Bilboko Konpartsak: “Iñaki Azkunaren zaldi-estatua eraikitzea eskatzen dugu”

Argazkia: Bilboko Branka

Bilboko Konpartsetatik, gure bihotzak poztasunez beterik, harrotasun eta gogobetetasunez, Iñaki Azkuna “Su Alteza Municipal” (hemendik aurrera SAM) ofizialki Munduko Alkaterik onena izendatzeko zabaldutako kanpainarekin bat egitea baino ezin dugu egin. Errealitate hau Bilbon iturri ofiziosoz jakina eta soberan ezaguna zen azken 13 urte pozgarri hauetan.

SAMen zaldi-estatua eraikitzea eskatzen dugu, gizateria osoaren esker onaren adierazlea izango dena, SAMen existentzia eta bere kudeaketa eredugarriagatik. Eredugarri bezain apal formetan, ixila eta zuhurra, inoiz Mundu Unibertsoaren historiak ezagutu ez duenaren parekoa.

Kokapena:

Ernesto Erkoreka Plazaren errotondan.

Materiala:

Urre trinkozkoa. Brontzea aukera merkeagoa litzateke, baina, Bilborako eta Mundurako hain beharrezko eta garrantzizko proiektu batean bitartekoetan aurreztea ez zaigu egokia iruditzen.

Neurria:

Bidezkoa Alkatearen “ego”aren neurrikoa izatea litzateke, baina jakitun gara horrek plaza osoaren eraikinen eraistea ekarriko lukeela, Udaletxea barne.

Honengatik hain zuzen ere, gogoz kontra bada ere, estatuaren neurria 40 metroetara txikitzera prest gaude. Proiektuaren argazki-montajea atxikitzen dugu.

Finantziazioa:

Derrigorrezko herri harpidetza. Diruz laguntzen ukatzen den orori ondasunak bahituko zaizkio eta Villatik erbesteratua izango delarik.

Estatuaren inaugurazioaren egunean, plazaren izena aldatu beharko da eta hortik aurrera “Iñaki Azkuna Alkate maitagarri, miresle eta ospetsuaren Plaza” izendatuko da. Guztiz zentzuzkoa dena, jakina denez, Ernesto Erkorekak (preso ohi arrunt bat) hain erdian dagoen plaza bati izena ematea ez baitu merezi.Era berean, Munduko Alkaterik onenaren titulua jasoko duen egun berean (mundu honetan justizia egotekotan segurtasun osoz jasoko duela), zaharkiturik dagoen Bilbo izena aldatzea eta hortik aurrera AZKUNOPOLIS izendatzea gure villa.

Ez da bidezkoa Constantinopla, Washington, San Petersburgo, Alejandría edo eta San Sebastian bezalako hiriak egotea, edozein “mindundi”ei dedikatuak direnak, eta SAMek jasan behar izatea, horrenbeste zor dion villaren izena, Bilbao izatea.

Injustizia hau zuzendu dezagun! Gure eskuetan dago.

Hurrengo larunbatean, uztailaren 21ean, Konpartsakide eguna Areatzan ospatuko dugula gogoratzen dizuegu, egun jai-girotsua eta koloretsua izango da Bilboko konpartsetako konpartsakideei esker, prentsaurrekoaz aparte honako hau da egun horretarako prestatutako ekintzak:

  • 12:00

Umeentzako tailerrak
Puzgarriak
Txistorra eta piper banaketa
Pintxo lehiaketaren hasiera

  • 13:30 Pintxoen aurkezpena
  • 14:00 Pintxo lehiaketaren sari banaketa
  • 14:30 Bazkaria
  • 17:00 Erromeria: Gozo-gozo
  • 19:30 Kalejira Orkrestarekin

Bilboko Branka: Azkunak Aste Nagusiarekiko izandako jarrera inposatzailea salatu dute Bilboko konpartsek