Bilbo itxaropen, baina Bilbao gailen

Iturria: Berria

Ehunetik 27 euskal herritar baldin badira euskaldunak, batez bestekoaren azpitik dago Bizkaia (%25,4 elebidunak), nahiz eta hogei urtean hamar puntu gora egin duen euskaraz dakitenen kopuruak. Bilbok eragiten du desoreka. Hiru euskal herritarretik bat bizi da Bilbo Handian, eta eremua oso erdaldundua dago. Bilbo euskalduntzeko urrats batzuk egin direla erakutsi du V. Inkesta Soziolinguistikoak, gazteen artean batik bat. 16 eta 24 urte arteko gazteen %53k badakite euskaraz; %18,7 bakarrik dira erdaldun hutsak; gainerako %28,4 gai dira euskara ulertzeko. Baina datu horiek ez dute pisu demografikorik; gazteak baino askoz gehiago dira helduak, eta zaharrenek erdaraz bizitzen jarraitzen dute —64 urtez gorako bizkaitarren hiru laurdenak erdaldun hutsak dira, eta gaztelaniaz soilik egiten dute %82k—. Hartara, ez da ondorioa ateratzeko zailtasunik: erdaraz bizi dira bizkaitar gehienak. Bilbo baino gehiago, Bilbao da Bizkaiko hiriburua, gehiengoarentzat.

1. Ezagutza

Bizkaitarren laurdenak dira euskaldunak (254.000), duela hogei urte baino 102.000 gehiago. Gaztelania baizik ez datikenak, berriz, 164.000 gutxiago dira, baina gehiengo oraindik: %56,5. Elebidun hartzaileak, berriz, euskara ulertu arren erabiltzeko gai ez direnak, 181.000 dira, duela hogei urte baino 110.000 gehiago; hazkunde handiena, beraz, azken horiek izan dute hogei urtean. Bilbo hiriburuan askoz apalagoak dira datuak euskararentzat: %16,3 dira euskaldunak; bitik batek erdara baizik ez du ulertzen.

Belaunaldiz belaunaldi emendatzen joan da euskaldunen kopurua Bizkaian, modu progresibo eta jarraian: 50 urtez gorakoen artetik, %17 inguru dira elebidunak; 35 eta 49 urte artekoetatik, %24 inguru dira; 25 eta 34 urte artekoetatik, %37,5; eta 16 eta 24 urte artekoetatik, %53. Gazteen artean, beraz, erdiek badakite euskaraz; 24 urte baino gutxiago dituzten bizkaitarren artean, hamarretik bi baino ez dira erdaldun hutsak; zortzi ulertzeko gai bederen badira. Baina, Araban gertatzen den bezala, gazte gehienek (hamarretik zortzik) gaztelania dute lehen hizkuntza. Elebidun guztien artean, %20 ere ez dira euskaraz gaztelaniaz baino hobeto moldatzen direnak; Bilbon, %7 eskas dira.

Euskaldun gehiago badira, beraz, Bizkaian, baina gaztelaniaz moldatzen dira erosoen. Bizkaiko elebidunen ia erdiek erdara izan dute lehen hizkuntza; eta, herritar guztiak aintzat hartuta, hamarretik bat euskaldun berria da. Beste hainbeste dira euskaldun zaharrak. Euskara umetatik ikasi dutenak adina badira, beraz, heldutan ikasi dutenak. Hamarretik ia sei, adiz, erdaldunak dira.

2. Erabilera

1991tik, euskaraz gehiago egiten dutenen portzentajea igotzen joan da Bizkaian urtez urte, dezima batzuz bederen —gehienbat euskaraz egiten dutenak %13 dira gaur egun, V. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera—. Erdaraz baizik ez dakitenen portzentajea, berriz, ia hamar puntu jaitsi da; eta euskaraz tarteka egiten dutenena %14raino igo da. Bilbon, beltzagoak dira datuak: %3,1 baino ez dira gehienbat euskaraz egiten dutenak, eta %83,6 beti erdaraz ari direnak.

Euskararen erabilerari eragiten dioten faktoreak antzekoak dira Bizkaian eta Araban. Belaunaldi gazteak euskaldunagoak diren arren, ingurune erdaldunean hazitakoak dira. Eskolak edo euskaltegiak euskaldundu ditu, baina ez dute ez erraztasunik, ez beharrik euskaraz egiteko. 50 urtez beherakoen artean, gehienbat euskaraz egiten dutenen portzentajea ez da igo bi hamarkadatan; %6ko inguru horretan egonkortuta dabil. 50 urtez gorakoen artean, %7,3 dira gehienbat euskaraz egiten dutenak, eta 64 urtez gorakoen artean %9,7. Zenbat eta gazteago, hortaz, euskararen erabilera intentsiboa egiten dutenak orduan eta gutxiago dira, ehunekotan.

Halere, erdarak behera egin du Bizkaian, Araban bezala: 35 urtez azpikoen artean, hamarretik sei dira gaztelania besterik erabiltzen ez dutenak —zaharragoen artean handiagoa da portzentaje hori: %80 inguru—. 35 urtez azpikoetan joera bat nagusitzen ari da Bizkaian eta Araban: belaunaldi zaharragoek baino gehiago egiten dute euskaraz, ez dira erdaldun elebakarrak, baina euskara tarteka erabiltzen dute, eta erdara baino gutxiago. Bizkaian %25 inguru dira euskara noizbehinka erabiltzen duten gazteak, eta %6 inguru dira normalean euskaraz egiten dutenak; euskara eta gaztelania antzera erabiltzen duten gazteak, berriz, %8 inguru dira.

Elebidunek seme-alabekin erabiltzen dute gehien euskara —%69k egiten diete—. Etxean euskaraz egiten dute, batez beste, euskaldunen herenek; zerbait handiagoa da portzentajea neba-arreben arteko (%41) eta bikotekideen arteko (%37) erabileran. Lankideekin ere gora egin du erabilerak; euskaldunen %44k egiten dute lanean euskaraz, eta ikasle euskaldunen %43k egiten dute euskaraz haien artean. Eremu formalean ere gora egin du erabilerak: administrazio publikoarekin euskaraz egiten dute Bizkaiko euskaldunen erdiek. Osasun zerbitzuetan, gutxiagok erabiltzen dute (%34k), hala ere.

3. Jarrerak

Euskara sustatzeko politikak babesten dituzte hamar bizkaitarretik seik (%58,6k). Hogei urtean zortzi puntu egin du gora aldekotasunak, eta zazpi behera kontrakotasunak. Hiriburuan aurkako jarrera zabalduago dago, ordea: Bizkaian %13,1 dira aurkakotasuna agertu dutenak; Bilbon, %16,2 dira. Hala ere, euskararen aldeko agertzen dira bizkaitarrak, orobat: administrazio publikoan lan egiteko euskaraz jakin behar dela uste dute %74k, haur guztiek euskaraz jakin behar dutela pentsatzen dute %80k, eta euskarazko irakaskuntza ereduaren aldekoak dira %65. Badira %31, ordea, ingelesa ikastea euskara ikastea baino hobea dela uste dutenak.

Hizkuntza politikak ontzat jotzen dituzte bizkaitar erdiek, euskararen alde asko egin dela iritzita. Horiek eskastzat jotzen dituzte, ordea, %27,6k. Araban bezala, euskara arriskutik salbu sumatzen dute bizkaitar gehienek (%77); euskara arriskuan ikusten dutenak %20 baizik ez dira. Eta, euskaraz dakitenak laurdenak baino ez diren arren, «guztiz» euskalduntzat ikusten dute bere burua %65ek. «Bertakoa» izateko euskaraz jakin behar dela uste dutenak %32 dira, baina baieztapen horren aurka agertu direnak gehiago dira oraindik: %63.

Leave a Reply

*