Uribarriko EHE: “Sasi guztien gainetik euskaldun eta burujabe, urtebetez”

ehe-ots12-manifestazioa

Argazkian, Euskal Herrian Euskaraz (EHE) herri mugimenduko eragile euskaltzaleak manifestazio nazionala deitu zuen 2011ko otsailaren 12rako, “Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe!” lelopean, Donostian / © EHE.

Urtebete inguru pasa izan da Euskal Herrian Euskarazetik “Sasi guztien gainetik euskaldun eta burujabe” manifestua argitaratu genuenetik.

Euskal Herrian gauza asko eta oso garrantzitsuak gertatu izan dira urtebete honetan eta gertaera historiko horien ondorioz ekimen politikoak lehengo lerrora igaro dira. Orain, inoiz baino gehiago, herritarron ekarpenak behar ditugu Euskal Herria munduko beste nazio guztien parean ipintzeko.

Duela urtebete, aipatu dugun dokumentuan, euskara eta burujabetasunaren kontzeptuak parekatzen genituen, eta argi esaten zen, ez zela posible izango euskarari eustea gure hizkuntzaren berezko marko juridiko bat ez badugu, eta ez zela posible izango burujabetasuna Euskara ez bada gure herriaren hizkuntza nagusia.

Manifestuan ere aipatzen zen euskaldunok izango garela euskarari eutsiko diogunok, ez dagoela aitzakiarik, debeku eta traba guztien gainetik, euskaraz bizi behar dugula, eta ez dela onargarria euskaltzalea izatea eta erdaraz bizitzea.

Guzti honekin euskararen aldeko borroka, estrategikoa eta lehentasunezkoa dela adierazi nahi dugu. Azkeneko hau ez dago barneratuta euskaldunon artean baina bai estatu frantses eta espainoletan.

Inperio guztiek, okupatutako herrien asimilazio prozesuetan hizkuntza izan da lehengo helburua, hizkuntz aborigenak ezabatu, jatorrizko herriaren nortasuna ezabatzeko, inperioarena ezarriz.

Honetan Espainia eta Frantzia maisuak izan dira, mundu osoan zehar inposatu dituzte euren hizkuntzak, indarraren bidez. Duela gutxi arte euskara debekatuta egon da hego euskal herrian eta gaur egun ere ikusten ditugu nola espainiar politikariak euskararen kontrako neurriak aurrera eraman dituzten, eten gabe, Nafarroakoa izanda argibiderik mingarriena.

Frantzian, berriz, debekurik ez baina ofizialtasunik gabeko hizkuntza dugu euskara, horrez gain, baliorik gabeko hizkuntza bilakatu nahi dute. Iparraldeko euskaldun askoren ustetan euskarak ez du ezertarako balio.

Ez dezala inork zalantzarik, Euskararen etsaientzako, Euskararen kontrako borroka estrategikoa eta lehentasunezkoa izan da mendez mende. Euskaldunok ordea, ez dugu lortu kontzientzia maila hori eta jarraitzen dugu gure etsaien arma den hizkuntza erabiliz, askotan Euskal Herriaren izenean. Oraindik ez gara konturatu hobe dela euskara traketsean egindako ekarpen txiki bat, gaztelaniaz edo frantsesez egindako diskurtso handi bat baizik. Barre ederra egiten dute gure lepotik gu geuk gure hizkuntza baztertzen dugunean.

Euskaraz bizitzeko hautua hartzen dugunean ez da folklore kontu bat, Euskal Herria bizirik irauteko hautua egiten dugu, erabaki politiko koherente bat da.

Euskal Herrian Euskarazek urteak eman ditu euskara borroka estrategikoa dela esaten, eta uste dugu hau une ezin hobeagoa dela berriro kontu honen inguruko eztabaida zabaltzeko. Beraz dei egiten dizuegu gurekin batera, “Sasi guztien gainetik euskaldun eta burujabe” manifestuaren inguruan hausnarketa bat egiteko, gure estrategietan integratzeko asmotan.

Gure hizkuntza, guztien artean, merezi duen lekuan ipiniko dugulakoan, agur bero bat.

Uribarriko EHE

Leave a Reply

*