Kontzertuak, kukaina, eta slackline-a Bilbo Zaharreko jaietan

Iturria: Bilboko Branka

Uztailaren amaieran, urtero bezala, jaiak datoz Bilbo Zaharrera. Aurten ere, egitarau trinko eta polita prestatu du auzoko jai batzordeak. Udalak Martzana kaia erabiltzeko oztopoak jarri baditu ere -herri azoka alternatiboa egitea galarazi eta puzgarriak baino ez ditu baimendu- bilbitarrek disfrutatzeko aukera ugari izango dituzte ostegunetik igandera.

Hain zuzen ere, Udalaren jarrera inposatzailea salatzeko batukada-burrunbada deitu dute larunbaterako, 12:30ean Martzana kaian. Espazio Publikoaren bulegoak, azkenaldian beste hainbat kolektibo eta taldeen proposamenekin maiz egin izan duen bezala, ez die Martzana kaia erabiltzeko baimenik eman herri azoka alternatiboa antolatu nahi zuten taldeei, ekimena “interes publikokoa” ez dela argudiatuta.

Festen hasiera ofiziala ostiralean izango den arren, ostegunean Gazte Eguna antolatuko dute auzoko gazteek. Jaietan, berriz, presoen aldeko bazkaria, Inoren Ero Ni, B.C. Bombs eta The Cisco Kids taldeen kontzertuak, tortila txapelketa, kukaina famatua eta, aurten ere, slackline-a praktikatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Slackline delakoa orekan oinarritutako kirola da. Bi zutabe edo zuhaitzi lotutako zinta baten gainean ibiltzea, alegia. Bilbo Zaharrean, ordea, itsasadarraren gainean egingo dute.

Leave a Reply

*