Konpartsei zigorra ezarriko diela iragarri du Azkunak

Iturria: Bilboko Branka

Iñaki Azkuna alkateak txosten zigortzailea irekita itxi nahi du Konpartsero Eguna Areatzan egitea debekatu izanaren harira sortutako polemika. Ospakizuna Areatzako goiko aldean egin beharrean, kaian egitera behartu zuen Udalak Bilboko Konpartsak, baina koordinadorak bereari eutsi zion eta pasealekuan, beti egiten duen tokian, egin zuen azkenik.

Giroa ezinhobea izan zen eta goizetik ehunka konpartsero bildu ziren pintxo lehiaketan eta ondoren egin zuten bazkari eta erromerian parte hartzeko. Aurretik, alkatea ‘oporretan’ bidaltzeko abiatu duten kanpainaren berri eman zuten kioskoaren aurrean jarritako ‘hondartzan’.

Udalari jaurtitako erronkak, baina, erantzuna izan zuen berehala Azkunaren ahotik. Espazio Publikoari buruzko ordenantza urratzeagatik txosten zigortzailea irekiko dio Udalak Bilboko Konpartsak-eri. Alkateak berak iragarri zuen funikularraren instalazio berrituen inaugurazioan. “Ez dut istilurik sortu nahi sei batailoi sartuta. Ez naiz tranpa horretan eroriko”, azpimarratu zuen.

Azkunak dio ez duela “probokazioan erori nahi”, konpartsek hartutako jarrerari buruz hitz eginez, baina “legea urratzen duenari, jakina, dagokion txostena irekiko zaio”, argitu zuen. Espazio Publikoari buruzko ordenantzaren arabera zigorra 1.500 eurorainokoa izan daiteke arau hauste larrien kasuan.

Itziar Villafañez konpartsen koordinadoraren bozeramaileak, ordea, ez dio alkateari erantzun nahi izan eta debekua Azkunaren haserrealdi bat baino ez dela izan adierazi du, “munduko alkaterik onenaren sarirako izendatu izanaz trufatu ginelako. Argi dago ez zaiola batere gustatu erabili dugun tonu ironikoa”, esan du.

Villafañezek dioenez, Udalak ez du debekua justifikatu. “Udal ordenantzari esker nahi duena egiteko aukera dauka”, salatu du. Eledunaren esanetan, orain arte, Konpartsero Eguna kolaborazio eta parte hartzearen eredutzat hartzen zuen Udalak berak, “horrek arazorik egongo ez zela bermatzen zigun, ekimena instituzionalizatua baitzegoen”.

Azkunopolis

Konpartsero Egunaren aurreko asteetan ugariak izan dira Azkunak konpartsen aurka esandakoak eta Hain zuzen ere, mespretxuzko adierazpen horiek agerian utzi dute Batzorde Mistoan erabakitzen diren auzien inguruan alkateak duen ezjakintasuna, Bilduk salatu zuenez.

Orain hilabete baino gutxiago Bilboko Konpartsek gogor kritikatu zuten autengo Aste Nagusirako Udalak Txikigunea eta kontzertuak antolatzeko aukeratutako kokapen berria. Azkunaren jarrera inposatzailea dela uste dute konpartsek eta behin baino gehiagotan utzi dute agerian azkenaldi honetan. Kritikarako, baina ironia eta umorea erabili dute. Hain zuzen ere, joan den astean Udaletxe aurrean, Jorge Oteitzaren eskultura kendu eta Azkunaren urrezko eskultura jartzeko proposamena egin zuten, baita hiriari Bilbo izena kendu eta Azkunopolis jartzea.

Nolanahi den ere, ika-miketatik harago, garrantzitsuena larunbateko Konpartsero Egunean mila lagunetik gora bildu zirela egun polita pasatzeko eta Aste Nagusirako hilabete baino gutxiago geratzen dela gogoratzeko.

Leave a Reply

*