Gaztelania nagusitzen da Bilboko erakunde publikoen agerraldietan

Iturria: Bilboko Branka

Berria egunkariak administrazio publikoen komunikazio jardunean euskararen erabilera aztertzen duen ikerketa eman du ezagutzera. Bizkaiko eta Bilboko datuei erreparatuz, azpimarratu dute hemengo erakunde publikoen agerraldietan gaztelania nagusitzen dela.

Administrazio publikoen komunikazio jardunean euskarak “urrats handiak” eman dituela baieztatu dute Berria egunkariko ikerketa batean. Hala ere, gogora ekarri dute badirela oraindik ere lan eremu eta herrialde batzuk ez dituztenak aurrerapausoak eman hizkuntzaren hedapenean.

Hego Euskal Herrian, euskararen ofizialtasuna aitortuta dagoen lurraldeetan, gehienetan ele bitan lan egiten dela azaltzen dute eta administrazio publikoen informazio eta komunikazio guztia dagoela gaztelaniaz baina euskaraz ezin dela guztia eskuratu.

Bizkaiko kasuan azpimarratzen dute erakunde publikoen agerraldietan gaztelera nagusitzen dela eta esaterako, Bilboko Udalaren prentsaurrekoetan, hasieran bakarrik izaten duela lekua euskarak, hau da, agurrean baina orokorrean testuaren gorputza gazteleraz lantzen dela. Egoera horretan, euskarazko irrati eta telebistek Udalak emandako informazioaren berri nekez eman dezaketela baieztatzen dute, euskarazko adierazpenen faltagatik. Baina berba egingo duen zinegotziaren euskararen ezagutzaren arabera, hizkuntzak tarte gehiago izan dezakeela mahaigaineratzen dute.

Idatzizko informazioari begira, oharrak ele bitan zabaltzen direla jakin ahal izan dugu. Baina Bilboko Udalak, informazioa agentzia pribatuen esku uztean, euskarak behera egiten du, bertako langileen artean oso urria delako hizkuntzaren ezagutza.