Bihar abiatuko dituzte Kukutza egitasmoaren aurkako epaiketak

kukutza-desalojoa

Argazkian, 2011ko irailaren 21ean bortizki hustu zuen Errekaldeko Kukutza gaztetxea Ertzaintzak / © Bilboko Branka.

Bihar hasiko dute Kukutza proiektuaren aurkako operazioen harira egin behar duten lehenengo epaiketa. Kukutzaren web gunean (kukutza.blogspot.com) ezagutzera eman dutenez, hilabete honetan bi prozesu ezberdin epaituko dituzte. Urtarrilaren 11tik 13ra, azaroaren 16an Kukutza II gaztetxea izan zena berriz okupatu zuten lagunen kontrako epaiketa burutuko dute Bilboko Auzitegian. Hurrengo asteetan, ostera, Kukutza IIIko hustean eraikin barruan erresistentzian aritu ziren kideen kontrakoa egingo dute. Datozen asteetan, berriz, Kukutza III hustean gaztetxe barruan kanporatze saiakerari eusten aritu ziren lagunen aurkako prozesua hasiko dute.

Kukutza IIko okupazioari dagokion autoak dioen arabera, auzipetuei ez diete usurpazio deliturik leporatzen, jabegoaren kontrako kalteak baizik. Larraskitu kaleko 27. zenbakian sartu zen taldearen helburua ″eraikina azken 13 urtetan hutsik egon dela salatzea″ izan zen, 1998. urtean Kukutzako kideak handik bota zituztenetik, hain zuzen ere.

13 urte hauetan, eraikin horrek sua hartu du, etxegabekoentzako aterpea izan da, eta auzokideentzako arriskua izan da, azpimarratu du Kukutza kolektiboak. Orain, eraikina okupatu zutenei 9.000 euroko kalte ordain eskaera egiten die jabeak, atea, horma eta leihoak apurtu zituztela argudiatuta. Egun hartan bertaratutako hedabideek ateratako irudiek, ordea, argi erakusten dute Ertzaintza bera izan zela atea apurtu eta horman zuloa egin zuena.

Zigor eskaera horiek argi uzten dute, Kukutzako kideen aburuz, egun horretan ertzainek buruturiko operazioak ez zuela usurpazio delitu bat gelditzeko helburua, gaztetxe berri bat sortzeko saiakera galaraztea baizik.

Auzokideen salaketa

Errekaldeberriz auzo elkarteko kideek salaketa (pdf) jarri dute Udalaren aurka, Kukutza Gaztetxearen eraistean izandako jokaera legez kontrakoa dela uste baitute. Auzokideek uste dute ohiko prozedura jarraitu beharrean Iñaki Azkuna alkateak defendatzen omen duen Legea bera urratu zuela zentro kulturala desagerrarazteko.

Errekaldetarrek uste dute gehiengo absolutua lortu zuenetik auzokideei kalte handiak ekarri dizkieten erabakiak hartu dituela. Adibide gisara zenbait autobus linea luzatzeari uko egin izana, eskuketari topaketetan parte hartu zutenentzat lo egiteko lokal bat uzteari uko egin izana edo Kukutzaren eraistearen aurka Beilategi etxebizitza multzoan eragindako pitzadura eta arrakalak aipatu dituzte. Hori gutxi balitz, datozen egunotan auzoan inauguratu behar duten Udal zentroa 40 urte berandu helduko dela salatu dute.

Leave a Reply

*