Ramon Labayen: “Ez du zentzurik eskubide politikoak exigitzeak ez badira aldez aurretik kulturalak indartzen”

ramon-labayenArgazkian, Ramon Labayen, Jaurlaritzako Kultura sailburu eta Donostiako alkate ohia / Andres Espinoza.

Ramon Labaien (Tolosa, 1928) bere bizitzaz, euskaraz, kulturaz eta egindako ibilbide politikoaz mintzo da Euskonews & Mediak plazaratutako elkarrizketan. Gaur egungo egoera politikoari eta kulur panoramari ere heltzen dio Labayenek eta, hain justu, horri buruzko zenbait galdera-erantzun ekarri ditugu hona:

Laguntzen al du EAJ-PNVk izena aldatu nahi izatea? [“Nacionalista”ren lekuan “Nacional” jartzea proposatu izanaz ari da kazetaria]

Nire ustez, ez du zentzurik. Europan nazionalista hitza gaizki ikusita dagoela? Eta guk zer zor diogu, bada, Europari? Disgustuak, besterik ez! Estatuen Europa sortu dute, erakunde hori osatzen duten estatuen inbiolabilitatea ezarriz. Gure etorkizuna beltza jarri digute alde horretatik.

Ez al da bitxia, deitura erdarazko bertsioan bakarrik aldatu nahi izatea?

Ni jelkide bat naiz. Jaungoikoa eta Lege zaharrak. Baina izena errebisatzekotan, bietan egin beharko litzateke. Alderdiaren baitan iritzi kontrajarri ugari dira. Horra hor, abortuaren legea. EAJren Madrileko ordezkariek baiezkoa eman behar izan zuten…

(…)

Epe luzerako plangintza politiko bati begira, beraz, animatuta eta itxaropentsu ikusten zaitudala esan dut lehen ere…

Bai, bai. Herri bat kontsolidatzen ari da. Carlos Santamariak esan ohi zuen bezala: gizarte bat, hizkuntza bat, kultura bat… eta hortik nazio bat. Gizarteak sortzen du nazioa. Hitzaren etimologiak berak garbi adierazten du hori: nascor, jaio izan. Gu aspaldi izan ginen sortuak. Kultura-errealitateak sendotzen direnean politikaren errealitateak etorriko zaizkigu. Ez du zentzurik eskubide politikoak exigitzeak ez badira aldez aurretik kulturalak indartzen.

(…)

Euskal Herrian bizi ari garen une hauek ikusita, izango al du gure gizarteak birrarmatzearen onura?

Ari gara bidean jartzen. Nazioa sendotzen ari da. Duela berrogeita hamar urte Altzan % 85 etorkinak ziren. Egun, hor daude haien bilobak, bertako euskaldunak bilakatuta. Gauzak doaz doazen pausuan. Sabino Aranak mugimendu nazional bat sortu zuen, kulturala. Helburu politiko batzuekin, noski, baina funtsean kulturala. Gerra aurretik EAJ-rekin zeuden erlazionatuta kultura-pertsonaia gehienak: Lizardi, GBBko idazkaria; Pizkundeko gizon-emakume gehienak Alderdikoak ziren. Gaur egun… ez da horrela.

Horrek dakarkit gogora behin esan zenuela PSOE zela giza-masen mobilizaziorako profesionalak. Egun, ba al da euskal mobilizaziorako indarrik?

Begira zer gertatu den Gipuzkoan Bildurekin. Espainia mailan, ez dago PSOE eta PPren arteko diferentziarik. Ikusten ari gara Estatuen Europak porrot egin duela. Moneta bakarra eta hamazazpi finantza politika? Eskuduntza asko Bruselasi transferitzea izango litzateke normalena. Ez du, beraz, logikarik “Autonomia” bihurtuko den Estatu baten barruan finantza-autonomia edukitzeak. Guztien gainetik kulturalki egon beharko genuke prest. Hortxe dago koxka, hortxe oinarria. Politika geroko ondorioa da.