Euskal Herrian Euskaraz eta beste hainbat: “Euskal Herria bat eta bakarra, izan eta eraiki!”

eh-bat-eta-bakarra

Aurtengoan, lehen aldiz agertu zaigu urriaren 25a gorriz egutegian Euskal Autonomia Erkidegoan. Gernikako Estatutu eguna, jai ofizial gisa ospatzen den lehen urtea dugu aurtengoa. 1979an aitortutako estatutu honek eratu zuen Euskal Autonomia Erkidegoa. Garai hartako nazio aldarrikapena zein indartzen ari zen mugimendu abertzaleak baretu asmoz, Euskal Herria autonomi ezberdinetan banatu eta nazio eskubideei muzin eginez, Gernikako Estatutua onartu egin zen duela 32 urteko urriaren 25 batez. Ordutik, etengabekoak izan dira gurean nazio gisa dagozkigun eskubideen urraketak. Argazkian, herri eskolez gain hainbat protesta izan dira eskualdean urriaren 12ko Hispanitate egunaren aurka.

Herri Mugimenduko eragile ezberdinek Euskal Egutegiaren eraikuntzaren inguruan plazaratutako hausnarketa aintzat hartuz, bildu garen eragile, mugimendu zein alderdiek beharrezko ikusten dugu lehen aldiz ospatzen den egun honi tratamendu berezia ematea. Izan ere, egutegian gorriz inposatuak zaizkigun beste hainbeste jai egun arrotz bezala, guk ez dugu urriaren 25a jai eguntzat hartuko, ez dugu Euskal Herriaren zatiketa areagotu duen lege baten goraipamenik egingo.

Euskal Herriaren ukazio eta zatiketan sakondu nahi dutenen aurrean herri bat badela erakutsi eta gure burujabetzarako eskubide eta beharra azpimarratuaz, herri honen eraikuntzaren alde lanean jarraituko dugu. Euskal herriak, bere esparru guztietan aurrera egin ahal izateko, herritarron hitzaren errespetua oinarri, burujabetza behar duela ozen aldarrikatu nahi dugu. Arloz arlo, herri honek,alternatiba erreal eta egingarriak dituela erakutsiko dugu urriaren 25ean Gernikatik bertatik, hauen garapenerako burujabetzaren beharra gure herriaren biziraupenerako berme bakar gisa kokatuz. Bide honetan, hemen gaur aurkitzen garen guztion elkarlanaz, urriaren 25erako “herri eskola”k eta ekitaldia burutuko ditugu Gernikan.

Goizeko 10:00etatik hasita herri honetako txoko ezberdinetan, Historia, Sozioekonomia, Gazteria, Hezkuntza, Nazio Egituratzea… Euskal Herriaren burujabetzarako arlo ezberdinetatik egin daitezkeen ekarpenen inguruan hausnartu eta eztabaidatuko dugu.

5 herri eskola ezberdin antolatuko ditugu:

  • Historia: Euskal Herriaren historian emandako gertakari garrantzitsuen ikusmira burutuko dugu. Euskal herriak bere historia propioa idazteko eskubidea daukala aintzat hartuz, EHren zatiketan gertakari hauek izandako eragina hausnartzea izango da honen helburua. Elai Alai aretoan burutuko da.
  • Sozioekonomia: Euskal Herri burujabe baten biziraupenerako, esparru honetatik ere, aukera erreal eta egingarriak badaudela azaleraziko ditugu. Eskola hau Merkatu Plazan izango da.
  • Nazio Egituratzea instituzioen bitartez: Euskal Herriak behar duen egituratze instituzional nazionalaz arituko gara honetan. Lizeo Antzokian burutuko da saioa.
  • Hezkuntza: Egun aplikatuta ditugun Hezkuntza Sistema Frantziar zein Espainolen aurrean, Euskal Herriak behar duen Hezkuntza Sistema Nazionalaren inguruan hausnartu eta honen praktikara begira eman beharreko pausuez arituko gara. Seber Altube ikastolan egingo dugu.
  • Gazteria: “Eta gazteok zer?” ikerketaren aurkezpenarekin batera, gazteriak dauzkan alternatiben inguruko saioa. Gaztetxean bilduko dira gazteak.

Hauek guztiekin batera, eragile ezberdinen lana aditzera emateko, goiz osoan zehar burutuko den erakusketa izango da herritik zehar. Bukatzeko, ekitaldia burutuko dugu, eguerdiko 13.00tan Gernikako Pasialekuan.

Zatiketan sakondu nahi dutenen aurrean, Euskal herriaren izana aldarrikatuko dugu. Euskal Herria suntsitu nahi dutenen aurrean, herria eraiki egingo dugu. Eta hitza kendu nahi digutenen aurrean, herritarren ahotsa gailenduko dugu.

Beraz, herritar guztiei dei egiten diegu, urriaren 25ean, Gernikara hurbildu, eta gure herriaren aldeko egun honetan parte hartzera. Herritarrona baita hitza eta erabakia, urriak 25 denok Gernikara!

Euskal Herria bat eta bakarra, izan eta eraiki!

Oharrak:

  • Autobusak egongo dira herrietatik.
  • Haurtzaindegi zerbitzua egongo da.
  • 13.30erako bukaera emango genioke egunari.
  • Egun hauetan zehar emango dugu eskola bakoitzean parte hartuko duten hizlari zein erakundeen izen berri.

Sinatzaileak:

Bai Euskal Herriari, Euskal Herrian Euskaraz, Euskal Herriak Bere Eskola, Ikasle Abertzaleak, Gazte Independentistak, Anitzak, Esait, Elkartzen, Bilgune Feminista, Eguzki, Askapena, Topatu, Sortzen- Ikasbatuaz, Torturaren Aurkako Taldea, Giza eskubideen Euskal Herriko behatokia, Gazte Abertzaleak, Gite- Ipes, Amarauna, EHNE Bizkaia, LAB.

Leave a Reply

*