Gabi Basañezen kontura egin du Bilduren kontra Getxoko PPk

gabi-basañez

Iturria: ukberri.net

Beste behin ere Bilduren kontra egin du gaur Getxoko PPk. Koalizioak Gabi Basañez Ruiz Hau Pittu Hau konpartsako kide algortarra aholkulari izendatu izana erabili du oraingo honetan Marisa Arrue Bergareche buru duen alderdiak. “Joan den hilean hedabideek iragarritakoa” hizpide, Pablo Ruz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Basañez eta Askapeneko beste lau “buruzagi” auziperatu zituela gogoratu du Arruek. Zehaztu duenez, “Batasuneko balizko nazioarteko aparatua osatuta, ETAren zuzendaritzapean egotea eta horri nazioarteko proiekzioa ematen lan egitea” egozten die magistratuak. Auziperatuek beraiek agerraldi publikoa egin zuten irailaren 28an “Internazionalismoa ez da delitua!” atxikimendu kanpaina aurkezteko.

Auziperatutako lagun guztiak 2010eko irailaren 28an atxilotu zituzten, Askapenaren aurkako sarekadan, Itsaso Lekuona eta Ruben Sanchezekin batera. Besteak beste, Basañez pasa den apirilaren 2an jarri zuten kalean, epaiketaren zain, baldintzapeko askatasunak ezartzen duen ohiko egoeran. Bestalde, 2003tik hona algortarra legez kanpo utzitako hainbat hautagai zerrendetan agertu izana ere erabili du Arruek. Udal taldeetako aholkulariak, ordea, alderdiak edo koalizioak berak aukeratzen ditu, beti ere araubidearen arabera.