Euskal Herrian Euskaraz: “Euskal Herriko egutegia eraiki dezagun!”

Aspalditik ekindako bideari jarraiki, azken urteotan Euskal Herria burujabe izateko hautua eta gure nazio identitatea desegiteko estrategia hazi egin da.

Horren erakusle da euskal nortasuna biltzen eta irudikatzen dituzten indarrak zatitzeko ahaleginak. Baina baita frantses nahiz espainiar ikuspegia eta nortasuna txertatzea helburu duten sinbolo eta neurri ezberdinen biderkatzea ere.

Pauso horien artean kokatu genezake hezkuntzako administrazio ezberdinetatik hizkuntza zein edukien arloan bideratzen ari diren aldaketa ezberdinak, eremu ezberdinetan zabaltzen den Euskal Herriko lurraldetasun historiko zein geografikoaren desitxuraketa, selekzio edo kirol ekimen frantses eta espaiƱola gure herrira ekarri eta gurea propioa izateko eskubidea ukatzea, euskararen normalkuntzari jartzen zaizkion etengabeko oztopoak, egun gailentzen den eredu ekonomiko globalaren menpeko egin nahi gaituen jendarte eredu hierarkiko, indibidual eta kontsumistaren sustatzea… eta beste hainbat eta hainbat adibide. Maila berean kokatu behar dugu ordea egutegi arrotzen inposaketa bera ere. (gaurko egunez herri mugimenduko kide ezberdinak hemen batzera ekarri gaituena)

Egun Euskal Herri osoan frantziar zein espainiar egutegiak dira gure bizi erritmoa, lan eta klase egunak edo eta jai egunak markatzen dizkigutenak. Naziotasun arrotzen baitan antolatzen diren egutegiak, bi helburu nagusirekin: alde batetik, naziotasun sentimendu arrotzak errotzeko; eta bestetik, gure herriaren ukazioan urratsak emateko asmoa. Horren adibide dira, egun estatuek inposatuta Euskal Herriko egutegian gorriz markatuak ageri zaizkigun egunak:

  • Maiatzak 8: Frantziarrek II.Mundu Gerran eskuratutako garaipena ospatzen dute.
  • Uztailak 14: Frantziarrentzat sinbolo garrantzitsu bat da. Monarkiaren amaiera (1789) eta lehen errepublika frantziarraren hasiera ordezkatzen du.
  • Uztailak 25: Uztailaren 25a kondaira bati jarraituz espainiarren patroi zaindaria izendatu zuten 813. urte inguruan.
  • Urriak 12: Hispanitatearen eguna da eta Kolon Ameriketara iritsi zela ospatzen dute egun honetan. Egun, 18/1987 legearen arabera eta ofizialki Espainiako Jai Nazionala du izena, nahiz eta arrazaren eguna gisa ere ezagutzen den
  • Azaroak 11: Frantzia osoan ospatzen den jai egun hau ulertzeko, I.go mundu gerraren amaieran kokatu behar dugu. 1918Ean Alemaniak eta Frantziak armistizio bat izenpetu zuten, modu honetan, gerrari amaiera emateko
  • Abenduak 6: 1978ko abenduaren 6an erreferendum baten bidez Espainiar konstituzioa onartu zen Espainiar estatuan. Francoren diktaduratik demokraziarako trantsizioan giltzarri izan zela ospatzeko baliazten da jai egun hau.

Ikusi bezala, egun guzti hauek Estatu arrotzen historia markatzen duten datak dira, botere eta indar erakustaldi nabarmenak, naziotasun arrotzen gaineko sentimendua errotzea bilatzen dutenak.

Bide honetan ordea, dagoeneko Euskal Herriak bizi duen zatiketa eta nazio eskubideen urraketan urrats berri bat eman zuten 2009an. Hain zuzen ere, Hego Euskal Herriko zatiketa administratiboan sakondu asmoz, urriaren 25a Gernikako Estatutuaren eguna izendatu baitzuten, jai egun ofizial bilakatuz.

Egun honetan ospatu asmo dena, 1979an aitortutako Gernikako Estatutua da. Estatutu honek Euskadiko Autonomia Erkidegoa eratu zuen lege organikoa da, nolabaiteko autonomia emanez Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako lurraldeei, autonomia bat benetan erabat betetzera iritsi ez dena. Lege honen oinarria ordea, garaiko mugimendu abertzaleak lasaitu asmoz nazio aldarrikapenak baretzeko helburuan zetzan, Euskal Herria bera autonomia ezberdinetan zatikatu eta nazio eskubideen aurkako zapalkuntzan urrats bat gehiago delarik.

Aurtengo ikasturtean ezartzen da lehenengoz urriaren 25a jai egun bezala, eta beraz, beharrezko iksuten dugu tratamendu berezi bat ematea eta inposaketa honen aurrean erantzutea, herri oso bat egiten dioten eraso berri bat baita hau.

Azken urteotan jai egun arrotzen gainean dinamika eta borroka ezberdinak garatu izan badira ere, eremu eta arlo bakoitzean oso garapen ezberdinak izan dituzte.

Ildo beretik egitegi propioaren aldarria ere, ez da berria euskal jendartean, saiakera eta eztabaida franki eman izan dira. Beti ere beharrizan berdinak bultzatu gaitu aurrera, gure bizi erritmo, lan/klase egun eta jai egun propioak ospatzearen beharra; gure historia, nortasuna eta beharrak aintzakotzat hartu eta oinarri izango dituen egutegi propioa nahi dugu, Euskal Herriko egutegia behar eta nehi dugu. Bide horretan urratsak eman nahi baditugu ordea, hau da, Euskal Herriko egutegia eraiki nahi badugu, ezinbestekoa ikusten dugu eragile eta mugimendu ezberdinok batu eta hausnarketa hau batera ematea, elkarrekin eta kohesioan lan egin dezagun.

Ildo beretik, bihar Hispanitatearen egunean, lanera zein eskoletara joateko deialdia luzatu nahi diogu herritar orori, ezer ospatzerik ez dugun egun honetan ahalik eta normaltasun osoz jokatu dezagun.

Bestetik, Urriaren 25ean Euskal Herriaren zatiketan sakondu nahi duten politikariak Estatutuaren urtemuga ospatzen ari diren bitartean, herritarrak kalera irtengo garela adierazi nahi dugu gaurkoan. Euskal Autonomi Erkidegoko egutegia gorriz markatu berri duten egun hau ez dugu jaitzat hartuko, ez dugu gure nazio nortasunarekiko eraso gehiago onartuko.

Bukatzeko, Euskal Egutegiaren inguruko hausnarketa honen baitan aurrerapausuak ematera gonbidatzen ditugu eragile zein mugimendu ezberdinak. Herri honen eraikuntzan aurrerapausuak eman ditzagun, tresnak esku artean ditugu!

Bilbon, 2011ko urriaren 11an

Bai Euskal Herriari, Euskal Herrian Euskaraz, Ikasle Abertzaleak, Gazte Independentistak, Euskal Herriak Bere Eskola, Askapena, Esait, Anitzak, Bilgune Feminista, Anitzak, Elkartzen.