Igone Lamarain (EHE): “Españolizatu nahi gaituztela? Guk planto”

Argazkian, EHEk deituta, milaka lagunek parte hartu zuten martxoaren 17an Donostian ospatutako Euskaraz Bizi Egunean / © Euskal Herrian Euskaraz.

Hurrengorako lagako dut lehenengo kolaborazio honetarako buruan neukan hausnarketa, zoritxarrez epe ertainean ere gaurkotasuna izango du eta. Wert, Espainiako Hezkuntza ministroa, Euskal Herriko protagonista nagusia da gaurkoan, lehenengo hitza lortu du hedabide guztietan. Eta nik ere nire gaurko hitza eskainiko diot. Katalanengatik zebilen orduan, baina orain aste batzuk gazteak “españolizatu” nahi zituela esan zuen, eta berehala aurkeztu du horretarako proposamen landua. Hangoak eta hemengoak aztoratu dituen aurreproiektua. Hizkuntza eta Curriculuma, edozein herriren nortasunak mantendu eta eraikitzeko zutabeak, biak ala biak zeharo kontrolatu eta agindu nahi ditu(zte) Madriletik. Bolo-bolo ibili da albistea hedabideetan eta sare sozialetan, euren iritzia eman dute hamaika eragilek eta lagunek. Bat nator iritzi askorekin, Aberri Bat eta Bakarra da Espainiako alderdi popularraren helburua. Ohituta gaude gu asimilatzeko helburua duten PP-ren edota Espainiako gobernu ezberdinen politika eta estrategia lotsabakoetara. Baina sekulakoa bota du Wertek oraingoan.

Batu beharra daukagu Euskal Herrian Espainiari planto egiteko, intsumisioa bultzatuz dagokiguna borrokatzeko. Aitzakia ederra daukagu Katalan eta Galiziarrekin elkarlanean aritzeko. Mugitzeko beharra daukagu. Baina harago joan behar gara. Orain protesta egin behar dugun arren, argi eduki behar dugu Espainiako konstituzioak española ezagutzera behartzen gaituela eta, euskara, galiziera edo katalana haren menpeko direla. Euskaldunok bigarren mailako eta menpeko izendatzen gaitu Espainiako konstituzio arrotzak gure herrian. Horregatik borrokatu behar dugu hizkuntza politika burujabearen alde, euskaraz bizitzeko gure herriak bere bidea egin behar duelako.

Beraz? Planto egiten badiogu? Heldu al da jarrera intsumisoak berreskuratzeko garaia? Ez ote da heldu gu españolizatzeari intsumisioa egiteko eta geurearen alde egiteko garaia?

Batu, mugitu, intsumisioa gauzatu!

Igone Lamarain EHEko kideak “Ereiaro” Berria.info-ren euskarari buruzko kanalean argitaratutako iritzi artikulua.

Madrilen epaituko dituzten bi itzubaltzetarrei babesa adierazi diete Bilboko Konpartsek

IMG_0385

Iturria: Ukberri.net

Itzubaltzeta / Romoko ehun bat auzokidek eta kultur, jende eta kirol talde ezberdinetako kideek agerraldia egin dute gaur arratsaldean Branka kultur elkartearen eta Itzubaltzeta / Romo eta Pinuetako jai batzordearen presidenteei elkartasuna eta babesa emateko. Izan ere, datorren abenduaren 10ean Espainiako Auzitegi Nazionalean burutuko da bi elkarteen presidenteen aurkako epaiketa, 2011ko jai-liburuxkan Branka kultur elkarteak bere iragarkian elkarte horretako bi kide presoen argazkiak ipintzeagatik. Bakoitzari 18 hilabeteko espetxe zigorra jartzea eskatu du fiskalak, “terrorismoaren goratzea” egotzita. Edu Sebastian eta Joseba Lekunberri jai batzordeko eta Brankako kideek auzia “zentzugabekeria eta adierazpen askatasunaren aurkako eraso argitzat” jo dute eta epaiketa berehala bertan behera uzteko exijitu dute. Bitartean, manifestazio isila deitu dute iganderako, abenduak 9, 13:00etan Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazatik.

Auziperatutako Josu Iturburu eta Jagoba Agirrek dagoeneko jaso dituzte mila auzokideren eta makina bat elkarteren babesa. Hala nola, Getxoko Udalbatza (EAJ eta Bilduren botoz), Alternatiba, Eusko Alkartasuna, Ezker Abertzalea, Getxoko Bildu, Bilboko Konpartsak, Santa Anako jai batzordea, Algortako jai batzordea, Betiko ikastolako batzordea, Zasi Eskola dantza taldea, Erromotarrak areto futbola, PTPren aurkako batzordea, Itzubaltzetako Emakumeen Asanblada, Gazte Asanblada, Erromoko Hintxak, Herri Norte Taldea, Herrira, Ukberri eta Erromoko koadrilak.

Auzokideek zabaldutako oharra:

Bi auzokide epaituko dituzte Auzitegi Nazionalean

Abenduaren 10ean Itzubaltzeta / Romoko bi auzokide epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean, terrorismoa goratzea delitua egotzita.

Bi auzokideen aurkako jazarpena 2011ko Itzubaltzetako festen testuinguruan hasi zen, jaietako liburuxkan Branka kultur elkarteak urtero jartzen duen iragarkian elkarte horretako bi kide presoen argazkiak ipintzeagatik. Josu Iturburu eta Jagoba Agirre epaituko ditu magistratuak. Josu Branka kultur elkarteko presidente gisa, bazkide presoen argazkiak jartzearen arduradun izateagatik eta Jagoba Erromoko jai batzordeko presidente gisa, festetako liburuxka argitaratzeagatik.

2012ko urtarrilean eta apirilean, hurrenez hurren, Jagobak eta Josuk Auzitegi Nazionalean deklaratu behar izan zuten, inputatu gisa, eta handik gutxira fiskalak 18 hilabeteko espetxe-zigor eskaera egin zuen bakoitzarentzat.

Izapide guztiak burututa, abenduaren 10ean bi auzokideek akusatuen aulkian eseri beharko dute, epaiketari hasiera emateko.

Egoera horren aurrean, ideologia eta jatorri desberdineko auzokideok, Josu eta Jagobaren aurkako, eta ondorioz Branka kultur elkarteari eta Erromoko jai batzordeari eragiten dien erasoaren aurrean gure gaitzespen irmoena adierazten dugu eta bi auzokideen aurkako epaiketa berehala bertan behera uzteko exijitzen dugu.

Branka kultur elkarteak une horretan preso zeuden bi bazkideren argazkiak jaietako liburuxkan jartzeagatik inoren kontra 18 hilabeteko espetxe-zigorra eskatzea zentzugabekeria eta adierazpen askatasunaren aurkako eraso argia baino ez da. Gisa honetako eskubide urraketek ez dute kabidarik, eta are gutxiago Euskal Herrian zabaltzen ari den aro berri eta itxaropentsuaren aurrean. Horregatik, bi auzokideei gure elkartasuna eta babesa eskaintzen diegu.

Zentzu horretan, auzoko eragile, elkarte, talde eta norbanakoen atxikimendu kanpaina bat abiatu dugu Madrilerako bidean ahalik eta auzotar gehienen berotasun eta sostengua izan dezaten.

Ildo horretan, Itzubaltzeta / Romoko mila auzokidek baino gehiagok sinatu du aipatu atxikimendua eta auzoko eta inguruetako makina bat elkarteren babesa jaso dugu. Hala nola, Santa Anako jai batzordea, Algortako jai batzordea, Bilboko Konpartsak, Betiko ikastolako batzordea, Zasi Eskola dantza taldea, Erromotarrak areto futbola, PTPren aurkako batzordea, Itzubaltzetako Emakumeen Asanblada, Gazte Asanblada, Erromoko Hintxak, Herri Norte Taldea, Herrira, Ukberri, Erromoko koadrilak, Alternatiba, Eusko Alkartasuna, Ezker Abertzalea, Getxoko Bildu, eta aipamen berezia egin behar diogu Getxoko Udaleko azken bilkuran EAJ eta Bilduren aldeko botoz onarturiko mozioari.

Beste barik, zure inplikazioaz horrelako beste gertaerarik ez errepikatzeko asmoz, aipatutako bi deialdietan elkar ikustea espero dugu:

• Abenduak 9, 13:00etan, Manifestazio isila Santa Eugenia plazatik.

• Abenduak 10, 20:00etan, Josu eta Jagobari harrera Santa Eugenian epaiketatik bueltan.

Kontseilua: “Wert-en proposamena eraso larria da euskararentzat”

Kontseiluaren iritziz erabaki hau eraso larria da. Eraso larria da gainera, ez bakarrik hezkuntza sistemarentzat, euskararen normalizazioarentzat baizik. Atzerapauso itzela izango litzateke proposamen hori indarrean jartzea. Orain dela 40-50 urte bizi genuen egoerara bueltatzea suposatuko bailuke, Frankismoaren garaira, alegia, zeinean euskarazko irakaskuntza debekatua zegoen.

Euskararen, galegoaren eta katalanaren aurka hartutako erabakia da PPrena. Izan ere, murgiltze eredua debekatu egingo luke eta bide horretan ikasleei bertako hizkuntzan ikastea eta bertako hizkuntza ikastea debekatuko lieke.

Honek, Hego Euskal Herriak, Galiziak eta Kataluniak hezkuntza arloan dituzten eskumenak urratzeaz gain, Espainiako Estatuak ezarrita duen ofizialtasuna bera urratu egiten du, eta erabat babesgabe uzten du gure hizkuntza komunitatea. Horrekin batera, proposamenak Europako Hizkuntza Gutxituen Itunaren artikulu bat ere zuzen-zuzenean urratzen du (bertako hizkuntzan ikasteko eskubidea jasotzen duena, alegia).

Kontseiluaren ustez maila honetako erasoak neurri bereko erantzuna behar du eta hori aztertzen ari da une honetan, eta horrexegatik eragileekin premiazko bilerak egiteari ekingo dio hurrengo egunotan, erabaki honek izan ditzakeen ondorioak aztertzeko. Halaber, Kataluniako eta Galiziako eragileekin ere harremanetan jarri da Kontseilua, Espainiako Gobernuari interpelazio bateratua egiteko aukerak aztertzeko. Gogoratu nahi dugu, larunbatean bertan aldarrikatu genuela Donostiako kaleetan euskaraz bizi nahi dugula eta zentzu horretan, euskaraz eta euskara ikasi nahi dugula.

Bidenabar, gogoratu nahi dugu, Kontseiluan dauden hezkuntza sektoreko bazkideekin batera, euskarazko hezkuntzarako proposamena egina badugula.

Eusko Jaurlaritza berriari ere mezua helarazi nahi dio Kontseiluak, izan ere, lanean hasi orduko mahai gainean izango du afera hau eta behar den erantzukizunaz joka dezan eskatu nahi dio.

Werten erreforma: gaztelania bermatu eta hizkuntza gutxituak gutxiagotu

Iturria: Argia.com

José Ignacio Wert Espainiako Kultura eta Hezkuntza ministroak gaur aurkeztuko du hezkuntzan egin nahi duen erreforma egitasmoa. Hizkuntza koofiziala duten erkidegoetan gaztelania eta erkidegoko hizkuntza “proportzio orekatuan” eskaintzea da Werten helburua. Horrek euskarazko eskola-orduak murriztea ekar lezake.

Wertek erreforma proposamenak onartzen du erkidego autonomo batek “hizkuntza koofizialari tratamendu diferentziatua ematea” baina betiere “arrazoizko” neurrian, “gaztelaniaren bazterketa” ekarriko ez duen neurrian alegia.

Testuak ez du zehazten zein neurri den “arrazoizkoa” eta beraz ateak zabaltzen ditu irakaskuntzan gaztelaniaren presentzia handitzeko. Besteak beste, erreformak erkidego autonomoak derrigortzen ditu gaztelaniazko irakaskuntza-eskaintza bermatzera.

Antoni Basagoiti PPko kideak adierazi du erreforma “perfektua” dela Euskal Autonomia Erkidegoarentzat, “urte askoan” erabili delako bere ustez “euskara gaztelaniaren kontra”.

“Katalanari erasoa”

Neurriak Espainiako Estatuko gainontzeko hizkuntza gutxituei ere eragingo die, bereziki Kataluniari. Irene Rigau Generalitateko kontseilariak adierazi du 1978tik katalanari egin zaion “erasorik” handiena dela.

Erreforma berriaren aldaketa nagusiena katalana beharrezko irakasgaia izateari uztea litzake eta Rigauren arabera eskola orduak gutxituko lituzke. Ikasleek katalana ikasi ala ez erabaki ahalko dute, eta gaztelania bakarrik izango da derrigorrezko.

“Euskaraz bizi nahi dugunon garaia” heldu dela ozen aldarrikatu dute Donostiako kaleetan

20121201-kontseilua-manifestazioa-donostia

Argazkia: © Kontseilua.

Euskaraz bizitzeko nahiak hartu zituen Donostiako kaleak larunbatean Kontseiluak deituta egin zen manifestazioan. “Euskaraz bizi nahi dugu” lelopean, Anoetatik abiatu zen martxa eta Bulebarrean amaitu. “Manifestazioa herri gogoa berraktibatzeko inflexio puntua izango da”, Kontseiluaren ustez. Mikel Laboaren heriotzaren laugarren urteurrenean ere gogoan izan zuen musikari donostiarra Paul Bilbao idazkari nagusiak. Amaierako ekitaldian, Itziar Saenz de Ojer donostiarrak bere bizipena kontatu zuen. Aurreko asteetan beste hainbat herritarrek egin zuten moduan. “Euskaraz bizitzeko nahiari tinko, determinazioz” eutsiko diotela berretsi zuen eta bertaratutakoei ere hori egiteko gonbita egin zien Bilbaok.

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak egin zuen azken hitzartzea. “Euskaraz bizi nahi dugu, euskaraz ez bada, ez delako bizitzea guretzat. Euskaraz bizi nahi dugu, eskubidezkoa delako; justiziazkoa delako. Euskaraz bizi nahi dugu betidanik bizi izan delako lurralde hauetan euskaraz. Euskaraz bizi nahi dugu, euskaraz hitz eginez etorkizuna eraikitzen ari garelako”, esan zuen. “Gaur harrotasunerako eguna da. Gaur erakutsi dugu bagarela euskaraz bizi nahi dugun herritarrak, eta beraz, euskararen herriari, guri, dagokigu euskaraz bizi ahal izateko baldintza politiko, ekonomiko eta juridikoak erdiestea”, gaineratu zuen algortarrak. Herritarrei dei egin zien euskaraz bizitzeko nahian lanean jarrai dezaten: “Gaur erakusten ari garen euskaraz bizitzeko nahiak gure hizkuntzaren berreskurapen-prozesua azkartu behar du, bai ala bai. Bizitzeko nahiak ekarri du euskara gaur egunera, eta bizitzeko nahiak eramango gaitu berreskurapenera”.

Halere, euskaraz biziko bagara arduradun politikoek ere erabaki ausartak hartu beharko dituztela ere esan zuen Bilbaok eta dei zehatza egin zien horretarako: “Lehenik eta behin euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa bermatzeko politikak behar dira; eta lasai egon daitezela, erabaki zuzenak hartuz gero, euskalgintzak tresnak prest ditu, urtetan gure herritarrak euskaldundu dituzten tresna eraginkorrak. Bestetik, euskararen erabilera bermatzeko espazioak sortu eta hedatzeko erabaki irmoak hartu behar dituzte, eta hor ere, lasai, tresnak badaude, baditugu. Eskarmentu handia du euskalgintzak espazioak euskalduntzen. Hartara, erabakiak behar dira, eta hor ere hizki larriz esan behar dugu: erabaki ausartak”.

Erabaki ausartak hartzeko unea

Bizi dugun unearen garrantzia ere azpimarratu zuen Kontseiluko idazkari nagusiak: “Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako instituzioetan ere aldaketak izan dira eta hemendik gutxira ere izango dira. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erabaki ausartak hartzeko moduan daudela uste dugu erakunde gehienetan gaur erakusten ari garen euskaraz bizitzeko nahi irmoari erantzuteko erabakiak hartzeko aukerak daudela uste dugu; hortaz, ekin diezaiotela berandu baino lehen nahi hori errealitate bihurtzeari”, esan zuen.

“Gure garaia iritsi da, lagunok, euskaraz bizi nahi dugunon garaia. Eta horretako formula magikorik ez dago, pasioa, determinazioa eta lana baizik. Gutako bakoitzak geure burua bihurtu behar dugu eragile. Hemen bildu garenetako bakoitzak, zuotako bakoitzak, aukera du eragile bihurtzeko, euskaraz biziz eta euskaraz bizitzearen arabera jardunez. Parte hartzen dugun gune guztietan gure nahia mahai-gaineratuz, ikusgarri bihurtuz”, adierazi zuen, euskaldunon garaia heldu dela azpimarratzeko.