Fiskalak ia mila bana euroko isuna eskatu du EHEko bi kiderentzat, seinaleen ezabaketa egotzita

Iturria: Berria.info

Argazkian, Haizea Ramirez de Alda eta Itziar Claver Iruñeko Auzitegian.

Altsasun gaztelerazko seinaleak ezabatu zituztela egotzita Iruñeko Auzitegiko fiskalak 941na euroko isuna eskatu du Haizea Ramirez de Alda eta Itziar Claver EHEko kideentzat, baita sei eguneko “zaintza iraunkorra” ere. Nafarroako Gobernuak ere zigor eskaera egin du: isun bera jartzeko bi auzipetuei.

Defentsak absoluzioa eskatu du, Poliziaren esana nahikoa froga ez izateaz gain ezabatutako seinalearen argazkirik ez dutelako aurkeztu.

Ramirez de Aldak esan du Euskal Herrian euskaraz bizitzeko aukerarik ez dagoela. Antzera mintzatu da Claver eta, haren iritziz, “lotsagarria da euskaraz bizitzeagatik egotea hemen”. Euskaraz eta itzultzailerik gabe deklaratu nahi izan dute EHEko kideek eta, hori entzutean, “nahi duzuen hizkuntzan hitz egin dezakezuela uste al duzue?”, erantzun die epaileak. Hasieran eta bukaeran baino ez dute hartu hitza auzipetuek.

EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek epaiketa salatu du. “Euskaraz bizitzeko nahia praktikara eramateak lege menderatzaileekin, epaitegiekin eta isun administratiboekin egin du topo. Berriro euskaldunok auzibidean gaude gure hizkuntza eskubideen aldarrikapena egiteagatik”. Gainera, ohartarazi du fiskalarentzat-eta haiek ezabatu omen zituzten seinaleak aspalditik ezabatuta zeudela, eta elkarteko bi lagunek auzi saioa baino lehen sei mila euroko isuna ordaindua zutela.

Altsasuko alkatea, epaiketaren aurka

Foruzain batek eta Altsasuko udal langile batek lekuko gisa deklaratu dute, eta ez dute auzipetuen kontrako frogarik aurkeztu. Garazi Urrestarazu alkateak epaiketa gaitzetsi du: “Euskaldunon eskubideen alde lan egiten dute bi akusatuek eta uste dut ez direla horregatik epaitu behar”.

Saioaren aurretik 35 lagunek elkarretaratze bat egin dute Iruñeko Justizia Jauregiaren aurrean. Ezabatu eta Euskaraz Bizi ekimenarekin segituko duela hitz eman du EHEk.

Leave a Reply

*