EAEko hauteskundeei begira alderdi edota hautagaiek euskararen normalizazioari lotuta hartutako konpromisoak bildu ditu Kontseiluak www.aginduazor.eu atarian

“Agindua zor” dio euskal esaera zaharrak, emandako hitza bete beharrekoa dela adierazteko eta horixe bera baliatu du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak alderdi edo hautagaiek euskararen normalizazioaren karira hartzen dituzten engaiamenduak bildu eta hedatzeko sortu duen ataria izendatzeko.

Atari honen bidez alderdi edo hautagaiek publikoki hartutako konpromisoak jaso eta hedatu nahi dira, gerora, hauteskunde garaian emandako hitz hori bete dezaten eragiteko.

Oraingo honetan, EAEko hauteskundeen karira hautagai nagusiek egindako adiaerazpenak jaso dira eta jada entzun edo irakur daitezke hautagaiek euskararen egoera hobetzeko egingo omen dutena, aurretik Estatu frantseseko bi hauteskundeetan egin du Kontseiluak lan bera. .

Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak, gogoratu du Kontseiluak alderdi guztiei bidali ziela bere proposamena hizkuntza-politika egokia gauza dezaten. “Azken hilabeteotan argitaratutako datuek erakutsi digute nahitaezkoa dela hizkuntza-politika aldatzea eta neurri eraginkorrak hartzea. Normalizazio-prozesuaren erritmoa azkartu behar dugu gure hizkuntza berreskuratuko badugu eta gure herrian euskaraz bizi ahal izatea errealitate bihurtzeko. Horrexegatik, eskatu nahi dugu Kontseiluak luzatutako proposamenari erreparatzeko eta haien programetan hizkuntza-politika eragingarria hartuko duten konpromisoa agertzeko”. Herritarrei, bestalde, Kontseiluak dei egin nahi die hautagaiek hartutako konpromiso horien arabera bozka dezaten.

Igone Lamarain (EHE): “Euskaraz bizitzeko helburu berriak eta garbiak ezar ditzala”

“Zer eskatuko zenioke Jaurlaritzako hurrengo lehendakariari?” Galdera horri erantzun dio EHEko kide Igone Lamarainek Berria.info atarian:

“Maite ditugulako” dokumentala aurkeztu du Behatokiak

Gaur Hizkuntz Eskubideen Behatokiak “Duintasun bideak” bildumako dokumental berri bat aurkeztu du Iruñean, Golem zinemetan. Dokumental berri honek “Maite ditugulako” izena du eta Nafarroa hegoaldeko hainbat herritarrek beren seme-alabek D ereduan ikas dezaten nahi dutelako pairatzen duten diskriminazioa, eskubide urraketa, azaltzen du.

Dokumentala ikusi ondoren, urraketa pairatzen duten eta dokumentalean parte hartzen duten gurasoek beraiek hartu dute hitza. Artaxoako Argi Rus-ek adierazi duenez, urte asko daramatzate beren seme-alabak beren herrian bertan D ereduan ezin matrikulatu eta horregatik, uda aurretik, Hizkuntz Eskubideen Behatokira jo zuten pairatzen ari ziren eskubide urraketa salatzera.

Azaldu dutenez, beren seme-alabak egunero ehunka kilometro egitera kondenatuta daude D ereduan ikasi nahi dutelako. Aurtengo ikasturtean adibidez, 1.400 ikasle horiek guztira 5 milioi kilometro egin beharko dituzte orain dela 25 urte (1986an) onartutako lege batek, Vascuencearen legeak, beren herria eremu “ez-euskaldunean” dagoela esaten duelako.

“Gure seme-alabek urtero milaka kilometro egin behar dituzte gure auzokideek beren seme-alabak, oinez, lasai-lasai etxe ondoko eskolara eraman ditzaketen bitartean. Zergatik? Ba gure seme-alabek hizkuntza bat ez, bi ikastea nahi dugulako, gaztelania ez ezik, Nafarroako berezko hizkuntza den euskara ere ikastea nahi dugulako” adierazi du Rus-ek.

Guraso guztiek bezala, beren seme-alabentzako onena nahi dutela adierazi dute, etorkizunean bizitzarako, lanerako, aukera gehiago izan ditzaten, hizkuntzak ikas ditzaten nahi dute eta horregatik egiten dute D ereduaren aldeko hautua, gaur egun euskara eta gaztelania ikastea bermatzen duen eredu bakarra delako.

“Bitartean ikusi dugu, inork eskatu gabe, Gobernuak gure eskualdean TIL eredua jarri duela martxan… Eta guk gure seme-alabentzat D eredua nahi badugu mugitu egin behar dugu, errepidean bueltaka ibili… zergatik?” galdetu dute gurasoek.

Dokumentalean parte hartu duen Mendigorriako Lurdes Mendibilek ere hartu du hitza eta beren herrian bertan haurrak gaztelaniaz matrikulatzen dituztenekiko pairatzen duten diskriminazioa agerian utzi du: “argi dago, guri ez zaizkigu gainontzeko gurasoei aitortzen zaizkien  eskubide guztiak aitortzen”.

Hala ere, argi utzi nahi izan dute ere, beren herrikide eta auzokideen aldetik elkartasun handia jasotzen dutela eta oso babestuak sentitzen direla herritarren aldetik: “bidaiak ordaintzeko-eta hainbat ekimen eta jaialdi antolatu dugu eta guzti guztietan herrikideen, auzokideen laguntza handia izan dugu eta parte hartzea ere uste baino askoz zabalagoa izan da”. Aldiz, azaldu dutenez, agintarien aldetik ez dute babes bera jaso.

Azaldu dutenez, beren seme-alabak egunero errepidean jartzeak sekulako kezka eragiten die, kezka eguraldiarengatik, kezka istripu arriskuagatik eta kezka baita ere, bidaia horiek beraientzat suposatzen duten gehiegizko gastuagatik…

Aurten gainera, jasotzen zuten diru-laguntza eskasa ere kendu egin die Nafarroako Gobernuak eta hilabetean ikasle bakoitzagatik ordaintzen dituzten 600 euroak beren poltsikotik ordaindu beharko dituzte aurrerantzean.

“Irtenbide bat nahi eta behar dugu. Irtenbide bat behar dugu. Negua iritsi baino lehen, gure seme-alabek errepideetan eguraldiaren eta bestelako arriskuak pairatu baino lehen, irtenbide bat exijitzen dugu” aldarrikatu dute gurasoek bukatzeko.

Gurasoek beren egoera azaldu ondoren Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak, Garbiñe Petriatik, hartu du hitza familia hauek pairatzen duten eskubide urraketa eta diskriminazioa salatzeko.

“Egoera hau onartezina da, nafar guztiek eskubide berak dituzte eta Nafarroan legea bera da eskubide berdintasun hori urratzen duena” adierazi du Petratik.

Behatokiko zuzendariak irakaskuntzaren eremuan edota haur eta gaztetxoen eremuan nazioartean indarrean dauden hainbat arau eta akordio aipatu ditu, besteak beste: Giza Eskubideen Deklarazio unibertsaleko 26.2 artikulua, zeinak hezkuntzaren helburua giza eskubideen errespetua indartzea dela dioen; edota Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituneko 27. artikulua, zeinak gutxiengo linguistikoek beren hizkuntza erabiltzeko eskubide aitortzen duen; edota Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Ituneko 2. artikulua, zeinak hizkuntzagatik bereizkeriarik ez dela onartuko ezartzen duen; edota Haurren Eskubideen Deklarazioko 30. artikulua, zeinak gutxiengoen haurrei beren hizkuntza erabiltzeko eskubidea aitortzen dien…

Garbiñe Petriatik salatu duenez “pertsona hauek, nafar hauek, urtero milaka kilometro egin behar dituzte, orain dela 25 urte onartu zen lege zentzugabe baten ondorioz, orain dela 25 urte onartutako lege horrek nafarrei Nafarroako hegoaldean Nafarroako berezko hizkuntzan ikasteko eskubidea ukatzen dielako”.

Behatokiko zuzendariak salatu duenez, Nafarroako hainbat familia egoera onartezina pairatzen ari dira, eskubide urraketa sistematiko onartezina eta Behatokiak, egoera hori salatzearekin batera, irtenbideak exijitzen dizkio urraketa honen arduradun nagusiari, alegia, Nafarroako Gobernuari.

Era berean, bideoa egin zutenean Nafarroako Gobernuak bidaia gastuen zati bat bere gain hartzen zuela zehaztu ondoren, aurtengo ikasturtean Gobernuak diru-kopuru murritz hori bertan behera utzi duela salatu du Petriatik.

“Pertsona hauen egoerari berehalako irtenbidea eman diezaion exijitzen diogu Nafarroako Gobernuari, bidaia gastuak bere osotasunean ordain ditzala eta era berean, nola ez, berandu baino lehen horrelako egoerak eragiten dituen araudia alda dezala” gaineratuz bukatu du Behatokiko zuzendariak.

Agerraldia bukatzeko, Behatokiko arduradunek dokumental berri hau “Duintasun bideak” bilduman kokatzen den bideo berri bat dela argitu dute eta aurrerantzean ahal duten guztietan eskubide urraketak bideo edo dokumental bidez salatzen jarraituko dutela iragarri dute. Aurrez egindako bideoak, “Maite ditugulako” dokumentala eta etorriko diren besteak www.vimeopro.com/duintasun/bideak atarian ikus daitezke.

“Maite ditugulako”, euskaraz ikasteko zailtasunen inguruko dokumentalaren aurkezpena

Nafarroako eremu ez euskaldunetan haur eta gaztetxoek euskaraz ikas dezaten egunero bidaia luzeak egin behar izaten dituzte. Behatokiak ostiralean, urriaren 12an, 11:30ean aurkeztuko du “Maite ditugulako” dokumentala, Iruñean Golem Yamaguchi zinemetan. Ostiraletik aurrera sarean ere ikusgai izango da.

Txikitero Eguna eta Bilbo Kantari

Ostegun honetan, urriak 11, TXIKITERO EGUNA ospatuko dugu Bilbon. Goizeko 12etan eta arratsaldeko 20etan hitzordua jarrita daukate Burtsan Bilboko Konpartsek. Baina hemen ez da egitaragua bukatzen, BILBO KANTARI ere egun horretan izango da. Bilbo Kantari Kafe Bilbaon (Plaza Berria) 20:00etan hasiko da.

Zuen kamisetak eta txapelak ez ahaztu!

Urriaren 11n, Txikitero Eguna eta Bilbo Kantari!

Argazkian, Bilbo Kantariren aurkezpena.

Ostegun honetan, urriak 11, TXIKITERO EGUNA ospatuko dugu Bilbon. Goizeko 12etan eta arratsaldeko 20etan hitzordua jarrita daukate Burtsan Bilboko Konpartsek. Baina hemen ez da egitaragua bukatzen, BILBO KANTARI ere egun horretan izango da. Bilbo Kantari Kafe Bilbaon (Plaza Berria) 20:00etan hasiko da.

Zuen kamisetak eta txapelak ez ahaztu!

EHE: “Abertzaletasunaren sorreratik, euskara 2. mailako osagaia izan da”

Iturria: Argia.com

Argazkian, EHEko kideak Durangon egindako Nazio Batzordean.

“Abertzaletasunaren sorreraren beretik, euskara 2. mailako osagaia izan da, eta abertzaletasunak euskararen berreskurapenean izan duen garrantzia ukatu gabe, mende luzeko praktika politikoak hori erakusten digu: garrantzitsuagoa da abertzaleen zakura batzea, euskararenera batzea baino”. Euskal Herrian Euskaraz taldeak ikasturte hasierako batzarra egin zuen larunbatean Durangon, eta han aurkeztutako Oinarri ideologikoak dokumentutik jaso dugu pasarte hau.

EHEren hitzetan, “euskal nazioaren defendatzaile direla dioten arren, ez dute Herri Euskalduna = hizkuntza komunitatea aitortzen, naziotasuna lurraldetasunaren gainean eraikitzen dutelako gainerako herri indoeuroparren gisara: hemen jaio bazara, euskal herritarra zara; beraz, hauen nazioaren subjektua ez da euskalduna, euskal herritarra / hiritarra  baizik”.

Asimilazioari aurre egin behar

“Herri euskalduna berreraikitzeko asimilazioari aurre egin behar diogu, eta horretarako euskaraz bizitzeko dinamika indartuko dugu”, dio EHEk, bere helburu nagusiei dagokienez. “Beraz, euskaraz bizi dinamika ikasturteko dinamikaren oinarri izango da, ildo nagusia. Euskaraz bizitzearen aldeko dinamikaren baitan kokatuko ditugu aurtengo ekimen guztiak, eta helburu nagusia norabidearen eta manifestuaren mezua zabalduz euskaldunak aktibatzea izango da”.

Gaztelania nagusitzen da Bilboko erakunde publikoen agerraldietan

Iturria: Bilboko Branka

Berria egunkariak administrazio publikoen komunikazio jardunean euskararen erabilera aztertzen duen ikerketa eman du ezagutzera. Bizkaiko eta Bilboko datuei erreparatuz, azpimarratu dute hemengo erakunde publikoen agerraldietan gaztelania nagusitzen dela.

Administrazio publikoen komunikazio jardunean euskarak “urrats handiak” eman dituela baieztatu dute Berria egunkariko ikerketa batean. Hala ere, gogora ekarri dute badirela oraindik ere lan eremu eta herrialde batzuk ez dituztenak aurrerapausoak eman hizkuntzaren hedapenean.

Hego Euskal Herrian, euskararen ofizialtasuna aitortuta dagoen lurraldeetan, gehienetan ele bitan lan egiten dela azaltzen dute eta administrazio publikoen informazio eta komunikazio guztia dagoela gaztelaniaz baina euskaraz ezin dela guztia eskuratu.

Bizkaiko kasuan azpimarratzen dute erakunde publikoen agerraldietan gaztelera nagusitzen dela eta esaterako, Bilboko Udalaren prentsaurrekoetan, hasieran bakarrik izaten duela lekua euskarak, hau da, agurrean baina orokorrean testuaren gorputza gazteleraz lantzen dela. Egoera horretan, euskarazko irrati eta telebistek Udalak emandako informazioaren berri nekez eman dezaketela baieztatzen dute, euskarazko adierazpenen faltagatik. Baina berba egingo duen zinegotziaren euskararen ezagutzaren arabera, hizkuntzak tarte gehiago izan dezakeela mahaigaineratzen dute.

Idatzizko informazioari begira, oharrak ele bitan zabaltzen direla jakin ahal izan dugu. Baina Bilboko Udalak, informazioa agentzia pribatuen esku uztean, euskarak behera egiten du, bertako langileen artean oso urria delako hizkuntzaren ezagutza.

Abertzaleek ere euskara bigarren lekuan utzi dutela ohartarazi du EHEk

Iturria: Berria.info

Euskara atzean utzita dagoela eta erdarak gero eta nagusiago direla ohartarazi du EHE Euskal Herrian Euskaraz taldeak. Abertzaleek ere euskara bigarren lekuan utzi dutela salatu du: “Euskal nazioaren defendatzaile direla dioten arren, ez dute herri euskalduna aitortzen”. Duten jarreraz gogoeta eskatu die, horrenbestez, talde politikoei. “Herri euskaldunaren eraikuntza bigarren maila batean kokatu izan da. Are okerrago, lur eremua askatzeko bidean zapaltzailearen hizkuntza erabiltzea ere oso ohiko bihurtu da”.

Nazio batzarra egin du gaur, Durangon (Bizkaia), EHEk, ikasturterako helburuak zehazteko asmoarekin. Espainia eta Frantzia “helburuak betetzen” ari direla ohartarazi du taldeak ondorengo oharrean. “Frantsesa eta espainiera gure hizkuntza, bertako hizkuntza direla esatera pasatu gara”. Horrek eragiten du, haren ustez, euskara ahultzea. “Nortasunari baino praktikotasunari gehiago begiratzen zaio, eta, noski, gaur egun nagusi diren erdarak irteten dira indartuak borroka horretan”.

Euskarari lehentasuna ematea eta euskaldunak egungo egoeraz jabearaztea izango ditu xede EHEk ikasturte honetan. Hiru oinarri jarri dituzte: euskaraz bizitzeko hautua indartzea, hizkutza politika burujabea garatzea eta euskarari lehentasunezko estatusa ematea.

Urteko plangintza osatu du EHEk Durangoko Nazio Batzarrean

Argazkian, EHEko kideak Durangon egindako Nazio Batzordean.

Euskaraz Bizi! dinamikaren baitan kokatu dituzte urteko lan-ildoak. Euskaraz Bizi Eguna eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Euskararen legearen urteurrena izanen dira datarik garrantzitsuenak.

Euskaraz Bizi! Hori da Euskal Herrian Euskaraz eragile euskaltzaleak azken urteetan zabaldu duen mezua. Eta bide horretan jarraituko du aurten ere. Horrela erabaki dute EHEko kideek gaur goizean Durangoko (Bizkaia)  Ibaizabal ikastolan egindako Nazio Batzordean. Euskal Herri osoko kideak bildu dira urteko lan plangintza zehaztu eta adosteko. Euskaraz Bizi! dinamikaren baitan bi data azpimarratu dituzte: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako euskararen legearen urteurrena, eta apirilean ospatuko den Euskaraz Bizi Eguna.

Bestalde, irakaskuntza eta administrazioa euskalduntzearen aldeko ekimenak aurreikusi dituzte Nazio Batzordean. Ezabatu eta euskaraz bizi! dinamika ere aurrera eramanen dute urte osoan zehar. Korrika eta Araba Bizkai eta Gipuzkoako hauteskundeetan ere hainbat lan aurreikusi dituzte. Herritarrak euskaraz bizitzeko hautua harrotasunez hartzera bultzatu nahi ditu eragile euskaltzaleak.

Ikusi 2012-2013 lan plangintza