Sardinaren erreketak agur esan die Inauteriei

Iturria: © Bilboko Branka

Inauterietako asteartea izan zen atzo eta sardinaren erreketa ospatu zuten hainbat lagunek Inauteriei agur esateko. Plaza Barrian beilatokia jarri zioten sardinari arratsaldean zehar. Ondoren, 19:30ak aldera, Alde Zaharreko kaleetan barrena prozesioan eraman zuten Arriagako plazara heldu arte eta bertan erre egin zuten. Goloka taldearen perkusio, suziri eta dantza ikuskizunak girotu zuen aratusteen bukaerako egitasmoa eta Alde Zaharreko kaleetako ibilbidea.

Aratusteetako azkenengo eguna izanik, prozesiora bertaratu ziren gehienek mozorroak jantzi zituzten. Ofizialki beltzez jantzi beharra zegoen doluaren seinale, baina gaztetxoenek kolorea eman zioten hitzorduari. Goloka antzerki taldeko kideak ere mozorro bitxiekin agertu ziren eta animalia beldurgarrien itxura bereganatu zuten adarrak eta beltz koloreko jantziak eramanez.

Plaza Barrian kandela gorriak banatu zituzten prozesioan joateko eta txokolatezko sardinak penak eztitzeko. Sardina Arriagako plazara heltzean milaka lagun bertan itxaroten zeuden, erreketarekin batera festari agur esateko.

Leave a Reply

*