Abertzaleek ere euskara bigarren lekuan utzi dutela ohartarazi du EHEk

Iturria: Berria.info

Euskara atzean utzita dagoela eta erdarak gero eta nagusiago direla ohartarazi du EHE Euskal Herrian Euskaraz taldeak. Abertzaleek ere euskara bigarren lekuan utzi dutela salatu du: “Euskal nazioaren defendatzaile direla dioten arren, ez dute herri euskalduna aitortzen”. Duten jarreraz gogoeta eskatu die, horrenbestez, talde politikoei. “Herri euskaldunaren eraikuntza bigarren maila batean kokatu izan da. Are okerrago, lur eremua askatzeko bidean zapaltzailearen hizkuntza erabiltzea ere oso ohiko bihurtu da”.

Nazio batzarra egin du gaur, Durangon (Bizkaia), EHEk, ikasturterako helburuak zehazteko asmoarekin. Espainia eta Frantzia “helburuak betetzen” ari direla ohartarazi du taldeak ondorengo oharrean. “Frantsesa eta espainiera gure hizkuntza, bertako hizkuntza direla esatera pasatu gara”. Horrek eragiten du, haren ustez, euskara ahultzea. “Nortasunari baino praktikotasunari gehiago begiratzen zaio, eta, noski, gaur egun nagusi diren erdarak irteten dira indartuak borroka horretan”.

Euskarari lehentasuna ematea eta euskaldunak egungo egoeraz jabearaztea izango ditu xede EHEk ikasturte honetan. Hiru oinarri jarri dituzte: euskaraz bizitzeko hautua indartzea, hizkutza politika burujabea garatzea eta euskarari lehentasunezko estatusa ematea.

Urteko plangintza osatu du EHEk Durangoko Nazio Batzarrean

Argazkian, EHEko kideak Durangon egindako Nazio Batzordean.

Euskaraz Bizi! dinamikaren baitan kokatu dituzte urteko lan-ildoak. Euskaraz Bizi Eguna eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Euskararen legearen urteurrena izanen dira datarik garrantzitsuenak.

Euskaraz Bizi! Hori da Euskal Herrian Euskaraz eragile euskaltzaleak azken urteetan zabaldu duen mezua. Eta bide horretan jarraituko du aurten ere. Horrela erabaki dute EHEko kideek gaur goizean Durangoko (Bizkaia)  Ibaizabal ikastolan egindako Nazio Batzordean. Euskal Herri osoko kideak bildu dira urteko lan plangintza zehaztu eta adosteko. Euskaraz Bizi! dinamikaren baitan bi data azpimarratu dituzte: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako euskararen legearen urteurrena, eta apirilean ospatuko den Euskaraz Bizi Eguna.

Bestalde, irakaskuntza eta administrazioa euskalduntzearen aldeko ekimenak aurreikusi dituzte Nazio Batzordean. Ezabatu eta euskaraz bizi! dinamika ere aurrera eramanen dute urte osoan zehar. Korrika eta Araba Bizkai eta Gipuzkoako hauteskundeetan ere hainbat lan aurreikusi dituzte. Herritarrak euskaraz bizitzeko hautua harrotasunez hartzera bultzatu nahi ditu eragile euskaltzaleak.

Ikusi 2012-2013 lan plangintza

03.619. zenbakia izan da EHEren zozketako irabazlea

Euskal Herrian Euskarazek urtero zozketatzen duen bidaiak badu sariduna: 03.619. zenbakia. Boletoaren jabeak aste beteko egonaldia irabazi du, bi lagunentzako, Edinburgon. Aurreko urteetan Irlanda, Flandria eta Eskozia izan dira zozketaren irabazleen helmugak. Iazkoa Gorka Garcia nafarrak eraman zuen.

03.619 zenbakidun txartelaren jabea bazara, jarri EHErekin harremanetan euskaltzale@euskalherrianeuskaraz.org web postaren bitartez edo deitu (0034) 943 30 35 27 telefonora.

Fiskalak ia mila bana euroko isuna eskatu du EHEko bi kiderentzat, seinaleen ezabaketa egotzita

Iturria: Berria.info

Argazkian, Haizea Ramirez de Alda eta Itziar Claver Iruñeko Auzitegian.

Altsasun gaztelerazko seinaleak ezabatu zituztela egotzita Iruñeko Auzitegiko fiskalak 941na euroko isuna eskatu du Haizea Ramirez de Alda eta Itziar Claver EHEko kideentzat, baita sei eguneko “zaintza iraunkorra” ere. Nafarroako Gobernuak ere zigor eskaera egin du: isun bera jartzeko bi auzipetuei.

Defentsak absoluzioa eskatu du, Poliziaren esana nahikoa froga ez izateaz gain ezabatutako seinalearen argazkirik ez dutelako aurkeztu.

Ramirez de Aldak esan du Euskal Herrian euskaraz bizitzeko aukerarik ez dagoela. Antzera mintzatu da Claver eta, haren iritziz, “lotsagarria da euskaraz bizitzeagatik egotea hemen”. Euskaraz eta itzultzailerik gabe deklaratu nahi izan dute EHEko kideek eta, hori entzutean, “nahi duzuen hizkuntzan hitz egin dezakezuela uste al duzue?”, erantzun die epaileak. Hasieran eta bukaeran baino ez dute hartu hitza auzipetuek.

EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek epaiketa salatu du. “Euskaraz bizitzeko nahia praktikara eramateak lege menderatzaileekin, epaitegiekin eta isun administratiboekin egin du topo. Berriro euskaldunok auzibidean gaude gure hizkuntza eskubideen aldarrikapena egiteagatik”. Gainera, ohartarazi du fiskalarentzat-eta haiek ezabatu omen zituzten seinaleak aspalditik ezabatuta zeudela, eta elkarteko bi lagunek auzi saioa baino lehen sei mila euroko isuna ordaindua zutela.

Altsasuko alkatea, epaiketaren aurka

Foruzain batek eta Altsasuko udal langile batek lekuko gisa deklaratu dute, eta ez dute auzipetuen kontrako frogarik aurkeztu. Garazi Urrestarazu alkateak epaiketa gaitzetsi du: “Euskaldunon eskubideen alde lan egiten dute bi akusatuek eta uste dut ez direla horregatik epaitu behar”.

Saioaren aurretik 35 lagunek elkarretaratze bat egin dute Iruñeko Justizia Jauregiaren aurrean. Ezabatu eta Euskaraz Bizi ekimenarekin segituko duela hitz eman du EHEk.

Euskaldunon aurkako epaiketarik ez!

EHE_ALTSASU__justizia

Epaiketa salatzeko bideoa egin dute Altsasuko EHEko kideek

Esketx lehiaketa antolatu dute Altsasun (Nafarroa), eta bertako EHEko kideek salaketa egiteko baliatu dute. Bideo labur honen bidez irailaren 11an bertako bi kidek izanen duten epaiketa salatu nahi izan dute.

Altsasuko EHEko bi kide epaituko dituzte “Ezabatu eta euskaraz bizi” ekimenagatik

Irailaren 11an izanen da epaiketa eta EHEk elkarretaratzea eginen du Iruñeko Auzitegiaren parean. Auzipetuek euskaraz baizik ez dute deklaratuko eta ez dute itzultzailerik onartuko.

Itziar Claver Herrera eta Haizea Ramirez de Alda Pozueta Altsasuko (Nafarroa) EHEko kideak epaitu eginen dituzte irailaren 11an “Ezabatu eta euskaraz bizi” ekimenean parte hartzeagatik. Auzipetuek euskaraz bizitzeko hautuari eutsiko diote Auzitegian eta euskaraz baizik ez dute deklaratuko. Epailea euskalduna ez bada, ez dute itzultzailerik onartuko. “Ez zaigu batere normala iruditzen gure herrian itzultzailerik behar izatea”, azaldu dute. Epaiketa hasi aurretik elkarretaratzea eginen du EHEk 10:00etan Iruñeko Auzitegiaren parean. Auziperatuei babesa eskaini nahi dutenei bertaratzeko deia luzatu die Ramirez de Aldak.

Joan den urtean “Ezabatu eta euskaraz bizi” ekimenean parte hartu zuten Claverrek eta Ramirez de Aldak. Foruzainekin topo egin zuten eta bi isun jaso zituzten. 6.000 euroko isuna gaztelaniaz ziren seinaleak ezabatzea leporaturik, eta 300 euroko isuna poliziei euskaraz zuzentzeagatik. Bigarren isuna bertan behera utzi zuten, baina lehenbizikoa ordaindu egin behar izan zuten.

Bide administratiboarekin aski ez, eta heldu den asteartean epailearen aurretik pasatu beharko dute Altsasuko kideek. Beraz, bide penala ere jorratuko du auziak. Dena den ez diete deliturik leporatzen, falta baizik. Auziperatuek bizi duten egoera azaldu zuten abuztuan helarazitako iritzi artikulu honetan.

Igone Lamarain eta Unai Larreategi (EHE): “Hizkuntza eta kultur burujabetza”

ehe-ots12-manifestazioa

Argazkian, Igone Lamarain eta Unai Larreategi EHEko kideak erdian agerraldi batean / © Euskal Herrian Euskaraz

1512-2012. 500 urte. Konkistaren urteurrena. Ez zen 1512an hasi, eta oraindik, 2012an, ez da amaitu. Bost mende baino gehiago dira hizkuntza ezezaguna hitz egiten dutenek gurera etorri eta gurea bere egiten saiatzen ari direla, eurena gure egiteko ahaleginetan dabiltzala. Batailekin, indarrez lortu zuten Nafarroa konkistatzea, baita eguneroko zapalkuntzarekin arrotza zen hizkuntza eta kultura inposatzea ere. Hizkuntza eta kultur debekuek helburu argia zuten: herri konkista, konkista kulturala. Nafarroa konkistatu zuten, gure lurren jabe egin ziren. Baina lehenago hasi, eta oraindik irauten duen asimilazio prozesua da, helmugara helduz gero, Euskal Herria menperatzea lortuko duena. Prozesu honen ondorioak argiak dira, euskara ez da nagusi Euskal Herrian, kultura eta ohitura arrotzek eureganatu gaituzte ia.

Hala ere, eutsi dugu, geureari eutsi diogu. Bizirik gaude eta bizi nahi dugu. Euskal Herria ere bizi dadin nahi dugunez asimilazioari eustetik konkistari aurre egitera igaro behar dugu. Euskaldunak bagara, izango bagara, euskaraz burujabe bizi eta geurea bizkortu behar dugu. Irauli dezagun egoera ganoraz biziz, euskaraz biziz.

Euskal Herria askatu nahi dugu, dagokiguna geureganatu nahi dugu. Baina independentzia herria askatzetik etorriko da, euskaldun askeok egin behar dugu Euskal Herri librea. Euskaldun askeok egingo dugu Euskal Herri librea. Horregatik, independentziara bidean, euskara, euskaldunak jarri behar ditugu erdigunean, ezin dugu geroko utzi.

Burujabetzaren aldeko aldarriak hartu zuen Iruñea Aberri Egunean. Nafarroako batasuna aldarrikatu genuen Baigorrin, mugarik gabeko herria. Esparru sozioekonomiko propioaren alde egin dugu maiatzaren 1ean. Baina eguneroko borrokarekin eraiki behar dugu Euskal Herri euskalduna.

Horretarako lehentasuna eman behar diogu herri eta euskaldun egiten gaituenari, euskarari. Euskaldun bakoitzak eman behar dio lehentasuna euskarari, ondoren herri moduan ere lehenesteko. Eta Euskal Herrian aldaketaren alde ari direnengan eragin behar dugu, botere-guneetan ere euskarari lehentasuna eman eta euskaraz bizitzeko urrats sendo eta atzeraezinak ausardiaz eman ditzaten.

Herri euskaldunak burujabe behar du izan. Gurea egiteko eskubidea eta beharra daukagu. Horretarako, bidea bertatik eta bertara egin behar dugu. Konkista eta asimilazio prozesuari bide ematen dieten menpeko legedi zein politikak gainditu behar ditugu herri euskalduna berreraikitzeko. Herri honen beharretara egokitutako eta guk erabakitako hizkuntza-politika burujabeak emango dio behar duen bultzada euskaldunok egin beharreko bideari.

Hizkuntza eta kultur burujabetzak bideratuko gaitu Euskal Herri Euskaldun eta librera.

Igone Lamarain eta Unai Larreategi EHEko kideak

Euskaraz bizitzeko nahia grina bihurtzera deitu du EHEk

euskaraz-bizi-eguna-2012

Argazkian, larunbateko manifestazioa Donostian / © EHE

Euskal Herrian Euskaraz (EHE) taldeak deituta, milaka lagunek parte hartu zuten larunbatean Donostian ospatutako Euskaraz Bizi Egunean. Arratsaldean jende ugari bildu zen “Euskalduna naiz eta harro nago!” lelopean egindako manifestazioan. Martxa 18:30ean abiatu zen Bulebarretik, euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Euskalgintza eta politikako ordezkari ugarik parte hartu zuten. Manifestazioaren ostean, euskaraz bizitzeko nahia “grina” bihurtu behar dela nabarmendu zuen EHEko kide Igone Lamarainek, Bulebarreko kioskoan egindako ekitaldian. Hautu horretan urratsak ematera deitu zituen Donostiara bildutako euskaltzaleak. Egun bizi dugun egoera sozio-politikoaz ere mintzatu zen: “Euskarari herri honen eraikuntza eta askatze prozesuan dagokion lekua izan dezan eragiteko konpromisoa hartu behar dugu eta euskara, euskalduntasuna, gutxienez abertzaletasunaren pare kokatzeko eragitea dagokigu euskaldunoi”.

Duela bi hilabete zendutako Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi gogoan izan zuten Donostian bildutakoek. “Argi zeukan bere lurraldean beharrezkoa ez den hizkuntza oro desagertu egiten dela eta hori ez gertatzeko euskarak lehentasunezko estatusa behar duela bere lurralde osoan”, adierazi zuen Lamarainek. EHEko kidearen hitzetan, “Euskararen beharrezkotasuna ukatzen duten legeek hizkuntzaren desagerpena daramate”.

Jaia eta aldarrikapena egun osoan zehar

Ekitaldi nagusia arratsaldeko manifestazioa izan bazen ere, jarduerak egun osoan luzatu ziren. Hasteko, goizeko 11etan, txupinazoa bota zuten Trinitate plazan eta jarraian kalejira izan zen Bonberenea Txarangak eta Porrotx pailazoak animatuta. Alde Zaharreko kaleetan, puzgailuek, haurrentzako tailerrek, azokak, kale-animazioak eta kantu-jirak, besteak beste, osatu zuten goiza. Eguerdian, Konstituzio plazan, ehunka pertsonentzako herri bazkaria egon zen, eguraldiak lagundu ez arren. Iluntzean, festari amaiera emateko, kontzertuak izan ziren Trinitate plazan ipinitako eszenatoki handian. Skakeitan, 3gabe2 eta Betagarri taldeak aritu ziren.

Uribarriko EHE: “Sasi guztien gainetik euskaldun eta burujabe, urtebetez”

ehe-ots12-manifestazioa

Argazkian, Euskal Herrian Euskaraz (EHE) herri mugimenduko eragile euskaltzaleak manifestazio nazionala deitu zuen 2011ko otsailaren 12rako, “Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe!” lelopean, Donostian / © EHE.

Urtebete inguru pasa izan da Euskal Herrian Euskarazetik “Sasi guztien gainetik euskaldun eta burujabe” manifestua argitaratu genuenetik.

Euskal Herrian gauza asko eta oso garrantzitsuak gertatu izan dira urtebete honetan eta gertaera historiko horien ondorioz ekimen politikoak lehengo lerrora igaro dira. Orain, inoiz baino gehiago, herritarron ekarpenak behar ditugu Euskal Herria munduko beste nazio guztien parean ipintzeko.

Duela urtebete, aipatu dugun dokumentuan, euskara eta burujabetasunaren kontzeptuak parekatzen genituen, eta argi esaten zen, ez zela posible izango euskarari eustea gure hizkuntzaren berezko marko juridiko bat ez badugu, eta ez zela posible izango burujabetasuna Euskara ez bada gure herriaren hizkuntza nagusia.

Manifestuan ere aipatzen zen euskaldunok izango garela euskarari eutsiko diogunok, ez dagoela aitzakiarik, debeku eta traba guztien gainetik, euskaraz bizi behar dugula, eta ez dela onargarria euskaltzalea izatea eta erdaraz bizitzea.

Guzti honekin euskararen aldeko borroka, estrategikoa eta lehentasunezkoa dela adierazi nahi dugu. Azkeneko hau ez dago barneratuta euskaldunon artean baina bai estatu frantses eta espainoletan.

Inperio guztiek, okupatutako herrien asimilazio prozesuetan hizkuntza izan da lehengo helburua, hizkuntz aborigenak ezabatu, jatorrizko herriaren nortasuna ezabatzeko, inperioarena ezarriz.

Honetan Espainia eta Frantzia maisuak izan dira, mundu osoan zehar inposatu dituzte euren hizkuntzak, indarraren bidez. Duela gutxi arte euskara debekatuta egon da hego euskal herrian eta gaur egun ere ikusten ditugu nola espainiar politikariak euskararen kontrako neurriak aurrera eraman dituzten, eten gabe, Nafarroakoa izanda argibiderik mingarriena.

Frantzian, berriz, debekurik ez baina ofizialtasunik gabeko hizkuntza dugu euskara, horrez gain, baliorik gabeko hizkuntza bilakatu nahi dute. Iparraldeko euskaldun askoren ustetan euskarak ez du ezertarako balio.

Ez dezala inork zalantzarik, Euskararen etsaientzako, Euskararen kontrako borroka estrategikoa eta lehentasunezkoa izan da mendez mende. Euskaldunok ordea, ez dugu lortu kontzientzia maila hori eta jarraitzen dugu gure etsaien arma den hizkuntza erabiliz, askotan Euskal Herriaren izenean. Oraindik ez gara konturatu hobe dela euskara traketsean egindako ekarpen txiki bat, gaztelaniaz edo frantsesez egindako diskurtso handi bat baizik. Barre ederra egiten dute gure lepotik gu geuk gure hizkuntza baztertzen dugunean.

Euskaraz bizitzeko hautua hartzen dugunean ez da folklore kontu bat, Euskal Herria bizirik irauteko hautua egiten dugu, erabaki politiko koherente bat da.

Euskal Herrian Euskarazek urteak eman ditu euskara borroka estrategikoa dela esaten, eta uste dugu hau une ezin hobeagoa dela berriro kontu honen inguruko eztabaida zabaltzeko. Beraz dei egiten dizuegu gurekin batera, “Sasi guztien gainetik euskaldun eta burujabe” manifestuaren inguruan hausnarketa bat egiteko, gure estrategietan integratzeko asmotan.

Gure hizkuntza, guztien artean, merezi duen lekuan ipiniko dugulakoan, agur bero bat.

Uribarriko EHE