Euskaraz bizitzeko nahia grina bihurtzera deitu du EHEk

euskaraz-bizi-eguna-2012

Argazkian, larunbateko manifestazioa Donostian / © EHE

Euskal Herrian Euskaraz (EHE) taldeak deituta, milaka lagunek parte hartu zuten larunbatean Donostian ospatutako Euskaraz Bizi Egunean. Arratsaldean jende ugari bildu zen “Euskalduna naiz eta harro nago!” lelopean egindako manifestazioan. Martxa 18:30ean abiatu zen Bulebarretik, euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Euskalgintza eta politikako ordezkari ugarik parte hartu zuten. Manifestazioaren ostean, euskaraz bizitzeko nahia “grina” bihurtu behar dela nabarmendu zuen EHEko kide Igone Lamarainek, Bulebarreko kioskoan egindako ekitaldian. Hautu horretan urratsak ematera deitu zituen Donostiara bildutako euskaltzaleak. Egun bizi dugun egoera sozio-politikoaz ere mintzatu zen: “Euskarari herri honen eraikuntza eta askatze prozesuan dagokion lekua izan dezan eragiteko konpromisoa hartu behar dugu eta euskara, euskalduntasuna, gutxienez abertzaletasunaren pare kokatzeko eragitea dagokigu euskaldunoi”.

Duela bi hilabete zendutako Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi gogoan izan zuten Donostian bildutakoek. “Argi zeukan bere lurraldean beharrezkoa ez den hizkuntza oro desagertu egiten dela eta hori ez gertatzeko euskarak lehentasunezko estatusa behar duela bere lurralde osoan”, adierazi zuen Lamarainek. EHEko kidearen hitzetan, “Euskararen beharrezkotasuna ukatzen duten legeek hizkuntzaren desagerpena daramate”.

Jaia eta aldarrikapena egun osoan zehar

Ekitaldi nagusia arratsaldeko manifestazioa izan bazen ere, jarduerak egun osoan luzatu ziren. Hasteko, goizeko 11etan, txupinazoa bota zuten Trinitate plazan eta jarraian kalejira izan zen Bonberenea Txarangak eta Porrotx pailazoak animatuta. Alde Zaharreko kaleetan, puzgailuek, haurrentzako tailerrek, azokak, kale-animazioak eta kantu-jirak, besteak beste, osatu zuten goiza. Eguerdian, Konstituzio plazan, ehunka pertsonentzako herri bazkaria egon zen, eguraldiak lagundu ez arren. Iluntzean, festari amaiera emateko, kontzertuak izan ziren Trinitate plazan ipinitako eszenatoki handian. Skakeitan, 3gabe2 eta Betagarri taldeak aritu ziren.

Leave a Reply

*