Kontzertuak, kukaina, eta slackline-a Bilbo Zaharreko jaietan

Iturria: Bilboko Branka

Uztailaren amaieran, urtero bezala, jaiak datoz Bilbo Zaharrera. Aurten ere, egitarau trinko eta polita prestatu du auzoko jai batzordeak. Udalak Martzana kaia erabiltzeko oztopoak jarri baditu ere -herri azoka alternatiboa egitea galarazi eta puzgarriak baino ez ditu baimendu- bilbitarrek disfrutatzeko aukera ugari izango dituzte ostegunetik igandera.

Hain zuzen ere, Udalaren jarrera inposatzailea salatzeko batukada-burrunbada deitu dute larunbaterako, 12:30ean Martzana kaian. Espazio Publikoaren bulegoak, azkenaldian beste hainbat kolektibo eta taldeen proposamenekin maiz egin izan duen bezala, ez die Martzana kaia erabiltzeko baimenik eman herri azoka alternatiboa antolatu nahi zuten taldeei, ekimena “interes publikokoa” ez dela argudiatuta.

Festen hasiera ofiziala ostiralean izango den arren, ostegunean Gazte Eguna antolatuko dute auzoko gazteek. Jaietan, berriz, presoen aldeko bazkaria, Inoren Ero Ni, B.C. Bombs eta The Cisco Kids taldeen kontzertuak, tortila txapelketa, kukaina famatua eta, aurten ere, slackline-a praktikatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Slackline delakoa orekan oinarritutako kirola da. Bi zutabe edo zuhaitzi lotutako zinta baten gainean ibiltzea, alegia. Bilbo Zaharrean, ordea, itsasadarraren gainean egingo dute.

Udalak ukatu egin du Bilbo Zaharreko jaietako herri azoka egiteko baimena

Iturria: Bilboko Branka

Udal Gobernuak ez du debekua arrazoitzeko azalpenik eman. Bilbo Zaharreko jai batzordeak uste du erabakiak agerian uzten duela Azkuna buru duen taldearen jarrera autoritarioa. Auzokideek azaldu dute ez diotela uko egingo Martzana kaia erabiltzeari azokaren moduko herri ekimenak martxan jartzeko.

Iñaki Azkunaren udal Gobernuak ukatu egin du Bilbo Zaharreko jai batzordeak auzoko jaien harira Martzana kaian antolatu nahi zuen herri azoka egiteko baimena. DDT banatzaileak -jai batzordean parte hartzen duen eragilea- ohar batean jakitera eman duenez, udal arduraduneak ez dute oraindik idatzizko jakinarazpenik helarazi baina baimena ukatzen duela esateko deitu dute.

Herri azoka banatzaile alternatiboek, nekazal ekoizle ekologikoek, artisauek eta kolektibo ezberdinek beren produktuak eskaintzeko gune bilakatu nahi zuen Bilbo Zaharreko jai batzordeak, eta auzoko plazan espazio gutxi zegoela iritzita, Martzana kaia erabiltzeko eskaera egin zioten Udalari. Honek, baina, umeentzako puzgarriak jartzeko baimenik baino ez du eman.

Herri mugimenduak antolatutako ekimen baten enegarren debekua dugu azoka honena. Izan ere, azken hilabeteotan ugariak izan dira debekatutako ekitaldiak.

DDTren esanetan erabakiak agerian uzten ditu Udal Gobernuaren tik autoritarioak eta 7Katu Gaztetxeak bere garaian egindako ortuaren adibidea jarri du jarrera horren paradigma bezala. Gaztetxeko kideek Solokoetxeko eskaileretan erabilerarik ez zuen berdegunean baratza egitea erabaki zuten eta Azkunak ortua txikitzeko agindua eman zion udal langileei.

Herri azoka bertan behera geratu da, oraingoz, baina jai batzordetik argi utzi nahi izan dute ez diotela uko egingo Martzana kaiaren erabilerari herri ekimenak aurrera eramateko.

Hain zuzen ere, azken bi hilabeteotan espazio publikoaren erabileran debekuak eta erabaki arbitrarioak biderkatu egin direla salatu zuen Kalea Guztiona da plataformak ekainaren 27an.