Desfile bateratuaren inguruan “jarrera aldaketa bat” espero du Bilduk udal gobernuaren aldetik

Desfile62

Testua: © Bilboko Branka / Argazkia: © Bilboko Konpartsak

Ostegun honetan, hilaren 26an burutuko den osoko bilkuran, Bilduk premiazko mozioa aurkeztuko du udal gobernuak Bilboko Konpartsekin batera inauterietan desfile bateratua burutzeko eskaera egiteko. Aitziber Ibaibarriaga koalizio ezkertiarreko zinegotziak, gaur goizean egin dituen adierazpenetan azaldu duenez, agerian geratu da “udalaren borondate falta gatazka konpontzeko”. Alkateak neurria “denbora faltagatik” dela azaldu badu ere, Bilduko kideek “argudio faltsua” dela deritzote, Ibaibarriagaren esanetan. Era berean, alkateak “bere ardurarekin ez ikusiarena egin nahi izana” leporatu dio zinegotziak, erabakia jaietako zinegotzi ordezkaria den Itziar Urtasunek eman zuelako.

Konpartsek hartutako erabakia “logikotzat” jo du Ibaibarriagak eta azpimarratu duenez, “Udala ezin daiteke izan etengabeko ezetza ematen duena. Ez aisialdi eredu ezberdin bat duenari, ez aratusteei, ez Aste Nagusiari, ez Konpartsei”. Horregatik, “Udalak arazoa konpontzeko beharrezkoak diren bitarteko guztiak martxan jar ditzala” eskatuko diote Bildutik ostegun honetan burutuko den osoko bilkuran, “desfile bateratua posible dela” uste baitute.

Gabi Basañezen kontura egin du Bilduren kontra Getxoko PPk

gabi-basañez

Iturria: ukberri.net

Beste behin ere Bilduren kontra egin du gaur Getxoko PPk. Koalizioak Gabi Basañez Ruiz Hau Pittu Hau konpartsako kide algortarra aholkulari izendatu izana erabili du oraingo honetan Marisa Arrue Bergareche buru duen alderdiak. “Joan den hilean hedabideek iragarritakoa” hizpide, Pablo Ruz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Basañez eta Askapeneko beste lau “buruzagi” auziperatu zituela gogoratu du Arruek. Zehaztu duenez, “Batasuneko balizko nazioarteko aparatua osatuta, ETAren zuzendaritzapean egotea eta horri nazioarteko proiekzioa ematen lan egitea” egozten die magistratuak. Auziperatuek beraiek agerraldi publikoa egin zuten irailaren 28an “Internazionalismoa ez da delitua!” atxikimendu kanpaina aurkezteko.

Auziperatutako lagun guztiak 2010eko irailaren 28an atxilotu zituzten, Askapenaren aurkako sarekadan, Itsaso Lekuona eta Ruben Sanchezekin batera. Besteak beste, Basañez pasa den apirilaren 2an jarri zuten kalean, epaiketaren zain, baldintzapeko askatasunak ezartzen duen ohiko egoeran. Bestalde, 2003tik hona algortarra legez kanpo utzitako hainbat hautagai zerrendetan agertu izana ere erabili du Arruek. Udal taldeetako aholkulariak, ordea, alderdiak edo koalizioak berak aukeratzen ditu, beti ere araubidearen arabera.

Maren Belastegi Bergarako alkateordea UEMAko presidente izendatu dute

uema

Argazkian, Maren Belastegi, erdian, Zuzendaritzako kide gehienekin / © UEMA.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) Maren Belastegi aukeratu du presidente. Bergarako alkateordea eta BIlduko kidea da Belastegi. UEMAko Zuzendaritza Batzordea gaur berritu dute Zestoan, maiatzaren 22ko udal hauteskundeetatik ateratako ordezkari berriek hartu dutela parte. Belastegik Jon Bollar Aulestiko alkatearen lekukoa hartu du. Guztira, Bilduk bost ordezkari izango ditu Euskal Herriko erakunde euskaldun elebakar bakarrean. Horiekin batera, bi independentek, bi jeltzalek eta Aralarreko kide batek osatuko dute zuzendaritza. Zehazki, honakoak dira UEMAko lema gidatuko duten lagunak: Mikel Ansotegi (Aulesti, Bildu), Jon Abril (Bera, Aralar), Asier Mujika (Arama, independientea), Lexuri Arrizabalaga (Gatika, EAJ), Oibar Egia (Gizaburuaga, independiente), Iñaki Arrizabalaga (Zumaia, Bildu), Belastegi bera (Bergara, Bildu), Miren Irigoien (Oiartzun, Bildu) eta Josetxo Mendizabal (Zestoa, EAJ) eta Eneka Maiz (Etxarri-Aranatz, Bildu).