Euskalgintzak babesa agertu dio Euskaraz Bizi Egunari

Apirilaren 13an Agoitzen egingo den Euskaraz Bizi Egunak euskalgintzaren babesa jaso du gaur. Alta, Iruñean egindako agerraldiak utzi du bestelako albisterik. Izan ere, oraindik ezagutzera eman gabe zegoen jaia eta aldarrikapena uztartuko dituen egitasmoaren egitaraua. Auzolanetik sortutako Euskaraz Bizi Egunaren nondik norakoak agertu ostean, euskaltzaleak Agoitzera eramateko EHEk prestatu duen spot “berezi eta ezberdina” aurkeztu dute euskaltzaleek. Bestalde, Ateak Ireki agerkari digitalak zabaldu duenez, EHEko kide bat atxilotu du Iruñeako Udaltzaingoak Alde Zaharrean, kartelak jartzeaz akusaturik, Euskaraz Bizi Eguna iragartzeko emandako prentsaurrekoa eta gero. Kartelak jartzea eta identifikatzeari uko egitea leporatzen diote. EHEko beste kide batzuek esan dutenez, ez diote ezta identifikatzeko aukera eman eta taberna batetik atera ondoren polizi kotxe batean sartu dute eta komisaldegira eraman dute.

Euskal Herriak Euskarazek zabaldutako oharra:

Agerraldi honen bitartez, Euskal Herri euskaldunaren aldeko lanean bidelagun ditugun euskalgintzako kide eta eragileekin batera, euskaraz bizitzearen aldeko hautua indartzeko mugarri berri bat izan nahi duen egunean parte hartzeko deia luzatu nahi diegu berriz ere euskaraz bizi nahi duten guztiei.

Izan ere, Euskaraz Bizi Egunarekin, jaia eta aldarrikapena uztartuz zapalkuntzari aurre egin eta Euskal Herri euskalduna eraikitzeko bidera hurbildu nahi ditugu herritarrak, euskara eta euskaldunak menpeko bihurtzen gaituzten asimilazio estrategien aurrean euskaraz biziko den herrirantz bidea egiten joateko, inoren eta ezeren zain gelditu barik.

Bide luzea dugu egiteko. Izan ere, geuri dagokigu euskaraz bizitzeko bidea egin eta jendartean eragitea; auzolanetik, bakoitzak bere horretan eta guztiok batera, bidea egin eta aldaketak eragin baititzakegu euskara ezagutu beharrekoa eta lehentasunezkoa izan dadin Euskal Herri osoan. 7 euskaldun + erdaldun 1 = 8 erdaldun ekuazioarekin apurtu eta determinazioz eguneroko hizkuntza praktikan burujabe jokatzea, espaloitik ez jaistea, ezinbestekoa da horretarako. Hauxe da apirilaren 13ko egitasmoaren leloa “Ez zaitez espaloitik jaitsi. Euskaraz bizi!” izatearen arrazoia.

Auzolanetik sortua

Sei urtez bide egin ostean Hizkuntza Eskubideen Eguna atzean utzi eta Euskaraz Bizi Eguna antolatzeari ekin genion EHEtik. Aurten laugarrenez antolatu dugun ekimenak Etxarri-Aranatzen hasi zuen ibilbidea, umiltasun handiz. Deialdiarekiko atxikimendu zabalak eta honen inguruan sortzen joan den mugimenduak bultzatuta Euskaraz Bizi Eguna dimentsio zabalagoa hartzen hasi zen, Gernika-Lumon ospatutakoak frogatu bezala. Iaz,  Donostia bezalako hiriburu batera egin zuen salto EBEak. Etxarri-Aranatz, Gernika-Lumo eta Donostia izan dira, beraz, euskaraz bizi nahi duen herriaren erakusleiho azken urteotan.

Aurtengoa bezala, aurreko Euskaraz Bizi Egun guztiak sortu ditugu auzolanetik, tokian tokiko euskalgintzarekin eta eragile sozial zein kulturalekin batera. Aurtengoa bide beretik joango da. Eguneko egitarauari dagokionez ere, lan handia egin dugu Agoizko eta Nafarroa Garaiko ekialdeko eragileekin hauen parte-hartzea bilatzeko. Gure eskerrik beroenak helarazi nahi dizkiegu hemendik, Agoizko udala barne, egitaraua osatzen eta eguna aurrera ateratzen laguntzen ari zaizkigunei.

Horrekin batera, Euskal Herriko herri eta auzoetako euskalgintzarekin eta bestelako eragileekin harremanak abiatu ditugu egitasmo honen berri eman eta “espaloitik ez jaistearen” aldeko ekimenari atxikimenduak gehitzeko asmoarekin. Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiegu gaurkoan gurekin diren Sortzen-Ikasbatuazeko Garikoitz Torregrosa, Topaguneko Oskar Zapata, AEK-ko Helios del Santo, Nafarroako Ikastolen Elkarteko Pello Marinelarena eta Kontseiluko Maite Indari deialdi honi babesa agertzeagatik.

Egitarau oparoa

Euskaraz Bizi Eguneko egitarau zabala da auzolanaren erakusgarri. Goizean goiz dianak egingo dira herritik zehar. 10:30ean, baina, izango da egunari hasiera emateko txupinazoa. Goiz osoan zehar buruhandiak, gaiteroak, trikitilariak, Abesbatza, Burrunba, Dantzariak, txistulariak eta txaranga ibiliko dira herritik zehar giroa alaitzen. Erraldoien Topaketa ere izango da goizean zehar. Artisauen eta euskalgintzaren azoka, erakusketa (kultur etxean) talogileak eta Herri Kirol erakustaldia (12:00etan) ere izango dira presente Agoizko kaleetan.

Haurren txokoa ezin aipatzeke utzi. 11:00etatik 14:00etara bitartean puzgarriak eta eskulan tailer ezberdinak egongo dira txikientzat, eta, 16:30etan Txan Magoaren ikuskizunaz gozatzen ahal izango dute Kultur etxean.

Eguerdian ehunka lagunentzako bazkari herrikoia eta ondoko kantaldi herrikoia izango dira protagonista nagusiak.

Ondoren, 17:00etan dantzaldia hasiko da Tximeleta taldearen eskutik. Ordubetez ariko dira Tximeletakoak, 18:00etan, “Ez zaitez espaloitik jaitsi. Euskaraz bizi!” lelopean eta musika eta kolore artean egingo baitu bidea euskaltzale andana bilduko dituen kalejira aldarrikatzaileak. Bukaeran, ekitaldia izango da eta ondoren Tximeletakoek dantzaldiarekin jarraituko dute 21:00ak bitartean.

21:30ean hasiko dira kontzertuak. Kezkak eta Leihotikan taldeek jarriko dituzte dantzan euskaltzaleak, eta, hauen ostean, DJ Jotatxoren saioarekin jarraituko dute dantzan goizalderaino.

Spot “berezi eta ezberdina”

Euskaraz Bizi Egunera dei egiteko sortu dugun spot berezia aurkezteko baliatu nahi dugu gaurko agerraldia. Spot berezia da, ezohikoa, deigarria. Egun dezente ezezagun izaten jarraitzen duen hondarrarekin egindako artean oinarritzen da.Txema Esteban marrazkilariaren eskutik, euskaldun izatearen  harrotasunez, espaloitik jaitsi gabe euskaraz biziz Euskal Herri euskaldunerako bidea egin dezakegula irudikatu nahi izan dugu. Horrat emaitza.

Euskal Herrian Euskaraz (EHE)
Iruñean, 2013ko martxoaren 27an

Euskaraz Bizi Eguna Agoitzen

Euskal Herrian Euskaraz herri mugimenduko eragile euskaltzaleak heldu den apirilaren 13an Agoitzen (Nafarroa Garaia) egingo du Euskaraz Bizi Eguna (EBE).

Euskaraz Bizi Eguneko egitarau zabala da auzolanaren erakusgarri. Goizean goiz dianak egingo dira herritik zehar. 10:30ean, baina, izango da egunari hasiera emateko txupinazoa. Goiz osoan zehar buruhandiak, gaiteroak, trikitilariak, Abesbatza, Burrunba, Dantzariak, txistulariak eta txaranga ibiliko dira herritik zehar giroa alaitzen. Erraldoien Topaketa ere izango da goizean zehar. Artisauen eta euskalgintzaren azoka, erakusketa (kultur etxean) talogileak eta Herri Kirol erakustaldia (12:00etan) ere izango dira presente Agoizko kaleetan.

Haurren txokoa ezin aipatzeke utzi. 11:00etatik 14:00etara bitartean puzgarriak eta eskulan tailer ezberdinak egongo dira txikientzat, eta, 16:30etan Txan Magoaren ikuskizunaz gozatzen ahal izango dute Kultur etxean.

Eguerdian ehunka lagunentzako bazkari herrikoia eta ondoko kantaldi herrikoia izango dira protagonista nagusiak.

Ondoren, 17:00etan dantzaldia hasiko da Tximeleta taldearen eskutik. Ordubetez ariko dira Tximeletakoak, 18:00etan, “Ez zaitez espaloitik jaitsi. Euskaraz bizi!” lelopean eta musika eta kolore artean egingo baitu bidea euskaltzale andana bilduko dituen kalejira aldarrikatzaileak. Bukaeran, ekitaldia izango da eta ondoren Tximeletakoek dantzaldiarekin jarraituko dute 21:00ak bitartean.

21:30ean hasiko dira kontzertuak. Kezkak eta Leihotikan taldeek jarriko dituzte dantzan euskaltzaleak, eta, hauen ostean, DJ Jotatxoren saioarekin jarraituko dute dantzan goizalderaino.

Euskaraz Bizi Eguna Uribarrin

uribarri-euskaraz-bizi-eguna-kartela

Apirilaren 21ean, Uribarriko Euskaraz Bizi Eguna!

uribarri-euskaraz-bizi-eguna-kartela

Euskaraz bizitzeko nahia grina bihurtzera deitu du EHEk

euskaraz-bizi-eguna-2012

Argazkian, larunbateko manifestazioa Donostian / © EHE

Euskal Herrian Euskaraz (EHE) taldeak deituta, milaka lagunek parte hartu zuten larunbatean Donostian ospatutako Euskaraz Bizi Egunean. Arratsaldean jende ugari bildu zen “Euskalduna naiz eta harro nago!” lelopean egindako manifestazioan. Martxa 18:30ean abiatu zen Bulebarretik, euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Euskalgintza eta politikako ordezkari ugarik parte hartu zuten. Manifestazioaren ostean, euskaraz bizitzeko nahia “grina” bihurtu behar dela nabarmendu zuen EHEko kide Igone Lamarainek, Bulebarreko kioskoan egindako ekitaldian. Hautu horretan urratsak ematera deitu zituen Donostiara bildutako euskaltzaleak. Egun bizi dugun egoera sozio-politikoaz ere mintzatu zen: “Euskarari herri honen eraikuntza eta askatze prozesuan dagokion lekua izan dezan eragiteko konpromisoa hartu behar dugu eta euskara, euskalduntasuna, gutxienez abertzaletasunaren pare kokatzeko eragitea dagokigu euskaldunoi”.

Duela bi hilabete zendutako Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi gogoan izan zuten Donostian bildutakoek. “Argi zeukan bere lurraldean beharrezkoa ez den hizkuntza oro desagertu egiten dela eta hori ez gertatzeko euskarak lehentasunezko estatusa behar duela bere lurralde osoan”, adierazi zuen Lamarainek. EHEko kidearen hitzetan, “Euskararen beharrezkotasuna ukatzen duten legeek hizkuntzaren desagerpena daramate”.

Jaia eta aldarrikapena egun osoan zehar

Ekitaldi nagusia arratsaldeko manifestazioa izan bazen ere, jarduerak egun osoan luzatu ziren. Hasteko, goizeko 11etan, txupinazoa bota zuten Trinitate plazan eta jarraian kalejira izan zen Bonberenea Txarangak eta Porrotx pailazoak animatuta. Alde Zaharreko kaleetan, puzgailuek, haurrentzako tailerrek, azokak, kale-animazioak eta kantu-jirak, besteak beste, osatu zuten goiza. Eguerdian, Konstituzio plazan, ehunka pertsonentzako herri bazkaria egon zen, eguraldiak lagundu ez arren. Iluntzean, festari amaiera emateko, kontzertuak izan ziren Trinitate plazan ipinitako eszenatoki handian. Skakeitan, 3gabe2 eta Betagarri taldeak aritu ziren.

Euskaldun izateaz harro bazaude, eman zure atxikimendua!

EHEk deituta Euskaraz Bizi Eguna izango da heldu den martxoaren 17an Donostian. Auzolanetik sortutako egitarau zabala izango du euskaraz bizitzeko hautuari hauspoa eman eta jaia eta aldarrikapena uztartuko dituen egitasmoak. Egitarau zabal horren baitan, azpimarratzekoa izango da “Euskalduna naiz eta harro nago!” lelopean egingo den Nazio Manifestazioa. Hementxe duzu manifestazioari, eta bide batez, Euskaraz Bizi Egunari zure atxikimendua agertzeko modua.

Euskaraz Bizi Eguna Donostian

Goizean (Trinitate plazan)

11:00

Txupinazoa, kalejira eta bihurrikeriak Bonberenea Txarangarekin eta Porrotx pailazoarekin

Puzgarriak eta haurrentzako tailerrak

Azoka, musika, kale-animazioa eta kantu-jira Alde Zaharreko kaleetan barna

10:30

Hizkuntza jokabideen tailerra San Telmo aretoan

12:00

Bakarrizketa saioak San Telmo aretoan

Eguerdian (Konstituzio plazan)

Ehunka lagunentzako herri bazkaria eta kantu jira

Arratsaldean

18:30

Nazio manifestazioa Bulebarretatik hasita. Euskalduna naiz eta harro nago lelopean kalejira alai eta koloretsua eginen da.

Ondoren:

Patxaranga alde zaharreko kaleetan barna

Herri dantzak Konstituzio plazan

Iluntzean (Trinitate plazan)

Kontzertuak: Skakeitan, 3gabe2 eta Betagarri

Euskaraz Bizi Eguna martxoaren 17an egingo da Donostian

Euskal Herrian Euskaraz (EHE) elkarteak Euskaraz Bizi Eguna antolatu du Donostian martxoaren 17rako. Atzo eman zuten egitarauaren berri; goizetik hasita, txupinazoa, jolasak, pailazoak eta bazkaria antolatu dituzte, besteak beste. Ekitaldi nagusia “Euskalduna naiz eta harro nago” lelopean Bulebarretik irtengo den manifestazio nazionala izango da.

Manifestazioari eta Euskaraz Bizi Egunari babesa adierazteko kanpaina abiatu du EHEk Euskalherrianeuskaraz.org webgune berrituan. Bertan, atxikimendua emateko aukera jarri dute.

Euskal Herrian Euskaraz: Euskaraz Bizi Eguneko egitaraua aurkeztu du EHEk

Euskaraz Bizi Eguna aurkeztu du EHEk

null

Argazkian, Unai Larreategi, Igone Lamarain eta Jexux Arrizabalaga atzo, EBEren aurkezpenean.

 

Euskal Herrian Euskaraz herri mugimenduko eragile euskaltzaletik heldu den martxoaren 17an Donostian egingo dugun Euskaraz Bizi Eguna aurkeztu nahi dizuegu.

Euskaraz bizitzearen aldeko hautuari behar duen bultzada emateko eguna dugu Euskaraz Bizi Eguna; norbanako zein komunitate, euskaldunok sasi artetik salto egin eta garenaz harro gaudela erakusteko eguna dugu Euskaraz Bizi Eguna; herri euskaldunaren eta euskararen alde egotetik harago, horren alde egiteko prest gaudela adierazteko eguna dugu Euskaraz Bizi Eguna.

Sei urtez bide egin ostean Hizkuntza Eskubideen Eguna atzean utzi eta Euskaraz Bizi Eguna antolatzeari ekin genion EHEtik. Aurten hirugarrenez antolatu dugun ekimenak Etxarri-Aranatzen hasi zuen ibilbidea, umiltasun handiz. Deialdiarekiko atxikimendu zabalak eta honen inguruan sortzen joan den mugimenduak bultzatuta Euskaraz Bizi Eguna dimentsio zabalagoa hartzen hasi zen, iaz Gernika-Lumon ospatutakoak frogatu bezala. Etxarri-Aranatz eta Gernika-Lumo izan dira beraz, euskaraz bizi nahi duen herriaren erakusleiho azken urteotan.

Alta, iazko otsailean ‘Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe!’ lelopean Donostian bertan egin genuen manifestazioan landatutako hazia ereinez, aurten urrats bat harago joan eta Donostiara ekarri nahi izan dugu jaia eta aldarrikapena uztartuko dituen egitasmoa. Harrotasunez baina harrokeriarik gabe, noski, euskaraz bizi nahi duen herriari merezitako leihoa eskaini nahi izan diogu, eta Donostian, Txillardegi zenaren bizilekuan bertan topatu dugu.

Euskaraz Bizi Eguna besoetan hartuko duen lehen hiriburua leku berezia denik ezin ukatu beraz. Baina ez da egun hau berezi egingo duen elementu bakarra. Testuinguru politiko berezia bizi dugu azkenaldian, eta ezin diogu horri bizkarrik eman. Eta zergatik diogu hau? Bada, euskara, euskalduna eta herri euskalduna eztabaida politikoaren erdigunera ekartzeko ardura dugulako egoera oker hau irauli nahi dugunok. Euskaraz bizitzeko herri gogoa indartzea lehentasunezko gai bilakatu behar dugu datozen garaietan. Euskaldun eta harro, gainera. Mendeetako zapalkuntzak gugan sortu dituen ustezko errespetuzko jokabide sumisoak gaindituz. Bakoitzak beretik eta komunitate moduan iraultzarako garaia da orain datorkiguna, gure etorkizunerako erabakiorrak diren garaiak datoz, eta euskaldunok asmatzera behartuta gaude. Horretarako, lehenengo ariketa bertatik bertara egin beharrekoa da. Estatu asimilatzaileei ezer eskatzen hasi aurretik, euskararik gabe Euskal Herririk ezin dela eraiki benetan barneratu, eta, gutxienez, abertzaletasunaren parean euskalduntasuna jartzea dagokigu independentistoi; ez baita horrela izan. Eta Estatu zapaltzaileen aurrean zer aldarrikatzea dagokigu? Posibilismoan jokatzeko edota aldaketa estrategikoen alde egiteko garaiak dira? Gure ustez, bigarren aukera da egokia.

Euskara eta politika ez direla batu behar diotenen aurrean, euskarak politikak behar dituela aldarrikatzen dugu guk. Ezin dugu sasi ofizialtasun eta menpeko hizkuntza politikak aldarrikatzen jarraitu. Euskarari lehentasuna emango dion legedi eta politikak aldarrikatzeko garaia da gure iritziz. Baita euskara ezagutu beharreko hizkuntza gisa kokatzekoa ere. Eta erabakitzeko eskubideari tiraka, hizkuntza politika burujabe eta nazionala eskuratzen ahalegintzekoa.

Nazio Manifestazioa: Euskalduna naiz eta harro nago!!

Euskal Herri euskaldunaren bidean urrats bat gehiago eman eta euskaraz bizi den herriaren erakusleiho izan nahi du Donostian egingo dugun Euskaraz Bizi Egunak. Esan bezala, jaia eta aldarrikapena uztartuz, euskaltzale andana batu nahi dugu martxoaren 17an.

Eguna jai giroan pasatzeko, Alde Zaharrean zehar kokatuko den egitarau zabala prestatu dugu: 11(2),00etatik aurrera erakusketak, kale animazioa, haurrentzako ikuskizunak, puzgarriak, tailerrak, euskalgintzaren azoka, ehunka pertsonentzako herri bazkaria, dantzaldi eta kantaldiak, txarangak eta abar egongo dira. Egun osoko egitarauak gauez ere izango du segida, kontzertuetan. Otsail erdialdean egingo dugun Euskaraz Bizi Egunaren aurkezpen ekitaldian emango ditugu jakitera, dena den, zehaztapen guztiak.

Aldarrikapenak baina, tarte nabarmenena izango du egitarauan: “Euskalduna naiz eta harro nago!” lelopean Nazio Manifestazioa egingo dugu, bulebarretik abiatuta. Ez da nolanahiko manifestazioa izango, musikak, koloreek eta euskaldun izatearen harrotasuna adierazteko ikurrek -eta batez ere harrotasun hori sentitzen duten parte-hartzaileek- protagonismo berezia izango baitute mobilizazioaren baitan.

Datozen asteotan, manifestazioari begira atxikimenduak biltzeko kanpaina eramango dugu aurrera. Horretarako, herriz herriko harreman-dinamika abiatzeaz gain, www.euskalherrianeuskaraz.org webgunean norbere konpromisoa agertzeko aukera izango da.

Agerraldi honen bitartez dei egiten diegu euskaltzale guztiei martxoaren 17an Donostiara joan eta Euskaraz Bizi egunean zein ‘Euskalduna naiz eta harro nago!’ Nazio Manifestazioan parte har dezaten.

Euskaraz bizi!

Euskal Herri euskalduna eraiki!

Euskal Herrian Euskaraz

Donostian, 2012ko urtarrilaren 24an