Madrilen epaituko dituzten bi itzubaltzetarrei babesa adierazi diete Bilboko Konpartsek

IMG_0385

Iturria: Ukberri.net

Itzubaltzeta / Romoko ehun bat auzokidek eta kultur, jende eta kirol talde ezberdinetako kideek agerraldia egin dute gaur arratsaldean Branka kultur elkartearen eta Itzubaltzeta / Romo eta Pinuetako jai batzordearen presidenteei elkartasuna eta babesa emateko. Izan ere, datorren abenduaren 10ean Espainiako Auzitegi Nazionalean burutuko da bi elkarteen presidenteen aurkako epaiketa, 2011ko jai-liburuxkan Branka kultur elkarteak bere iragarkian elkarte horretako bi kide presoen argazkiak ipintzeagatik. Bakoitzari 18 hilabeteko espetxe zigorra jartzea eskatu du fiskalak, “terrorismoaren goratzea” egotzita. Edu Sebastian eta Joseba Lekunberri jai batzordeko eta Brankako kideek auzia “zentzugabekeria eta adierazpen askatasunaren aurkako eraso argitzat” jo dute eta epaiketa berehala bertan behera uzteko exijitu dute. Bitartean, manifestazio isila deitu dute iganderako, abenduak 9, 13:00etan Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazatik.

Auziperatutako Josu Iturburu eta Jagoba Agirrek dagoeneko jaso dituzte mila auzokideren eta makina bat elkarteren babesa. Hala nola, Getxoko Udalbatza (EAJ eta Bilduren botoz), Alternatiba, Eusko Alkartasuna, Ezker Abertzalea, Getxoko Bildu, Bilboko Konpartsak, Santa Anako jai batzordea, Algortako jai batzordea, Betiko ikastolako batzordea, Zasi Eskola dantza taldea, Erromotarrak areto futbola, PTPren aurkako batzordea, Itzubaltzetako Emakumeen Asanblada, Gazte Asanblada, Erromoko Hintxak, Herri Norte Taldea, Herrira, Ukberri eta Erromoko koadrilak.

Auzokideek zabaldutako oharra:

Bi auzokide epaituko dituzte Auzitegi Nazionalean

Abenduaren 10ean Itzubaltzeta / Romoko bi auzokide epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean, terrorismoa goratzea delitua egotzita.

Bi auzokideen aurkako jazarpena 2011ko Itzubaltzetako festen testuinguruan hasi zen, jaietako liburuxkan Branka kultur elkarteak urtero jartzen duen iragarkian elkarte horretako bi kide presoen argazkiak ipintzeagatik. Josu Iturburu eta Jagoba Agirre epaituko ditu magistratuak. Josu Branka kultur elkarteko presidente gisa, bazkide presoen argazkiak jartzearen arduradun izateagatik eta Jagoba Erromoko jai batzordeko presidente gisa, festetako liburuxka argitaratzeagatik.

2012ko urtarrilean eta apirilean, hurrenez hurren, Jagobak eta Josuk Auzitegi Nazionalean deklaratu behar izan zuten, inputatu gisa, eta handik gutxira fiskalak 18 hilabeteko espetxe-zigor eskaera egin zuen bakoitzarentzat.

Izapide guztiak burututa, abenduaren 10ean bi auzokideek akusatuen aulkian eseri beharko dute, epaiketari hasiera emateko.

Egoera horren aurrean, ideologia eta jatorri desberdineko auzokideok, Josu eta Jagobaren aurkako, eta ondorioz Branka kultur elkarteari eta Erromoko jai batzordeari eragiten dien erasoaren aurrean gure gaitzespen irmoena adierazten dugu eta bi auzokideen aurkako epaiketa berehala bertan behera uzteko exijitzen dugu.

Branka kultur elkarteak une horretan preso zeuden bi bazkideren argazkiak jaietako liburuxkan jartzeagatik inoren kontra 18 hilabeteko espetxe-zigorra eskatzea zentzugabekeria eta adierazpen askatasunaren aurkako eraso argia baino ez da. Gisa honetako eskubide urraketek ez dute kabidarik, eta are gutxiago Euskal Herrian zabaltzen ari den aro berri eta itxaropentsuaren aurrean. Horregatik, bi auzokideei gure elkartasuna eta babesa eskaintzen diegu.

Zentzu horretan, auzoko eragile, elkarte, talde eta norbanakoen atxikimendu kanpaina bat abiatu dugu Madrilerako bidean ahalik eta auzotar gehienen berotasun eta sostengua izan dezaten.

Ildo horretan, Itzubaltzeta / Romoko mila auzokidek baino gehiagok sinatu du aipatu atxikimendua eta auzoko eta inguruetako makina bat elkarteren babesa jaso dugu. Hala nola, Santa Anako jai batzordea, Algortako jai batzordea, Bilboko Konpartsak, Betiko ikastolako batzordea, Zasi Eskola dantza taldea, Erromotarrak areto futbola, PTPren aurkako batzordea, Itzubaltzetako Emakumeen Asanblada, Gazte Asanblada, Erromoko Hintxak, Herri Norte Taldea, Herrira, Ukberri, Erromoko koadrilak, Alternatiba, Eusko Alkartasuna, Ezker Abertzalea, Getxoko Bildu, eta aipamen berezia egin behar diogu Getxoko Udaleko azken bilkuran EAJ eta Bilduren aldeko botoz onarturiko mozioari.

Beste barik, zure inplikazioaz horrelako beste gertaerarik ez errepikatzeko asmoz, aipatutako bi deialdietan elkar ikustea espero dugu:

• Abenduak 9, 13:00etan, Manifestazio isila Santa Eugenia plazatik.

• Abenduak 10, 20:00etan, Josu eta Jagobari harrera Santa Eugenian epaiketatik bueltan.

Fiskalak ia mila bana euroko isuna eskatu du EHEko bi kiderentzat, seinaleen ezabaketa egotzita

Iturria: Berria.info

Argazkian, Haizea Ramirez de Alda eta Itziar Claver Iruñeko Auzitegian.

Altsasun gaztelerazko seinaleak ezabatu zituztela egotzita Iruñeko Auzitegiko fiskalak 941na euroko isuna eskatu du Haizea Ramirez de Alda eta Itziar Claver EHEko kideentzat, baita sei eguneko “zaintza iraunkorra” ere. Nafarroako Gobernuak ere zigor eskaera egin du: isun bera jartzeko bi auzipetuei.

Defentsak absoluzioa eskatu du, Poliziaren esana nahikoa froga ez izateaz gain ezabatutako seinalearen argazkirik ez dutelako aurkeztu.

Ramirez de Aldak esan du Euskal Herrian euskaraz bizitzeko aukerarik ez dagoela. Antzera mintzatu da Claver eta, haren iritziz, “lotsagarria da euskaraz bizitzeagatik egotea hemen”. Euskaraz eta itzultzailerik gabe deklaratu nahi izan dute EHEko kideek eta, hori entzutean, “nahi duzuen hizkuntzan hitz egin dezakezuela uste al duzue?”, erantzun die epaileak. Hasieran eta bukaeran baino ez dute hartu hitza auzipetuek.

EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek epaiketa salatu du. “Euskaraz bizitzeko nahia praktikara eramateak lege menderatzaileekin, epaitegiekin eta isun administratiboekin egin du topo. Berriro euskaldunok auzibidean gaude gure hizkuntza eskubideen aldarrikapena egiteagatik”. Gainera, ohartarazi du fiskalarentzat-eta haiek ezabatu omen zituzten seinaleak aspalditik ezabatuta zeudela, eta elkarteko bi lagunek auzi saioa baino lehen sei mila euroko isuna ordaindua zutela.

Altsasuko alkatea, epaiketaren aurka

Foruzain batek eta Altsasuko udal langile batek lekuko gisa deklaratu dute, eta ez dute auzipetuen kontrako frogarik aurkeztu. Garazi Urrestarazu alkateak epaiketa gaitzetsi du: “Euskaldunon eskubideen alde lan egiten dute bi akusatuek eta uste dut ez direla horregatik epaitu behar”.

Saioaren aurretik 35 lagunek elkarretaratze bat egin dute Iruñeko Justizia Jauregiaren aurrean. Ezabatu eta Euskaraz Bizi ekimenarekin segituko duela hitz eman du EHEk.

Euskaldunon aurkako epaiketarik ez!

EHE_ALTSASU__justizia

Epaiketa salatzeko bideoa egin dute Altsasuko EHEko kideek

Esketx lehiaketa antolatu dute Altsasun (Nafarroa), eta bertako EHEko kideek salaketa egiteko baliatu dute. Bideo labur honen bidez irailaren 11an bertako bi kidek izanen duten epaiketa salatu nahi izan dute.

Altsasuko EHEko bi kide epaituko dituzte “Ezabatu eta euskaraz bizi” ekimenagatik

Irailaren 11an izanen da epaiketa eta EHEk elkarretaratzea eginen du Iruñeko Auzitegiaren parean. Auzipetuek euskaraz baizik ez dute deklaratuko eta ez dute itzultzailerik onartuko.

Itziar Claver Herrera eta Haizea Ramirez de Alda Pozueta Altsasuko (Nafarroa) EHEko kideak epaitu eginen dituzte irailaren 11an “Ezabatu eta euskaraz bizi” ekimenean parte hartzeagatik. Auzipetuek euskaraz bizitzeko hautuari eutsiko diote Auzitegian eta euskaraz baizik ez dute deklaratuko. Epailea euskalduna ez bada, ez dute itzultzailerik onartuko. “Ez zaigu batere normala iruditzen gure herrian itzultzailerik behar izatea”, azaldu dute. Epaiketa hasi aurretik elkarretaratzea eginen du EHEk 10:00etan Iruñeko Auzitegiaren parean. Auziperatuei babesa eskaini nahi dutenei bertaratzeko deia luzatu die Ramirez de Aldak.

Joan den urtean “Ezabatu eta euskaraz bizi” ekimenean parte hartu zuten Claverrek eta Ramirez de Aldak. Foruzainekin topo egin zuten eta bi isun jaso zituzten. 6.000 euroko isuna gaztelaniaz ziren seinaleak ezabatzea leporaturik, eta 300 euroko isuna poliziei euskaraz zuzentzeagatik. Bigarren isuna bertan behera utzi zuten, baina lehenbizikoa ordaindu egin behar izan zuten.

Bide administratiboarekin aski ez, eta heldu den asteartean epailearen aurretik pasatu beharko dute Altsasuko kideek. Beraz, bide penala ere jorratuko du auziak. Dena den ez diete deliturik leporatzen, falta baizik. Auziperatuek bizi duten egoera azaldu zuten abuztuan helarazitako iritzi artikulu honetan.

Bihar abiatuko dituzte Kukutza egitasmoaren aurkako epaiketak

kukutza-desalojoa

Argazkian, 2011ko irailaren 21ean bortizki hustu zuen Errekaldeko Kukutza gaztetxea Ertzaintzak / © Bilboko Branka.

Bihar hasiko dute Kukutza proiektuaren aurkako operazioen harira egin behar duten lehenengo epaiketa. Kukutzaren web gunean (kukutza.blogspot.com) ezagutzera eman dutenez, hilabete honetan bi prozesu ezberdin epaituko dituzte. Urtarrilaren 11tik 13ra, azaroaren 16an Kukutza II gaztetxea izan zena berriz okupatu zuten lagunen kontrako epaiketa burutuko dute Bilboko Auzitegian. Hurrengo asteetan, ostera, Kukutza IIIko hustean eraikin barruan erresistentzian aritu ziren kideen kontrakoa egingo dute. Datozen asteetan, berriz, Kukutza III hustean gaztetxe barruan kanporatze saiakerari eusten aritu ziren lagunen aurkako prozesua hasiko dute.

Kukutza IIko okupazioari dagokion autoak dioen arabera, auzipetuei ez diete usurpazio deliturik leporatzen, jabegoaren kontrako kalteak baizik. Larraskitu kaleko 27. zenbakian sartu zen taldearen helburua ″eraikina azken 13 urtetan hutsik egon dela salatzea″ izan zen, 1998. urtean Kukutzako kideak handik bota zituztenetik, hain zuzen ere.

13 urte hauetan, eraikin horrek sua hartu du, etxegabekoentzako aterpea izan da, eta auzokideentzako arriskua izan da, azpimarratu du Kukutza kolektiboak. Orain, eraikina okupatu zutenei 9.000 euroko kalte ordain eskaera egiten die jabeak, atea, horma eta leihoak apurtu zituztela argudiatuta. Egun hartan bertaratutako hedabideek ateratako irudiek, ordea, argi erakusten dute Ertzaintza bera izan zela atea apurtu eta horman zuloa egin zuena.

Zigor eskaera horiek argi uzten dute, Kukutzako kideen aburuz, egun horretan ertzainek buruturiko operazioak ez zuela usurpazio delitu bat gelditzeko helburua, gaztetxe berri bat sortzeko saiakera galaraztea baizik.

Auzokideen salaketa

Errekaldeberriz auzo elkarteko kideek salaketa (pdf) jarri dute Udalaren aurka, Kukutza Gaztetxearen eraistean izandako jokaera legez kontrakoa dela uste baitute. Auzokideek uste dute ohiko prozedura jarraitu beharrean Iñaki Azkuna alkateak defendatzen omen duen Legea bera urratu zuela zentro kulturala desagerrarazteko.

Errekaldetarrek uste dute gehiengo absolutua lortu zuenetik auzokideei kalte handiak ekarri dizkieten erabakiak hartu dituela. Adibide gisara zenbait autobus linea luzatzeari uko egin izana, eskuketari topaketetan parte hartu zutenentzat lo egiteko lokal bat uzteari uko egin izana edo Kukutzaren eraistearen aurka Beilategi etxebizitza multzoan eragindako pitzadura eta arrakalak aipatu dituzte. Hori gutxi balitz, datozen egunotan auzoan inauguratu behar duten Udal zentroa 40 urte berandu helduko dela salatu dute.

“Egunkaria”-ko auzi ekonomikoaren aurkako elkarretaratzea Andoainen

“Egunkaria auziko” bigarren kasuaren aurrean ostiral honetan elkarretaratzea izango da Andoainen, Martin Ugalde Kultur Parkean, 11:30ean.

“Egunkaria”-ko auzi ekonomikoaren aurkako elkarretaratzea egingo dute ostiralean Andoainen

egunkaria-libre

“Egunkaria auziko” bigarren kasuaren aurrean ostiral honetan elkarretaratzea izango da Andoainen, Martin Ugalde Kultur Parkean, 11:30ean, Berria.info-k zabaldu duenez. 2003ko urrian izan zen polizi operazioa, “auzi ekonomikoa” deiturikokoa, eta 2010ean kazetaren auzian artxiboa izan bazen ere, auzi horrek aurrera segitu du. Zortzi lagun auzipetu zituzten bere garaian. Espainiako Auzitegi Nazionalak ez du “Egunkaria”-ko auzi ekonomikoaren aurkako epaiketa egingo, Jose Maria Vazquez Honrubia Auzitegi Nazionaleko zigor aretoko epaileak auzia Donostiako epaitegira igortzea erabaki baitzuen iazko maiatzean. Kalifikazio eta entzutegi berri batean egonik, auzia berriro hutsetik hasi behar da, eta Gipuzkoako Auzitegiak erabakiko du epaiketa egingo den ala ez. Dignidad y Justicia elkartea herri akusazio gisa aurkeztu da oraingoan ere; AVT ez da aurkeztu.

Zortzi auzipetu daude “Egunkaria”-ko auzi ekonomikoan: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joxe Mari Sors, Ainhoa Albisu, Mikel Sorozabal, Begoña Zubelzu eta Fernando Furundarena. Herri akusazioak 13 eta 26 urte arteko espetxe zigorrak eskatu zituen haientzat, baita 235 milioi euroko isuna ere. Diru kontuak faltsutzea eta zerga iruzurra egin izana egotzi zien —5.481.832 eurokoa—, eta alor ekonomikoan ETArekin harremana izatea.