Aste Nagusia 2012: Bilboko Konpartsen balantzea

Argazkia: Bilboko Branka

Beste urte bat, eta badira 34, Aste Nagusia izugarri arrakastatsu bat lortu egin dugula. Parte hartu duen jende guztiari konpartson aldetik eskerrak eman nahi dizkiegu: guzti-guztiei. Haien parte hartzerik gabe ezinezkoa izango litzatekeelako munduko Aste Nagusirik zoragarriena bizitzea.

Aurtengo datuei erreparatuz, guretzako garrantzitsuenak direnak: esan dezakegu kontsumoa jaitsi bada ere, errealitate bat dela ezin ukatu, parte hartzea oso altua izan dugula; hiri krosa guztiz beteta 1800 lagun baino gehiago parte hartuz, gastronomikoa zer esanik ez: 1200 kazuela osora, egunean 200 kazuela media izanda, 200 ume haien gastronomikoan ere astelehenean, eta jada ideia berriak datorren urteko gastronomikorako lapikoen artean ditugu, frontainer, futbol 3 (bonbonera)(gure aurtengo berrikuntzak) eta Irriaren Lagunen Klubarekin egindako elkarlanetan, hau da, puzgarrietan, tailerretan, emanaldietan, igerilekuetan parte hartze polita ere bai. Eta zerrenda luze bat egin ahal izango genuke honen inguruan.

Aipagarria ere Virginia eta Nereak (pregoilaria eta txupinera) igarotako Aste Nagusia, dana eman dutela esan dezakegu, eta guretzako ohore handia da haiekin egon izana! Horrelako txupi eta pregoilariak nahi ditugu beti!!

Beraz, esan bezala, jaiak ondo, eguraldia itzela, antolakuntza….oso ona…nahiz eta gauza batzuk beti hobetu daitezkeen eta horretan ahaleginduko garela zin egiten dugun … beraz, konpartsentzako ondorioa: Bilboko ereduaren efikazia zalantzarik gabekoa dela!!

Honek zer esan nahi du? Elkarlanean egiten diren gauzak oso ondo ateratzen direla! Eta gure ustez ikasgai polita da hau Berorren Udal Gorentasunarentzat (hemendik aurrera BUG). Aurten adibide argi bat izan dugulako, Alkateak bere kabuz hartutako erabakiak, gurekin alderatu gabeko erabakiak, erabateko frakasora eraman izan ditu kontzertuak. (otro exito más de la administración SAM) Eta itsusia bada ere esan egingo dugu: konpartsok abisatu genuen!!

“Mas sabe el diablo por viejo que por diablo” dio esaera zaharrak. Eta konpartsok 34 urte daramatzagu jaiak egiten, eta alkateak aldiz, joan eta etorri egiten dira. Umiltasun apur bat gehiago ez letorke txarto baten bati.

Konpartsok oso pozik gaude alde batetik Jai Batzorde Mistoan alderdi politiko ezberdinetako kideekin lortzen diren akordio eta elkarlanaz eta beste aldetik Aste Nagusiarekin erlazionatuta dauden sail ezberdinekin batera lortutako lanaren garapena. Baina ukaezina da BUG ekin ez garela ondo moldatzen, eta hori ez da txarra izan behar. Maitasun batzuk ezinezkoak dira eta listo!. BUGen taldeko kide askorekin aldiz, oso ondo moldatzen gara, lanean aritzen gara arazorik gabe, aipagarria batzuen laguntza konpartsekin batera egiten ditugun ekimen askotan, haiek gabe ezin izango genuke aurrera egin egia esan. Horregatik uste dugu Alkate on batek suak piztu baino, amatatzen jakin beharko lituzkeela, bere gerriak malgutasun gehiago beharko luke zalantzarik gabe, gureak asko dantzatzen dugunez malgutasun handia duela esan daiteke.

Azken finean jokoan dagoena oso serioa delako, eta ezin ibili umeak bezala zirikan denbora osoan. Aste Nagusiak izugarrizko garrantzia du Bilbon eta Bizkaian, ez soilik plano kulturaletik baizik eta ekonomikoan ere; gogora dezagun aste nagusiak BGPan duen eragin izugarria, udalaren beraren datuen arabera: inbertitutako euro bakoitzeko 10 euro baino gehiago sortzen dira BPGan, eta 2,5 jasotzen dira zergetan. Aldi berean 1000 lanpostu baino gehiago mantentzeko beharrezkoa da, eta hori guztion artean zaindu behar da. Aste Nagusian faktura asko ordaintzen dira, adibidez konpartsok, Alkateari asko gustatzen zaion enpresa bati diru mordo bat ordaintzen diogu, berak jakin ez dakiela ematen duen arren, konpartsa bakoitzak faktura bana dauka Iberdrolarekin urtero argia lotzeko, eta gainera Aste Nagusia hasi baino lehen ordaindu beharreko faktura da, eta beti ibiltzen gara arazoekin muntaia astean bertan. Eta udalak ere badu diru sarrera polita konpartsen eskutik horrela adostu genuelako orain urte mordo bat. Eta zin egiten dugu konpartsok jarri beharreko dirua gogotik jartzen dugula.

Ba horixe! Ezin dela pikatuta bizi! Aste Nagusia Bilbotarrontzako, Bizkaitarrentzako oso garrantzitsua dela, dibertigarri eta parte hartzailea izatetik aparte. Hori defendatu behar dugu, Aste Nagusia defendatu behar dugu. Jai Batzorde Mistoa bultzatu behar dugu eta hortxe guztiok elkarrekin lan egin, oraingoan kontzertuentzako leku egokiak bilatuz (Etxebarria parkean edo eta Avenida del Ferrocarrilen, guk proposatu genuen bezala) eta argi utziz kontzertuak dohainik izaten jarraitu behar direla. Espero dezagun Karolaren aurtengo espektakuloa ez izatea aitzakia kontzertuak pribatizatzeko … guk aurreikusten genuen bezala … ia berriro ere okertu garen eta gaitzikor batzuk garen … baina orain begiratuta ematen du segurtasunaren gainetik helburu ekonomikoak jarri direla … baina ez! Alde batera utziko dugu gure maltzurkeria .. eta proposamenetan zentratuko gara!

Uste genuen BUG oporretan bidaliaz lasaiago eta poz-pozik itzuliko zela … espero dezagun azken egunetako deklarazioak jet-lag aren ondorioa izatea eta hemendik aurrera Jai Batzorde Mistoari lan egiten uztea eta horrela dana primeran joatea!

Tamalez, jarrera sexista duen jendeak eta besteak errespetatzen ez dituen jendeak jarraitzen du existitzen eta ezbehar handirik ez egon arren, jakin badakigu, eraso eta jarrera sexistak egon direla eta hurrengo Aste Nagusiko edizioetan desagertzen joatea espero dugu.

Bilboko Konpartsak: “Inauteriak 2012 – Balorazioa”

Argazkian, ostegunean eman zuten prentsaurrekoa Bilboko Konpartsek / © Bilboko Branka

“Azkuna erregina absolutistaren herrialde harrigarri”tik Bilboko Konpartsok aurtengo Inauterieei buruzko irakurketatxoa luzatu nahi dizuegu.

Eta gure lehenengo irakurketa: Azkuna Erreginaren “rodillo”ak ez du lortu jaia moooooztea!! Inauteri parte-hartzaileak izan dira aurtengoak ere, Gran Viatik desfilatzeko debekuaren gainetik.

Domekan lehenengo aldiz, iazko debekua eta gero, Tostada eta Pontxe lehiaketa izan genuen, arrakasta izugarria, 50 parte-hartzaile ingururekin eta giro politarekin Plaza Berrian.

Osteguneko Farolin eta Zarambolaseri egindako epaiketa berriro herrikoia izatea lortu dugu, konpartsok egindako proposamenarekin: Plaza Berrian izateak bultzada polita eman dio ekitaldiari zalantzarik gabe.

Eta hortik ateratako “trapuzaharrak” kalejira animatua eta beroa izan genuen Koblakari eta Goloka taldeetako lagunekin Alde Zaharra osoan zehar.

Errepikatzeko ekintzak, zalantzarik gabe.

Larunbatean, bai prentsaurrekoaren bidez baita Bilbo osoa buzoneatuz azaldu genuen bezala, desfile alternatiborik ez egitea erabaki dugu aurten. Eta egun osoko jai erakustaldia antolatu izan dugu Alde Zaharra eta Bilbo Zaharretik, hainbat fanfarrea eta batukadagaz, 28 konpartsa eta bere konpartsero guztiak mozorroturik, zertaz?

Eskoziarrez, hondakin erradioaktiboaz, pirataz, Nafar Erreinuko borrokalariaz, Kukutzako errugbilari jokalariaz, lorez, 80. hamarkadako heavy-ez, lorezainez, haur-eskolako umez, erret familia lapurraz, olagarro eta arrainez…, mozorro asko salaketa ironikoz beteak, beste batzuk ez horrenbeste, baina guztiek asmo berdinarekin: inauterietan zentsurarik ez!

Gurekin izan genituen ere Azkuna Nodoyuna eta Patandoni Aldekoa haien auto zoroan konpartseroak eta ondo pasatzen zegoen oro harrapatu nahian.

Eta garrantzitsuena: ehunaka lagun mozorroturik kale guztietan zehar.

Igandean Arenaleko karparen pean 18 koadrilak iaz debekaturiko (eta aurten berreskuratu dugun) Indaba Lehiaketan parte hartu zuten.

Eta pena handiz, negarrez eta minez eta doluz inguraturik asteartean Sardinaren Ehorzketa egin izan dugu ehunka herritarrek lagunduta, honekin hurrengo urtera arte inauteriak agurtuz.

Eta hemendik aurrera berriro adierazten dugu konpartsok prest gaudela egoerari buelta emateko eta elkarlanean benetako jai herrikoi eta parte-hartzaileak bultzatzeko. Guztienak, guztientzako eta guztiekin. Baina horretarako ez dugu Azkuna Erregina panpoxaren “kotoiaren proba” gainditu behar, konpartsok Bilboko herriarekin zuzenean lan egiten dugulako, bitartekaririk gabe.

Azkenik, Mikel Bilbao eta K-Toño Frade zoriondu nahi ditugu. Alturako farolin eta zaranbolas izan ditugu aurten, lehenengo momentutik alai eta gogotsu aratusteetako ekintza guztietan parte hartu dutenak. Besarkada bat biei.