Ramon Labayen: “Ez du zentzurik eskubide politikoak exigitzeak ez badira aldez aurretik kulturalak indartzen”

ramon-labayenArgazkian, Ramon Labayen, Jaurlaritzako Kultura sailburu eta Donostiako alkate ohia / Andres Espinoza.

Ramon Labaien (Tolosa, 1928) bere bizitzaz, euskaraz, kulturaz eta egindako ibilbide politikoaz mintzo da Euskonews & Mediak plazaratutako elkarrizketan. Gaur egungo egoera politikoari eta kulur panoramari ere heltzen dio Labayenek eta, hain justu, horri buruzko zenbait galdera-erantzun ekarri ditugu hona:

Laguntzen al du EAJ-PNVk izena aldatu nahi izatea? [“Nacionalista”ren lekuan “Nacional” jartzea proposatu izanaz ari da kazetaria]

Nire ustez, ez du zentzurik. Europan nazionalista hitza gaizki ikusita dagoela? Eta guk zer zor diogu, bada, Europari? Disgustuak, besterik ez! Estatuen Europa sortu dute, erakunde hori osatzen duten estatuen inbiolabilitatea ezarriz. Gure etorkizuna beltza jarri digute alde horretatik.

Ez al da bitxia, deitura erdarazko bertsioan bakarrik aldatu nahi izatea?

Ni jelkide bat naiz. Jaungoikoa eta Lege zaharrak. Baina izena errebisatzekotan, bietan egin beharko litzateke. Alderdiaren baitan iritzi kontrajarri ugari dira. Horra hor, abortuaren legea. EAJren Madrileko ordezkariek baiezkoa eman behar izan zuten…

(…)

Epe luzerako plangintza politiko bati begira, beraz, animatuta eta itxaropentsu ikusten zaitudala esan dut lehen ere…

Bai, bai. Herri bat kontsolidatzen ari da. Carlos Santamariak esan ohi zuen bezala: gizarte bat, hizkuntza bat, kultura bat… eta hortik nazio bat. Gizarteak sortzen du nazioa. Hitzaren etimologiak berak garbi adierazten du hori: nascor, jaio izan. Gu aspaldi izan ginen sortuak. Kultura-errealitateak sendotzen direnean politikaren errealitateak etorriko zaizkigu. Ez du zentzurik eskubide politikoak exigitzeak ez badira aldez aurretik kulturalak indartzen.

(…)

Euskal Herrian bizi ari garen une hauek ikusita, izango al du gure gizarteak birrarmatzearen onura?

Ari gara bidean jartzen. Nazioa sendotzen ari da. Duela berrogeita hamar urte Altzan % 85 etorkinak ziren. Egun, hor daude haien bilobak, bertako euskaldunak bilakatuta. Gauzak doaz doazen pausuan. Sabino Aranak mugimendu nazional bat sortu zuen, kulturala. Helburu politiko batzuekin, noski, baina funtsean kulturala. Gerra aurretik EAJ-rekin zeuden erlazionatuta kultura-pertsonaia gehienak: Lizardi, GBBko idazkaria; Pizkundeko gizon-emakume gehienak Alderdikoak ziren. Gaur egun… ez da horrela.

Horrek dakarkit gogora behin esan zenuela PSOE zela giza-masen mobilizaziorako profesionalak. Egun, ba al da euskal mobilizaziorako indarrik?

Begira zer gertatu den Gipuzkoan Bildurekin. Espainia mailan, ez dago PSOE eta PPren arteko diferentziarik. Ikusten ari gara Estatuen Europak porrot egin duela. Moneta bakarra eta hamazazpi finantza politika? Eskuduntza asko Bruselasi transferitzea izango litzateke normalena. Ez du, beraz, logikarik “Autonomia” bihurtuko den Estatu baten barruan finantza-autonomia edukitzeak. Guztien gainetik kulturalki egon beharko genuke prest. Hortxe dago koxka, hortxe oinarria. Politika geroko ondorioa da.

Unai Larreategi eta Igone Lamarain (EHE): “Bake iraunkor eta justua herri euskaldunarentzat”

ehe-nazio-batzarra

Argazkian, Euskal Herrian Euskaraz erakundeak urriaren 1ean Billabonan egindako Nazio Batzarra / © EHE.

Gatazkaren konponbideaz asko hitz egiten ari gara egunotan. Gatazka armatuaz gehien, gutxixeago gatazka politikoaz. Gatazka armatuak sortutako biktimez asko. Baina entzun duzu ezer gatazka politikoak euskarari, euskaldunari eta herri euskaldunari eman eta kendu dionaz? Ez da inondik inora lan erreza. Gure herriaren zutabe nagusi den hizkuntza ez da ageri gatazkaren epizentroan. Hain gaude minorizatu eta asimilatuak askoz koherenteago iruditzen zaigula gatazka lurraldetasun terminoetan kokatzea, identitate, nortasun terminoetan kokatzea baino. Lehendabizi abertzale gara eta gero agian euskaldun. Ez al du kontu honek autokritika pixka bat eskatzen? Nora goaz bide honetatik?

Euskara, euskalduna eta herri euskalduna eztabaida politikoaren erdigunera ekartzeko ardura dugu egoera oker hau irauli nahi dugunok. Gatazkaren konponbidea integrala izango bada lehentasunezko kontutzat landu beharko dira. Eta Euskal Herri euskalduna berrezartzea ezin da Estatu propioa lortu osterako utzi. Ezin da gatazkatik kanpo kokatu.

Horretarako, lehenengo ariketa bertatik bertara egin beharrekoa da. Estatu asimilatzaileei ezer eskatzen hasi aurretik, euskararik gabe Euskal Herririk ezin dela eraiki benetan barneratu, eta, gutxienez, abertzaletasunaren parean euskalduntasuna jartzea dagokigu independentistoi.

Euskaraz bizitzeko herri gogoa indartzea lehentasunezko gai bilakatu behar dugu datozen garaietan. Euskaldun eta harro, gainera. Mendeetako zapalkuntzak gugan sortu dituen ustezko errespetuzko jokabide sumisoak gaindituz. Bakoitzak beretik eta komunitate moduan iraultzarako garaia da orain datorkiguna, gure etorkizunerako erabakiorrak diren garaiak datoz, eta euskaldunok asmatzera behartuta gaude.

Eta Estatu zapaltzaileen aurrean zer aldarrikatzea dagokigu? Posibilismoan jokatzeko edota aldaketa estrategikoen alde egiteko garaiak dira? Gure ustez, bigarren aukera da egokia. Ezin dugu sasi ofizialtasun eta menpeko hizkuntza politikak aldarrikatzen jarraitu.

Euskarari lehentasuna emango dion legedi eta politikak aldarrikatzeko garaia da gure iritziz. Baita euskara ezagutu beharreko hizkuntza gisa kokatzekoa ere. Eta erabakitzeko eskubideari tiraka, hizkuntza politika burujabe eta nazionala eskuratzen ahalegintzekoa.

Asimilazioari aurre egiten ahalegintzekotan, horiek dira, gure ustez, gure baitan eman beharreko aldaketak, eta kanpokoei egin beharreko aldarrikapenak. Askotan gatazka gugandik kanpo kokatu izan dugu soilik, eta bada garaia autokritika pixka bat egin, eta datozen urte garrantzizkoetarako oinarri sendoa ipintzeko.

Mendeetan jakin izan dugu bizirauten, garai ezberdinetara egokitzen. Euskal Herrian Euskaraz askatasunarekiko esperantzaz beteriko garaian jaio zen. Esperantza eta ilusio garai horretan euskarari eta herri euskaldunari dagokion garrantzia eta erdigunea ematen saiatzeko. Eta, bizitzea tokatu zaigun garai berri honetan, EHEk herri honekiko konpromisoa berretsi nahi du, ahaztu gabe, noski, guztion eskuetan dagoela etorkizuna.

Egin dezagun bidea askatasun eta eskubideen bermerantz, euskaldunontzat bake iraunkor eta justua eraikitzeko.

Euskal Herrian Euskaraz eta beste hainbat: “Euskal Herria bat eta bakarra, izan eta eraiki!”

eh-bat-eta-bakarra

Aurtengoan, lehen aldiz agertu zaigu urriaren 25a gorriz egutegian Euskal Autonomia Erkidegoan. Gernikako Estatutu eguna, jai ofizial gisa ospatzen den lehen urtea dugu aurtengoa. 1979an aitortutako estatutu honek eratu zuen Euskal Autonomia Erkidegoa. Garai hartako nazio aldarrikapena zein indartzen ari zen mugimendu abertzaleak baretu asmoz, Euskal Herria autonomi ezberdinetan banatu eta nazio eskubideei muzin eginez, Gernikako Estatutua onartu egin zen duela 32 urteko urriaren 25 batez. Ordutik, etengabekoak izan dira gurean nazio gisa dagozkigun eskubideen urraketak. Argazkian, herri eskolez gain hainbat protesta izan dira eskualdean urriaren 12ko Hispanitate egunaren aurka.

Herri Mugimenduko eragile ezberdinek Euskal Egutegiaren eraikuntzaren inguruan plazaratutako hausnarketa aintzat hartuz, bildu garen eragile, mugimendu zein alderdiek beharrezko ikusten dugu lehen aldiz ospatzen den egun honi tratamendu berezia ematea. Izan ere, egutegian gorriz inposatuak zaizkigun beste hainbeste jai egun arrotz bezala, guk ez dugu urriaren 25a jai eguntzat hartuko, ez dugu Euskal Herriaren zatiketa areagotu duen lege baten goraipamenik egingo.

Euskal Herriaren ukazio eta zatiketan sakondu nahi dutenen aurrean herri bat badela erakutsi eta gure burujabetzarako eskubide eta beharra azpimarratuaz, herri honen eraikuntzaren alde lanean jarraituko dugu. Euskal herriak, bere esparru guztietan aurrera egin ahal izateko, herritarron hitzaren errespetua oinarri, burujabetza behar duela ozen aldarrikatu nahi dugu. Arloz arlo, herri honek,alternatiba erreal eta egingarriak dituela erakutsiko dugu urriaren 25ean Gernikatik bertatik, hauen garapenerako burujabetzaren beharra gure herriaren biziraupenerako berme bakar gisa kokatuz. Bide honetan, hemen gaur aurkitzen garen guztion elkarlanaz, urriaren 25erako “herri eskola”k eta ekitaldia burutuko ditugu Gernikan.

Goizeko 10:00etatik hasita herri honetako txoko ezberdinetan, Historia, Sozioekonomia, Gazteria, Hezkuntza, Nazio Egituratzea… Euskal Herriaren burujabetzarako arlo ezberdinetatik egin daitezkeen ekarpenen inguruan hausnartu eta eztabaidatuko dugu.

5 herri eskola ezberdin antolatuko ditugu:

  • Historia: Euskal Herriaren historian emandako gertakari garrantzitsuen ikusmira burutuko dugu. Euskal herriak bere historia propioa idazteko eskubidea daukala aintzat hartuz, EHren zatiketan gertakari hauek izandako eragina hausnartzea izango da honen helburua. Elai Alai aretoan burutuko da.
  • Sozioekonomia: Euskal Herri burujabe baten biziraupenerako, esparru honetatik ere, aukera erreal eta egingarriak badaudela azaleraziko ditugu. Eskola hau Merkatu Plazan izango da.
  • Nazio Egituratzea instituzioen bitartez: Euskal Herriak behar duen egituratze instituzional nazionalaz arituko gara honetan. Lizeo Antzokian burutuko da saioa.
  • Hezkuntza: Egun aplikatuta ditugun Hezkuntza Sistema Frantziar zein Espainolen aurrean, Euskal Herriak behar duen Hezkuntza Sistema Nazionalaren inguruan hausnartu eta honen praktikara begira eman beharreko pausuez arituko gara. Seber Altube ikastolan egingo dugu.
  • Gazteria: “Eta gazteok zer?” ikerketaren aurkezpenarekin batera, gazteriak dauzkan alternatiben inguruko saioa. Gaztetxean bilduko dira gazteak.

Hauek guztiekin batera, eragile ezberdinen lana aditzera emateko, goiz osoan zehar burutuko den erakusketa izango da herritik zehar. Bukatzeko, ekitaldia burutuko dugu, eguerdiko 13.00tan Gernikako Pasialekuan.

Zatiketan sakondu nahi dutenen aurrean, Euskal herriaren izana aldarrikatuko dugu. Euskal Herria suntsitu nahi dutenen aurrean, herria eraiki egingo dugu. Eta hitza kendu nahi digutenen aurrean, herritarren ahotsa gailenduko dugu.

Beraz, herritar guztiei dei egiten diegu, urriaren 25ean, Gernikara hurbildu, eta gure herriaren aldeko egun honetan parte hartzera. Herritarrona baita hitza eta erabakia, urriak 25 denok Gernikara!

Euskal Herria bat eta bakarra, izan eta eraiki!

Oharrak:

  • Autobusak egongo dira herrietatik.
  • Haurtzaindegi zerbitzua egongo da.
  • 13.30erako bukaera emango genioke egunari.
  • Egun hauetan zehar emango dugu eskola bakoitzean parte hartuko duten hizlari zein erakundeen izen berri.

Sinatzaileak:

Bai Euskal Herriari, Euskal Herrian Euskaraz, Euskal Herriak Bere Eskola, Ikasle Abertzaleak, Gazte Independentistak, Anitzak, Esait, Elkartzen, Bilgune Feminista, Eguzki, Askapena, Topatu, Sortzen- Ikasbatuaz, Torturaren Aurkako Taldea, Giza eskubideen Euskal Herriko behatokia, Gazte Abertzaleak, Gite- Ipes, Amarauna, EHNE Bizkaia, LAB.

Bilboko hainbat konpartsetako 19 kidek deklaratu beharko dute astelehenean Auzitegi Nazionalean

ertzaintza-kaskagorri

Astelehen honetan, urriak 17, Bilboko hainbat konpartsetako 19 kidek deklaratu beharko dute Espainiako Auzitegi Nazionalean, 2009ko Aste Nagusiko gertaeren kontura. Uda horretan, jai eremua okupatu zuten ertzainek, euskal errepresaliatu politikoen argazki ugari bahituz. Daniel Portero Dignidad y Justicia elkarteko presidentearen salaketa tarteko, epaiketari -absolbitu zituzten- eta Bilboko Udalak ezarritako bi urteko debekuari aurre egin behar izan zioten Txori Barrote eta Kaskagorri konpartsek. Orain, berriro egin beharko dute Madrilerako bidaia.

Hau Pittu Hau konpartsak elkartasuna adierazi nahi die Auzitegi Nazionalean deklaratu beharko duten 19 konpartsakideei, baita Txori Barrote eta Kaskagorri konpartsei ere.

Elkartasuna ez da delitua!

Gora Bilboko Konpartsak!

Euskal Herrian Euskaraz: “Euskal Herriko egutegia eraiki dezagun!”

Aspalditik ekindako bideari jarraiki, azken urteotan Euskal Herria burujabe izateko hautua eta gure nazio identitatea desegiteko estrategia hazi egin da.

Horren erakusle da euskal nortasuna biltzen eta irudikatzen dituzten indarrak zatitzeko ahaleginak. Baina baita frantses nahiz espainiar ikuspegia eta nortasuna txertatzea helburu duten sinbolo eta neurri ezberdinen biderkatzea ere.

Pauso horien artean kokatu genezake hezkuntzako administrazio ezberdinetatik hizkuntza zein edukien arloan bideratzen ari diren aldaketa ezberdinak, eremu ezberdinetan zabaltzen den Euskal Herriko lurraldetasun historiko zein geografikoaren desitxuraketa, selekzio edo kirol ekimen frantses eta espaiñola gure herrira ekarri eta gurea propioa izateko eskubidea ukatzea, euskararen normalkuntzari jartzen zaizkion etengabeko oztopoak, egun gailentzen den eredu ekonomiko globalaren menpeko egin nahi gaituen jendarte eredu hierarkiko, indibidual eta kontsumistaren sustatzea… eta beste hainbat eta hainbat adibide. Maila berean kokatu behar dugu ordea egutegi arrotzen inposaketa bera ere. (gaurko egunez herri mugimenduko kide ezberdinak hemen batzera ekarri gaituena)

Egun Euskal Herri osoan frantziar zein espainiar egutegiak dira gure bizi erritmoa, lan eta klase egunak edo eta jai egunak markatzen dizkigutenak. Naziotasun arrotzen baitan antolatzen diren egutegiak, bi helburu nagusirekin: alde batetik, naziotasun sentimendu arrotzak errotzeko; eta bestetik, gure herriaren ukazioan urratsak emateko asmoa. Horren adibide dira, egun estatuek inposatuta Euskal Herriko egutegian gorriz markatuak ageri zaizkigun egunak:

  • Maiatzak 8: Frantziarrek II.Mundu Gerran eskuratutako garaipena ospatzen dute.
  • Uztailak 14: Frantziarrentzat sinbolo garrantzitsu bat da. Monarkiaren amaiera (1789) eta lehen errepublika frantziarraren hasiera ordezkatzen du.
  • Uztailak 25: Uztailaren 25a kondaira bati jarraituz espainiarren patroi zaindaria izendatu zuten 813. urte inguruan.
  • Urriak 12: Hispanitatearen eguna da eta Kolon Ameriketara iritsi zela ospatzen dute egun honetan. Egun, 18/1987 legearen arabera eta ofizialki Espainiako Jai Nazionala du izena, nahiz eta arrazaren eguna gisa ere ezagutzen den
  • Azaroak 11: Frantzia osoan ospatzen den jai egun hau ulertzeko, I.go mundu gerraren amaieran kokatu behar dugu. 1918Ean Alemaniak eta Frantziak armistizio bat izenpetu zuten, modu honetan, gerrari amaiera emateko
  • Abenduak 6: 1978ko abenduaren 6an erreferendum baten bidez Espainiar konstituzioa onartu zen Espainiar estatuan. Francoren diktaduratik demokraziarako trantsizioan giltzarri izan zela ospatzeko baliazten da jai egun hau.

Ikusi bezala, egun guzti hauek Estatu arrotzen historia markatzen duten datak dira, botere eta indar erakustaldi nabarmenak, naziotasun arrotzen gaineko sentimendua errotzea bilatzen dutenak.

Bide honetan ordea, dagoeneko Euskal Herriak bizi duen zatiketa eta nazio eskubideen urraketan urrats berri bat eman zuten 2009an. Hain zuzen ere, Hego Euskal Herriko zatiketa administratiboan sakondu asmoz, urriaren 25a Gernikako Estatutuaren eguna izendatu baitzuten, jai egun ofizial bilakatuz.

Egun honetan ospatu asmo dena, 1979an aitortutako Gernikako Estatutua da. Estatutu honek Euskadiko Autonomia Erkidegoa eratu zuen lege organikoa da, nolabaiteko autonomia emanez Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako lurraldeei, autonomia bat benetan erabat betetzera iritsi ez dena. Lege honen oinarria ordea, garaiko mugimendu abertzaleak lasaitu asmoz nazio aldarrikapenak baretzeko helburuan zetzan, Euskal Herria bera autonomia ezberdinetan zatikatu eta nazio eskubideen aurkako zapalkuntzan urrats bat gehiago delarik.

Aurtengo ikasturtean ezartzen da lehenengoz urriaren 25a jai egun bezala, eta beraz, beharrezko iksuten dugu tratamendu berezi bat ematea eta inposaketa honen aurrean erantzutea, herri oso bat egiten dioten eraso berri bat baita hau.

Azken urteotan jai egun arrotzen gainean dinamika eta borroka ezberdinak garatu izan badira ere, eremu eta arlo bakoitzean oso garapen ezberdinak izan dituzte.

Ildo beretik egitegi propioaren aldarria ere, ez da berria euskal jendartean, saiakera eta eztabaida franki eman izan dira. Beti ere beharrizan berdinak bultzatu gaitu aurrera, gure bizi erritmo, lan/klase egun eta jai egun propioak ospatzearen beharra; gure historia, nortasuna eta beharrak aintzakotzat hartu eta oinarri izango dituen egutegi propioa nahi dugu, Euskal Herriko egutegia behar eta nehi dugu. Bide horretan urratsak eman nahi baditugu ordea, hau da, Euskal Herriko egutegia eraiki nahi badugu, ezinbestekoa ikusten dugu eragile eta mugimendu ezberdinok batu eta hausnarketa hau batera ematea, elkarrekin eta kohesioan lan egin dezagun.

Ildo beretik, bihar Hispanitatearen egunean, lanera zein eskoletara joateko deialdia luzatu nahi diogu herritar orori, ezer ospatzerik ez dugun egun honetan ahalik eta normaltasun osoz jokatu dezagun.

Bestetik, Urriaren 25ean Euskal Herriaren zatiketan sakondu nahi duten politikariak Estatutuaren urtemuga ospatzen ari diren bitartean, herritarrak kalera irtengo garela adierazi nahi dugu gaurkoan. Euskal Autonomi Erkidegoko egutegia gorriz markatu berri duten egun hau ez dugu jaitzat hartuko, ez dugu gure nazio nortasunarekiko eraso gehiago onartuko.

Bukatzeko, Euskal Egutegiaren inguruko hausnarketa honen baitan aurrerapausuak ematera gonbidatzen ditugu eragile zein mugimendu ezberdinak. Herri honen eraikuntzan aurrerapausuak eman ditzagun, tresnak esku artean ditugu!

Bilbon, 2011ko urriaren 11an

Bai Euskal Herriari, Euskal Herrian Euskaraz, Ikasle Abertzaleak, Gazte Independentistak, Euskal Herriak Bere Eskola, Askapena, Esait, Anitzak, Bilgune Feminista, Anitzak, Elkartzen.

Gabi Basañezen kontura egin du Bilduren kontra Getxoko PPk

gabi-basañez

Iturria: ukberri.net

Beste behin ere Bilduren kontra egin du gaur Getxoko PPk. Koalizioak Gabi Basañez Ruiz Hau Pittu Hau konpartsako kide algortarra aholkulari izendatu izana erabili du oraingo honetan Marisa Arrue Bergareche buru duen alderdiak. “Joan den hilean hedabideek iragarritakoa” hizpide, Pablo Ruz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Basañez eta Askapeneko beste lau “buruzagi” auziperatu zituela gogoratu du Arruek. Zehaztu duenez, “Batasuneko balizko nazioarteko aparatua osatuta, ETAren zuzendaritzapean egotea eta horri nazioarteko proiekzioa ematen lan egitea” egozten die magistratuak. Auziperatuek beraiek agerraldi publikoa egin zuten irailaren 28an “Internazionalismoa ez da delitua!” atxikimendu kanpaina aurkezteko.

Auziperatutako lagun guztiak 2010eko irailaren 28an atxilotu zituzten, Askapenaren aurkako sarekadan, Itsaso Lekuona eta Ruben Sanchezekin batera. Besteak beste, Basañez pasa den apirilaren 2an jarri zuten kalean, epaiketaren zain, baldintzapeko askatasunak ezartzen duen ohiko egoeran. Bestalde, 2003tik hona algortarra legez kanpo utzitako hainbat hautagai zerrendetan agertu izana ere erabili du Arruek. Udal taldeetako aholkulariak, ordea, alderdiak edo koalizioak berak aukeratzen ditu, beti ere araubidearen arabera.

“Euskaraz bizi nahi dut, duzu, dugu!” ekimenaren aurkezpena Donostian

Kontseiluak eta euskalgintzako hainbat eragilek bultzatuta “Euskaraz bizi nahi dut, duzu, dugu!” ekimeneko lehen urratsak eman dituzte, eta urriaren 28an 19:00etan Donostiako Doka kafe antzokian aurkezpena egingo du Kontseiluak. Azken hilabeteotan euskaraz bizitzearen alde egindako hainbat ekimenen berri emango dute, eta Esne Beltza taldeak prestatutako abestiaren aurkezpena izango da.

Euskaraz bizitzeko aldarria

Kontseiluak eta euskalgintzako hainbat eragilek bultzatuta “Euskaraz bizi nahi dut, duzu, dugu!” ekimeneko lehen urratsak eman dituzte, eta urriaren 28an 19:00etan Donostiako Doka kafe antzokian aurkezpena egingo du Kontseiluak. Azken hilabeteotan euskaraz bizitzearen alde egindako hainbat ekimenen berri emango dute, eta Esne Beltza taldeak prestatutako abestiaren aurkezpena izango da.

Aurkezpen ekitaldirako dei eginez bideoa prestatu du Kontseiluak.

Euskaraz bizi nahi dut ! ekitaldia from Euskaraz bizi nahi dut on Vimeo.

“18 urtez hizkuntza eskubiderik gabe Osakidetzan”

Hizkuntza Eskubideen Behatokiak “18 urtez hizkuntza eskubiderik gabe Osakidetzan” dokumentala egin du, eta bertan Euskal Autonomia Erkidegoko osasun zerbitzuari dagokion hizkuntza eskubideen egoeraren berri jaso du. Pediatria arloan 18 urtez bizitako hizkuntza eskubideen “urraketa sistematikoaren” adibide den kasu baten berri ematen du; Luis Mari de Juan Irastorza ordiziarrak bizitakoa, hain zuzen ere.

“Azken urteotako diagnosian osasun saila beltzunea izan da herritarren hizkuntza eskubideen bermean”, Garbiñe Petriatik Behatokiko zuzendariak dioenez. “Kezka handiz ikusi ahal izan ditugu euskaldunok osasungintzaren eremuan pairatutako urraketak: mediku erdaldunak artatua izatea, harrera zerbitzua euskaraz ez egitea, bozgorailuetako mezuak erdaran ematea, mediku txostenak erdaraz jasotzea…. Osakidetzako edozein erabiltzailek ikus dezake, Euskal Autonomia Erkidegoko osasun zerbitzu publikoak euskaldunak izatetik oso urrun daudela”.

Dokumentalarekin Behatokiaren helburua euskaldunok osasun zerbitzuetan bizi duten hizkuntza eskubideen urraketa sistematikoa agerian uztea da, “egunero eta osasun asistentziaren alor guztietan gertatzen dena”. Aldi berean, dokumentuarekin Behatokiak erakunde publikoei ekarpena egin nahi die.

Osakidetzari erabiltzaile euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzeko beharrezko neurriak har ditzala exijitu dio Behatokiak.

“Egunkaria”-ko auzi ekonomikoaren aurkako elkarretaratzea Andoainen

“Egunkaria auziko” bigarren kasuaren aurrean ostiral honetan elkarretaratzea izango da Andoainen, Martin Ugalde Kultur Parkean, 11:30ean.