Kontseilua: “Hezkuntzan eraiki diren proiektu guztiak blindatzeko garaia heldu da”. Larunbatean denok Hendaiara!

Argazkian, Kontseiluko kideen agerraldia, aurreko batean.


Azken egunotan hezkuntzari lotuta jasaten ari garen erasoaldiaren aurrean determinazioz erantzuteko beharra aldarrikatu nahi du Kontseiluak. Baionako suprefetak Seaskarekiko hartu duen erabakia, Iribasek egin dituen adierazpenak, Wert-en erreforma… hauek guztiek agerian uzten dute hezkuntza sistema propioaren beharra eta Kontseiluak aldarrikatzen duen kanpo esku-hartzerik gabeko hizkuntza-politikaren beharra.


Euskararen eta euskarazko hezkuntzaren kontrako erasoak bata bestearen atzetik datoz eta azken egunotan pairatu ditugu bata bestearen atzetik. Baionako suprefetak Seaskaren aurka hartutako erabakiaren aurrean komunitate bezala agertzeko deialdia egin nahi du Kontseiluak eta ildo horretan, larunbatean Hendaian egingo den manifestazioan parte hartzera deitu nahi ditu euskaraz bizi nahi duten herritar guztiak. Kontseiluak berak ere manifestazioan parte hartuko du.

Kontseiluaren iritziz oso larria da suprefetak Hendaiako Herriko Etxeari helarazitako agindua; izan ere, hori betez gero, “urteetan herri mugimenduak eta herritarrek ikastoletan egindako lan handia eta ezin hobea, urteetan ilusio handiz garatutako proiektuak apurtzeaz gain, gure hizkuntzari eragingo liokeen kaltea oso handia izango litzateke, euskararen berreskurapen prozesua bera kolokan jartzeraino. Izan ere, ezinbestekoa da normalizazio prozesuan euskaraz irakaskuntzak egiten duen ekarpena. Ipar Euskal Herriaz ari garela, gaur gaurkoz ikastolak dira bakarrak euskara eta euskaraz ikastea bermatzen dutenak eta euskaraz bizitzeko aukera haur-gazteei bermatzen dietenak”, esan du Bilbaok.

Euskal erakunde eta alderdiei eskura dituzten tresna guztiak erabiltzeko eskatu die Kontseiluak,  euskal gizarteak garatu duen sistema blindatzeko eta euskaldun eleaniztunak sortuko dituen eredua babesteko. “Ezin egon gaitezke erasoen mende, ezin dugu aurrera egin Damoclesen ezpata behin eta berriro sama gainean jartzen badigute. Duela hilabete batzuk aski garbi esan genuen kanpo esku-hartzerik gabeko hizkuntza-politikarako eskubidea bermatu behar zaigula, bestela kanpoko esku-hartzeak eta erabakimenek gure proiektuak baliogabetuko dituztela, eta hemen dugu adibide argia.

Hartara, euskararen marra gorriei beharrezkoa duten zentralitatea emateko garaia heldu dela uste dugu. Eta zentralitateaz gain, beste behin esan behar dugu babesa behar dela, azken hamarkadotan hezkuntzan eraiki diren proiektu guztiak blindatzeko garaia heldu da”, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaoren esanetan.

Azkunaren oztopoen gainetik alternatibak eraikitzen jarraitzera deitu du Kaskagorrik

Iturria: Bilboko Branka

Iñaki Azkuna alkateak konpartsei beste behin Aratusteetako desfilea Kale Nagusitik egitea eragotzi izana kritikatu du Kaskagorrik eta azken eraso honen aurrean Bilboko gazteek “alternatibak eraikitzen” jarraituko dutela ohartarazi du.

Gazte konpartsaren esanetan, “munduko alkate harroputz, diruzale eta jauntxoena” izan arren alternatiba eraikitzen jarraituko dute gazteriarik gabeko herria tristea balitz are tristeagoa bailitzateke, diotenez, gazteriarik gabeko jai herrikoiak. Horregatik, Bilboko Inauteri herrikoiak ilusio eta alaitasunez margoztuko dituztela iragarri dute.

Kaskagorrik bideoa zabaldu du Azkunaren erabakia gaitzesteko. Grabazioko protagonistek diotenez, konpartsak “etengabe elkarlanerako besoak zabalik” dituzten arren alkateak ez ditu kontuan hartzen, “jaiak aberats eta turistentzako baino ez dituelako nahi”.

Otxarkoagan ez dago umeak D ereduan matrikulatzeko aukerarik

Iturria: Bilboko Branka

Otxarkoaga uharte bat da, euskarazko hezkuntza publikoaren itsasoari oraindik ere aurre egiten dion lur zatia. Atzo ireki zen ume eta gazteak Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan matrikulatzeko epea eta beste urte batez Otxarkoagan ez dute aukerarik izango euskaraz ikasteko.

Auzo honetan hiru hezkuntza zentro daude; haur eta lehen hezkuntza eskaintzen duten bi eskola publiko, Goya-Lope de Vega eta Artatse; eta bigarren hezkuntza ikasteko itunpeko zentro bat, Otxarkoaga DBH. Eskola publikoetan A ereduan baino ez dute irakasten; bestean, A eta B ereduetan.

Ondorioz, seme-alabak euskaraz hezi nahi dituzten gurasoek auzotik kanpoko zentroetara bidali behar dituzte ezinbestean.

Bizkaiko Ikastetxeetako Guraso Elkarteak (BIGE) 2013-2014 ikasturterako eragin eremuak azaltzeko eginiko txostenean azaltzen denez, A ereduan irakasten duten lau eskola publiko daude oraindik Bilbon: Otxarkoagako biak, Miribillako eskola eta Cervantes ikastetxea, Abandon. 350.000 biztanle baino gehiago dituen hiri batean, A ereduko zentroen erdia 11.000 biztanle dituen auzo batean daude.

Bizkaiko zentroak 12 bilgunetan banatuta daude eta era berean, Bilbori dagokiona, 43. bilgunea, zortzi barrutitan bereizita dago: Deustu, Uribarri, Otxarkoaga-Txurdinaga, Begoña, Ibaiondo, Abando, Errekalde eta Basurtu-Zorrotza.

Euskara ikasteko laguntzak

Baina Otxarkoagan euskarari loturiko kontuak ez dira soilik hezkuntza publikoaren mundura mugatzen. Izan ere, normalizazio linguistikoa bermatzeko pausuak ematetik urrun, Bilboko Udalak Otxarkoagan euskara ikasten ari ziren 200 ikasle diru-laguntzarik gabe utzi zituen 2011ko urrian.

Bilduk bost urte auzokideak euskalduntzen zeramatzan programa bultzatzeko eskaera helarazi zion Euskara Sailari baina erabakia ez zen aldatu.

Euskaraz bizitzea bermatuko duen hezkuntza ereduaren aldeko hautua egin dezaten dei egin die Kontseiluak gurasoei

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ikasle berrien ikastetxeetan izena emateko kanpaina zabaldu da gaur eta aurki Nafarroan ere abiatuko da matrikulazio kanpaina. Honen harira, Kontseiluak euren seme-alabak non matrikulatu erabaki behar duten gurasoei, D ereduaren alde egin dezaten deia egin nahi die. Izan ere, gaur gaurkoz eredu horrek soilik bermatzen du ikasleak euskaraz bizitzeko aukera izatea.


Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiaren iritziz, “euskaraz bizitzea da gure helburua eta horretarako ezinbesteko baldintza da herritarrek euskara ezagutzea eta erabiltzea. Euskal herritarrek euskara ikasteko eta euskaraz ikasteko eskubidea dute eta hori bermatu egin behar zaie”.

Kontseiluak egina du ikasleak euskalduntzeko proposamena, Ikasle euskaldun eleanitzak sortzenHainbat arduradun politikok egiten duten irakurketa maltzurraren inguruan, “hizkuntza bat eta beste kontrajarriz, euren seme-alaben bizitzan erabaki garrantzitsua hartu behar duten gurasoak ataka zailean jartzen ditu.  Kontseiluaren ustez, uztargarriak dira euskalduntze maila egokia izatea eta beste hizkuntza batzuk ikastea; bai hori bai, irakats hizkuntza euskarak izan behar du”, Bilbaoren iritziz.

Azken urteotan agerian geratu da gaur egun indarrean dauden hezkuntza ereduen artean euskalduntzen duen eredu bakarra D eredua dela eta hortaz, gurasori hori hauta dezaten dei egin die Kontseiluak.  “D eredua da ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko ereduari gehien hurbiltzen zaiona”, esan du Bilbaok.

Azken garaian Estatu espainiarreko Hezkuntza Ministeriotik prestatzen ari diren erreformaren harira, Kontseiluak argi du irtenbidea non dagoen eta aurretik azaldu izan duen moduan, garai ezin hobea da hau Kontseiluko hezkuntza sektoreko bazkideen lankidetzarekin osatutako proposamena (arestian aipatutakoa) indarrean jartzeko.

Kontseiluak, D ereduan matrikulatzeko deia eginez egindako espota: Zure aukera

Pontxe eta tostaden lehiaketa

Bilboko Konpartsek, Bilboko hiritar eta bilauak, otsailaren 3an eguerdiko 12etan egingo den hirugarren pontxe eta tostada txapelketan parte hartzera gonbidatzen dituzte. Bertara jangarriak etxetik eginda eraman behar direlarik. Txapelketa hau profesionalentzat zein herritarrentzat irekia da, kontuan izanda profesionalek aldez aurretik apuntatu behar direla horretarako 2 modu daude:

Bilboko Konpartsek bazekiten

IMG_2399

“The City Mayors Foundation” fundazioak iragarri du, Berorren Udal Gorentasuna, Iñaki Azkuna Jauna (hemendik aurrera BUG) Munduko Alkaterik onena dela. Hori sorpresa!

Ondorio honetara ailegatzeko luze ibili dira eztabaidan eta are lotsagarriagoa dena, BUG beste Munduko Alkateekin alderatzen ibili dira! Gauza guztiz zentzugabea dena, Begoñako Ama errekako itsas-arratoiekin alderatzea bezain zentzugabea.

Bilboko Konpartsok, bilbotar guztiek bezalaxe, bagenekien BUG Munduko Alkaterik onena dela. Mundukoa, Eguzki-Sistemakoa, Galaxiakoa eta, hortaz, Unibertsokoa. Eta ez soilik Alkaterik onena, baizik eta pertsonarik onena, dotoreena, txireneena, eskuzabalena, apalena eta ederrena ere. Eta honaino helduko gara, zeren jakin badakigu BUGek ez duela koipetua izatea batere gustuko eta ez dugu nahi “tiralevitas” batzuk garela entzutea.

Gaur guztiz bilbotarra eta adierazgarria den Arte Eder Museoan elkartu gara Bilboko Konpartsen inauterietarako programazioa ezagutarazteko. Zuek asmatutako polemika batez markatutako programazioa izango da, bai, zuek prentsa “canallesca” delakoaren parte zareten neskato eta mutilkoak.

Zuen berriketa-lekuetan BUGek Gran Viatik desfilatzea debekatu egin digula eta horregatik guztiz atsekabeturik gaudela esan egin da, baina bai zera! Bilboko Konpartsetan jakin badakigu BUGentzat bere seme-alabak bezalakoak garela. Izan ere, ziur gaude elkarrizketaren batean BUGri hauxe esaten entzun zaiola: Konpartseroak piiiiiiii kumeak dira!! (ez dugu esaldi osoa entzun baian ziur gaude “gure kumeak” esan duela).

Gauza da, hain Aita ona izanda, eta Bilboko Inauterietan beti izaten dugun eguraldi eskasa kontuan hartuta, BUGek desfilearen ibilbidea laburragoa egiteko aukera oparitu egiten digula katarroa ez harrapatzeko. Beste aldetik, jakin izan dugu, Gran Viatik desfilatzen tematzen baginen, Udaltzain multzo batzuk bidaltzeko prest zegoela, gu guztiok berotzeko eta horrela burutuk beherakoak ekiditzeko. Horrenbesteko paternalismoak txunditu egiten gaitu.

Bilboko Konpartsok inauteri hauek, BUGentzako merezitako omenaldi eder bat bihurtzea erabaki dugu. Gaur, Arte Ederretako Museoari egindako kuadro honen dohaitzarekin hasiko dugu omenaldia. Kuadro honek, BUGen pertsonalitatea ezin hobeto jasotzen du, eta pinakotekaren lehentasunezko lekuan ikusgai egotea merezi du, bilbotar eta bisitarien gozamenerako.

Hemen gurekin dugun durangotar, eta berez BUGen herrikidea den Mikel Aingeru Buonarrotti pintore ospetsuak egindako oleo bat da.

Koadroan BUG langile eta umil ikus dezakegu, txikitzen gaituen krisiagatik guztiz arduratua. Ia ezkutaturik Alkatearen Makila ikus dezakegu eskuan, lotsati gordetzen saiatzen bada ere. Berdin Legioaren Jaun Ohorezko Gurutzearekin, erreparatzen ez duenarentzat ia sumagaitza dena. Bere aurpegia inauterietako mozorro baten atzean ezkutatzen da, berak protagonista izateko ez duen gogoa eta benetan duen jai eta inauterietarako gogoaren adierazle.

Bilboko Konpartsok BUGeri eskeiniko diogun omenaldi eder eta erraldoiaren aurrerapen txiki bat baino ez da gaurkoa. Datorren otsailaren 9ko desfilean egingo duguna ezusteko berezi eta handia izango da, bertara hurbilduko diren lagun guztiak aho bete hortz uzteko ahalegin guztiak egingo ditugu. Egoki da eta zuzen eta, batez ere ahanztezina izango da.

Pontxe eta tostaden bigarren edizioarekin hasiko gara, Inauterien aurreko domekan izango da Plaza Barrian eguerdiko 12:00etan.

Eta inauterietako datetan sartuta, otsailaren 7an osteguna, Plaza Barrian Farolin eta Zarambolasen epaiketa eta gero txorizo banaketa egingo dugu eta 20:30 aldera Alde Zaharrean zehar Trapu Zaharrak kalejirari hasiera emango diogu. Kalejira honetarako trapu zaharrez betetako kutxa batzuk izango ditugu nahi duen guztia mozorratuta joateko.

Eta iragarri bezala otsailaren 9an, larunbata arratsaldeko 6etan Desfilea egingo dugu (ez ahaztu gure omenaldirako sorpresa!) Plaza Zirkularretik abiatuta Buenos Aires kalea zeharkatu Udaletxeraino, hortxe desfilearen epaileak egongo dira balorazioa egiteko eta gerora banatuko diren sariak aukeratzeko, eta hortik Arriagaraino joango da desfilea. Sari banaketa gaueko 21:00ak edo 21:30 aldera izango da Plaza Barrian.

Domekan, otsailaren 10an, berriro Plaza Barria berreskuratzen dugu Indaben Lehiaketarako. Goizeko 9:00etan hasi egingo dena eta izena ematea doakoa izango da.

Eta amaitzeko Sardinaren ehorzketan Bilbo osoa parte hartzeko deia egiten dugu, arratsaldeko 19:30ak aldera Plaza Barritik Arriagaraino joango da. Bertan sardina erretzen ikusiko dugu eta inauterien amaiera izango da.

Herriaren parte-hartzearekin eta gure omenaldi sentikorraren bitartez benetan BUGen eta berak jasotako sari ospetsuaren neurrira egotea bihotz bihotzez desiatzen ari gara.