Konpartsakide Eguneko argazki bilduma osatzen goaz. Gozatu!

EAEko hauteskundeetan euskarak behar duen lekua izan dezan eskatu die Kontseiluak alderdiei

Data zehatza egon ez arren, Kontseiluak jakin izan du alderdi politikoak EAEko hauteskunde-kanpainari begira programak prestatzen ari direla, eta arrazoi horrengatik Kontseiluak hurrengo urteotan EAEn aplikatu beharreko hizkuntza politika iraultzeko proposamena luzatu die. “Egunotan ohartzen ari gara hauteskunde-kanpainan beste esparru batzuek hartuko dutela lehentasuna, eta horrexegatik euskarak dagokion lekua izan dezan galdegin diegu Kontseilutik” adierazi du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.

Ohituraz, Kontseiluak hauteskunde-egitarauak aztertu izan ditu, eta ondoren, alderdiek aurkeztutako programen balorazioa egin izan du. “Oraingoan aurrea hartu eta egitarauak prestatzen ari diren unean luzatu nahi izan diegu proposamena alderdiei, eta, beraz, badute aukera herritarrei hauteskunde-kanpainan aurkeztuko dieten programak egokiagoak izateko” gaineratu du Bilbaok.

Aurrerapausoak eman diren arren, euskararen normalizaziotik urrun gaudela adierazi du Paul Bilbaok, eta ondorioz normalizazio-prozesua bizkortu beharra agertu du. “Horretarako gutxienekoak zein diren definituak ditu Kontseiluak: kanpo esku-hartzerik gabeko hizkuntza-politikarako eskubidea eta gure hizkuntzak beharko lukeen status egokia (berezkoa, ofiziala, lehentasunezkoa eta ezagutu beharrekoa” gaineratu du.

Lehenik eta behin, Kontseiluak alderdiei helarazitako proposamenak orain arte aplikatutako hizkuntza-politikaren hutsunerik handienak aztertzen ditu. “Finean etorkizunean eraginkorki jardun behar badugu, nahitaezkoa dugu orain arte egindakoa aztertzea eta hutsuneak zein diren zehaztea” azaldu du Kontseiluko ordezkariak.

Ondoren, hizkuntza-politikak izan beharreko helburu nagusiak zein izan beharko liratekeen azaltzen du dokumentuak; hain zuzen ere,. ezagutzaren unibertsalizazioa, euskararentzako espazio sozialak, euskararen aldeko motibazioa, zabalkunde soziala eta hizkuntza-eskubideak.

Horrekin batera hurrengo urteotan arlorik arlo egoerari buruzko irakurketa laburra eta egin beharrekoak zehazten ditu Kontseiluak helarazitako proposamenak. “Esparru gehienetan hartu beharreko neurrien proposamen-zerrenda osatu nahi izan dugu, besteak beste, helduen euskalduntze-alfabetatzean, administrazioaren euskalduntzean, arnasguneetan, hezkuntzan. Kontseiluak oso argi du hizkuntza-politika zehaztasunez definitu behar dela” adierazi du Bilbaok.

Amaitzeko Paul Bilbaok deia egin die EAEko hauteskundeetara aurkeztuko diren alderdiei: “Azken egunotan argitaratutako datuek erakutsi digute nahitaezkoa dela hizkuntza-politika aldatzea eta neurri eraginkorrak hartzea. Normalizazio-prozesuaren erritmoa azkartu behar dugu gure hizkuntza berreskuratuko badugu eta gure herrian euskaraz bizi ahal izatea errealitate bihurtzeko. Horrexegatik, eskatu nahi dugu Kontseiluak luzatutako proposamenari erreparatzeko eta haien programetan hizkuntza-politika eragingarria hartuko duten konpromisoa agertzeko”.

Bilbo itxaropen, baina Bilbao gailen

Iturria: Berria

Ehunetik 27 euskal herritar baldin badira euskaldunak, batez bestekoaren azpitik dago Bizkaia (%25,4 elebidunak), nahiz eta hogei urtean hamar puntu gora egin duen euskaraz dakitenen kopuruak. Bilbok eragiten du desoreka. Hiru euskal herritarretik bat bizi da Bilbo Handian, eta eremua oso erdaldundua dago. Bilbo euskalduntzeko urrats batzuk egin direla erakutsi du V. Inkesta Soziolinguistikoak, gazteen artean batik bat. 16 eta 24 urte arteko gazteen %53k badakite euskaraz; %18,7 bakarrik dira erdaldun hutsak; gainerako %28,4 gai dira euskara ulertzeko. Baina datu horiek ez dute pisu demografikorik; gazteak baino askoz gehiago dira helduak, eta zaharrenek erdaraz bizitzen jarraitzen dute —64 urtez gorako bizkaitarren hiru laurdenak erdaldun hutsak dira, eta gaztelaniaz soilik egiten dute %82k—. Hartara, ez da ondorioa ateratzeko zailtasunik: erdaraz bizi dira bizkaitar gehienak. Bilbo baino gehiago, Bilbao da Bizkaiko hiriburua, gehiengoarentzat.

1. Ezagutza

Bizkaitarren laurdenak dira euskaldunak (254.000), duela hogei urte baino 102.000 gehiago. Gaztelania baizik ez datikenak, berriz, 164.000 gutxiago dira, baina gehiengo oraindik: %56,5. Elebidun hartzaileak, berriz, euskara ulertu arren erabiltzeko gai ez direnak, 181.000 dira, duela hogei urte baino 110.000 gehiago; hazkunde handiena, beraz, azken horiek izan dute hogei urtean. Bilbo hiriburuan askoz apalagoak dira datuak euskararentzat: %16,3 dira euskaldunak; bitik batek erdara baizik ez du ulertzen.

Belaunaldiz belaunaldi emendatzen joan da euskaldunen kopurua Bizkaian, modu progresibo eta jarraian: 50 urtez gorakoen artetik, %17 inguru dira elebidunak; 35 eta 49 urte artekoetatik, %24 inguru dira; 25 eta 34 urte artekoetatik, %37,5; eta 16 eta 24 urte artekoetatik, %53. Gazteen artean, beraz, erdiek badakite euskaraz; 24 urte baino gutxiago dituzten bizkaitarren artean, hamarretik bi baino ez dira erdaldun hutsak; zortzi ulertzeko gai bederen badira. Baina, Araban gertatzen den bezala, gazte gehienek (hamarretik zortzik) gaztelania dute lehen hizkuntza. Elebidun guztien artean, %20 ere ez dira euskaraz gaztelaniaz baino hobeto moldatzen direnak; Bilbon, %7 eskas dira.

Euskaldun gehiago badira, beraz, Bizkaian, baina gaztelaniaz moldatzen dira erosoen. Bizkaiko elebidunen ia erdiek erdara izan dute lehen hizkuntza; eta, herritar guztiak aintzat hartuta, hamarretik bat euskaldun berria da. Beste hainbeste dira euskaldun zaharrak. Euskara umetatik ikasi dutenak adina badira, beraz, heldutan ikasi dutenak. Hamarretik ia sei, adiz, erdaldunak dira.

2. Erabilera

1991tik, euskaraz gehiago egiten dutenen portzentajea igotzen joan da Bizkaian urtez urte, dezima batzuz bederen —gehienbat euskaraz egiten dutenak %13 dira gaur egun, V. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera—. Erdaraz baizik ez dakitenen portzentajea, berriz, ia hamar puntu jaitsi da; eta euskaraz tarteka egiten dutenena %14raino igo da. Bilbon, beltzagoak dira datuak: %3,1 baino ez dira gehienbat euskaraz egiten dutenak, eta %83,6 beti erdaraz ari direnak.

Euskararen erabilerari eragiten dioten faktoreak antzekoak dira Bizkaian eta Araban. Belaunaldi gazteak euskaldunagoak diren arren, ingurune erdaldunean hazitakoak dira. Eskolak edo euskaltegiak euskaldundu ditu, baina ez dute ez erraztasunik, ez beharrik euskaraz egiteko. 50 urtez beherakoen artean, gehienbat euskaraz egiten dutenen portzentajea ez da igo bi hamarkadatan; %6ko inguru horretan egonkortuta dabil. 50 urtez gorakoen artean, %7,3 dira gehienbat euskaraz egiten dutenak, eta 64 urtez gorakoen artean %9,7. Zenbat eta gazteago, hortaz, euskararen erabilera intentsiboa egiten dutenak orduan eta gutxiago dira, ehunekotan.

Halere, erdarak behera egin du Bizkaian, Araban bezala: 35 urtez azpikoen artean, hamarretik sei dira gaztelania besterik erabiltzen ez dutenak —zaharragoen artean handiagoa da portzentaje hori: %80 inguru—. 35 urtez azpikoetan joera bat nagusitzen ari da Bizkaian eta Araban: belaunaldi zaharragoek baino gehiago egiten dute euskaraz, ez dira erdaldun elebakarrak, baina euskara tarteka erabiltzen dute, eta erdara baino gutxiago. Bizkaian %25 inguru dira euskara noizbehinka erabiltzen duten gazteak, eta %6 inguru dira normalean euskaraz egiten dutenak; euskara eta gaztelania antzera erabiltzen duten gazteak, berriz, %8 inguru dira.

Elebidunek seme-alabekin erabiltzen dute gehien euskara —%69k egiten diete—. Etxean euskaraz egiten dute, batez beste, euskaldunen herenek; zerbait handiagoa da portzentajea neba-arreben arteko (%41) eta bikotekideen arteko (%37) erabileran. Lankideekin ere gora egin du erabilerak; euskaldunen %44k egiten dute lanean euskaraz, eta ikasle euskaldunen %43k egiten dute euskaraz haien artean. Eremu formalean ere gora egin du erabilerak: administrazio publikoarekin euskaraz egiten dute Bizkaiko euskaldunen erdiek. Osasun zerbitzuetan, gutxiagok erabiltzen dute (%34k), hala ere.

3. Jarrerak

Euskara sustatzeko politikak babesten dituzte hamar bizkaitarretik seik (%58,6k). Hogei urtean zortzi puntu egin du gora aldekotasunak, eta zazpi behera kontrakotasunak. Hiriburuan aurkako jarrera zabalduago dago, ordea: Bizkaian %13,1 dira aurkakotasuna agertu dutenak; Bilbon, %16,2 dira. Hala ere, euskararen aldeko agertzen dira bizkaitarrak, orobat: administrazio publikoan lan egiteko euskaraz jakin behar dela uste dute %74k, haur guztiek euskaraz jakin behar dutela pentsatzen dute %80k, eta euskarazko irakaskuntza ereduaren aldekoak dira %65. Badira %31, ordea, ingelesa ikastea euskara ikastea baino hobea dela uste dutenak.

Hizkuntza politikak ontzat jotzen dituzte bizkaitar erdiek, euskararen alde asko egin dela iritzita. Horiek eskastzat jotzen dituzte, ordea, %27,6k. Araban bezala, euskara arriskutik salbu sumatzen dute bizkaitar gehienek (%77); euskara arriskuan ikusten dutenak %20 baizik ez dira. Eta, euskaraz dakitenak laurdenak baino ez diren arren, «guztiz» euskalduntzat ikusten dute bere burua %65ek. «Bertakoa» izateko euskaraz jakin behar dela uste dutenak %32 dira, baina baieztapen horren aurka agertu direnak gehiago dira oraindik: %63.

Konpartsei zigorra ezarriko diela iragarri du Azkunak

Iturria: Bilboko Branka

Iñaki Azkuna alkateak txosten zigortzailea irekita itxi nahi du Konpartsero Eguna Areatzan egitea debekatu izanaren harira sortutako polemika. Ospakizuna Areatzako goiko aldean egin beharrean, kaian egitera behartu zuen Udalak Bilboko Konpartsak, baina koordinadorak bereari eutsi zion eta pasealekuan, beti egiten duen tokian, egin zuen azkenik.

Giroa ezinhobea izan zen eta goizetik ehunka konpartsero bildu ziren pintxo lehiaketan eta ondoren egin zuten bazkari eta erromerian parte hartzeko. Aurretik, alkatea ‘oporretan’ bidaltzeko abiatu duten kanpainaren berri eman zuten kioskoaren aurrean jarritako ‘hondartzan’.

Udalari jaurtitako erronkak, baina, erantzuna izan zuen berehala Azkunaren ahotik. Espazio Publikoari buruzko ordenantza urratzeagatik txosten zigortzailea irekiko dio Udalak Bilboko Konpartsak-eri. Alkateak berak iragarri zuen funikularraren instalazio berrituen inaugurazioan. “Ez dut istilurik sortu nahi sei batailoi sartuta. Ez naiz tranpa horretan eroriko”, azpimarratu zuen.

Azkunak dio ez duela “probokazioan erori nahi”, konpartsek hartutako jarrerari buruz hitz eginez, baina “legea urratzen duenari, jakina, dagokion txostena irekiko zaio”, argitu zuen. Espazio Publikoari buruzko ordenantzaren arabera zigorra 1.500 eurorainokoa izan daiteke arau hauste larrien kasuan.

Itziar Villafañez konpartsen koordinadoraren bozeramaileak, ordea, ez dio alkateari erantzun nahi izan eta debekua Azkunaren haserrealdi bat baino ez dela izan adierazi du, “munduko alkaterik onenaren sarirako izendatu izanaz trufatu ginelako. Argi dago ez zaiola batere gustatu erabili dugun tonu ironikoa”, esan du.

Villafañezek dioenez, Udalak ez du debekua justifikatu. “Udal ordenantzari esker nahi duena egiteko aukera dauka”, salatu du. Eledunaren esanetan, orain arte, Konpartsero Eguna kolaborazio eta parte hartzearen eredutzat hartzen zuen Udalak berak, “horrek arazorik egongo ez zela bermatzen zigun, ekimena instituzionalizatua baitzegoen”.

Azkunopolis

Konpartsero Egunaren aurreko asteetan ugariak izan dira Azkunak konpartsen aurka esandakoak eta Hain zuzen ere, mespretxuzko adierazpen horiek agerian utzi dute Batzorde Mistoan erabakitzen diren auzien inguruan alkateak duen ezjakintasuna, Bilduk salatu zuenez.

Orain hilabete baino gutxiago Bilboko Konpartsek gogor kritikatu zuten autengo Aste Nagusirako Udalak Txikigunea eta kontzertuak antolatzeko aukeratutako kokapen berria. Azkunaren jarrera inposatzailea dela uste dute konpartsek eta behin baino gehiagotan utzi dute agerian azkenaldi honetan. Kritikarako, baina ironia eta umorea erabili dute. Hain zuzen ere, joan den astean Udaletxe aurrean, Jorge Oteitzaren eskultura kendu eta Azkunaren urrezko eskultura jartzeko proposamena egin zuten, baita hiriari Bilbo izena kendu eta Azkunopolis jartzea.

Nolanahi den ere, ika-miketatik harago, garrantzitsuena larunbateko Konpartsero Egunean mila lagunetik gora bildu zirela egun polita pasatzeko eta Aste Nagusirako hilabete baino gutxiago geratzen dela gogoratzeko.

Kontzertuak, kukaina, eta slackline-a Bilbo Zaharreko jaietan

Iturria: Bilboko Branka

Uztailaren amaieran, urtero bezala, jaiak datoz Bilbo Zaharrera. Aurten ere, egitarau trinko eta polita prestatu du auzoko jai batzordeak. Udalak Martzana kaia erabiltzeko oztopoak jarri baditu ere -herri azoka alternatiboa egitea galarazi eta puzgarriak baino ez ditu baimendu- bilbitarrek disfrutatzeko aukera ugari izango dituzte ostegunetik igandera.

Hain zuzen ere, Udalaren jarrera inposatzailea salatzeko batukada-burrunbada deitu dute larunbaterako, 12:30ean Martzana kaian. Espazio Publikoaren bulegoak, azkenaldian beste hainbat kolektibo eta taldeen proposamenekin maiz egin izan duen bezala, ez die Martzana kaia erabiltzeko baimenik eman herri azoka alternatiboa antolatu nahi zuten taldeei, ekimena “interes publikokoa” ez dela argudiatuta.

Festen hasiera ofiziala ostiralean izango den arren, ostegunean Gazte Eguna antolatuko dute auzoko gazteek. Jaietan, berriz, presoen aldeko bazkaria, Inoren Ero Ni, B.C. Bombs eta The Cisco Kids taldeen kontzertuak, tortila txapelketa, kukaina famatua eta, aurten ere, slackline-a praktikatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Slackline delakoa orekan oinarritutako kirola da. Bi zutabe edo zuhaitzi lotutako zinta baten gainean ibiltzea, alegia. Bilbo Zaharrean, ordea, itsasadarraren gainean egingo dute.

Debekuen gainetik Konpartsakide Eguna ospatu genuen atzo Areatzan. Gora Bilboko Konpartsak!

Bilboko Konpartsak: “Azkunaren oporren hegaldi txartela”

Bideoa: Bilboko Branka

Orain hilabete batzuk jakin izan genuen Juan Carlos de Borbón, espainolen Erregea eta Bizkaiko Jauna Jainkoaren graziagatik, Botstwanara elefanteak ehizatzera oporretan joanda zela.

Francoren legezko oinordekoaren zaletasun ludikoak itsustuz tsunami baten pareko haserre olatu bat sortu zen. Baina denbora guzti honetan Bilboko Konpartsak bezain minduta, suminduta eta harrituta egon den inor ez dago.

Nola da posible hain emankor txikiko indibiduo bat, guztion diruarekin, parrandan joan izana eta Berorren Udal Gorentasuna (BUG) den Iñaki Azkuna Jauna ez?

Garrantzi handiagoa al dauka Espainiako Erregea izateak Bilboko Alkatea izateak baino? Zertan gabiltza?

BUG, edozeinek dakien bezala, mundu ezaguna eta mundu ezezagunaren ardura eta garrantzi gehien duen kargodun pertsona da.(mundu ezezagunean eskolagabeko eta gerripeko edo eta gerripekorik gabekoak ere baino ez daude).

Horregatik, hain zuzen ere, eta BUGekiko leialtasun instituzionala eta esker oneko konpartson estilo berriari eutsiz, gaur eta hemen, Bilboko Konpartsakek kanpaina berri bati hasiera ematen dio: Aste Nagusi honetan, ontzizain handia, itsasargi eta bide-erakuslea, buruzagi handia eta bilbotar guztion Alkatea den Iñaki Azkuna Jauna, Udal Gorentasuna, oporretan bidaliko dugu.

BUGek bere bizia ematen du gu guztiongatik urteko egun guztietan eta gutxienez Aste Nagusian, batzuek Herria izendatzen tematuta badauden ere, jendaila baino ez diren horien ekimenak ikusi, entzun eta usaintzeko behar izatetik libratu nahi dugu.

Bilboko Konpartsok egun horietan zehar, Unibertsoko edozein txokotan, BUGen egonaldi eta bidaia antolatu eta finantzatzeko prest azaltzen gara. Baina laguntza behar dugu, hain merezita dituen opor horiek non izan daitezkeen ez zaigu bururatzen. Honengatik, BUGen agindupeko guztiei deialdia luzatzen diegu turismo-helmuga ideiak botatzeko.

Bilboko Konpartsetako web orrialdean zuen ekarpenak egiteko inprimakia topatuko duzue. Bidai-txekearen formarekin duen inprimaki hori jaitsi dezakezue, bertan zuen ustez BUG bidaiatu behar duen helmuga idatzi, argazki bat hartu eta gure webera bidali dezakezue. Aste Nagusian jasotako ideiarik hoberena publiko egingo dugu eta asteazkenean 19:30tan, jai-gunearen erdialdetik, BUG bere bizitzako oporrik onenak izatea espero dugun horietara bidaliko dugu. Urte askotarako Jainkoak babes dezala.

Zuen ideien zain. Berak merezi du eta.

Bilboko Branka: Azkuna oporretan bidaltzeko lehiaketa abiatu dute Bilboko Konpartsek

 

Azkunaren erantzuna:

El Correo Español:  El pulso entre las comparsas y Azkuna se salda con un expediente sancionador

Bilboko Konpartsak: “Azkunak Konpartsakide Eguna debekatu du”

Argazkia: Bilboko Branka

Berroren Udal Gorentasunak (hemendik aurrera BUG) Iñaki Azkuna Jaunak konpartsero eguna Arenalean ospatzea debekatu egin digu, azken 20 urteetan egin dugun bezalaxe.

BUGek arazo ugari ditu. Lehena, arrazoia eman eta koipetzen ohituta dagoela, horregatik ezin ditu desakordioak jasan, eta kritikak are gutxiago. BUGeri, Konpartsok, Aste Nagusian berak aukeratu duen txikigune eta kontzertuetarako kokapenekin ados ez egoteak mina egin dio, eta gainera publikoki adierazi izanak are mingarriagoa suertatu zaio. Ironia eta txantxa erabiltzeak ere izorratu egin dio.

“Munduko Alkaterik onena” izateko bere hautagaitzari buruz barreak egiteak, zaldi-estatua bat eskatzea eta Bilboren izenaren aldaketa eskatzeak bere onetik atera dio.

BUGek, “txirene”a izateaz harro agertzen bada ere, ez du umore handirik, beraz mindu egin da eta zezen baten pare eraso egiten du.

Konpartsok ez dugu ulertzen zer dela eta Udaletxeak gure kontra egiten dituen eraso eta mespretxu etengabeak jasotzen egon behar garen. Bilboko Konpartsakek 1978 urtetik Bilborengatik lanean dagoen taldea da, jai herrikoien alde, kultura, gastronomia, euskara, hiritar balioengatik.

Aste Nagusia baldin badago Bilboko Konpartsakek sortu izan zuelako da eta urte guzti hauetan bizirik mantendu izan duelako. Bilbon inauteriak baldin baditugu, Bilboko Konpartsakek guztiontzako berreskuratu izan zuelako da. Ehundaka lagun bolondres aritzen gara urte osoan zehar ekimen guzti hauek aurrera ateratzeko, konpartsetan eta Udal Batzorde Mistoan.

Zergatik egon behar dugu beti susmopean? Zergatik etengabe erasotuak, mespretxatuak eta zigortuak izaten gara? Jakin daiteke zer egin diogun BUGeri horrela tratatzeko?

Hiritarron partehartzea edo eta auto-antolaketaz usaintzen duen edozein gauzak BUGeri negala sortarazten dio. Horregatik txisteratik atera du, hiritarroi kalearen erabilpena lapurtzen digun esparru publikoaren erabilpenerako ordenantza, SAM eta bere lagunen jabetza pribatua izango balitz bezala, haien kuerdakoek edo eta ondo ordaintzen dutenek soilik erabili ahal izateko.

Ba ez BUG ez. Pena handiz, baina ez zaitugu ez dugu men egingo

Bilboko Konpartsakek 20 urte hauetan zehar, egun hau leku berean ospatzen daramatzagu, umeentzako ekimenekin, bilbotarren artean eusko labeladun elikagaiak banatzen, jaten, edaten, abesten, barre egiten eta dantzatzen. Inolako arazorik sortu gabe. Guztientzako jaia sortzen, hoberen egiten dakiguna da eta horrela jarraituko dugula. Eta badakizu zergatik ez dugun men egingo? Ezin dugulako.

KALEA GUZTIONA DELAKO.

Bilboko Konpartsak: “Iñaki Azkunaren zaldi-estatua eraikitzea eskatzen dugu”

Argazkia: Bilboko Branka

Bilboko Konpartsetatik, gure bihotzak poztasunez beterik, harrotasun eta gogobetetasunez, Iñaki Azkuna “Su Alteza Municipal” (hemendik aurrera SAM) ofizialki Munduko Alkaterik onena izendatzeko zabaldutako kanpainarekin bat egitea baino ezin dugu egin. Errealitate hau Bilbon iturri ofiziosoz jakina eta soberan ezaguna zen azken 13 urte pozgarri hauetan.

SAMen zaldi-estatua eraikitzea eskatzen dugu, gizateria osoaren esker onaren adierazlea izango dena, SAMen existentzia eta bere kudeaketa eredugarriagatik. Eredugarri bezain apal formetan, ixila eta zuhurra, inoiz Mundu Unibertsoaren historiak ezagutu ez duenaren parekoa.

Kokapena:

Ernesto Erkoreka Plazaren errotondan.

Materiala:

Urre trinkozkoa. Brontzea aukera merkeagoa litzateke, baina, Bilborako eta Mundurako hain beharrezko eta garrantzizko proiektu batean bitartekoetan aurreztea ez zaigu egokia iruditzen.

Neurria:

Bidezkoa Alkatearen “ego”aren neurrikoa izatea litzateke, baina jakitun gara horrek plaza osoaren eraikinen eraistea ekarriko lukeela, Udaletxea barne.

Honengatik hain zuzen ere, gogoz kontra bada ere, estatuaren neurria 40 metroetara txikitzera prest gaude. Proiektuaren argazki-montajea atxikitzen dugu.

Finantziazioa:

Derrigorrezko herri harpidetza. Diruz laguntzen ukatzen den orori ondasunak bahituko zaizkio eta Villatik erbesteratua izango delarik.

Estatuaren inaugurazioaren egunean, plazaren izena aldatu beharko da eta hortik aurrera “Iñaki Azkuna Alkate maitagarri, miresle eta ospetsuaren Plaza” izendatuko da. Guztiz zentzuzkoa dena, jakina denez, Ernesto Erkorekak (preso ohi arrunt bat) hain erdian dagoen plaza bati izena ematea ez baitu merezi.Era berean, Munduko Alkaterik onenaren titulua jasoko duen egun berean (mundu honetan justizia egotekotan segurtasun osoz jasoko duela), zaharkiturik dagoen Bilbo izena aldatzea eta hortik aurrera AZKUNOPOLIS izendatzea gure villa.

Ez da bidezkoa Constantinopla, Washington, San Petersburgo, Alejandría edo eta San Sebastian bezalako hiriak egotea, edozein “mindundi”ei dedikatuak direnak, eta SAMek jasan behar izatea, horrenbeste zor dion villaren izena, Bilbao izatea.

Injustizia hau zuzendu dezagun! Gure eskuetan dago.

Hurrengo larunbatean, uztailaren 21ean, Konpartsakide eguna Areatzan ospatuko dugula gogoratzen dizuegu, egun jai-girotsua eta koloretsua izango da Bilboko konpartsetako konpartsakideei esker, prentsaurrekoaz aparte honako hau da egun horretarako prestatutako ekintzak:

  • 12:00

Umeentzako tailerrak
Puzgarriak
Txistorra eta piper banaketa
Pintxo lehiaketaren hasiera

  • 13:30 Pintxoen aurkezpena
  • 14:00 Pintxo lehiaketaren sari banaketa
  • 14:30 Bazkaria
  • 17:00 Erromeria: Gozo-gozo
  • 19:30 Kalejira Orkrestarekin

Bilboko Branka: Azkunak Aste Nagusiarekiko izandako jarrera inposatzailea salatu dute Bilboko konpartsek

Udalaren murrizketen aurrean Bilboko Konpartsek egitaraua indartzeko apustua egin dute

Iturria: Bilboko Branka

Virginia Bersategiren pregoiak eta Nerea Orizaiolak jaurtiko duen txupinak Aste Nagusiari hasiera emango diote hilabete barru. Oraindik hainbat kontu finkatzeke dituzten arren, konpartsek ezagutzera eman dute dagoeneko aurtengo egitaraua.

Espero zitekeen bezala krisiaren aitzakipean hainbeste ugaritu diren murrizketa neurriak Aste Naguria ere heldu dira. Udalak %10 murriztu du aurten jaietara bideratutako aurrekontua. Botika Zaharrean egin ohi ziren kontzertuak gainera -aurten Itsas museoaren ondo zabalgunean egingo dira- astelehenan hasiko dira, hau da, larunbat eta igandeko emanaldiak desagerrarazi ditu Azkunak. Hori gutxi balitz, urtero Erripa kaian antolatzen den Txikigunea Doña Casildara eramango dute aurtengo edizioan, kaia eraberritzeko lanak zati horretan amaituta badaude ere.

Horren guztiaren aurrean, eta murrizketen logikak jaien kalterako dela agerian uzteko Bilboko Konpartsek inoiz baino indartsuago datoz Aste Nagusira. Oraindik itxita ez badago ere, aurtengo egitaraua osatzeko inbertsio potentea egin dutela iragarri dute eta dagoeneko argitara eman dituzte programaren ildo nagusiak. Jarraian abuztuaren 18tik 26ra bitartean Bilboko Areatzan izango diren ekimenak kontsulta ditzakezu:

Abuztuak 18, larunbata

  • 17:00 Txupinaren kalejira
  • 18:00 Harrera ofiziala Arriaga Antzokian
  • 19:00 Arriaga plaza. Harrera Marijaiari, pregoia Virginia Berasategik emango du eta jaien hasierako txupina  Nerea Orizaolak (Zaratas) jaurtiko du
  • 20:00 Txosnak irekitzea Marijaiarekin
  • 20:30 Arriaga plaza. Suzko zezena

Abuztuak 19, igandea

  • 10:00 Txistularien diana eta txupina
  • 11:00 Areatzan: Txahala banaketa Atlhetic-eko peñekin batera
  • 11:00 Erripako kaia: Umeentzako Skate eskola
  • 13:00 Kulturgune: Puzgarriak
  • 18:00 Areatzako kioskoan. Txalaparta festa
  • 18:00 Erripako kaia: Skate txapelketa
  • 19:00 Kulturgune: Poteoa txosna gunetik eta Alde Zaharretik Fabe de Fuka txarangarekin
  • 20:30 Arriaga plaza. Suzko zezena

Abuztuak 20, astelehena

Abuztuak 21, asteartea

Abuztuak 22, asteazkena

Abuztuak 23, osteguna

Abuztuak 24, ostirala

  • 09:00 Areatza. Sukaldaritza lehiaketa: Bakailaoa pil-pil erara. Izena ematea
  • 10:00 Txistularien diana eta txupina.
  • 10:00 Areatza. Xake-txapelketa. XV Xake txapelketa (partida arinak maratoia)
  • 13:00 Kulturgune. Umeentzako antzerkia Goloka taldearekin
  • 14:30 Areatza. Sulkadaritza lehiaketako sarien banaketa.
  • 17:00 Uribitarte. Ur jolasak
  • 17:00 Areatza: XVI. Hiri Krosa herrikoia. (Arautegia). Lehengo Irteera: Pre-benjamin, benjamin eta alebin kategoriaren neskentzat
  • 17:15 Areatza: XVI. Hiri Krosa herrikoia. Bigarren Irteera:  Pre-benjamin, benjamin eta alebin kategoriaren mutilentzat
  • 17:30 Areatza: XVI. Hiri Krosa herrikoia. Hirugarren Irteera:  Haur, kadete eta gazte kategoriaren neskentzat
  • 17:30 Sestaotik Udaletxera. Ibaizabaltik Herriko piraguen jaitsiera
  • 17:30 Santurtzitik Udaletxera. Nerbioitik jaitsiera ekologista
  • 17:45 Areatza: XVI. Hiri Krosa herrikoia. Laugarren Irteera:  Haur, kadete eta gazte kategoriaren mutilentzat
  • 18:00 Areatza: XVI. Hiri Krosa herrikoia. Bosgarren Irteera:  Elbarrituak
  • 18:00 Uribitarte. Uraren eguna “Ur jolasak”
  • 18:20 Areatza. XVI. Hiri Krosa herrikoia. Seigarren irteera: Txupeteak eta txikiak kategoriaren neskentzat
  • 18:30 Areatza. XVI. Hiri Krosa herrikoia. Zazpigarren irteera: Txupeteak eta txikiak kategoriaren mutilentzat
  • 18:45 Areatza. XVI. Hiri Krosa herrikoia. Zortzigarren irteera: Senior, Junior, Promesak eta beteranoak
  • 20:30 Arriaga plaza. Suzko zezena

Abuztuak 25, larunbata

Abuztuak 26, igandea

Guneak

  • Euskalgune: Txori Barrote – Eguzkizaleak – Hau Pittu Hau – Abante
  • Kulturgune: Altxaporrue – Txinbotarrak – Satorrak
  • Triangune: Mekauen – Bizizaleak – SinKuartel
  • Karpagunea: Askapeña – Pa..Ya
  • Arriagaren atzekaldea: Kaskagorri + Kaixo + Kobeta Mendi