Debekuen gainetik Konpartsakide Eguna ospatu genuen atzo Areatzan. Gora Bilboko Konpartsak!

Bilboko Konpartsak: “Azkunaren oporren hegaldi txartela”

Bideoa: Bilboko Branka

Orain hilabete batzuk jakin izan genuen Juan Carlos de Borbón, espainolen Erregea eta Bizkaiko Jauna Jainkoaren graziagatik, Botstwanara elefanteak ehizatzera oporretan joanda zela.

Francoren legezko oinordekoaren zaletasun ludikoak itsustuz tsunami baten pareko haserre olatu bat sortu zen. Baina denbora guzti honetan Bilboko Konpartsak bezain minduta, suminduta eta harrituta egon den inor ez dago.

Nola da posible hain emankor txikiko indibiduo bat, guztion diruarekin, parrandan joan izana eta Berorren Udal Gorentasuna (BUG) den Iñaki Azkuna Jauna ez?

Garrantzi handiagoa al dauka Espainiako Erregea izateak Bilboko Alkatea izateak baino? Zertan gabiltza?

BUG, edozeinek dakien bezala, mundu ezaguna eta mundu ezezagunaren ardura eta garrantzi gehien duen kargodun pertsona da.(mundu ezezagunean eskolagabeko eta gerripeko edo eta gerripekorik gabekoak ere baino ez daude).

Horregatik, hain zuzen ere, eta BUGekiko leialtasun instituzionala eta esker oneko konpartson estilo berriari eutsiz, gaur eta hemen, Bilboko Konpartsakek kanpaina berri bati hasiera ematen dio: Aste Nagusi honetan, ontzizain handia, itsasargi eta bide-erakuslea, buruzagi handia eta bilbotar guztion Alkatea den Iñaki Azkuna Jauna, Udal Gorentasuna, oporretan bidaliko dugu.

BUGek bere bizia ematen du gu guztiongatik urteko egun guztietan eta gutxienez Aste Nagusian, batzuek Herria izendatzen tematuta badauden ere, jendaila baino ez diren horien ekimenak ikusi, entzun eta usaintzeko behar izatetik libratu nahi dugu.

Bilboko Konpartsok egun horietan zehar, Unibertsoko edozein txokotan, BUGen egonaldi eta bidaia antolatu eta finantzatzeko prest azaltzen gara. Baina laguntza behar dugu, hain merezita dituen opor horiek non izan daitezkeen ez zaigu bururatzen. Honengatik, BUGen agindupeko guztiei deialdia luzatzen diegu turismo-helmuga ideiak botatzeko.

Bilboko Konpartsetako web orrialdean zuen ekarpenak egiteko inprimakia topatuko duzue. Bidai-txekearen formarekin duen inprimaki hori jaitsi dezakezue, bertan zuen ustez BUG bidaiatu behar duen helmuga idatzi, argazki bat hartu eta gure webera bidali dezakezue. Aste Nagusian jasotako ideiarik hoberena publiko egingo dugu eta asteazkenean 19:30tan, jai-gunearen erdialdetik, BUG bere bizitzako oporrik onenak izatea espero dugun horietara bidaliko dugu. Urte askotarako Jainkoak babes dezala.

Zuen ideien zain. Berak merezi du eta.

Bilboko Branka: Azkuna oporretan bidaltzeko lehiaketa abiatu dute Bilboko Konpartsek

 

Azkunaren erantzuna:

El Correo Español:  El pulso entre las comparsas y Azkuna se salda con un expediente sancionador

Bilboko Konpartsak: “Iñaki Azkunaren zaldi-estatua eraikitzea eskatzen dugu”

Argazkia: Bilboko Branka

Bilboko Konpartsetatik, gure bihotzak poztasunez beterik, harrotasun eta gogobetetasunez, Iñaki Azkuna “Su Alteza Municipal” (hemendik aurrera SAM) ofizialki Munduko Alkaterik onena izendatzeko zabaldutako kanpainarekin bat egitea baino ezin dugu egin. Errealitate hau Bilbon iturri ofiziosoz jakina eta soberan ezaguna zen azken 13 urte pozgarri hauetan.

SAMen zaldi-estatua eraikitzea eskatzen dugu, gizateria osoaren esker onaren adierazlea izango dena, SAMen existentzia eta bere kudeaketa eredugarriagatik. Eredugarri bezain apal formetan, ixila eta zuhurra, inoiz Mundu Unibertsoaren historiak ezagutu ez duenaren parekoa.

Kokapena:

Ernesto Erkoreka Plazaren errotondan.

Materiala:

Urre trinkozkoa. Brontzea aukera merkeagoa litzateke, baina, Bilborako eta Mundurako hain beharrezko eta garrantzizko proiektu batean bitartekoetan aurreztea ez zaigu egokia iruditzen.

Neurria:

Bidezkoa Alkatearen “ego”aren neurrikoa izatea litzateke, baina jakitun gara horrek plaza osoaren eraikinen eraistea ekarriko lukeela, Udaletxea barne.

Honengatik hain zuzen ere, gogoz kontra bada ere, estatuaren neurria 40 metroetara txikitzera prest gaude. Proiektuaren argazki-montajea atxikitzen dugu.

Finantziazioa:

Derrigorrezko herri harpidetza. Diruz laguntzen ukatzen den orori ondasunak bahituko zaizkio eta Villatik erbesteratua izango delarik.

Estatuaren inaugurazioaren egunean, plazaren izena aldatu beharko da eta hortik aurrera “Iñaki Azkuna Alkate maitagarri, miresle eta ospetsuaren Plaza” izendatuko da. Guztiz zentzuzkoa dena, jakina denez, Ernesto Erkorekak (preso ohi arrunt bat) hain erdian dagoen plaza bati izena ematea ez baitu merezi.Era berean, Munduko Alkaterik onenaren titulua jasoko duen egun berean (mundu honetan justizia egotekotan segurtasun osoz jasoko duela), zaharkiturik dagoen Bilbo izena aldatzea eta hortik aurrera AZKUNOPOLIS izendatzea gure villa.

Ez da bidezkoa Constantinopla, Washington, San Petersburgo, Alejandría edo eta San Sebastian bezalako hiriak egotea, edozein “mindundi”ei dedikatuak direnak, eta SAMek jasan behar izatea, horrenbeste zor dion villaren izena, Bilbao izatea.

Injustizia hau zuzendu dezagun! Gure eskuetan dago.

Hurrengo larunbatean, uztailaren 21ean, Konpartsakide eguna Areatzan ospatuko dugula gogoratzen dizuegu, egun jai-girotsua eta koloretsua izango da Bilboko konpartsetako konpartsakideei esker, prentsaurrekoaz aparte honako hau da egun horretarako prestatutako ekintzak:

  • 12:00

Umeentzako tailerrak
Puzgarriak
Txistorra eta piper banaketa
Pintxo lehiaketaren hasiera

  • 13:30 Pintxoen aurkezpena
  • 14:00 Pintxo lehiaketaren sari banaketa
  • 14:30 Bazkaria
  • 17:00 Erromeria: Gozo-gozo
  • 19:30 Kalejira Orkrestarekin

Bilboko Branka: Azkunak Aste Nagusiarekiko izandako jarrera inposatzailea salatu dute Bilboko konpartsek