Euskaraz Bizi Eguna Agoitzen

Euskal Herrian Euskaraz herri mugimenduko eragile euskaltzaleak heldu den apirilaren 13an Agoitzen (Nafarroa Garaia) egingo du Euskaraz Bizi Eguna (EBE).

Euskaraz Bizi Eguneko egitarau zabala da auzolanaren erakusgarri. Goizean goiz dianak egingo dira herritik zehar. 10:30ean, baina, izango da egunari hasiera emateko txupinazoa. Goiz osoan zehar buruhandiak, gaiteroak, trikitilariak, Abesbatza, Burrunba, Dantzariak, txistulariak eta txaranga ibiliko dira herritik zehar giroa alaitzen. Erraldoien Topaketa ere izango da goizean zehar. Artisauen eta euskalgintzaren azoka, erakusketa (kultur etxean) talogileak eta Herri Kirol erakustaldia (12:00etan) ere izango dira presente Agoizko kaleetan.

Haurren txokoa ezin aipatzeke utzi. 11:00etatik 14:00etara bitartean puzgarriak eta eskulan tailer ezberdinak egongo dira txikientzat, eta, 16:30etan Txan Magoaren ikuskizunaz gozatzen ahal izango dute Kultur etxean.

Eguerdian ehunka lagunentzako bazkari herrikoia eta ondoko kantaldi herrikoia izango dira protagonista nagusiak.

Ondoren, 17:00etan dantzaldia hasiko da Tximeleta taldearen eskutik. Ordubetez ariko dira Tximeletakoak, 18:00etan, “Ez zaitez espaloitik jaitsi. Euskaraz bizi!” lelopean eta musika eta kolore artean egingo baitu bidea euskaltzale andana bilduko dituen kalejira aldarrikatzaileak. Bukaeran, ekitaldia izango da eta ondoren Tximeletakoek dantzaldiarekin jarraituko dute 21:00ak bitartean.

21:30ean hasiko dira kontzertuak. Kezkak eta Leihotikan taldeek jarriko dituzte dantzan euskaltzaleak, eta, hauen ostean, DJ Jotatxoren saioarekin jarraituko dute dantzan goizalderaino.

Leave a Reply

*