra zegoen doluaren seinale, baina gaztetxoenek kolorea eman zioten hitzorduari. Goloka antzerki taldeko kideak ere mozorro bitxiekin agertu ziren eta animalia beldurgarrien itxura bereganatu zuten adarrak eta beltz koloreko jantziak eramanez.

Plaza Barrian kandela gorriak banatu zituzten prozesioan joateko eta txokolatezko sardinak penak eztitzeko. Sardina Arriagako plazara heltzean milaka lagun bertan itxaroten zeuden, erreketarekin batera festari agur esateko.

Bederatzi urte, “Euskaldunon Egunkaria” gabe

Iturria: © Berria.info

Gaur bete dira bederatzi urte Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria kazeta itxi zuela, “Egunkaria auzia” abiatuz. Osteguna zen, 2003ko otsailaren 20a eta goizaldean hamar lagun atxilotu eta betiko itxi zuten euskarazko egunkari bakarra. Orain dela bi urte egin zen epaiketan Auzitegi Nazionaleko epaileek ebatzi zuten bidegabea izan zela itxiera, eta auzipetuak absolbitu zituen.

Urteurren honetan Pello Zubiria atxilotuetako batek Inma Gomila izan du gogoan. Gomila ere polizia operazio berean atxilotu zuten eta orain dela gutxi hil zen. Luis Goiak bezala, Gomilak ezingo diola bere testigantza Manuela Carmena epaileari helarazi nabarmendu du. “Hori esan behar diot epaile ikerleari, deitzen didanean, oraindik ez dela Espainian amaren semerik jaio goardia zibilak kanbiatuko dituenik”.

Iñaki Uria Euskaldunon Egunkariako kontseilari ordezkari zenak ere atzoko “Berria”-n gogoratu zuen Egunkariaren itxiera: “Biharko eguna [gaurkoa], uztailaren 14arekin batera, Adierazpen Askatasunaren Eguna izendatu beharko genuke gure memoriaren egutegian”.