Kontseilua: “Wert-en proposamena eraso larria da euskararentzat”

Kontseiluaren iritziz erabaki hau eraso larria da. Eraso larria da gainera, ez bakarrik hezkuntza sistemarentzat, euskararen normalizazioarentzat baizik. Atzerapauso itzela izango litzateke proposamen hori indarrean jartzea. Orain dela 40-50 urte bizi genuen egoerara bueltatzea suposatuko bailuke, Frankismoaren garaira, alegia, zeinean euskarazko irakaskuntza debekatua zegoen.

Euskararen, galegoaren eta katalanaren aurka hartutako erabakia da PPrena. Izan ere, murgiltze eredua debekatu egingo luke eta bide horretan ikasleei bertako hizkuntzan ikastea eta bertako hizkuntza ikastea debekatuko lieke.

Honek, Hego Euskal Herriak, Galiziak eta Kataluniak hezkuntza arloan dituzten eskumenak urratzeaz gain, Espainiako Estatuak ezarrita duen ofizialtasuna bera urratu egiten du, eta erabat babesgabe uzten du gure hizkuntza komunitatea. Horrekin batera, proposamenak Europako Hizkuntza Gutxituen Itunaren artikulu bat ere zuzen-zuzenean urratzen du (bertako hizkuntzan ikasteko eskubidea jasotzen duena, alegia).

Kontseiluaren ustez maila honetako erasoak neurri bereko erantzuna behar du eta hori aztertzen ari da une honetan, eta horrexegatik eragileekin premiazko bilerak egiteari ekingo dio hurrengo egunotan, erabaki honek izan ditzakeen ondorioak aztertzeko. Halaber, Kataluniako eta Galiziako eragileekin ere harremanetan jarri da Kontseilua, Espainiako Gobernuari interpelazio bateratua egiteko aukerak aztertzeko. Gogoratu nahi dugu, larunbatean bertan aldarrikatu genuela Donostiako kaleetan euskaraz bizi nahi dugula eta zentzu horretan, euskaraz eta euskara ikasi nahi dugula.

Bidenabar, gogoratu nahi dugu, Kontseiluan dauden hezkuntza sektoreko bazkideekin batera, euskarazko hezkuntzarako proposamena egina badugula.

Eusko Jaurlaritza berriari ere mezua helarazi nahi dio Kontseiluak, izan ere, lanean hasi orduko mahai gainean izango du afera hau eta behar den erantzukizunaz joka dezan eskatu nahi dio.

Werten erreforma: gaztelania bermatu eta hizkuntza gutxituak gutxiagotu

Iturria: Argia.com

José Ignacio Wert Espainiako Kultura eta Hezkuntza ministroak gaur aurkeztuko du hezkuntzan egin nahi duen erreforma egitasmoa. Hizkuntza koofiziala duten erkidegoetan gaztelania eta erkidegoko hizkuntza “proportzio orekatuan” eskaintzea da Werten helburua. Horrek euskarazko eskola-orduak murriztea ekar lezake.

Wertek erreforma proposamenak onartzen du erkidego autonomo batek “hizkuntza koofizialari tratamendu diferentziatua ematea” baina betiere “arrazoizko” neurrian, “gaztelaniaren bazterketa” ekarriko ez duen neurrian alegia.

Testuak ez du zehazten zein neurri den “arrazoizkoa” eta beraz ateak zabaltzen ditu irakaskuntzan gaztelaniaren presentzia handitzeko. Besteak beste, erreformak erkidego autonomoak derrigortzen ditu gaztelaniazko irakaskuntza-eskaintza bermatzera.

Antoni Basagoiti PPko kideak adierazi du erreforma “perfektua” dela Euskal Autonomia Erkidegoarentzat, “urte askoan” erabili delako bere ustez “euskara gaztelaniaren kontra”.

“Katalanari erasoa”

Neurriak Espainiako Estatuko gainontzeko hizkuntza gutxituei ere eragingo die, bereziki Kataluniari. Irene Rigau Generalitateko kontseilariak adierazi du 1978tik katalanari egin zaion “erasorik” handiena dela.

Erreforma berriaren aldaketa nagusiena katalana beharrezko irakasgaia izateari uztea litzake eta Rigauren arabera eskola orduak gutxituko lituzke. Ikasleek katalana ikasi ala ez erabaki ahalko dute, eta gaztelania bakarrik izango da derrigorrezko.