Udalak ukatu egin du Bilbo Zaharreko jaietako herri azoka egiteko baimena

Iturria: Bilboko Branka

Udal Gobernuak ez du debekua arrazoitzeko azalpenik eman. Bilbo Zaharreko jai batzordeak uste du erabakiak agerian uzten duela Azkuna buru duen taldearen jarrera autoritarioa. Auzokideek azaldu dute ez diotela uko egingo Martzana kaia erabiltzeari azokaren moduko herri ekimenak martxan jartzeko.

IƱaki Azkunaren udal Gobernuak ukatu egin du Bilbo Zaharreko jai batzordeak auzoko jaien harira Martzana kaian antolatu nahi zuen herri azoka egiteko baimena. DDT banatzaileak -jai batzordean parte hartzen duen eragilea- ohar batean jakitera eman duenez, udal arduraduneak ez dute oraindik idatzizko jakinarazpenik helarazi baina baimena ukatzen duela esateko deitu dute.

Herri azoka banatzaile alternatiboek, nekazal ekoizle ekologikoek, artisauek eta kolektibo ezberdinek beren produktuak eskaintzeko gune bilakatu nahi zuen Bilbo Zaharreko jai batzordeak, eta auzoko plazan espazio gutxi zegoela iritzita, Martzana kaia erabiltzeko eskaera egin zioten Udalari. Honek, baina, umeentzako puzgarriak jartzeko baimenik baino ez du eman.

Herri mugimenduak antolatutako ekimen baten enegarren debekua dugu azoka honena. Izan ere, azken hilabeteotan ugariak izan dira debekatutako ekitaldiak.

DDTren esanetan erabakiak agerian uzten ditu Udal Gobernuaren tik autoritarioak eta 7Katu Gaztetxeak bere garaian egindako ortuaren adibidea jarri du jarrera horren paradigma bezala. Gaztetxeko kideek Solokoetxeko eskaileretan erabilerarik ez zuen berdegunean baratza egitea erabaki zuten eta Azkunak ortua txikitzeko agindua eman zion udal langileei.

Herri azoka bertan behera geratu da, oraingoz, baina jai batzordetik argi utzi nahi izan dute ez diotela uko egingo Martzana kaiaren erabilerari herri ekimenak aurrera eramateko.

Hain zuzen ere, azken bi hilabeteotan espazio publikoaren erabileran debekuak eta erabaki arbitrarioak biderkatu egin direla salatu zuen Kalea Guztiona da plataformak ekainaren 27an.

Leave a Reply

*